Kudeatutako zerbitzuak
Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.
Uraren Ziklo Integrala
Edateko uraren hornidura eta hondakin-uren saneamendua dira Mankomunitatea sortu zenetik, hau da, 1982tik, ematen dituen bi zerbitzuak.
Hornidura
Egun, urez hornitzeko hiru iturri nagusi ditugu: Artetako iturburua, Eugiko urtegia eta Itoizko urtegia, Nafarroako Ubidearen bidez. Iturri horietako bakoitzetik heltzen den ura edateko uren araztegi batean tratatzen da, gizakiok edan ahal izateko:
- Artetako iturburua - Egillorko EUTE
- Eugiko urtegia - Urtasungo EUTE
- Itoitz-Nafarroako Ubidea - Tiebasko EUTE
Herritarrak urez hornitzeko sistema honek oinarri du hornitzeko sare-bilbe konplexua: 1.478 kilometro hodi eta 136 biltegi ditu. Hartara, Iruñerriko herri guztiek ziurtatuta dute ura izatea, bai kantitateari eta bai kalitateari dagokionez.
Saneamendua eta arazketa
Iruñerriko biztanleen %95ek sortzen dituzten hondakin-urak Arazuriko Hondakin Uren Araztegira bideratzen dira (Iruñetik 3 kilometrora), 1.678 kilometro dituen hodi biltzaileen edo kolektoreen sare baten bidez.
Araztegi hori 1990ean jarri zuten martxan, eta 1999an handitu. Han, hondakin-urak araztu egiten dituzte, tratamendu fisikoa eta biologikoa eginda. Era berean, arazte-prozesuan sortzen diren lohiak tratatu egiten dira, gero nekazaritzan eta lorezaintzan erabili ahal izateko; eta lohi horien digestio-prozesuan sortzen den biogasa energia termiko eta elektriko bihurtzen da.
Uraren Ziklo Integralari dagozkion jarduerak zuzenean egiten dituzte Mankomunitateko langileek.
Hondakinen bilketa eta tratamendua
Birzikla daitekeen materia bizigabea ahalik eta gehiena balioztatzea eta berreskuratzea etxean modu eraginkorrean sailkatzearen mende dago. Horretarako, gertutasun, erosotasun eta eskuragarritasun errazaren printzipioei jarraituz jarri dira edukiontziak.
Kaleetan hondakinak biltzeko dauden puntu guztiek lau edukiontzi mota hauek dituzte: gai organikoak biltzekoa, ontziak biltzekoa, papera eta kartoia biltzekoa, eta gainerakoak biltzekoa. Gainera, biltzeko bi puntutatik batek beira botatzeko iglu erako edukiontzi espezifiko bat du.
Gai organikoak 5. edukiontziaren bidez biltzeko berariazko bilketa berria 2013aren amaieran jarri zen martxan, Barañainen, I. fasean. II. fasea, berriz, 2014ko urrian abiarazi zen, eta bilketa-mota hori Iruñeko zenbait auzotara eta bi herritara eraman zuen: Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz auzoetara, eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara. 2015ean, bilketa-zerbitzu hau Iruñerriko hiri-ingurune osora hedatu zen (III. fasea). 2016ko abuztua eta urria artean, gai organikoen bilketa bereiziaren IV. fasea gauzatu zen, Iruñerrian biztanle-kopuru txikiena duten 229 herrietan. Laugarren fase horretako herri bakoitzari konpostajea eskaini zitzaion gai organikoak tratatzeko modu gisa, baina haietako batzuetan bosgarren edukiontzia ere kokatu zen. Laugarren fase hori gauzatuta amaitutzat eman zen gai organikoen bilketa bereizia ezartzea.
2018ko ekainean proba pilotu bat hasi zen Artika Berrian eta Azpilagañan, gai organikoak bereiz biltzea hobetzeko helburua izanda. Hain zuzen, xede nagusia da gai organikoen bilketa bereizia handitzea da, egun oker botatzen diren hondakin organikoak -batez ere, gainerakoen edukiontzira- edukiontzi marroira bideratuta. Gai organikoetarako edukiontziak eta gainerakoak edo errefusa botatzekoak txartel elektroniko baten bidez irekitzen dira. Txartela kontratu bakoitzari lotuta dago, eta irekitze bakoitzean erregistratuta gelditzen dira espazio- eta denbora-koordenatuak.
Beste alde batetik, etxean sortzen diren hondakin bereziak gaika biltzeko helburua duten instalazioak dira garbiguneak. Bi mota daude: finkoak (2 dira), hipermerkatuetako aparkalekuetan daudenak; eta mugikorrak, aurretik ezarrita dagoen maiztasunarekin eta etengabe hainbat herri eta auzotara joaten diren 2 ibilgailu.
Zerbitzu hau osatzeko, bestelako bilketak ere egiten dira: tamaina handikoak, pilak, inauste hondakinak... Bestalde, “atez ateko” zerbitzua dago Iruñeko Alde Zaharreko saltegietan kartoia eta beira biltzeko.
Bilketen plangintza, zerbitzuaren kontrola, ikuskatzea, ibilgailuak eta edukiontziak erostea, eta bilketa berezien diseinua Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko langileek berek egiten dute, eta gauzatzen duen enpresa Fomento de Construcciones y Contratas da, SCPSArekin sinatua duen kontratuaren arabera.
Tratamendua
Dagokion edukiontzian sartu eta gero, hondakinak Gongorako Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentrora eramaten dira. 1992ko ekainean jarri zuten martxan zentro hori, eta hondakinak tratatzeko bi eremu ezberdin ditu: hautaketa-planta eta zabortegi kontrolatua.
Hautaketa-plantak birzikla daitezkeen produktuak hartzen ditu, eta gero multzoka sailkatzen dira. Hartara, gaika bereizita daudenean, Ecoembesek eta Ecovidriok izendatutako enpresetara bideratzen dira eta han produktu berriak sortzeko lehengai moduan aprobetxatzen dituzte.
Birziklatu ezin diren hondakinak, edukiontzi berdeetara bota direnak, isurketa-gunera eramaten dira. Han, aldian behin, lurperatu egiten dira, gai organikoen hartzidura anaerobikoa errazteko. Erauzte- eta bideratze-sistema bati esker, sortzen diren gasak energia gisa baliatu ahal dira.
Etxebizitzetako hondakinetako gai organikoen frakzioaren tratamendua Caparroson (Nafarroa) dagoen enpresa batean egin zen.
2018an, IMko Hondakinen Arloko taldeak Iruñerrian tratamendurako ingurumen-zentro bat sortzea erabaki zuen, gai organikoen, gainerakoen eta ontzien frakzioak kudeatzeko. Zentro hori Iruñerriko industria-lurzoruan kokatuko litzateke, bateragarria izango litzateke ingurunearekin eta ahalik eta eragin txikiena izaten ahaleginduko litzateke. Kokalekua ezartzeko orduan, 18 kokapen aztertu ziren eta haietatik 7 jo ziren egokientzat. Azkenik, aukeratu zen kokalekua Garraioaren Hiria izan zen (4. fasea). IMko gobernu-organoek planteamendu teknikoa baliozkotu eta gero, proiektua idazteari eta obra gauzatzeari helduko zaio.
Eskualdeko Hiri Garraioa
Hiri continuumeko udalerrien artean zeuden mugikortasun-arazoak konpontzeko asmoarekin, Mankomunitateak Eskualdeko Hiri Garraioa kudeatzeko ardura hartu zuen.
Zerbitzu berriaren funtsezko xedea izan da hiri eta hiriarteko lineetan zeuden gainjartzeak bateratzea. Horren ondorioz, Iruñerriko auzoen eta udalerrien arteko lotura hobetu ahal izan da, eguneko 25 lineen eta gaueko zerbitzuko 10 lineen bidez, eta tarifen sistema homogeneoa finkatu ahal izan da.
2018an, Eskualdeko Hiri Garraiorako sareak 236,02 kilometro (eguneko zerbitzua) eta 132,64 kilometro (gaueko zerbitzua) zituen. Eta 539 geraleku zituen. Autobus-flota 143 ibilgailuk osatzen zuten (horien %100 erraz sartzeko modukoak dira, “zoru baxukoak”). Autobus horiek, batez beste, 7,25 urte zituzten.
Zerbitzu hau emateko zeharkako kudeaketaren formula erabiltzen da. Mankomunitateak zerbitzuaren plangintza eta kontrola egiten ditu, eta ‘Transports Ciutat Comtal’ enpresak zerbitzua ematen du, dagokion kontzesio-kontratuan ezarrita dauden baldintzen arabera.
Taxi-zerbitzua
Iruñean eta Iruñerrian taxi-zerbitzua hobetzeko eta legedia testuinguru berrira egokitzeko asmoz, 2005ean, Nafarroako Parlamentuak taxiaren gaineko foru-legea onartu zuen (9/2005 Foru Legea, uztailaren 6koa). Lege horren bidez, zerbitzua batera emateko eremu bat sortzea bultzatu zen (eremu horrek Iruñerriko 19 udalerri hartzen ditu), eta zerbitzua kudeatzeko ardura Iruñerriko Mankomunitateak hartu zuen. Legeak finkatzen zituen beste neurrietako bat taxi-gidaria izateko baimen gehiago sortzea zen: 2006an Mankomunitateak deialdia egin zuen, eta horren bidez beste 90 baimen gehiago eman ziren eta lehendik zeuden 223ei gehitu zitzaizkien.
Iruñerriko Ibai Parkea
2000. urteko urtarrilean, Iruñerriko zenbait udalek, Nafarroako Gobernuarekin eta NILSA sozietate publikoarekin batera, Iruñerriko Ibai Parkearen Partzuergoa sortu zuten. Beren ibaien uberkak lehengoratzea eta, hartara, ibai-inguruen natura-balioa berreskuratzean aurrera egitea izan zen helburua. 2003ko udaberrian parkea inauguratu zuten eta Partzuergoak kudeatzea onartu zuen. Kudeatze horrek lan osagarriak egitea eta azpiegiturak konpontzea hartu zuen.
2006an, Uraren Ziklo Integralarekin bat zetorren ikuspegia emateko asmoz, Partzuergoak Ibai Parkearen kudeaketa 2007tik aurrera Iruñerriko Mankomunitatera eskualdatzea erabaki zuen. Erabaki hori Partzuergoa desegitearekin batera etorri zen. 26,4 kilometro dituen korridore berde bat da, naturari babesa ematen diona, hiriak ibai-inguruari egiten dion presiotik babesten duena, Iruñerriaren paisaia-pertzepzioa hobetzen duena, eta komunikatzeko bide garrantzitsua ematen duena, oinez edo bizikletaz erabiltzeko.