Taxi zerbitzua

Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

2020a pandemiak eta osasun-krisiak bere alderdi guztietan markatutako urtea izan da: eskaera asko gutxitu da eta ondorio ekonomikoa ikaragarria izan da sektorerako. 

Denbora horretan, osasun-agintariek une bakoitzean markatu dituzte taxiak erabiltzeko baldintzak, egoera epidemiologikoaren arabera. Hartara, zenbait alderdi aldatzen joan dira, adibidez, okupazio-maila, eta beste batzuk mantendu egin dira denboran, hala nola maskara erabiltzea eta ibilgailua garbitu eta desinfektatu behar izatea. 

Beste balde batetik, Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak 2020ko ekainaren 8an egin zuen saioan, taxiaren zerbitzuari dagokionez, Biurrun-Olkotz udalerria Iruñerriko Mankomunitateari atxikitzeari aldeko irizpena emateko akordioa hartu zuen. Horrenbestez, hogeita zortzi dira Iruñerrian taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremuaren barnean dauden udalerriak, 371.463 dira zerbitzua ematen zaien herritarrak, eta 2019an zeuden 315 lizentziei eutsi zaie.

COVID-19aren aurkako ekintzak

Pandemia-egoera honetan, Iruñerriko Mankomunitateak hainbat neurri hartu zituen sektorearen egoera arintzeko, besteak beste: 

  • Publizitate-kanpaina egitea, taxiaren segurtasuna eta zerbitzu publikoa nabarmentzeko.
  • COVID-19aren kontrako segurtasun-elementuak diruz laguntzea, eskatu duten titular guztiei.
  • Eskaintza doitzea zenbait alditan, sektorearen eskaerei erantzuteko.
  • Ibilgailuen antzinatasun baimendu maximoa luzatzeko izapidetzea hastea, aurretik egiaztatuta segurtasun- eta osasungarritasun-baldintzei eusten zaiela.
  • Taxiaren tasen zati handi bat aldi baterako eteteko izapidetzea hastea.
  • 2021ean dirulaguntza berri bat sartzeko beharrezkoak diren izapideak hastea, irrati-igorgailuen eta beste sistema batzuen funtzionamenduari eusteko.

Eskaera

Taxi-zerbitzuaren eskaerak goranzko joera izanik hasi zuen urtea, baina, martxoaren erdialdean eta alarma-egoera deklaratu ondoren, behea jo zuen. Hitzartutako zerbitzuen gainean eskuragarri dauden datuen arabera, zerbitzu horiek %75 baino gehiago murriztu ziren. Apiriletik aurrera jaitsiera hori gutxitu egin zen, baina ez zen leheneratu une bakar batean ere.  

Aurreko urtearekiko eskaera-jaitsierak nabarmenagoak izan ziren edo ez eta harreman zuzena izan zuten une bakoitzean ezarri ziren murrizketekin. Aurreko urteko zerbitzu-erreserben datuen arabera, urteko batez besteko jaitsiera %46koa izan zen. Edonola ere, uste da batez besteko jaitsiera totala handiagoa izan zela, kalean hitzartutako zerbitzuak (geralekuko edo bide publikoko zerbitzuak), zerbitzu guztien %25 eta 35 artekoak direnak, hitzartutako zerbitzuak baino gehiago jaitsi baitziren, eguneko eta gaueko aisiarekin oso lotuta baitaude eta bai beste garraiobide batzuen geltokiekin (tren-geltokia, autobus-geltokia eta aireportua), eta sektore horiek bereziki ukitu baitzituen krisiak 2020an.

Material mugikorra

2020an, zerbitzua 318 ibilgailurekin eman zen, haietako 3 Teletaxi San Fermín elkartearen ordezte-ibilgailuak. 318 ibilgailu horietatik, 145 ekologiko moduan sailkatuta daude, 138 EKO gisa (122, 2019an) eta 7 ZERO ISURPEN moduan (5, 2019an). Datu horiekin sendotu egiten da ekologikoagoa den flota bateranzko joera.

Beste alde batetik, eurotaxiek (ibilgailu egokituak) 23 izaten jarraitu zuten.

Tarifak

Tarifen azterlanean 2018an markatutako irizpideei jarraituta, tarifak %2,65 emendatu ziren. FACUA elkarteak taxi-tarifak alderatzeko 2020an egin zuen azterlanean, Iruñerriko tarifen posizioa 24.etik 26.era igaro zen aztertutako 52 hirietan (hartara, 1. posizioan dagoena garestiena da konparazioan, eta 52.ean dagoena merkeena).

Azpiegiturak eta lehentasunak

2020an, geralekuen kopuruari eutsi zitzaion (42), baina bi geraleku lekuz aldatu ziren, ikusgaitasun eta edukiera handiagoa emateko, eta, hartara, 275 edukiera globala lortzeok. Hauek izan ziren, lekuz aldatutako geralekuak: Vínculo plazako geralekua metro batzuk lekualdatu zen, Lizarra kalearen 12.era, eta Barañaingo Ipar Plazako etorbideko geralekua metro batzuk aurreratu zen, Iruñeko etorbidearekin duen gurutzeguneraino.

Iruñerrian taxietarako erreserbatuta dauden erreiei dagokienez, Iruñeko Gipuzkoa etorbidean zati txiki batzuk sartu ziren, eta, hortaz, mota honetako erreiek 3,45 kilometro hartzen dituzte. Garraio publikoak eta taxiek lehentasuna duten semaforo-multzo berriak direla-eta, bi gehiago sartu ziren, bata Aita Moret kalean eta bestea lehenago aipatu den Gipuzkoa etorbidean, eta, hortaz, mota honetako semaforoak 11 dira Iruñerrian.

Dirulaguntzak

Taxiaren sektorea hobetzeko Mankomunitateak iragartzen dituen dirulaguntzak hiru helbururekin ematen dira: ibilgailu ekologikoak eskuratzea, segurtasuna hobetzea eta berrikuntza, eta taxi-zerbitzua hobetzea desgaitasuna duten pertsonentzat. 2020an, eutsi egin zitzaien dirulaguntza horiei eta segurtasuna hobetzeko saila COVID-19a kutsatzearen kontrako babes-elementuei oso lotuta egon zen.

Ibilgailu ekologikoetarako 29 dirulaguntza eman dira, eta zenbatekoa 10.000 eurokoa izan da:

  • Isurpenik eragiten ez duten 2 ibilgailu elektriko, 2.500 euro emanda
  • 27 ibilgailu hibrido, EKO etiketa dutenak, 156 eta 256 euro artean emanda ibilgailuko.

Segurtasuna hobetzeko eta berrikuntzarako 3.493,71 euro eman zitzaizkien 63 titularri. COVID-19a kutsatzearen kontrako babes-manparen gainean jasotako eskaeren %100 diruz lagundu ziren, hain zuzen. 

Desgaitasuna duten pertsonentzat taxi-zerbitzua hobetzeko, 30.005,70 euro eman zitzaizkien 23 titularri eta Teletaxi San Fermín elkarteari, zerbitzuaren kudeatzailea den heinean. Guztira, gurpildun aulkian ibiltzen diren erabiltzaileei 10.417 zerbitzu eman zitzaizkien.

Eskaerapeko taxi-zerbitzuak

2020an, eskaerapeko taxi-zerbitzu erregularraren bidez Iruñeko espetxerako eta aireporturako zerbitzua ematen jarraitu zen.

Espetxerako zerbitzuaren 2020ko datu nagusiak hauek izan ziren:

  • Egin ziren zerbitzu guztiak: 1.526
  • Erabiltzaileen kopuru osoa: 2.919
  • Zerbitzuaren kostu osoa: 24.330,06 €
  • Bildutako diru-sarrerak, guztira: 2.043,40 €
  • Dirulaguntza zerbitzuko: 14,60 €
  • Dirulaguntza erabiltzaileko: 7,64 €

Aireporturako zerbitzuaren 2020ko datu nagusiak hauek izan ziren:

  • Egin ziren zerbitzu guztiak: 1.533
  • Erabiltzaileen kopuru osoa: 2.657
  • Zerbitzuaren kostu osoa: 28.124,21 €
  • Bildutako diru-sarrerak, guztira: 1.739,46 €
  • Dirulaguntza zerbitzuko: 17,21 €
  • Dirulaguntza erabiltzaileko: 9,93 €

Kudeaketa eta ikuskatzea

2020an, zerbitzuaren kudeaketa arruntaren adierazleak hauek izan ziren:

  • 40 erreklamazio jaso ziren. Haietatik 14 Mankomunitaterako ziren, 7 igorgailurako eta 19 taxilari partikularrentzat.
  • 43 ibilgailu berritu ziren. Beraz, batez besteko antzinatasuna 4,42 urtekoa da eta ekologiko gisa sailkatutako ibilgailuak 145 dira, dagoen historikoan kopuru handiena.
  • 10 urtetik gorako ibilgailuetarako baimenak: 2.
  • Bisak eta ohiz kanpoko ikuskatzeak: 36.
  • Transmisioak: 10.
  • Gidari profesionalaren 32 baimen eman ziren. Hori dela-eta, Mankomunitateak taxien arloko eskumenak bere gain hartu zituenetik, emandako baimenak, guztira, 1.185 dira.

Beste alde batetik, Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentuak, Iruñerriko Mankomunitatearekin eta polizia-talde desberdinekin koordinatuta eta elkarlanean, taxiaren zerbitzua ikuskatzeko VIII. kanpaina egin zuen. Beste behin ere, kanpainaren helburu nagusietako bat sektorean dagoen sarkinkeriaren kontrako borroka izan zen. Jarduketa zehatz horrekin paraleloan, Iruñerriko Mankomunitateko langileek egindako ikuskatze arrunta ere gauzatu da, kasuren batean, polizia-taldeetako kideekin koordinatuta.

Zerbitzuaren datu nagusiak

Flota

201820192020
Ibilgailuak, guztira 316 318 318
Ordezko ibilgailuak 3 3 3
Eurotaxiak (egokituak) 25 23 23
Ibilgailu ekologikoak 101 127 145
Ibilgailu estandarrak 187 165 147
Batez besteko antzinatasuna 4,6 4,4 4,5

Azpiegitura

201820192020
Geraleku-kopurua 40 42 42
Altzariak dituztenak 36 38 38
Plazen kopurua 263 271 275
Taxi-bidearen kilometroak 3 3 3,45

Izapideak

201820192020
Gidari-baimen berriak 34 40 32
Transmisioen kopurua 12 13 10
Ibilgailu-berritzeen kopurua 52 60 43
Bisen eta ohiz kanpoko ikuskatzeen kopurua 32 29 36
Erreklamazioen kopurua 66 89 40