2016ko kudeaketa txostena

Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

1.- Negozioen bilakaera eta Sozietatearen egoera

Administrazio Kontseiluak, eta, ondorioz, Urteko Kudeaketa Planak 2013-2016 aldirako ebatzi zuten Plan Estrategikoak xedatutakoa gauzatzera bideratuta egon da Mendeko Sozietatearen kudeaketa 2016ko ekitaldian.

2016an eskatutako zerbitzuak emateari dagokionez, esaten ahal da aurreikusi ziren helburuak behar bezala bete direla. Ondokoak dira gure jarduera nagusien garapenak izan dituen ezaugarriak.

Uraren Ziklo Integrala

2016an, ur ekoizpena 30.236.789 m3-koa izan da, 2015ean baino %0,01 txikiagoa eta azken bost urteetako batez bestekoa baino %2,54 txikiagoa. Nabarmendu behar da 2016an asteko minimo berria izan zela, batez beste 721 l/s-koa, hamabigarren astean (martxoaren 21etik 27ra, Aste Santua). Aurreko asteko minimo historikoa (723 l/s), 201ko Aste Santukoa, baino pitin bat txikiagoa izan zen. 2016ko asteko maximoa 1.373 l/s-koa izan zen, abuztuko azken astean, 2006an izan zen maximo historikotik urrun (1.659 l/s).

Erregistratu gabeko uraren 2016ko behin-behineko datua %9,88koa da, fakturatutako kontsumoaren behin betiko kalkuluen zain. Datu minimo historikoa da, aurreko ekitaldikoa baino txikiagoa (hura ere nahiko apala zen, %11,48koa). Adierazi behar da arlo honetako Espainia osoko datu onenen artean dagoela. AEAS elkartearen “Suministro de Agua potable y Saneamiento 2016” azterlanaren arabera, adierazle honetarako, Espainiako batez bestekoa %23koa da, eta berariaz metropoli eremuei dagokiena, %17koa.

Hornitutako uraren kalitateari dagokionez, urtea normaltasunez joan da. Landa-jarduketa ohikoenek kloro analizagailuen doitzeekin eta egiaztatzeekin zerikusia izan dute, eta bai berritze tasa txikia duten biltegi txikietan hipokloritoa eskuz botatzearekin ere.

Uraren Osasun Plana zabaltzen jarraitu dugu, 2013an egin zen diagnostikoko arrisku esanguratsuak minimizatuta. Aurten egindako bi jarduera garrantzitsu nabarmendu behar dira: 

  • Eugiko urtegian egindako azterlan batimetrikoa eta kalitatekoa. Ur azpian ibiltzen den drone bat erabili da, Coruñako Unibertsitatearekin gauzatutako lankidetza hitzarmen baten esparruan.
  • Laginketako sare propioa ezartzen hasi gara, autokontrolerako Iruñerriko hornidura sektoreetan.

Hornidura sarearen kontrol informazioa Kontsumoko Uren Informazio Sistema Nazionalean abiarazi da.

Saneamenduari dagokionez, adierazi behar da tratatutako emaria 1.063 l/s-koa izan dela, eta arazketako batez besteko errendimenduak %95ekoak izan direla gai organikoen kasuan, %92koak nitrogenoaren kasuan eta %80koak fosforoaren kasuan. Lohien digestioak 403.883 Nm3-/hilabete ekoitzi ditu, %60ko metano kontzentrazioarekin. 590.240 biztanle baliokiderentzako tratamendua zenbatetsi da. Aipagarriak dira abenduan erregistratu ziren emari txikiak, hilabete horretan ez baitzen ia prezipitaziorik egon. Arazuriko araztegira isurtzen duten industriei aholkularitza eman eta kontrola egiteko ahalegina egiten jarraitu da, bai ura arazten duten mikrobioen populazioek bai eta biogasa lortzeko aukera ematen dutenek ongi funtzionatzea bermatzeko.

Amaitzeko, adierazi behar da bi laborategietan, Egillorren (hornidura) eta Arazurin (saneamendua), ENAC Egiaztapeneko Enpresa Nazionalak egindako bi ikuskatzeak gainditu direla. Zehazki, bermatzen dute haien egiaztapena UNE-EN ISO 17025 arauaren arabera.

Hiri Hondakinak

Hainbat urtean beherantz joaten aritu eta gero 2014an hondakinen sorreran hasi zen goranzko joerak jarraipena izan du 2016an. Hartara, 142.296 tona sortu dira, barnean hartuta etxebizitzetan eta auzoan egindako konposta. Zehazki, aurreko urtearekin alderatuta, %1,18  gehiago da.

Emendatze hori gorabehera, 2016an 842 tona hondakin sortzea saihestu da, Elikagaien Bankuaren bidez elikagai produktuak baliatu direlako eta Emausko Trapuketarien eta www.yonolotiro.es webgunearen bidez beste gauzaki batzuk erabili direlako.

Bildu diren frakzio berreskuragarriak %1 baino gehiago emendatu dira, paper-kartoiaren frakzioa izan ezik, pitin bat gutxitu baita, edukiontzietatik gehiago lapurtu delako. Atal honetan, gai organikoen bilketa %66,4 handitu izana nabarmendu behar da, frakzio hori bereiz biltzeko bosgarren edukiontzia ezartzearen ondorioz. Bere aldetik, gainerakoen edo errefusaren frakzioa %2,6 gutxitu da.

Halaber, bosgarren edukiontziaren bidez bildutako gai organikoen 7.931 tonek, inauste hondakinekin eta lorezaintzakoekin batera, eta etxeko eta auzoko konpostajearekin batera, ahalbidetu dute sortutako biohondakinen %28,9 berreskuratzea lortzea.

Alde horretatik, adierazi behar da Arazuriko HUAn sortutako eta jasotako hondakin organiko guztiak birziklatu direla (33.729 tona lohi eta 8.568 tona hondakin berde). Lohien ekoizpena joan den urteko bera izan da; tratatutako hondakin berdeen kantitatea %6,26 gutxitu da, ordea, tokiko erakundeetatik jaso den kantitatea txikiagoa izan baita. Hondakin berde guztiak eta araztegian sortutako lohien zati bat (%20) konpost bihurtu dira, tuneletan konpostatzeko plantan. Gainerako lohiak nekazaritzaren bidez birziklatu dira.

5.186 m3 konpost merkaturatu dira, aurreko urtean baino %23,5 gutxiago, duela sei urte krisi ekonomikoak eta produktu hori behar duten paisaia-proiektu publikorik ez egoteak hasitako beheranzko joerari jarraipena emanez. Bi ekoizpen-linea sendotu dira (A mota-landare-konposta eta B mota-landare-konposta+lohiak).

Lohiak nekazaritzan aplikatzeari buruzko ikerketa saiakuntzak egiten jarraitzen dugu, INTIArekin sinatuta dugun hitzarmenaren arabera, HUAko lursail esperimentalean eta Murillo el Fruton dagoen sail ureztatu batean. Horrez gain, berariazkoagoak diren saiakuntzak egin dira, alderdi mikrobiologikoen gainean, lursail horietako lurzoruetan, NEIKERekin batera.

Etxeko konpostajeari dagokionez, nabarmendu behar da udaberriko kanpainaren eta landa-eremuan 5. edukiontzia jartzekoaren ondoren 3.000 familia baino gehiago direla birziklatze programa horretan izena emandakoak. Kopuru horri auzoko konpostajerako 32 guneak gehitu behar zaizkio, beste 714 familia hartzen dituztenak. Hartara, kalkulatu da familien multzo horrek 2.110 tona birziklatu dituztela urtean zehar. Informazioa emateko eta sentsibilizatzeko elementu moduan, konpostajearen gaineko lau buletin eman dira argitara, programa horietan parte hartzen dutenentzat.

Gai organikoen bilketa bereizia zabaltzen jarraitu da 2016an: IV. fasea izan da, zehazki, eta Mankomunitatearen esparruko landa-eremuetan gauzatu da. Bilketa zabaltzeko fase honek 230 herritako 11.016 etxebizitza hartu ditu, 8 eremutan multzokatuta. Eremu horien ezaugarriek ekarri dute gai organikoak tratatzeko modu gisa etxeko eta auzoko konpostajea eskaintzea, nahiz eta 200 biztanletik gorako eta eskatu duten herrietan bosgarren edukiontzia ere kokatu den.

Azken fase horretan, etxebizitzen %38,5ek eman dute izena, eta, hartara, eskualde osoan izena emandako etxebizitzak %44,4 dira. Laugarren fase honek gai organikoen bilketa bereizia ezartzen amaitzea ekarri du. 2017ko Urteko Kudeaketa Planean sentsibilizazio ekintza berriak aurreikusi dira, lortutako emaitzak handitzeko, herritarren parte-hartze handiago baten bidez.

Egun, frakzio hori Caparrosoko HTN biometanizazio plantan tratatzen da. Nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinekin batera digestio anaerobioa egiten zaio eta biogasa sortzen da. Tratamendu horretan lortzen den emaitza inguru horretako lursailetan aplikatzen dute.

Amaitzeko, Gongorako HHTZn botatako hondakinen tonak murriztu egin dira aurreko urtearekin alderatuta, %2,2. 115.623 tona izan dira, eta horrek esan nahi du 2016an botatako urteko kantitate hori HHTZ ireki zenetik erregistratutakoetan txikiena dela.


Iruñerriko Ibai Parkea

Urtean zehar, Parkean aurreikusita zeuden hornidura hauek amaitu ziren:

  • Argiteria apaingarria jarri zen Burlatako ur-biltegian.
  • Dorraburuko zubia berritu zen, Uharten, Arga ibaiaren gainean.
  • Moreako jolas eremua sortu zen Zizur Nagusian, Elortz ibaiaren ondoan.

Horrez gain, Iruñeko ibai pasealekuarekin Landabenen lotzeko lanak hasi dira, Arazuriko udal barrutian (Oltza Zendea). Aurreikusita dago heldu den udaberrian zabaltzea zati hori.

Ibai pasealekua Urbi ibaian (Eguesibar) eta Arga ibaian (Oltza Zendea, Arazuri-Ibero zatia) zabaltzeko proiektuak gauzatzen ari gara. Lehenbizikoa onartu du Nafarroako Gobernuak eta bigarrena onartzeko izapidetzen ari da.

Amaitzeko, adierazi behar da Iruñeko eta Iruñerriko parkeak bateratzeko azterlana amaitu dela. Une honetan, bi parkeen kudeaketa bateratua arautuko duen hitzarmen bat egiten ari gara.

Eskualdeko Hiri Garraioa

2016an, Eskualdeko Hiri Garraioan 35.529.472 bidaia egin ziren (behin-behineko kopurua da), eta aurreko urtearekin alderatuta, 1.468.889 bidaia gehiago dira (%4,31 gehiago). Datu horrek berretsi egiten du bidaiarien kopuruaren bilakaeran 2015ean izan zen joera aldaketa.

Gertaera aipagarri moduan, Transports Ciutat Comtal S.A. sozietateak (TCC) uztailean eskatu zuen 2017-2019 aldirako luzatzea 2012-2016 aldirako kontratuan egin zen kontzesioaren aldaketa, kontzesioaren oreka ekonomikoa hausteagatik. Mankomunitateko Batzar Nagusiak 2016ko abenduaren 29an egin zuen saioan hitzartu zuen 2012-2016 aldirako ezarrita zeuden baldintza berberak luzatzea, orduan jatorrizko kontratuko bidaiarien konpromisoa ez betetzeagatiko zehapenaren %35 aplikatu baitzen. Behin espediente hori ebatzita, 2017ko lehen hiruhilekoan, 2017-2018 EHGaren Plan berriaren izapideak bideratuko dira.

Beste alde batetik, 2016an ez da ia aldaketa garrantzitsurik egon zerbitzuan. Nabarmentzeko modukoa da 22. linea (Yanguas y Miranda kalea – Berriogoiti) 16. linean (Aitzoain – Noan – Beriain) sartu zela irailaren 5etik aurrera. Hartara, aldaketa horrek ahalbidetu du zerbitzuaren ustiapena hobetzea EHGaren linea garrantzitsu horretan.

Inbertsioak direla-eta, urtarrilean 9 autobus artikulatu eskuratu ziren, eta ekain eta urri artean, beste 10 autobus estandar, 12 metrokoak. Haietatik 5 teknologia hibridokoak dira. Hartara, 2015ean eta 2016an flotaren %20 berritu da, eta horrek aukera eman du aurreko bi urteetan berritze ezak eragin zuen ondorioa berdintzeko.

Ingurumenaren alderdian, flotak dituen 140 ibilgailuetatik 9 unitate (hau da, %6) teknologia hibridokoak dira. Teknologia horrekin lan egiten daramagun urtean (urte bat baino zertxobait gehiago) erregaiaren %26,5 aurreztu dugu, ohiko diesel teknologiaren aldean.

Martxan dauden proiektu nagusiei dagokienez, "EHGaren sare berriari" dagokiona berriro formulatu da urteko lehen seihilekoan gauzatutako jarduketen arabera. Zehazki, "Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (IHMIP) egitea" da orain. Helburu horrekin, irailaren 22an, lankidetza hitzarmen bat izenpetu zuten EHGaren esparruko udalek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Mankomunitateak, hartara, Mankomunitatea izateko, beste 19 administrazio horiekin koordinatuta, IHMIP hori egingo duena. Horretarako, laguntza teknikoa kontratatu da, abenduan hasi zena lanean eta 2018aren amaieran amaituko duena (kalkuluen arabera). Horrez gain, garrantzi handiko parte-hartze plan bat abiarazi nahi da eta garraio publikoko ardatz nagusien sarearen bideragarritasuna aztertu nahi da.

Txartelak kargatzeko eta garraioa ordaintzeko era berrien proiektuan, aukerak eta EHGa ordaintzeko moduen egungo egoerara egokitzea zehatz-mehatz aztertu dira eta hurrengo pausoetarako proposamena egin da. Lan hori guztia txosten batean bildu da eta Batzorde Iraunkorrak 2016ko abenduaren 20an egin zuen saioan aurkeztu zen. Era gehigarrian, uztailean, hitzarmena sinatu zen Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko Departamentuarekin, laguntza emateko lanak garatzeko eta, horrenbestez, etorkizuneko Nafarroako Garraio Txartel Bakarraren datuen egitura eta hari lotutako prozedurak zehazteko. Lan horiek Nafarroako Gobernuak kontratatu ditu eta bi administrazioen artean finantzatzen dituzte.

Eskualdeko Hiri Garraioko etorkizuneko garajeak kokatzea aurreikusita dagoen lurzatiarekin lotuta, Iruñeko Udalari eskatu zaio indarrean dagoen hirigintzako plangintza gauzatzeko sistema ordezteko eta gauzatze publikoko sistema bat abiarazteko.

Amaitzeko, adierazi behar da Batzorde Iraunkorrak azaroaren 30ean egin zuen saioan EHGaren eta taxiaren geralekuetan hiri altzarien kontzesio berriaren lizitazioa onartu zuela. Hortaz, 2017ko apirilaren 30ean amaituko den egungo kontratua ordeztuko du.


Taxiaren Eskualde Zerbitzua

2016an, zerbitzuaren erabileran zegoen beheranzko joera aldatu da: 2013an egin zen azken neurketaren arabera astean egiten ziren 32.375 ibilaldietatik 2016an astean 34.386 ibilaldi egitera igaro da, eta, beraz, %6,2 emendatu da kopurua. 2016an aurreko urteko tarifa berberei eutsi zaie.

Beste alde batetik, 2. zenbakiko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiak ez zuen onartu Mankomunitateak Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen kontra aurkeztu zuen helegitea. Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen horiek Mankomunitateak eta Etxauriko Udalak taxiaren gaian egin zuten hitzarmenaren gainekoak ziren. Mankomunitateak gora jotzeko helegitea aurkeztu zuen, baina azkenean, eta Mankomunitateko lehendakariaren ebazpenaren bidez, aipatutako helegiteari uko egitea erabaki zen.

Gertaera aipagarri moduan, ekainean, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean foru lege baten proposamena eman zen argitara, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea aldatzeko. Zehazki, proposatzen da 48. artikulua berriro idaztea, “Udalen arteko koordinazioa. Zerbitzua batera emateko lurralde eremuak”. Foru legearen proposamen horren izapideak bideratzen ari dira.

IM eta SCPSAren berrikuntza proiektuen aretan, EHGko garraio txartela beste administrazio batzuek sustatutako eta eskaera bidezko taxi zerbitzu erregularretan ordainketa kudeatzeko erabiltzeko konponbide bat diseinatu da. Hasierako akordio bat lortu da, proba pilotu bat egiteko, taxi gidarien elkartearen, Iruñerriko Mankomunitatearen eta Aranguren Ibarreko Udalaren artean (eskaeraren araberako taxi zerbitzu erregularra duen udalerrietako bat da). Hain zuzen, hiru aldeen arteko lankidetza hitzarmen batean berresteko zain dago.

Beste alde batetik, taxiaren zerbitzua hobetzeko planaren barnean, taxiaren arloko ordezkariekin lanean aritu gara eta 2017rako aurrekontuan hainbat diru-laguntza sartu dira, arlo honetako segurtasuna hobetzera bideratutakoak, mugikortasun murriztuko pertsonentzako eurotaxien zerbitzura eta ibilgailu ekologikoak (ekotaxiak) erostera. Horrez gain, administrazio desberdinekin lan egin da, taxiaren erabilera sustatzeko eskaeraren araberako garraio moduan.

2016an, Mankomunitatea berriro aritu da lankidetzan Nafarroako Gobernuarekin. Zehazki, polizia gorputz desberdinekin batera, taxien zerbitzua ikuskatzeko III. kanpaina egin da. Hartara, kanpaina hori irailaren 16a eta 18a artean eta 23a eta 25a artean egin da, eta Mankomunitateak kudeatutako esparruan hauek izan dira emaitzak: 8 zehapen espediente abiarazi zaizkie titularrei edo soldatapeko gidariei, eta 5 zehapen espediente gaitzeko titulurik gabe zerbitzua ematen ari ziren pertsonei.

Azkenik, aipatu behar da apirilean taxi gidari profesionalaren baimena eskuratzeko probak egin direla (11. aldia zen). Hain zuzen ere, 58 eskaera onartu dira, eta, azkenean, 35 eskatzailek lortu dute baimena.

Emaitza ekonomikoak

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, Taldearen galera eta irabazien kontuak 5.136 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2016an.

Emaitza horrek islatzen du Iruñerriko Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek eskaintzen dituzten emaitzen saldo gehitua, 158 m€, positiboa; eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietatearena, 4.978 m€, positiboa. Bi erakundeen jarduerak, eta, zehatzago, bakoitzak emandako zerbitzuen finantzabide sistemen berezitasunak kontuan harturik, hona hemen bi erakundeei dagozkien emaitzen azterketak.


Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, sozietatearen galeren eta irabazien kontuak 4.978 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2016an. Sozietatearen izaera eta helburuak kontuan harturik, emaitza ekonomikoak azaltzen ahal dira aurrekontu desbideratzeetan oinarriturik. Bestalde, hasierako aurrekontu aurreikuspenek bideratzen dute bere ekonomia jarduera. Aurreikuspen horiek —zuhurtasun irizpideei jarraiki eginak— ekonomia kontabilitate orekaren helburua dute abiapuntu (galera eta irabazien kontuaren "zero" emaitza). Hartaz, honako hauek izaten ahal dira ekitaldiaren garapen ekonomikoaren alderdirik esanguratsuenak eta emaitzaren arrazoi nagusiak:

  • Diru-sarreren eta diru-laguntzen periodifikatzeen efektua kenduta –atal espezifikoa dute horiek txosten honetan–, ustiatzetik etorritako diru sarrerek izan dute, oro har, 1.765 m€-tik beherako errealizazio bat, hasieran aurreikusi zena baino %2,5 gutxiago. Desbideratze negatibo horretan eragina izan du NILSAren transferentziak, aurreikusitakoa baino 545 m€ txikiagoa izan baita, eta bai ustiapenerako beste diru-laguntza batzuek ere (aurreikusitakoa baino 703 m€ txikiagoak). Salmentek ere aurreikusitakoa baino 1.126 m€ gutxiago erregistratu dituzte, eta energia sortzeagatiko diru-sarrerak aurreikusitakoak baino 990 m€ txikiagoak izan dira. Zerbitzu-emateetan, ECOEMBESen diru-sarrerak nabarmendu behar dira, aurreikusitakoak baino 834 m€ handiagoak.
  • Ustiapen gastuetan, amortizazioen efektua alde batera utzita, 6.627 m€-ko aurrezkia izan dute globalki hartuta, %10,6, hasierako aurreikuspenen gainetik. Positiboak izan diren desbideratzeen artean, nabarmentzekoak dira honako atal hauenak: “Kanpoko zerbitzuak” (4.426 m€, haietatik 1.119 m€ lursailen mantentzekoak), "Soldatak, lansariak eta antzekoak" (894 m€) eta “Karga sozialak” (409 m€). Negatiboak izan direnen artean Nafarroako Ubideari ura erostea dago (506 m€).
  • Ibilgetuaren amortizazio teknikoengatik sortutako gastuak hasieran aurreikusiak baino zertxobait txikiagoak izan dira, 4 m€ gutxiago izan dira azken emaitzan, behin kenduta diru laguntzen aldizkakotze kontuetan izandako alderantzizko ondorioa.
  • Finantza-emaitzak aurreikusitakoak baino handiagoak izan dira; zehazki, 228 m€-ko zenbatekoa izan da.

Ondorioz, esan daiteke zerbitzuen ekonomia egitura eta kudeaketa irizpideak mantendu direla, besteak beste, zuhurtasun printzipioa aurrekontuak egiterakoan, betiere zerbitzuen nahikotasun ekonomikoa bermatze aldera. Hartara, ekitaldiko emaitzen kontuetan agertzen diren jarduerek behar bezala estaltzen dituzte zerbitzuen eta sozietatearen funtzionamendurako gastuak.

Edonola ere, nabarmendu behar da, kapitaleko diru-laguntzei oreka ekonomikoa zehaztean ematen zaien tratamendua dela-eta, lortutako emaitza ia ez dela iristen Sozietatearen kapitalizazio mailari eusteko; izan ere, nahiz eta emaitza hauek lortu diren eta ekitaldian 3.774 m€-ko zenbateko garbiko kapitaleko diru-laguntzak jaso dituen, Sozietatearen ondare garbia 232 m€ baino ez baita emendatu. 


Iruñerriko Mankomunitatea

Esan den bezala, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuak 158 m€-ko saldo positiboa izan du. 

Lehenik eta behin, esan behar da Mankomunitatearen administrazio izaerak, baita egiten dituen jarduerenak ere, aurrekontu irizpideen nagusitasuna -zentzu administratiboan- ekartzen duela ondorioz irizpide ekonomikoen gainean, bere oreka zehazteari eta aztertzeari dagokienez, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela fluxuei egozten zaien denboran. Izan ere, esan behar da ekitaldian Mankomunitateak gauzatu dituen eragiketak –diru-sarrerak zein gastuak– hasieran onartutako aurrekontuetako aurreikuspenekin bat etorrita ere, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuetan 314 m€-ko saldo positiboa izango zuela. Hau ezin da interpretatu beren jardueren irabazi gordin gisa, ez eta bere zerbitzuen finantza-egituraren desoreka gisa ere (zeinua edozein izanda). Aitzitik, ekonomia irizpideak ezartzerakoan diru-sarrerak eta gastuak aitortzeko irizpideetan izandako denbora-desfaseei egotz litzaieke. Horregatik, adierazitako 158 m€-ko saldo negatiboa, egiatan, 156 m€-ko desbideratze positiboa da hasieran aurreikusitakoarekin alderatuta.

Garrantzi ekonomikoari dagokionez, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuaren zati nagusia eskualdeko garraioarekin lotuta dago (Eskualdeko Hiri Garraioa eta Taxia). Alde horretatik, nabarmendu behar da Mankomunitateak 2016an izandako gastuak hasieran aurreikusitakoak baino 2.030 m€ txikiagoak izan direla, eta desbideratze horren zati handiena (-1.449 m€) Eskualdeko Hiri Garraioko operadoreari, zerbitzuaren kontzesio kontratua aplikatzean, egin beharreko transferentziak jasotzen dituen kontuan dagoela, “Kudeaketa arrunteko beste gastu batzuk” epigrafearen barnean. Transferentzia horien kalkulua zehazten duten parametroen prezioan beheranzko bilakaera izateak eta bai garraio publikoaren erabilera handitu izanak ere eta, ondorioz, tarifen erabilera, ekarri dute ekitaldiari egoztekoa zaion gastuan aurrezte esanguratsua izatea. Dena den, aurrezte horiek ia ez dute eraginik Mankomunitatearen emaitzaren gainean; izan ere, 2015-2016 aldirako Iruñerriko Hiri Garraioaren V. Planean jasota dagoena aplikatze aldera, Nafarroako Gobernuak eta garraioaren esparruan sartuta dauden udalek zerbitzua finantzatzeko egin behar dituzten ekarpenak ia etengabe doitzen baitira zerbitzuaren benetako defizitera. Hartara, eta soil-soilik erregularizazio klausula horiek aplikatzen direlako, ekarpen horietatik datozen diru-sarrerak 2016ko ekitaldian 2.179 m€ txikiagoak izan dira. Hori guztia kontuan izanik, Mankomunitatearen emaitzen alderdia 2016ko ekitaldian garraioaren kudeaketari egotz dakiokeena 39 m€-ko galeretara murriztuta geldituko litzateke, ondoz ondoko erregularizazioen bidez berdintzen doazen diru-sarrera eta gastu batzuen denbora-egoztearen diferentzien emaitza aldi berean.

Aurrekoa ikusirik, Mankomunitatearen emaitzak jatorria du egiturako bere gastuak SCPSA bere kudeaketa sozietateak egiten duen ekarpenaren bidez berdintzeko mekanismoetan. Izan ere, jardun orokorraren eta erakundekoaren ondorioz ekitaldi bakoitzean emaitza den aurrekontu-defizita zehatz estaltzen du. Ekarpen horrek ekitaldiko diru-sarrera gisa erregistratua osorik– aurrekontu-izaerako gastuak ere estaltzen ditu, baina ez ekonomikoak, besteak beste, inbertsioak (gauzatu gabe 2016an) eta zorraren amortizazioa (255 m€ 2016an). Mankomunitatearen kapitalizazioa eragiten dute, kopuru horietan emaitza positiboak agertzea eragiten duten neurrian. Kontrara, galera eta irabazien kontuak gastuak eta diru-sarrerak erregistratu ditu amortizazio teknikoengatik eta diru-laguntzen periodifikatzeagatik, hurrenez hurren (-53 m€ eragin garbiko 2016an), ekarpenaren kalkuluan zenbatzen ez direnak eta ondoriozko eragina sortzen dute ekitaldiko emaitzetan. Amaitzeko, eta garraioaren kudeaketarekin gertatzen den moduan, hemen ere denbora-egozteko diferentziak daude ekonomiako eta aurrekontuko irizpideen artean, jeneralean, ekitaldi bakoitzeko emaitzen gainean oso esanguratsua ez den eragina dutenak.

Labur esanda, berriz esan behar da Iruñerriko Mankomunitateak egiten dituen jarduerek eta hauek finantzatzeko formulek zailtzen dutela diru sarreren aitorpenaren eta gastuenaren arteko denbora desoreka hutsei ez dagozkien emaitza esanguratsuak agertzea.


2.- EKITALDIA ITXI ONDOREN GERTATUTAKO GERTAKARI GARRANTZITSUAK

Iruñerriko Mankomunitateari aurkeztutako helegitea salbu (txoten honetako 21. oharrean deskribatu da),  2016ko ekitaldia itxi zen egunetik ez da gertatu 2016ko ekitaldiko Urteko Kontu Bateratuei nabarmen eragiten dien beste gertakaririk, zerbitzuak emateari edo gizarte helburua betetzeari, ez eta 2016ko abenduaren 31ko ondasunen eta eskubideen, zorren eta betebeharren egoerari edo balioari ere.

3.- AURREIKUSTEN DEN BILAKAERA

Ekitaldi honetako alderdirik nabarmenenek –txosten honen hasieran azaltzen dira– oso argi adierazten dituzte Talde honen jarduera bideratzen duten ildo nagusiak: teknologia aurreratua duten azpiegitura eraginkorrak, agindutako zerbitzuen kudeaketa eta ustiapena etengabe hobetzea, eta zerbitzu publiko berrien kudeaketa hartzeko gaitasuna.  Hori dela-eta, esaten ahal da aurrez ikusten ahal den sozietate honen bilakaerak honako ezaugarri hauek izango dituela:

  • Hartutako kudeaketa formulak indarrean egotea eta bai zerbitzuen oinarrizko helburuak betetzeko duten gaitasuna ere.
  • Egungo beharrak estaltzen ahal dituzten azpiegitura materialak izatea. Azpiegitura hauek kalitatekoak, ongi zainduak, eta nahiko berriak izateaz gainera, instalazio berriak etengabe garatzen ari direnez, egungo estaldura mailak behar den aldian bermatzen ahal dira, baldin eta erakartze berrien gaineko aurreikuspenak betetzen badira.

Tokiko Mapa berrantolatzeak eragina izan dezake Taldean. Zehazki, egun ematen dituen zerbitzuetan eta haiek emateko geografia eremuan izango luke eragina, eta, horrenbestez, modu esanguratsuan aldatuko litzateke bere egitura.


4.- IKERKETA ETA GARAPENAREN ARLOKO JARDUERAK

Gure oinarrizko zerbitzuak ematean hobetzen joaten jarraitzeko helburuarekin, 2016an jarduera hauek egin dira berrikuntzaren gaian. Zehazki, hauek nabarmendu ahal ditugu:

Berrikuntza

2015eko urtarrilean, SCPSAko Zuzendaritza Batzordeak SCPSAko I. Berrikuntza Plana onartu zuen. Une horretatik aurrera berrikuntza plan horretan aurreikusitako ekimen desberdinak jarri ziren abian edo sendotu ziren. Bereziki, 2016an IDÉATE programa sendotu da, Iruñerriko Mankomunitateko eta SCPSAko langile guztiei irekia, haien iradokizunak jasotzeko ibilgailu eta langileek parte hartzeko motor gisa. Guztira, 2016an, 41 iradokizun bildu dira, eta programa hasi denetik 32 iradokizun onartu dira. Era berea, Berrikuntza Batzordearen jarduna garatu zen, eta, aurreko urtean bezala, 5 proiektu abiarazteko aukera eman zuen, SCPSAren jardueraren arlo desberdinetan. Aldi berean, enpresen proposamenei lotutako berrikuntzako 2 proiektu egiten jarraitu da. Intentsitate desberdinarekin, beste batzuek sustatutako lau proiektutan parte hartzen da, Europako finantzaketa dutenetan.
Azken urteetan izandako jardueraren ildotik, ikerketa aplikatuko proiektuak egin dira 2016an, Unibertsitatearekin eta zentro teknologikoekin lankidetzan, lohiak eta konposta nekazaritzan aplikatzeko gaian.

Klima aldaketa eta IM eta SCPSAren estrategia energetikoa

2016an, Iruñerriko Mankomunitatearen eta SCPSAren karbono aztarnaren eta berotegi efektuko gasen igorpenen lehen ebaluazioa egin da. Hain zuzen, ekainean 2015. urteari zegokiona egin da. Kanpoko auditore batek egiaztatu du prozesua eta MAGRAMAren Karbono Aztarnaren erregistro nazionalean inskribatu da. Era berean, 2016an, SCPSAren Auditoretza Energetiko osoa egin da eta Erregistro Nazionalean inskribatu da, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan jasota dagoenaren arabera.


5.- ARRISKUAK ETA ZIURTASUN EZAK

Taldeak bere negozioen garapenari eragiten ahal dioten arriskuak eta ziurgabetasunak zein diren badakienez, detektatzeko eta kontrolatzeko behar diren mekanismoak jarri ditu.


6.- FINANTZA-TRESNAK

Taldeak ez du kontratatuta finantza-tresnarik.