2018ko kudeaketa txostena

Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

1.- Sozietatearen egoeraren eta negozioen bilakaera

Administrazio Kontseiluak, eta, ondorioz, Urteko Kudeaketa Planak 2017-2030 aldirako ebatzi zuten Plan Estrategikoak xedatutakoa gauzatzera bideratuta egon da Mendeko Sozietatearen kudeaketa 2018ko ekitaldian.

2018an eskatutako zerbitzuak emateari dagokionez, esaten ahal da aurreikusi ziren helburuak behar bezala bete direla. Ondokoak dira gure jarduera nagusien garapenak izan dituen ezaugarriak:

Uraren Ziklo Integrala

  • Hornidura

2018an, ur-ekoizpena 29.566.180 m3-koa izan da, 2017an baino %1,73 txikiagoa eta azken bost urteetako batez bestekoa baino %1,62 txikiagoa. Ekoizpen txikiena erregistratu den bigarren urtea da, 2014ko 29.541.698 metro kuboen ondotik, eta 2004an erregistratu zen maximo historikotik oso urrun (36.948.113 m3).

Eugin, urteko prezipitazioa 1.715 l/m2  izan da, batez besteko historikoa baino handiagoa. Lehen seihilekoa oso euritsua izan zen, eta bigarrena, aldiz, lehorra. Hartara, udako kontsumoa handitzea uztaila arte atzeratu zen eta neurri batean berdindu zuen irailean batez bestekoa baino handiagoa izan zen kontsumo batek.

Hornidura-sarearen ustiapen-emaitzei dagokienez, behin-behineko datuek adierazten dute erregistratu gabeko uraren adierazlearen emaitza %9,78koa izan dela, aurreko urtekoa baino pitin bat handiagoa. Edonola ere, datu ona izaten jarraitzen du. Nabarmendu behar da hirugarren urtez jarraian erregistratu gabeko uraren bolumena 3.000.000 m3 baino txikiagoa izatea lortu dela.

Horniduraren kalitateari dagokionez, urtea normaltasunez joan da eta ez da gorabehera nabarmenik gertatu, Ostitz-Olaibarko hornidura linean gertatutako kasu puntual batzuk izan ezik. Zehazki, Lantzeko iturburuko bilketa-eremuan euri gogorren ondoriozko kasuak izan dira.

  • Saneamendua eta arazketa

Saneamendu eta arazketari dagokionez, 2018an, ekintza aipagarriena Arazuriko HUAra sartzeko gainezkabideko arbastua lanean hastea izan da. Arazuriko HUA 7,5 m3/s-ko emari maximoa tratatzeko diseinatuta dago eta uraldi handiak izaten direnean emari influenteak kantitate hori gainditu dezake; horrenbestez, gehiegi den emaria araztegiaren sarreran dagoen gainezkabidera isurtzen da, eta ura Arga ibaira bideratzen da. Jarri den baheak gainezka egindako uraren arbastatze automatikoa egiteko aukera ematen du, ura 6 mm-ko sare batetik igarotzen baita eta hark hondakin lodiak eta igeri doazenak harrapatzen baititu, Argara iristea saihestuta.

Arazuriko HUAren emari influentea 41.960.476m3-koa izan da, azken bost urteetako batez bestekoa baino %15,78 gehiago, prezipitazio handien ondorioz, bereziki urteko lehen lauhilekoan. Karga kutsatzailea, ordea, 595.226 biztanle baliokidekoa izan da, azken bost urteetako batez bestekoa baino %4,63 txikiagoa.

Nabarmendu behar da lehen lohiak bahetzeko sistema berria martxan jarri dela. Horrek aukera eman du ezabatutako hondakina lehorrago egoteko eta gai organiko gutxiago edukitzeko, eta, ondorioz, horrek ekarri du garraioan eta isurtzean aurreztea. Instalazioa estankoa da, eta, horrenbestez, langileentzat isuri kaltegarriak ezabatzea lortu da.

Azkenik, Arazuriko HUAren Irekiera Lizentzia (bertsio bateratua) eman dio Mankomunitateari Oltza Zendeako Udalak. Eskatutako neurriak gauzatu dira: TOC neurgailua kokatu da plantaren irteeran eta suteak prebenitzeko eta itzaltzeko instalazioa hobetu da. Halaber, olfatometria-azterlan berria egin da, jarduera-lizentziari dagokiona.

  • Ibai Parkea

2018ko lan esanguratsuen artean hauek nabarmendu behar dira:

-    Ibai Parkea handitu da Uharten (Areatzea meandroa), urez bete daitekeen erripako eremu baten 45.000 metro koadro barne hartuta, garai batean zabortegia zen inguru bat lehengoratuta.

-   Arren jolas-eremua sendotu da, Ventorrillo esaten zaiona, hiri-altzari berriak kokatuta.

Hiri-hondakinak

Hondakinak sortzeari dagokionez, azken urteetan hasitako goranzko joerak jarraitzen du. 2018an, 151.671 tona sortu ziren, aurreko urtean baino %4,04 gehiago eta 2010ean baino %4,57 gutxiago. Nafarroako Hondakinen Planak ezartzen duen helburutik urrun dago, 2010ean sortu ziren hondakinekiko %10 gutxitu behar direla jasotzen baitu.

2018an bildutako hondakinen kantitatea 148.579 tona izan dira, 2017an bildu ziren 142.967 tonak baino %3,93 gehiago eta 2016ko 141.242 tonak baino %5,19 gehiago.

Emendatze hori era orokortuan gertatu da gaikako bilketa guztietan, eta gai organikoetan izan den %13,27ko hazkundea, paperean izan den %7tik gorakoa eta beiran izan den %9,46koa nabarmendu behar dira. Gainerakoen edo errefusaren bilketa ia aurreko urtekoaren berdina izan da, nahiz eta hondakin gehiago sortu den.

Gaikako bilketak handitu direnez, 57.737 tona hondakin berreskuratu dira, aurreko urtean baino askoz ere gehiago, orduan 52.312 tona izan baitziren. Hain zuzen, sortutako hondakin guztien gainean, berreskuratutako materialak %38 izan dira.

Eskualdeko Hiri Garraioa

2018an garraiatutako bidaiarien behin-behineko kopurua 39.007.900 izan zen, aurreko urtean baino %5,5 gehiago. Horrenbestez, maximo historikoa erregistratu da bidaien kopuruan eta, 10 urte geroago, 2008an, krisi ekonomikoa lehertu aurretik, garraiatu ziren 38.518.647 bidaiariak gainditu dira. Nabarmentzekoa da 2015aren erdialdetik bidaiarien kopuruan zegoen emendatze-erritmoa handitu egin dela 2017aren amaieraz geroztik.

Zerbitzuaren hainbat aldaketa egin dira ekitaldian zehar, eta, inbertsioei dagokienez, 2018an 2019ko flota-berritzeak onartu ziren. Guztira, 13 ibilgailu izango dira: %100 elektrikoak diren 6 autobus, aurrerago deskribatuko direnak, eta 7 autobus hibrido, gasolioa eta elektrizitatea erabiltzen dutenak (10 metroko luzera duten 2 autobus eta 18 metroko luzera duten 5 autobus artikulatu). Beste alde batetik, uztail eta urri bitartean, 2018ko flota-berritzeari zegozkion autobusak hasi ziren lanean: 12 autobus hibrido, gasolioa eta elektrizitatea erabiltzen dutenak, haietatik 4 zurrunak eta beste 8ak artikulatuak. Hartara, flotaren %23 ibilgailu hibridoek eratzen dute.

Abian dauden proiektu nagusiei dagokienez, 5. zenbakiko UKPa (Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana, IHMIPa) nabarmendu behar da.

Beste alde batetik, ekainaren 22an Metropoli Mugikortasunaren Behatokiaren XV. Jardunaldi Teknikoa egin zen, “Mugikortasun iraunkorrerako eta airearen kalitaterako planak: baterako erronka” lelopean. Halaber, garraio publikoaren sare nagusiaren bideragarritasuna aztertzeko azterlana ere bukatu da. Prozesu horren guztiaren ondorio moduan, IHMIParen Azpibatzorde Teknikoak IHMIParen proposamenen dokumentu berri bat onartu zuen, inbertsioen aurreikuspena eta haiek gauzatzeko kronologia hartzen dituena. Hartara, IHMIPa onartzeko azken faseari hasiera eman zaio, eta 2019ko lehen hilabeteetan amaituko da.

EHGaren berritze teknologikorako proiektuarekin lotuta, laguntza tekniko espezializatuekin barnean hartu beharreko sistemen ezaugarriak analizatu eta abian jartzeko hainbat estrategia aztertu eta gero, berritze teknologikoa EHGaren egungo kontzesioaren aldiaren barnean egitea aukeratu da. Horretarako, TCCri inbertsioa onartu zitzaion, Ustiapenerako eta Informaziorako Laguntza Sistema berri bati, ordainbide berri bati eta komunikazio-sistema integratuei dagokiena. Sistema teknologiko integratu bateko elementu gisa diseinatu dira ekipo guztiak, eta beren funtzionalitateak progresiboki hedatzen joango dira hurrengo urteetan.

EHGaren egungo kontzesioa (TCCk duen kontzesioa) amaitzean EHGa kudeatzeari dagokionez, hasierako txosten teknikoak eta juridikoak egin dira kontratu berria martxan jartzeko eta aurretiazko iragarkia kaleratu da Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean, lizitazio horren gaineko informazioa emateko.

Beste alde batetik, martxoaren 26an, Iruñeko Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta TCCk hitzarmena izenpetu zuten Trinitarioetako aldirietako aparkalekuaren baldintzak eta aparkaleku horren erabiltzaileek EHGa dohainik erabiltzea arautzeko.

Azkenik, ekainaren 8an, hitzarmena izenpetu zuten Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuak eta Iruñerriko Mankomunitateak, lehenak dirulaguntza bat ematea arautzeko, %100 elektrikoak diren hiri-autobusen linea bateko buruetan kargatzeko azpiegitura bat zati batean finantzatzeko.

Taxi-zerbitzua

Joan den urriaren 25ean, Nafarroako Parlamentuak Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea aldatzea onartu zuen. Iruñerriko taxi-zerbitzuaren ikuspegitik, aldaketa nabarmenenak hauek izan ziren: taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremu bat mugarriztatzeko lurralde-koherentziaren baldintza kentzea; xedapen iragankor bat barnean hartzea, Mankomunitateko kide diren eta taxi-zerbitzuaren barnean ez dauden udalei zerbitzuan errazago eta azkarrago sartzea ahalbidetzeko, legeak indarra hartzetik aurrera hiru hilabeteko epean; eta zerbitzuari atxikitako ibilgailuetan hainbat eskakizun ekologiko ezartzea.

Beste alde batetik, tarifak bost urtean berdin edo izoztuta eduki eta gero, sektorearen kostuen eta diru-sarreren egitura berrikusi zen eta 2019rako taxi-tarifak aldatu ziren.

Halaber, eta tarifetan egindako aldaketei euskarria emateko xedearekin, zerbitzua arautzen duen ordenantza aldatu egin zen. Aldaketa horrek, gainera, beste alderdi garrantzitsu batzuk hartu zituen barnean, hala nola muga handiagoa gehigarriak aplikatzean, tarifak aplikatzean fidagarritasun handiagoa bermatu ahal izateko.

2018an, era berean, hainbat dirulaguntza eman ziren sektorerako, taxi-zerbitzua hobetu ahal izateko.

Beste alde batetik, azaroaren 30ean, Iruñeko espetxerako erabilera orokorreko garraio publikoko proba pilotua amaitu zen, eskaera bidezko taxi-zerbitzu erregularraren bidez, Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomikorako Departamentuak eta Iruñerriko Mankomunitateak izenpetutako hitzarmenean oinarritutakoa. Emaitza globala ona eta askiesgarria izan zen, eta zerbitzua luzatzea erabaki zen.

Emaitza ekonomikoak

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, Taldearen galera eta irabazien kontuak 2.757 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2018ko ekitaldian.

Emaitza horrek islatzen du Iruñerriko Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek eskaintzen dituzten emaitzen saldo gehitua, 24 m€, positiboa; eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietatearena, 2.733 m€, positiboa. Bi erakundeen jarduerak, eta, zehatzago, bakoitzak emandako zerbitzuen finantzabide-sistemen berezitasunak kontuan harturik, hona hemen bi erakundeei dagozkien emaitzen azterketak.


Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, sozietatearen galeren eta irabazien kontuak 2.733 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2018an. Sozietatearen izaera eta helburuak kontuan harturik, emaitza ekonomikoak azaltzen ahal dira aurrekontu-desbideratzeetan oinarriturik. Bestalde, hasierako aurrekontu-aurreikuspenek bideratzen dute bere ekonomia-jarduera. Aurreikuspen horiek —zuhurtasun-irizpideei jarraiki eginak— ekonomia kontabilitate orekaren helburua dute abiapuntu (galera eta irabazien kontuaren "zero" emaitza). Hartaz, honako hauek izaten ahal dira ekitaldiaren garapen ekonomikoaren alderdirik esanguratsuenak eta emaitzaren arrazoi nagusiak:

-   Dirulaguntzen periodifikatzeen efektua kenduta, ustiatzetik etorritako diru-sarrerek, oro har, aurretik aurreikusita zegoena baino 16 m€ txikiagoa baino izan ez den errealizazioa izan dute. Salmenten eta zerbitzu-emateen atalean, papera saltzetik lortutako diru-sarrera txikiagoak (-1.118 m€) eta uraren kuota aldakorrekoak (-647 m€) nabarmendu behar dira, eta aurreikusitakoak baino handiagoak ECOEMBESi fakturatzean (316 m€). Ustiapeneko dirulaguntzen atalean, Nafarroako Ubidearen tarifagatiko diru-sarrerak nabarmendu behar dira (555 m€), hasieran aurreikusi gabeak, eta NILSAren transferentzia txikiagoa (-383 m€). Azkenik, biometanizazio-obrak eraistean zegoen hornidura gehigizkoa aipatu behar da (525 m€), hasierako zenbatespenetan jasota ez zegoena.

-   Ustiapen-gastuetan, amortizazioen efektua alde batera utzita, 2.410 m€-ko aurrezkia izan dute globalki hartuta, %3,8, hasierako aurreikuspenen gainetik. Positiboak izan diren desbideratzeen artean, nabarmentzekoak dira honako atal hauenak: "Soldatak, lansariak eta antzekoak" (884 m€) eta “Hornidura-sareen mantentze-lanak” (397 m€). Negatiboak izan direnen artean, ur-kontsumoa nabarmendu behar da (-408 m€), barnean hartzen duena Nafarroako Ubideko ura erostea (-559 m€), eta gai organikoen bilketa (-556 m€).

-   Ibilgetuaren amortizazio teknikoengatik sortutako gastuak hasieran aurreikusiak baino zertxobait txikiagoak izan dira, 193 m€ gutxiago izan dira azken emaitzan, behin kenduta dirulaguntzen aldizkakotze kontuetan izandako alderantzizko ondorioa.

-   Finantza-emaitzak aurreikusitakoak baino handiagoak izan dira; zehazki, 159 m€-ko zenbatekoa izan da.

Ondorioz, esan daiteke zerbitzuen ekonomia-egitura eta kudeaketa-irizpideak mantendu direla, besteak beste, zuhurtasun-printzipioa aurrekontuak egiterakoan, betiere zerbitzuen nahikotasun ekonomikoa bermatze aldera. Hartara, ekitaldiko emaitzen kontuetan agertzen diren jarduerek behar bezala estaltzen dituzte zerbitzuen eta sozietatearen funtzionamendurako gastuak.

Edonola ere, nabarmendu behar da, kapitaleko dirulaguntzei oreka ekonomikoa zehaztean ematen zaien tratamendua dela-eta, lortutako emaitza ia ez dela iristen Sozietatearen kapitalizazio mailari eusteko; izan ere, nahiz eta emaitza hauek lortu diren eta ekitaldian 5.068 m€-ko zenbateko garbiko kapitaleko dirulaguntzak jaso dituen, Sozietatearen ondare garbia 866 m€ murriztu baita.

IM

Esan den bezala, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuak 24 m€-ko saldo positiboa izan du.

Lehenik eta behin, esan behar da Mankomunitatearen administrazio izaerak, baita egiten dituen jarduerenak ere, aurrekontu-irizpideen nagusitasuna -zentzu administratiboan- ekartzen duela ondorioz irizpide ekonomikoen gainean, bere oreka zehazteari eta aztertzeari dagokienez, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela fluxuei egozten zaien denboran. Izan ere, esan behar da ekitaldian Mankomunitateak gauzatu dituen eragiketak –diru-sarrerak zein gastuak– hasieran onartutako aurrekontuetako aurreikuspenekin bat etorrita ere, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuetan 269 m€-ko saldo positiboa izango zuela. Hau ezin da interpretatu beren jardueren irabazi gordin gisa, ez eta bere zerbitzuen finantza-egituraren desoreka gisa ere (zeinua edozein izanda). Aitzitik, ekonomia-irizpideak ezartzerakoan diru-sarrerak eta gastuak aitortzeko irizpideetan izandako denbora-desfaseei egotz litzaieke. Horregatik, adierazitako 24 m€-ko emaitza, egiatan, 245 m€-ko desbideratze negatiboa da hasieran aurreikusitakoarekin alderatuta,egozteko denbora-desberdintasunei dagokiena era berean eta ia esanahirik gabe Mankomunitatearen ekonomia- eta ondare-bilakaeraren analisirako. 

Garrantzi ekonomikoari dagokionez, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuaren zati nagusia eskualdeko garraioarekin lotuta dago (Eskualdeko Hiri Garraioa eta Taxia). Alde horretatik, nabarmendu behar da aurrekontuan behin betiko kreditu gisa jasotakoak baino 1.082 m€ txikiagoak izan direla Mankomunitateak 2018an izandako gastuak, eta desbideratze hori ia osorik (-1.046 m€) Eskualdeko Hiri Garraioaren eta Taxiaren zerbitzua kudeatzearekin lotutako gastuetan egon da. Era berean, zati handiena (727 m€) Eskualdeko Hiri Garraioaren operadoreari egin beharreko transferentziengatik ekitaldian sorrarazitako gastua jasotzen duen kontuan sortzen da, zerbitzuaren kontzesio-kontratua aplikatzean, eta, neurri txikiagoan, kudeaketarekin lotutako zenbait zerbitzu eskuratzean. Dena den, aurrezte horiek ia ez dute eraginik Mankomunitatearen emaitzaren gainean; izan ere, 2017-2019 aldirako Iruñerriko Hiri Garraioaren VI. Planean jasota dagoena aplikatze aldera, Nafarroako Gobernuak eta garraioaren esparruan sartuta dauden udalek zerbitzua finantzatzeko egin behar dituzten ekarpenak ia etengabe doitzen baitira zerbitzuaren benetako defizitera. Hartara, eta soil-soilik erregularizazio-klausula horiek aplikatzen direlako, ekarpen horietatik datozen diru-sarrerak 2018ko ekitaldian 1.258 m€ txikiagoak izan dira. Eskualdeko Hiri Garraioaren eta Taxiaren zerbitzuaren diru-sarreren eta gastuen kontuen saldo garbiak, 2018an, 243 m€-ko emaitza negatiboa du, egozte denbora-desberdintasunetara egotz daitekeena nolanahi eta, bereziki, ekitaldi honetan sartutako kontabilitate-irizpide aldaketara, Nafarroako Gobernuak eta udalek zerbitzua finantzatzeko egin beharreko ekarpenengatiko diru-sarreren sortzapentzat jotzeari dagokionez.

Lehenago aipatu den 24 m€-ko emaitza positiboa eratu arte, saldo negatibo hori berdindu egiten dute Mankomunitatearen egiturari eusteko berezkoak diren jarduerek. Egitura-gastuak berdintzeko mekanismoak, SCPSA bere kudeaketa-sozietateak egiten dion ekarpenaren bidez, bere jarduera orokorraren eta erakunde-jardueraren ondorioz ekitaldi bakoitzean dagoen aurrekontu-defizita zehatz-mehatz estaltzea ekartzen dute. Hala ere, ekarpen horrek –ekitaldiko diru-sarrera moduan erregistratua dena– aurrekontu-izaerako baina ez ekonomikoko gastuak ere estaltzen ditu, hala nola inbertsioak  (2 m€ 2018en) eta zorraren amortizazioa (267 m€ 2018an), Mankomunitatearen kapitalizazio bat eragiten dutenak, kopuru horietan emaitza positiboak agertzea ekartzen duten neurrian eta emaitzen kontuan jarduera horien saldo positiboa justifikatzen duten neurrian.

Labur esanda, berriz esan behar da Iruñerriko Mankomunitateak egiten dituen jarduerek eta hauek finantzatzeko formulek zailtzen dutela diru-sarreren aitorpenaren eta gastuenaren arteko denbora-desoreka hutsei ez dagozkien emaitza esanguratsuak agertzea.

2.- EKITALDIA ITXI ONDOREN GERTATUTAKO GERTAKARI GARRANTZITSUAK 

Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateari jarritako erreklamazioa izan ezik, txostenaren 13. oharrean deskribatu dena, 2018ko ekitaldia itxi zenetik ez da gertatu 2018ko urteko kontu bateratuei, erakundearen zerbitzuak emateari edo bere helburu soziala betetzeari era esanguratsuan eragiten dien inolako gertakaririk, ez eta 2018ko abenduaren 31n zeuden ondasunen eta eskubideen, zorren eta betebeharren egoera edo balioari.

3.- AURREIKUS DATIEKEEN BILAKAERA

Ekitaldi honetako alderdirik nabarmenenek –txosten honen hasieran azaltzen dira– oso argi adierazten dituzte Talde honen jarduera bideratzen duten ildo nagusiak: teknologia aurreratua duten azpiegitura eraginkorrak, agindutako zerbitzuen kudeaketa eta ustiapena etengabe hobetzea.  Hori dela-eta, esaten ahal da aurrez ikusten ahal den sozietate honen bilakaerak honako ezaugarri hauek izango dituela:

  • Hartutako kudeaketa-formulak indarrean egotea eta bai zerbitzuen oinarrizko helburuak betetzeko duten gaitasuna ere.
  • Egungo beharrak estaltzen ahal dituzten azpiegitura materialak izatea. Azpiegitura hauek kalitatekoak, ongi zainduak, eta nahiko berriak izateaz gainera, instalazio berriak etengabe garatzen ari direnez, egungo estaldura-mailak behar den aldian bermatzen ahal dira, baldin eta erakartze berrien gaineko aurreikuspenak betetzen badira.

Tokiko maparekin lotuta, 25. zenbakiko NAOn, 2019ko otsailaren 6an, kaleratu da 4/2019 Foru Legea, otsailaren 4koa, Nafarroako Toki Administrazioa Eraberritzekoa.

Foru-lege horrek planteatzen du udalez gaindiko antolaketa, “eskualdearen” figuraren bidez. Hartara, aurrerantzean bera arduratuko da orain arte udalek, arloz arloko mankomunitateek eta antzeko beste erakunde batzuek, gure Foru Komunitatean azken urteetan eratutakoek, gauzatzen zituzten zenbait eginkizun egiteaz.

Eskualdeak garatzeak foru lege berria exijituko du, eta lege horrek ezarriko ditu zerbitzuak ematea zein baldintzatan garatuko den.

Mankomunitateari eragiten dion neurrian, gerta liteke Taldea eraldatzea ematen dituen zerbitzuak aldatuko direlako eta/edo haiek emateko esparrua aldatuko delako. Eraldatze horrek ez lioke eragin behar funtzionamenduan dagoen enpresa-printzipioari.


4.- BERRIKUNTZAREN ARLOKO JARDUERAK

2015eko urtarrilean, SCPSAko Zuzendaritza Batzordeak SCPSAko I. Berrikuntza Plana onartu zuen. Une horretatik aurrera berrikuntza-plan horretan aurreikusitako ekimen desberdinak jarri ziren abian edo sendotu ziren. Bereziki, 2018an IDÉATE programa garatu da modu askiesgarrian, Iruñerriko Mankomunitateko eta SCPSAko langile guztiei irekia, haien iradokizunak jasotzeko ibilgailu eta langileek parte hartzeko motor gisa. Guztira, 2018an, 55 iradokizun bildu ziren. Osagai berritzailea duen proiektu moduan, korporatiboa, edukiontzi adimendunen proiektu pilotua nabarmendu behar da.


5.- ARRISKUAK ETA ZIURGABETASUNAK

Taldeak bere negozioen garapenari eragiten ahal dioten arriskuak eta ziurgabetasunak zein diren badakienez, detektatzeko eta kontrolatzeko behar diren mekanismoak jarri ditu.


6.- FINANTZA-TRESNAK

Taldeak ez du kontratatuta finantza-tresnarik.