Kudeatutako zerbitzuak

Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

Uraren Ziklo Integrala

Edateko uraren hornidura eta hondakin uren saneamendua dira Mankomunitatea sortu zenetik, hau da, 1982tik, ematen dituen bi zerbitzuak.

Hornidura

Egun, urez hornitzeko hiru iturri nagusi ditugu: Artetako iturburua, Eugiko urtegia eta Itoizko urtegia, Nafarroako Ubidearen bidez. Iturri horietako bakoitzetik heltzen den ura edateko uren araztegi batean tratatzen da, gizakiok edan ahal izateko:

  • Artetako iturburua - Egillorko Edateko Uren Araztegia
  • Eugiko urtegia - Urtasungo Edateko Uren Araztegia
  • Itoitz-Nafarroako Ubidea - Tiebasko Edateko Uren Araztegia

Herritarrak urez hornitzeko sistema honek oinarri du hornitzeko sare bilbe konplexua: 1.473 kilometro hodi eta 135 biltegi ditu. Hartara, Iruñerriko herriek ziurtatuta dute ura izatea, bai kantitateari eta bai kalitateari dagokionez.

Saneamendua eta arazketa

Iruñerriko biztanleen %95ek sortzen dituzten hondakin urak Arazuriko Hondakin Uren Araztegira bideratzen dira (Iruñetik 3 kilometrora), 1.668 kilometro dituen hodi biltzaileen sare baten bidez.

Araztegi hori 1990ean jarri zuten martxan, eta 1999an handitu. Han, hondakin urak araztu egiten dituzte, tratamendu fisikoa eta biologikoa eginda. Era berean, arazte prozesuan sortzen diren lohiak tratatu egiten dira, gero nekazaritzan eta lorezaintzan erabili ahal izateko; eta lohi horien digestio prozesuan sortzen den biogasa energia termiko eta elektriko bihurtzen da. 

Uraren ziklo integralari dagozkion jarduerak zuzenean egiten dituzte Mankomunitateko langileek.

Hondakinen bilketa eta tratamendua

Birzikla daitekeen materia bizigabea ahalik eta gehiena balioztatzea eta berreskuratzea etxean modu eraginkorrean sailkatzearen mende dago. Horretarako, gertutasun, erosotasun eta eskuragarritasun errazaren printzipioei jarraituz jarri dira edukiontzia.

Kaleetan hondakinak biltzeko dauden puntu guztiek hiru edukiontzi mota hauek dituzte: ontziak biltzekoa, papera eta kartoia biltzekoa, eta gai organikoak eta gainerakoak biltzekoa. Gainera, biltzeko bi puntutatik batek beira botatzeko iglu erako edukiontzi espezifiko bat du.

Gai organikoak 5. edukiontziaren bidez biltzeko berariazko bilketa berria 2013aren amaieran jarri zen martxan, Barañainen, I. fasean. II. fasea, berriz, 2014ko urrian abiarazi zen, eta bilketa mota hori Iruñeko zenbait auzotara eta bi herritara eraman zuen: Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz auzoetara, eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara. 2015ean, bilketa zerbitzu hau Iruñerriko hiri ingurune osora hedatu zen (III. fasea). 2016ko abuztua eta urria artean, gai organikoen bilketa bereiziaren IV. fasea gauzatu zen, Iruñerrian biztanle kopuru txikiena duten 229 herrietan. Laugarren fase horretako herri bakoitzari konpostajea eskaini zitzaion gai organikoak tratatzeko modu gisa, baina haietako batzuetan bosgarren edukiontzia ere kokatu zen. Azken fase horretan, etxebizitzen %38,5ek eman zuten izena, eta, horrenbestez, Iruñerri osoan izena emandakoak %44,4 dira. Laugarren fase hori gauzatuta amaitutzat eman da gai organikoen bilketa bereizia ezartzea. 

Etxean sortzen diren hondakin bereziak gaika biltzeko helburua duten instalazioak dira garbiguneak. Bi mota daude: finkoak (2 dira), hipermerkatuetako aparkalekuetan daudenak; eta mugikorrak, aurretik ezarrita dagoen maiztasunarekin eta etengabe hainbat herri eta auzotara joaten diren 2 ibilgailu.

Zerbitzu hau osatzeko, bestelako bilketak ere egiten dira: tamaina handikoak, pilak, inauste hondakinak... Bestalde, “atez ateko” zerbitzua dago Iruñeko Alde Zaharreko saltegietan kartoia eta beira biltzeko.

Bilketen plangintza, zerbitzuaren kontrola, ikuskatzea, ibilgailuak eta edukiontziak erostea, eta bilketa berezien diseinua Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko langileek berek egiten dute, eta gauzatzen duen enpresa Fomento de Construcciones y Contratas da, SCPSArekin sinatua duen kontratuaren arabera.

Tratamendua

Dagokion edukiontzian sartu eta gero, hondakinak Gongorako Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentrora eramaten dira. 1992ko ekainean jarri zuten martxan zentro hori, eta hondakinak tratatzeko bi eremu ezberdin ditu: hautaketa planta eta zabortegi kontrolatua.

Hautaketa plantak birzikla daitezkeen produktuak hartzen ditu, eta gero multzoka sailkatzen dira. Hartara, gaika bereizita daudenean, Ecoembesek eta Ecovidriok izendatutako enpresetara bideratzen dira eta han produktu berriak sortzeko lehengai moduan aprobetxatzen dituzte.

Birziklatu ezin diren hondakinak, edukiontzi berdeetara bota direnak, isurketa gunera eramaten dira. Han, aldian behin, lurperatu egiten dira, gai organikoen hartzidura anaerobikoa errazteko. Erauzte eta bideratze sistema bati esker, sortzen diren gasak energia gisa baliatu ahal dira. 

Eskualdeko Hiri Garraioa

Hiri kontinuumeko udalerrien artean zeuden mugikortasun arazoak konpontzeko asmoarekin, Mankomunitateak eskualdeko hiri garraioa kudeatzeko ardura hartu zuen.

Zerbitzu berriaren funtsezko xedea izan da hiri eta hiriarteko lineetan zeuden gainjartzeak bateratzea. Horren ondorioz, Iruñerriko auzoen eta udalerrien arteko lotura hobetu ahal izan da, eguneko 23 lineen eta gaueko zerbitzuko 10 lineen bidez, eta tarifen sistema homogeneoa finkatu ahal izan da.

2016an, eskualdeko hiri garraiorako sareak 231,02 kilometro (eguneko zerbitzua) eta 115,46 kilometro (gaueko zerbitzua) zituen. Eta 527 geraleku zituen. Autobus flota 140 ibilgailuk osatzen zuten (horien %100 erraz sartzeko modukoak dira, “zoru baxukoak”). Autobus horiek, batez beste, 7,36 urte zituzten.

Zerbitzu hau emateko zeharkako kudeaketaren formula erabiltzen da. Mankomunitateak zerbitzuaren plangintza eta kontrola egiten ditu, eta ‘Transports Ciutat Contal’ enpresak zerbitzua ematen du, dagokion kontzesio kontratuan ezarrita dauden baldintzen arabera.

Taxi zerbitzua

Iruñean eta Iruñerrian taxi zerbitzua hobetzeko eta legedia testuinguru berrira egokitzeko asmoz, 2005ean, Nafarroako Parlamentuak taxiaren gaineko foru legea onartu zuen (9/2005 Foru Legea, uztailaren 6koa). Lege horren bidez, zerbitzua batera emateko eremu bat sortzea bultzatu zen (eremu horrek Iruñerriko 19 udalerri hartzen ditu), eta zerbitzua kudeatzeko ardura Iruñerriko Mankomunitateak hartu zuen. Legeak finkatzen zituen beste neurrietako bat taxi gidaria izateko baimen gehiago sortzea zen: 2006an Mankomunitateak deialdia egin zuen, eta horren bidez beste 90 baimen gehiago eman ziren eta lehendik zeuden 223ei gehitu zitzaizkien.

Iruñerriko Ibai Parkea

2000. urteko urtarrilean, Iruñerriko zenbait udalek, Nafarroako Gobernuarekin eta NILSA sozietate publikoarekin batera, Iruñerriko Ibai Parkearen Partzuergoa sortu zuten. Beren ibaien uberkak lehengoratzea eta, hartara, ibai inguruen natura balioa berreskuratzean aurrera egitea izan zen helburua. 2003ko udaberrian parkea inauguratu zuten eta Partzuergoak kudeatzea onartu zuen. Kudeatze horrek lan osagarriak egitea eta azpiegiturak konpontzea hartu zuen.

2006an, uraren ziklo integralarekin bat zetorren ikuspegia emateko asmoz, Partzuergoak ibai parkearen kudeaketa 2007tik aurrera Iruñerriko Mankomunitatera eskualdatzea erabaki zuen. Erabaki hori Partzuergoa desegitearekin batera etorri zen. Korridore berde bat da, naturari babesa ematen diona, hiriak ibai inguruari egiten dion presiotik babesten duena, Iruñerriaren paisaia pertzepzioa hobetzen duena, eta komunikatzeko bide garrantzitsua ematen duena, oinez edo bizikletaz erabiltzeko.