2017ko kudeaketa txostena

Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

1.- Sozietatearen egoeraren eta negozioen bilakaera

Administrazio Kontseiluak, eta, ondorioz, Urteko Kudeaketa Planak 2017-2030 aldirako ebatzi zuten Plan Estrategikoak xedatutakoa gauzatzera bideratuta egon da Mendeko Sozietatearen kudeaketa 2017ko ekitaldian.

2017an eskatutako zerbitzuak emateari dagokionez, esaten ahal da aurreikusi ziren helburuak behar bezala bete direla. Ondokoak dira gure jarduera nagusien garapenak izan dituen ezaugarriak.

Uraren Ziklo Integrala

  • Hornidura

2017an, ur -ekoizpena 30.087.916 m3-koa izan da, 2016an baino %0,49 txikiagoa eta azken bost urteetako batez bestekoa baino %1,05 txikiagoa. 2017an, esate baterako, nabarmendu behar da prezipitazio eskasak izan zirela apirilean eta maiatzean, eta agorraldia hilabete baino gehiago aurreratzea eragin zutela, udako baldintza tipikoen gainean. Eta, era berean, udan aurreratu egin zen tenperaturak hoztea, eta horrek ekarri zuen kontsumoa gutxitzea eta hasierako hazkundea berdintzea.

Hornidura sarearen ustiapen-emaitzei dagokienez, erregistratu gabeko uraren adierazlearen 2017ko behin-behineko datua (ANR) %9,71koa izan da, 2016koaren oso antzekoa (%9,65). 2016ko datu hori segida historiko osoko datu baxuena izan zen.

Horniduraren kalitateari dagokionez, urtea normaltasunez joan da eta ez da gorabehera nabarmenik gertatu, Ostitz-Olaibarko hornidura linean gertatutako kasu puntual batzuk izan ezik. Zehazki, Lantzeko iturburuko bilketa-eremuan euri gogorren ondoriozko kasuak izan dira.

  • Saneamendua eta arazketa

Saneamenduaren eta arazketaren II. Planaren esparruan, jarduketa garrantzitsuak egiten ari gara Arazuriko HUAn, lehen mailako lohiak bahetzea eta uraldi handiak daudenean hondakin urak basalantzea hobetzeko araztegiko isurbide orokorrean. Era berean, kontrolatzekoak izan daitezkeen sareko gainezkabideak zehazteko plan bat egiten ari da, eta bai gauzatu beharreko neurriak eta jarduteko egutegia ere.

HUAko emari influientea 33.068.337 m3-koa izan da. 646.911 biztanle baliokideri dagokio, aurreko urtearen antzera. Gai organikoan eta nutrienteetan (nitrogenoa eta fosforoa) arazketako errendimendu handiei eutsi zaie.

  • Ibai Parkea

2017ko jarduketa esanguratsu moduan hauek nabarmendu behar dira:

-   Landabenen lotura-lanak egin dira: Iruñerriko eta Iruñeko ibai-pasealekuak lotuta gelditu dira.

-   Arazuritik Iberorako obra-Arga ibaia. Nafarroako Gobernuak ibilbidearen UPSa aldatzea onartu du Ororbiako zatian.

-   Ibai Parkea handitu da Barañainen (Eultzako Jaurerria), Barañaingo Udalak hiru lursail lagata Mankomunitateari.

-   Arren jolas-eremu bat sortzea, Ventorrillo esaten zaiona.

-   Ibai Parkea sortzea Arakil ibaian, Egillor (zentral hidroelektrikoa) eta Asiain artean.

Hiri Hondakinak

Hondakinak sortzeari dagokionez, 2014an hasitako goranzko joerak bere horretan jarraitzen du. 2017an, Iruñerriko Mankomunitateak 142.967 tona hondakin bildu zituen, hau da, aurreko urtean baino %1,22 gehiago, orduan 141.242 tona izan baitziren, eta 2013an baino %4,03 gehiago (137.435 tona). Emendatze hori era orokortuan gertatu da gaikako bilketa gehienetan; dena den, beiraren bilketa salbuespena da, mantendu egin baita, eta bai gai organikoen bilketa ere, aurreko urtearekiko %2,31 gutxitu baita.

Hondakinak berreskuratzeari dagokionez, %1,52 emendatu dira berreskuratutako tonak. Portzentualki, zura nabarmendu behar da, 1.842 tona berreskuratu baitira, 2016an baino %13,48 gehiago, eta ehun-materialak berreskuratzea, arropa jasotzeko lehen 95 edukiontziak kokatu baitziren abuztuan.

Bildutako hondakin-kantitatea ere handitu denez, berreskuratutako hondakinen portzentajea 2016ko balioetan dago, bai orokorrean, bai biohondakinei berariaz dagokienean ere.

Eskualdeko Hiri Garraioa

2017an, Eskualdeko Hiri Garraioko bidaien behin-behineko kopurua 36.991.480 izan zen eta horrek esan nahi du aurreko urtean baino %4,1 gehiago izan zirela. Adierazi behar da 2015aren erdialdeaz geroztik bidaia kopuruak gorantz egin duela, krisi ekonomikoa izan zen bitartean hasi zen beheranzko joera aldatu baitzen urte horretan.

EHGaren zerbitzuaren plangintzari dagokionez, nabarmendu behar da 2017rako aurreko EHGaren Plana luzatu eta gero (2015-2016 aldirakoa) urrian Mankomunitatearen Batzar Nagusiak EHGaren VI. Plana onartu zuela, 2017-2019 aldirakoa. Aurrekontu osoa 104,9 milioi eurokoa da eta ekarpen publikoak 47,1 milioi eurokoak.

Zerbitzuaren eskaintzan egindako aldaketak direla-eta, irailaren 4an azken urteetan EHGaren sarean egin diren aldaketa garrantzitsuenetako batzuk jarri ziren abian, Iruñeko Udalak hiriko Lehen Zabalgunea “atsegin egiteko” ekimena gauzatu behar zuela-eta. Aldaketa horiek ekarri zuten ibilgailu pribatuen zirkulazioa murriztea, txirrindulariei eta oinezkoei lehentasuna emanez, eta garraio publikoa lehenetsita, EHGaren linea garrantzitsuenetako batzuk hiriko Alde Zaharrera hurbilduta.

Inbertsioei dagokienez, 2017ko flota-berritzeari zegozkion 12 autobusak martxan hasi ziren ekainean, haietatik 6 zurrunak eta beste 6ak artikulatuak. Aipatzeko moduko ezaugarri gisa, esan behar da denak teknologia hibridokoak direla, diesela eta elektrizitatea baliatzen dituztenak, eta, hartara, flotaren %15 ibilgailu hibridoek eratzen dute. Gutxiago kutsatzen duten energien alderdi honi dagokionez, lehen seihilekoan, proba pilotu bat egin zen, Arazuriko araztegiko biogasa EHGko hiru autobusetan baliatzeko.

Bidean edo martxan dauden proiektu nagusiei dagokienez, Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (IHMIP) nabarmendu behar da. 2017an, IHMIParen hasierako proposamena egin da, eta, azarotik aurrera, herritarrek parte hartzeko prozesua hasi da.

Berritze teknologikoko proiektuarekin lotuta, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritu gara Nafarroako Garraioko Txartel Bakarra definitzean, bi administrazioek elkarrekin finantzatutako laguntza tekniko baten bidez. Ustiapenerako eta Informaziorako Laguntza Sistemaren (SAEI) eta bere komunikazio-sistema integratuaren ezaugarriak zehazteko azterlan bat ere hasi da. Beste alde batetik, garraioko txartela sakelako telefonoaren bidez kargatzea enkantean hartzeko eskaintza prestatzeko lan ere egin da eta onartzeko zain dago. Azkenik, autobusetan wifi bidez erabiltzaileei Internet zerbitzua emateko konponbide teknikoa eta administratiboa zehaztu da, eta esperientzia pilotu bat abian jartzeko zain dago.

EHGko langile gidarien segurtasuna hobetzeko programa dela-eta, 2017ko flota-berritzeko 6 autobus artikulatuetan manparaerdiak erabiltzeko proba pilotu bat hasi da. Halaber, bideozaintzako kamerak flota osora zabaldu dira, 2018an eta 2019an baja emango diren ibilgailuetara izan ezik. Azkenik, EHGa arautzeko ordenantza aldatu da, besteak beste, eraginkortasun handiagoarekin zehatzeko gizalegezkoak ez diren jokaerak.

Taxi zerbitzua

Arlo honetara bideratutako laguntzak abian jartzeko, taxiak diruz laguntzeko ordenantza berria onartu da eta bai taxien arlorako diru-laguntzen plan estrategiko bat ere. Azkenik, ibilgailu ekologikoak erosteko laguntzen deialdietarako izapideak bideratu dira (7.489,27 euro ibilgailu elektriko bat, sei ibilgailu hibrido eta petrolio-gas likidotua, PGLa, erabiltzen duen ibilgailu bat erosteko)  eta arloko profesionalen segurtasuna hobetzeko (10.115 euro segurtasuna hobetzeko 289 ibilgailutan). Taxi egokituen zerbitzua hobetzeko laguntzen deialdia 2018an egingo da.

Bestalde, nabarmendu behar da Nafarroako Gobernuak Taxien Foru Legea aldatzeko prozesua abiarazi duela. Zehazki, aurretiko herri kontsulta egiteko prozesua egin du, helburu hauekin: tokiko erakundeek egindako elkarlan- eta koordinazio-ekimenei arreta emateko egungo mekanismoak malgutzea, Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde esparrua zabaltzea ahalbidetzea, ibilgailuen plaza-kopurua progresiboki emendatzea eta ibilgailu iraunkorren kopurua progresiboki handitzea.

2017an, gainera, beste urte batez, Mankomunitatea lankidetzan aritu da Nafarroako Gobernuarekin. Polizietako talde desberdinekin batera, Nafarroan taxien arloa ikuskatzeko IV. kanpaina egin dute. Hain zuzen, irailaren 15a eta 17a artean eta 22a eta 24a artean egin zen, Iruñean guztira 91 taxi kontrolatu ziren eta salaketa bakarra jarri zen.

Azkenik, martxoan, taxi-gidari profesionalaren baimena lortzeko proben 12. edizioa egin zen. 73 eskaera onartu ziren, eta probara aurkeztu ziren 64 hautagaietatik 55 eskatzailek lortu zuten baimen hori.

Emaitza ekonomikoak

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, Taldearen galera eta irabazien kontuak 4.634 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2017ko ekitaldian.

Emaitza horrek islatzen du Iruñerriko Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek eskaintzen dituzten emaitzen saldo gehitua, 271 m€, positiboa; eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietatearena, 4.363 m€, positiboa. Bi erakundeen jarduerak, eta, zehatzago, bakoitzak emandako zerbitzuen finantzabide-sistemen berezitasunak kontuan harturik, hona hemen bi erakundeei dagozkien emaitzen azterketak.


SCPSA

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, sozietatearen galeren eta irabazien kontuak 4.363 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2017an. Sozietatearen izaera eta helburuak kontuan harturik, emaitza ekonomikoak azaltzen ahal dira aurrekontu-desbideratzeetan oinarriturik. Bestalde, hasierako aurrekontu-aurreikuspenek bideratzen dute bere ekonomia-jarduera. Aurreikuspen horiek —zuhurtasun-irizpideei jarraiki eginak— ekonomia kontabilitate orekaren helburua dute abiapuntu (galera eta irabazien kontuaren "zero" emaitza). Hartaz, honako hauek izaten ahal dira ekitaldiaren garapen ekonomikoaren alderdirik esanguratsuenak eta emaitzaren arrazoi nagusiak:

-   Diru-sarreren eta diru-laguntzen periodifikatzeen efektua kenduta –atal espezifikoa dute horiek txosten honetan–, ustiatzetik etorritako diru-sarrerek izan dute, oro har, 254 m€-tik gorako errealizazio bat, hasieran aurreikusi zena baino %0,4 gehiago. Desbideratze positibo horretan eragina izan dute, nagusiki, Arazuriko (244 m€) eta Gongorako (105 m€) plantetako energia sortzeak eta paper-salmentak (179 m€). Desbideratze negatiboak, berriz, zerbitzuak ematean (-172 m€) izan dira, eta haien artean nabarmendu behar da hondakinen fakturazioa (-142 €) eta garraioaren kudeaketa (-137 m€). Ustiapeneko diru-laguntzen atalean, Nafarroako Ubidearen tarifaren desbideratze positiboa (544,158 m€) eta NILSAren transferentziaren negatiboa (-670 m€) nabarmendu behar dira.

-   Ustiapen-gastuetan, amortizazioen efektua alde batera utzita,3.867 m€-ko aurrezkia izan dute globalki hartuta, %6,3, hasierako aurreikuspenen gainetik. Positiboak izan diren desbideratzeen artean, nabarmentzekoak dira honako atal hauenak: “Kanpoko zerbitzuak” (3.014 m€), "Soldatak, lansariak eta antzekoak" (637 m€) eta “Karga sozialak” (399 m€). Negatiboak izan direnen artean, ur-kontsumoa nabarmendu behar da (-482 m€), barnean hartzen duena Nafarroako Ubideko ura erostea (-614 m€).

-   Ibilgetuaren amortizazio teknikoengatik sortutako gastuak hasieran aurreikusiak baino zertxobait txikiagoak izan dira, 370 m€ gutxiago izan dira azken emaitzan, behin kenduta diru laguntzen aldizkakotze kontuetan izandako alderantzizko ondorioa.

-   Finantza-emaitzak aurreikusitakoak baino handiagoak izan dira; zehazki, 49 m€-ko zenbatekoa izan da.

Ondorioz, esan daiteke zerbitzuen ekonomia-egitura eta kudeaketa-irizpideak mantendu direla, besteak beste, zuhurtasun-printzipioa aurrekontuak egiterakoan, betiere zerbitzuen nahikotasun ekonomikoa bermatze aldera. Hartara, ekitaldiko emaitzen kontuetan agertzen diren jarduerek behar bezala estaltzen dituzte zerbitzuen eta sozietatearen funtzionamendurako gastuak.

Edonola ere, nabarmendu behar da, kapitaleko diru-laguntzei oreka ekonomikoa zehaztean ematen zaien tratamendua dela-eta, lortutako emaitza ia ez dela iristen Sozietatearen kapitalizazio mailari eusteko; izan ere, nahiz eta emaitza hauek lortu diren eta ekitaldian 3.136 m€-ko zenbateko garbiko kapitaleko diru-laguntzak jaso dituen, Sozietatearen ondare garbia 867 m€ murriztu baita.

IM

Esan den bezala, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuak 271 m€-ko saldo positiboa izan du.

Lehenik eta behin, esan behar da Mankomunitatearen administrazio izaerak, baita egiten dituen jarduerenak ere, aurrekontu irizpideen nagusitasuna -zentzu administratiboan- ekartzen duela ondorioz irizpide ekonomikoen gainean, bere oreka zehazteari eta aztertzeari dagokienez, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela fluxuei egozten zaien denboran. Izan ere, esan behar da ekitaldian Mankomunitateak gauzatu dituen eragiketak –diru-sarrerak zein gastuak– hasieran onartutako aurrekontuetako aurreikuspenekin bat etorrita ere, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuetan 264 m€-ko saldo positiboa izango zuela. Hau ezin da interpretatu beren jardueren irabazi gordin gisa, ez eta bere zerbitzuen finantza-egituraren desoreka gisa ere (zeinua edozein izanda). Aitzitik, ekonomia irizpideak ezartzerakoan diru-sarrerak eta gastuak aitortzeko irizpideetan izandako denbora-desfaseei egotz litzaieke. Horregatik, adierazitako 271 m€-ko saldoa, egiatan, 7 m€-ko desbideratze positiboa da hasieran aurreikusitakoarekin alderatuta.

Garrantzi ekonomikoari dagokionez, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuaren zati nagusia eskualdeko garraioarekin lotuta dago (Eskualdeko Hiri Garraioa eta Taxia). Alde horretatik, nabarmendu behar da Mankomunitateak 2017an izandako gastuak hasieran aurreikusitakoak baino 331 m€ txikiagoak izan direla, %2,38. Aurrezte horien jatorri nagusiak SCPSAk Mankomunitateari egindako fakturazioa jasotzen duten kontuetan daude, Eskualdeko Hiri Garraioaren plangintza egin eta kontrolatzeko zerbitzuengatik (141 m€) eta garraioaren kudeaketako eta mugikortasun-azterlanetan (134 m€). Hala ere, badira beste aurrezte-kontzeptu batzuk, kontrako zeinuko desbideratzeen bidez berdindu direnak beste gastu-kontu batzuetan. Dena den, aurrezte horiek ia ez dute eraginik Mankomunitatearen emaitzaren gainean; izan ere, 2017-2019 aldirako Iruñerriko Hiri Garraioaren VI. Planean jasota dagoena aplikatze aldera, Nafarroako Gobernuak eta garraioaren esparruan sartuta dauden udalek zerbitzua finantzatzeko egin behar dituzten ekarpenak ia etengabe doitzen baitira zerbitzuaren benetako defizitera. Hartara, eta soil-soilik erregularizazio klausula horiek aplikatzen direlako, ekarpen horietatik datozen diru-sarrerak 2017ko ekitaldian 306 m€ txikiagoak izan dira. Hori guztia kontuan izanik, Mankomunitatearen emaitzen alderdia 2017ko ekitaldian garraioaren kudeaketari egotz dakiokeena 25 m€-ko galeretara murriztuta geldituko litzateke, ondoz ondoko erregularizazioen bidez berdintzen doazen diru-sarrera eta gastu batzuen denbora-egoztearen diferentzien emaitza aldi berean.

Aurrekoa ikusirik, Mankomunitatearen emaitzak jatorria du egiturako bere gastuak SCPSA bere kudeaketa sozietateak egiten duen ekarpenaren bidez berdintzeko mekanismoetan. Izan ere, jardun orokorraren eta erakundekoaren ondorioz ekitaldi bakoitzean emaitza den aurrekontu-defizita zehatz estaltzen du. Ekarpen horrek ekitaldiko diru-sarrera gisa erregistratua osorik– aurrekontu-izaerako gastuak ere estaltzen ditu, baina ez ekonomikoak, besteak beste, inbertsioak (gauzatu gabe 2017an) eta zorraren amortizazioa (261 m€ 2017an). Mankomunitatearen kapitalizazioa eragiten dute, kopuru horietan emaitza positiboak agertzea eragiten duten neurrian. Kontrara, galera eta irabazien kontuak gastuak eta diru-sarrerak erregistratu ditu amortizazio teknikoengatik eta diru-laguntzen periodifikatzeagatik, hurrenez hurren (-13 m€ eragin garbiko 2017an), ekarpenaren kalkuluan zenbatzen ez direnak eta ondoriozko eragina sortzen dute ekitaldiko emaitzetan. Amaitzeko, eta garraioaren kudeaketarekin gertatzen den moduan, hemen ere denbora-egozteko diferentziak daude ekonomiako eta aurrekontuko irizpideen artean, jeneralean, ekitaldi bakoitzeko emaitzen gainean oso esanguratsua ez den eragina dutenak.

Labur esanda, berriz esan behar da Iruñerriko Mankomunitateak egiten dituen jarduerek eta hauek finantzatzeko formulek zailtzen dutela diru-sarreren aitorpenaren eta gastuenaren arteko denbora-desoreka hutsei ez dagozkien emaitza esanguratsuak agertzea.

2.- EKITALDIA ITXI ONDOREN GERTATUTAKO GERTAKARI GARRANTZITSUAK

Txostenaren 21. oharrean deskribatu den helegitea izan ezik (Iruñerriko Mankomunitatearen aurka aurkeztutakoa eta Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren, 3. zenbakikoaren, 2018ko martxoaren 16ko 67/2018 epaiaren bidez irmo ebatzitakoa), 2017ko ekitaldia itxi zenetik ez da gertatu 2017ko urteko kontu bateratuei, erakundearen zerbitzuak emateari edo bere helburu soziala betetzeari era esanguratsuan eragiten dien inolako gertakaririk, ez eta 2017ko abenduaren 31n zeuden ondasunen eta eskubideen, zorren eta betebeharren egoera edo balioari.

3.- AURREIKUS DAITEKEEN BILAKAERA

Ekitaldi honetako alderdirik nabarmenenek –txosten honen hasieran azaltzen dira– oso argi adierazten dituzte Talde honen jarduera bideratzen duten ildo nagusiak: teknologia aurreratua duten azpiegitura eraginkorrak, agindutako zerbitzuen kudeaketa eta ustiapena etengabe hobetzea.  Hori dela-eta, esaten ahal da aurrez ikusten ahal den sozietate honen bilakaerak honako ezaugarri hauek izango dituela:

  • Hartutako kudeaketa formulak indarrean egotea eta bai zerbitzuen oinarrizko helburuak betetzeko duten gaitasuna ere.
  • Egungo beharrak estaltzen ahal dituzten azpiegitura materialak izatea. Azpiegitura hauek kalitatekoak, ongi zainduak, eta nahiko berriak izateaz gainera, instalazio berriak etengabe garatzen ari direnez, egungo estaldura mailak behar den aldian bermatzen ahal dira, baldin eta erakartze berrien gaineko aurreikuspenak betetzen badira.

Tokiko maparekin lotuta, Nafarroako Toki Administrazioa erreformatzeko foru lege baten aurreproiektu bat dago, epe laburrean onartzeko aukerak dituena.

Foru lege horrek planteatzen du udalez gaindiko antolaketa, “eskualdearen” figuraren bidez. Hartara, aurrerantzean bera arduratuko da orain arte udalek, arloz arloko mankomunitateek eta antzeko beste erakunde batzuek, gure Foru Komunitatean azken urteetan eratutakoek, gauzatzen zituzten zenbait eginkizun egiteaz.

Eskualdeak garatzeak foru lege berria exijituko du, eta lege horrek ezarriko ditu zerbitzuak ematea zein baldintzatan garatuko den.

Mankomunitateari eragiten dion neurrian, gerta liteke Taldea eraldatzea ematen dituen zerbitzuak aldatuko direlako eta/edo haiek emateko esparrua aldatuko delako. Eraldatze horrek ez lioke eragin behar funtzionamenduan dagoen enpresa-printzipioari.


4.- IKERKETA ETA GARAPENAREN ARLOKO JARDUERAK

Gure oinarrizko zerbitzuak ematean hobetzen joaten jarraitzeko helburuarekin, 2017an jarduera hauek egin dira berrikuntzaren gaian. Zehazki, hauek nabarmendu ahal ditugu:

Berrikuntza

2015eko urtarrilean, SCPSAko Zuzendaritza Batzordeak SCPSAko I. Berrikuntza Plana onartu zuen. Une horretatik aurrera berrikuntza plan horretan aurreikusitako ekimen desberdinak jarri ziren abian edo sendotu ziren. Bereziki, 2017an IDÉATE programa garatu da modu askiesgarrian, Iruñerriko Mankomunitateko eta SCPSAko langile guztiei irekia, haien iradokizunak jasotzeko ibilgailu eta langileek parte hartzeko motor gisa. Guztira, 2017an, 52 iradokizun bildu dira eta haietatik 20 onartu dira. Era berean, Berrikuntza Batzordearen jarduna garatu zen, eta, aurreko urtean bezala, 5 proiektu abiarazteko aukera eman zuen, SCPSAren jardueraren arlo desberdinetan. Aldi berean, Berrikuntza Proiektu bat egin da, enpresen proposamenari lotuta, Arazuriko HUAn biometanoa lortzeari dagokionez. Laguntzaile moduan, Europako finantzaketa zuten 2 proiektutan (Geo Smart City eta Life-RESPIRA) parte hartzea amaitu da. Azkenik, lehenbiziko pausoak eman dira beste proiektu pilotu batean, EHGan %100 elektrikoa den linea bat, aukera-kargarekin, ezartzeari dagokionez.

Azken urteetan izandako jardueraren ildotik, ikerketa aplikatuko proiektuak egin dira 2017an, Unibertsitatearekin eta zentro teknologikoekin lankidetzan, lohiak eta konposta nekazaritzan aplikatzeko gaian.

Klima-aldaketa eta IM eta SCPSAren estrategia energetikoa

2017an, Iruñerriko Mankomunitatearen eta SCPSAren karbono-aztarnaren eta berotegi-efektuko gasen igorpenen ebaluazioa egin da. Hain zuzen, 2016. urteari zegokiona egin da. 2014ko oinarri urteari dagokionez, berotegi-efektuko gasen igorpenak %16 gutxitu direla erregistratu da. Kanpoko auditore batek egiaztatu du prozesua eta MAGRAMAren Karbono Aztarnaren erregistro nazionalean inskribatu da. Era berean, nabarmen egin da aurrera hornidurako eta saneamenduko hoditerien aprobetxamendu energetikoa egiteko azterlanean.


5.- ARRISKUAK ETA ZIURGABETASUNAK

Taldeak bere negozioen garapenari eragiten ahal dioten arriskuak eta ziurgabetasunak zein diren badakienez, detektatzeko eta kontrolatzeko behar diren mekanismoak jarri ditu.


6.- FINANTZA-TRESNAK

Taldeak ez du kontratatuta finantza-tresnarik.