2015eko kudeaketa txostena

Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

1.- Noegozioen bilakaera eta Sozietatearen egoera

Administrazio Kontseiluak, eta, ondorioz, Urteko Kudeaketa Planak 2013-2016 aldirako ebatzi zuten Plan Estrategikoak xedatutakoa gauzatzera bideratuta egon da Mendeko Sozietatearen kudeaketa 2015eko ekitaldian.

2015ean eskatutako zerbitzuak emateari dagokionez, esaten ahal da aurreikusi ziren helburuak behar bezala bete direla. Ondokoak dira gure jarduera nagusien garapenak izan dituen ezaugarriak:

Uraren ziklo integrala

2015ean, ur ekoizpenaren datua 959 l/s-koa izan da, eta, horrenbestez, 2014koarekin alderatuta, %2,35 handiagoa, orduan 937 l/s-koa izan baitzen. Eta banaketa desberdina izan du urtean egindako euriaren arabera. Ikusten da kontsumoa egonkortu egin zela udaberrian, udazkenean eta neguan, eta udako hilabeteetan eragin handia izan zuten baldintza klimatologikoek. Urtean ekoitzitako eta fakturatutako kantitatean, handitze bat ikusten da 2014ko balioekin alderatuta, eta bai aldaketa bat ere urte hori arte izan zen beheranzko joeran.

Erregistratu gabeko uraren koefizientea %11,26koa izan da (behin-behineko datua da, fakturatutako kontsumoaren behin betiko kalkuluen zain baikaude). Aurreko ekitaldiko portzentajea baino txikiagoa da, orduan %12,09koa izan baitzen. Adierazi behar da emaitza sektoreko onenen artean dagoela Espainian, ia-ia muga teknikoan.

Hornidura zerbitzuari dagokionez, urtea normaltasunez joan da eta ez da erregistratu nabarmentzeko moduko gertakaririk hornitutako uraren kalitatean. Adierazle guztiek (kloro kontzentrazioa, uhertasuna eta bakteriologia kalitatea) berresten dute emandako urak kalitate maila handia duela. Hornidura kontrolatzeko sarearen informazioa Osasun Ministerioaren Kontsumoko Uren Informazio Nazionaleko Sisteman (SINAC) ezarri da, eta, beraz, herritar ororen esku dago.

Saneamenduari eta arazteari dagokionez, berriz, adierazi behar da tratatutako batez besteko emaria 1.127 l/s-koa izan dela eta adierazleen bilakaerak (uretan esekita dauden solidoak kanporatzea eta oxigeno eskari biokimikoa kentzea) erakusten digula arazte mailak handia izaten jarraitzen duela eta arro hidrografikoko erakundeak ezarritako mugak betetzen direla. Datu analitikoetatik abiatuta, adieraz daiteke karga influentea ez dela murrizten jada; are gehiago, goratzen hasi dela ikusten da.


Hiri hondakinak

2015ean jarraitu egin du 2014an hondakinen ekoizpenean hasi zen goranzko joerak, hainbat urtean beheranzko joera izan eta gero. Aurreko urtearekin alderatuta, bildutako tona kopurua %2,65 handitu da (portzentaje horren barnean sartzen dira etxeko eta auzoko konpostajeko tonak). Handitze horren zati handiena bildutako paper-kartoi tonak emendatzeari dagokio, %16,65, zuzenean lotuta paperaren prezioa merkatzearekin eta edukiontzietako lapurretak murrizteko egindako ekintzekin.

Paper-kartoi gehiago berreskuratze horrek, gai organikoak bereiz biltzeko bosgarren edukiontzia ezartzea garatzearekin batera, hondakinak berreskuratzearen indizea %14,53 handitu du, aurreko urtearen aldea, eta, hartara, hondakin guztien %33ra iritsi da.

Era berean, 5. edukiontziaren bidez berreskuratutako gai organikoek, 4.766 tona, inauste eta lorezaintzako hondakinekin eta konpostajearekin batera, sortutako biohondakinen %24,8 berreskuratzeko aukera eman dute. Erreferentzia moduan, biohondakinak berreskuratzeko helburua %50ean ezarrita dago etxeko hondakinen multzorako 2020. urterako.

5. edukiontziaren bidezko bilketa berria 2013aren amaieran hasi zen, I. fasean, Barañainen, 2014an, Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane, eta Ipar eta Hego Etxabakoitz auzoetara eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabaldu zen. 2015ean Iruñerriko hiri ingurune osora hedatu da, eta, horrenbestez, 333.559 herritarri ematen die zerbitzua, 2.093 kokatu baitira.

Bilketa berri honek harrera ona izan du ezarri den herrietan eta auzoetan; izan ere, etxebizitzen %43,5ekoa izatera iritsi baita izena emandakoen portzentajea. 5. edukiontziaren bidezko bilketa handitzea 2014an hasi zenetik bildutako gai organiko bereizien tonak handitzean islatu da.

Egun, frakzio horren tratamendua Caparrosoko HTN biometanizaio plantan egiten da. Nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinekin batera, anaerobikoki digeritzen da eta biogasa sortzen. Tratamenduan lortutako produktu digeritua inguru horretako sailetan erabiltzen dute.

Hondakinak gutxitzeari dagokionez, 2015ean, 833,55 tona hondakin sortzea saihestu da, Elikagaien Bankuaren bidez jan-edan produktuak aprobetxatzeari esker, eta bai beste artikulu batzuk Emausko Trapuketarien eta www.yonolotiro.es webgune aplikazioaren bidez aprobetxatzeari esker ere. Elikagaien Bankuaren bilketa %32,5 murriztu da, kontsumorako egokiak diren produktuak hobeki hautatzearen ondorioz.

Amaitzeko, Gongorako HHTZra botatako hondakinen tonak %1,8 gutxitu dira, aurreko urtearen aldean. Hartara, 2015ean botatako kantitatea HHTZ zabaldu zenetik erregistratu diren txikiena izan da, eta hori zuzenean lotuta dago 5. edukiontziaren bidez bildutako gai organikoekin.

Beste alde batetik, Arazuriko HUAn sortutako eta jasotako hondakin organiko guztiak birziklatu dira (33.617 tona lohi eta 9.141 tona hondakin bere). Lohien ekoizpena aurreko urtean baino %6,58 handiagoa izan da, ez hainbeste karga handitu delako baizik eta deshidratatze okerrago batengatik.

Arazuriko Konpostatze Plantak ongi funtzionatu du: sistema itxian (tuneletan), 6.141 tona lohi eta 5.162 tona hondakin berde konpostatu dira. Lortzen den konpostak ezin hobeto betetzen ditu ongarriei buruzko Errege Dekretuak exijitzen dituen higienizatze eskakizunak. Sistema irekian 3.760 tona hondakin berde konpostatu dira.

Merkaturatutako konpost kantitatea 6.780 metro kubokoa izan da, aurreko urtean baino %25,94 gutxiago. Dena den, nabarmendu behar da 2014ko salmenten %31 noiz-nolako eran egin zirela, enpresa bakar bati, bere ingurumen premiengatik. Edonola ere, murrizte nabarmena gertatu da, %22 ingurukoa, azken bost urteetako batez bestekoaren aldean.

Etxeko konpostajeari dagokionez, 2015ean, 107 familiak egin dute bat programarekin, eta, horrenbestez, 1.992 familia dira birziklatzeko programa horretan izena emanda daudenak. Kalkulatzen da familia bakoitzak –batez beste, 3,5 pertsonak eratutako familia– 773 kilogramo hondakin organiko birziklatzen dituela urtean, eta, hartara, era horretan birziklatutakoa, guztira, 1.498 tona dira.

2015ean, auzoko konpostajerako esperientzietan gune bat gehitu da Iruñean, Sanduzelai auzoan. Kalkulatzen da programa honetan 750 familiak parte hartzen dutela gutxi gorabehera eta 261 tona birziklatzen dituztela. Jarduketa horiek programa hauek etxebizitzak bertikalean dituzten biztanleria hiriguneetara zabaltzearekin erlazionatzen dira.

Beste alde batetik, nabarmendu behar da Eguesibarko Udalak emandako laguntza konpostajea babesteko, udalerriak sortutako hiri baratzeen bidez, eta bai Ministerioak (MAGRAMA) emandako diru-laguntza ere, 2014an egindako auzoko konpostajerako proiektuetarako (Sanduzelai eta Antsoain).


Iruñerriko Ibai Parkea

Urtean zehar, Parkean aurreikusita zeuden hornidura hauek amaitu dira:

  • Argiztatzea Burlatako zatian.
  • Komun publikoak eraikitzea Intxaurdiko eta Orikaingo Hondartzako jolas eremuetan.
  • Uharten eta Ollokin zoladura konpontzea.

Era berean, Barañain eta Arazuri artean Parkea handitzea ekarri duen zatia ere inauguratu da. Eta ekainean, Elortz ibaiaren gaineko oinzubia eraiki eta martxan jarri da. Iruñearen eta Zizur Nagusiaren artean.


Eskualdeko Hiri Garraioa

2015ean garraiatutako bidaiarien behin-behineko kopurua 34.061.626 izan da, hau da, aurreko urtean baino %4,1 gehiago. Hobekuntza horren zati bat gertatu da, hain zuzen, 2014ko emaitzetan eragina izan zuelako 2013ko abenduaren 16an hasi eta 2014ko urtarrilaren 8an amaitutako greba mugagabeak. Hala eta guztiz ere, 2009az geroztik erregistratzen ari zen bidaiari kopuruaren beheratzean joera aldaketa gertatu da 2015ean.

2015 honetan berrikuntza garrantzitsuak izan dira zerbitzuko tarifei dagokienez. Urte hasieran izoztu egin ziren, eta gero, martxoaren 1ean, F gizarte tarifa sortu zen, gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonentzat eta 0,17 euroko prezioa duena bidaiako. Ekainaren 12an, tarifa berriak sortu ziren aldi baterako abonuen formaren pean. Hain zuzen, zerbitzua era mugagabean erabiltzeko aukera ematen dute 30 eguneko aldi batean.  30 euro balio du abonu orokorrak, 24 euro 26 urtetik beherakoentzakoak eta 21 euro familia ugarienak. Abonu horiek osatu ziren bonobusaren tarifa 0,67tik 0,70era garestituta eta familia ugarientzako C tarifa 0,47tik 0,49ra garestituta uztailaren 1etik aurrera. Aldaketa horiek guztiek zerbitzuaren prezioa nabarmen merkatzea dakarte eta, hortaz, garraiatutako bidaiari bakoitzeko batez besteko diru-sarrera gutxitzea ere.

F gizarte tarifako 10.801 txartel jaulki dira, abonu orokorrerako 4.041 txartel pertsonalizatu, 26 urtetik beherakoentzako 4.765 txartel eta familia ugarientzako 8.955 txartel.

Tarifa berriak martxan jartzeak tarifa moten arabera egindako bidaien banaketan aldaketa ekarri du. Gaueko tarifarekin, txartel arruntarekin eta sanferminetakoarekin egindako bidaien portzentajeari eutsi zaio. F gizarte tarifaren eta hileko abonuen bidez egindako bidaien portzentajea %10ekoa da kopuru osoan. Nolanahi ere, tarifa horien erabilera progresiboki handitzen joan da: portzentaje handiena azaroan izan zen, F tarifaren erabilera %6,3koa izan baitzen eta aldi baterako abonuen erabilera %15,1ekoa.

Diru-sarrerei dagokienez, tarifa arruntari dagokion portzentajea murriztu da (%3) eta bai “03 familia ugaria” tarifari dagokiona ere (%1), tarifa berrien diru-sarrerek ordezkatu dutena. Tarifa berriengatiko diru-sarrerak tarifengatiko diru-sarreren %3,5 izan dira.

Beste alde batetik, aldaketei dagokienez, urte honetako berrikuntza nagusia izan da Erripagaña auzoa zerbitzuz hornitzea. Zehazki, otsailaren 16an hasi zen, eta ekialdeko muturrean 19. linea luzatuta egin zen.

Inbertsioak direla-eta, sanferminak hasi baino egun batzuk lehenago, eta bi urtean flota berritu gabe egon eta gero, 9 autobus berri jarri dira martxan, 2014ko flota berritzean eskuratutakoak. Denak estandarrak dira, 12 metroko luzerakoak, baina berrikuntza bat dute: haietako 4 propultsio hibridokoak dira. Nabarmendu behar da autobus hibrido horiek ohiko diesel motorra dutenek baino ia %30 erregai gutxiago kontsumitzen dutela. Gainera, lehen seihilekoan, 2015eko flota berritzea onartu da: 9 autobus artikulatu izango dira, 2016aren hasieran hasi direnak martxan.

Martxan diren proiektu nagusiei dagokienez, falta ziren pausoak eman dira tarifen marko berria ezartzeko, zerbitzua maiz erabiltzen duten erabiltzaileek hobariak emateko, tarifetan deskribatu den moduan. EHGan ordaintzeko era berriak aztertzeko proiektuari dagokionez, 2016aren hasierara atzeratu da hastea. Modu gehigarrian, hitzarmena izenpetu da Nafarroako Gobernuarekin Nafarroa osorako garraio txartel bakarra ezartzea aztertzeko, EHGaren kontaktu gabeko txarteletik abiatuta.

Horrez gain, urtearen hasierako hilabeteetan, EHGa berrantolatzeko azterlanaren proposamenak helarazi zaizkie Mankomunitateko gobernu organoei. Bi egoera dituen konponbide bat antolatzen da: a) sare optimizatu bat (egungo sarea hobetzea, bere eskemari eutsita) eta b) ardatz nagusietan oinarritutako sarea. Azken egoera horrek garraio modu berria izango luke, plataforma erreserbatu batean ibiliko liratekeen autobusen bidez, gaitasun handiko garraio sistema batean oinarrituta. Gobernu organo berriek garatuko dute erabakitze prozesua.

Azkenik, 2015 honetan, geralekuetan informazioa denbora errealean emateko 30 taula kokatu dira eta bai 5 markesina ere, aurreko urtean onartu zen geralekuetako hiri altzarien kontratuaren aldaketan aurreikusita zegoen moduan.


Iruñerriko taxi zerbitzua

2015ean tarifak izoztu dira. Beste alde batetik, bertan behera utzita jarraitzen du, erresalbuzko neurri moduan, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren erabaki agiriak. Erabaki agiri horrek baliorik gabe utzi zuen Etxauriko Udalak eta Mankomunitateak euren esparruetan taxi zerbitzua koordinatzeko izenpetu zuten hitzarmen.

Beste alde batetik, taxiaren sektoreko ordezkariekin, batzordearen esparruan lan egiten jarraitu da, 2015-2016rako EHGaren Planaren barnean, zerbitzua hobetzeko programa definitzeko helburuarekin, baina, hala ere, aurten ez da neurri zehatzik gauzatu alde horretatik. Horrez gain, hitzarmena izenpetu da Nafarroako Gobernuaren Sustapen Departamentuarekin, Iruñerriko dentsitate baxuko eremuetan garraio aukera berriak aztertzeko, dirudienez haietan taxia beste garraiobide batzuk baino lehiakorragoa izango bailitzateke.

2015ean, Mankomunitatea berriro aritu da lankidetzan Nafarroako Gobernuarekin. Zehazki, polizia gorputz desberdinekin batera, taxien zerbitzua ikuskatzeko II. kanpaina egin da. Hartara, kanpaina hori azaroaren 7a eta 15a artean egin da, eta Mankomunitateak kudeatutako esparruan hauek izan dira emaitzak: 19 zehapen espediente abiarazi zaizkie titularrei edo soldatapeko gidariei, eta 10 zehapen espediente gaitzeko titulurik gabe zerbitzua ematen ari ziren pertsonei.

Azkenik, aipatu behar da apirilean taxi gidari profesionalaren baimena eskuratzeko probak egin direla (10. aldia zen). Hain zuzen ere, 47 eskaera onartu dira, eta, azkenean, 33 eskatzailek lortu dute baimena.

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, Taldearen galera eta irabazien kontuak 6.461 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2015ean.

Emaitza horrek islatzen du Iruñerriko Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek eskaintzen dituzten emaitzen saldo gehitua, 2.155 m€, positiboa; eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietatearena, 4.306 m€, positiboa. Bi erakundeen jarduerak, eta, zehatzago, bakoitzak emandako zerbitzuen finantzabide sistemen berezitasunak kontuan harturik, hona hemen bi erakundeei dagozkien emaitzen azterketak.


Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, sozietatearen galeren eta irabazien kontuak 4.306 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2015ean. Sozietatearen izaera eta helburuak kontuan harturik, emaitza ekonomikoak azaltzen ahal dira aurrekontu desbideratzeetan oinarriturik. Bestalde, hasierako aurrekontu aurreikuspenek bideratzen dute bere ekonomia jarduera. Aurreikuspen horiek —zuhurtasun irizpideei jarraiki eginak— ekonomia kontabilitate orekaren helburua dute abiapuntu (galera eta irabazien kontuaren "zero" emaitza). Hartaz, honako hauek izaten ahal dira ekitaldiaren garapen ekonomikoaren alderdirik esanguratsuenak eta emaitzaren arrazoi nagusiak:

  • Diru sarreren eta diru-laguntzen aldizkakotzeen efektua kenduta –atal espezifikoa dute horiek txosten honetan–, ustiatzetik etorritako diru sarrerek izan dute, oro har, 2.022 m€-tik beherako errealizazio bat, hasieran aurreikusi zena baino %2,9 gutxiago. Desbideratze negatibo horretan eragina izan du NILSAren transferentziak, aurreikusitakoa baino 929 m€ txikiagoa izan baita, eta bai ustiapenerako beste diru-laguntza batzuek ere (aurreikusitakoa baino 655 m€ txikiagoak). "Salmentak eta zerbitzuak emateagatiko" diru-sarrerak ere aurreikusitakoa baino 434 m€ txikiagoak izan dira, eta HHTZko energia salmenta kalkulatutakoa baino 304 m€ txikiagoa izan da.
  • Ustiapen gastuetan, amortizazioen efektua alde batera utzita, 5.508 m€-ko aurrezkia izan dute globalki hartuta, %8,9, hasierako aurreikuspenen gainetik. Positiboak izan diren desbideratzeen artean, nabarmentzekoak dira honako atal hauenak: “Kanpoko zerbitzuak” (1.658 m€), "Soldatak, lansariak eta antzekoak" (1.084 m€) eta “Beste enpresa batzuek egindako lanak” (1.012 m€).
  • Ibilgetuaren amortizazio teknikoengatik sortutako gastuak hasieran aurreikusiak baino zertxobait txikiagoak izan dira, 661 m€ gutxiago izan dira azken emaitzan, behin kenduta diru laguntzen aldizkakotze kontuetan izandako alderantzizko ondorioa.
  • Finantza emaitzak aurreikusitakoak baino handiagoak izan dira; zehazki, 298 m€-ko zenbatekoa izan da.

Ondorioz, esaten ahal da zerbitzuen ekonomia egitura eta kudeaketa irizpideak mantendu direla, besteak beste, zuhurtasun printzipioa aurrekontuak egiterakoan, betiere zerbitzuen nahikotasun ekonomikoa bermatze aldera. Hartara, ekitaldiko emaitzen kontuetan agertzen diren jarduerek behar bezala estaltzen dituzte zerbitzuen eta sozietatearen funtzionamendurako gastuak. Horri gehitzen badiogu finantza kargarik ez duela erakundeak egun, jokatzeko marjina nabarmena da etorkizuneko proiektuen eta inbertsioen finantzaketan.


Iruñerriko Mankomunitatea

Esan den bezala, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuak 2.155 m€-ko saldo positiboa izan du.

Lehenik eta behin, esan behar da Mankomunitatearen administrazio izaerak, baita egiten dituen jarduerenak ere, aurrekontu irizpideen nagusitasuna -zentzu administratiboan- ekartzen duela ondorioz irizpide ekonomikoen gainean, bere oreka zehazteari eta aztertzeari dagokienez, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela fluxuei egozten zaien denboran. Izan ere, esan behar da ekitaldian Mankomunitateak gauzatu dituen eragiketak –diru-sarrerak zein gastuak– hasieran onartutako aurrekontuetako aurreikuspenekin bat etorrita ere, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuetan 262 m€-ko saldo positiboa izango zuela. Hau ezin da interpretatu beren jardueren irabazi gordin gisa, ez eta bere zerbitzuen finantza-egituraren desoreka gisa ere (zeinua edozein izanda). Aitzitik, ekonomia irizpideak ezartzerakoan diru-sarrerak eta gastuak aitortzeko irizpideetan izandako denbora-desfaseei egotz litzaieke. Horregatik, adierazitako 2.155 m€-ko saldo negatiboa, egiatan, 1.893 m€-ko desbideratze positiboa da hasieran aurreikusitakoarekin alderatuta.

Desbideratze horren arrazoi nagusia Eskualdeko Hiri Garraioko operadoreari egin beharreko transferentziak jasotzen dituen kontuan dago, zerbitzuaren emakidaren kontratua aplikatzean, “Kudeaketa arrunteko beste gastu batzuk” epigrafearen barnean. Izan ere, aurreikusitakoa baino gastu txikiagoa erregistratu du, 3.871 m€-koa. Transferentzia horiek kalkulatzeko baliatzen diren parametroen prezioek beherantz izan duten bilakaerak eta garraio publikoaren erabileran izan den hazkundeak eta, ondorioz, tarifenak ekarri dute ekitaldiari zorrotz egozgarria zaion gastuan aurrezpen esanguratsua izatea (3.176 m€) eta bai aurreko ekitaldiko likidazioan ere (695 m€). Garraio publikoarekin lotutako gainerako gastu epigrafeetan ere aurrezpenak izan dira eta denen artean 615 m€ batzen dituzte.

Aurreko paragrafoan deskribatutako desbideratzeak, zati batean, diru-sarrera txikiagoen bidez berdinduta gelditu dira (2.708 m€). Diru-sarrera txikiago horiek Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko udalek egin beharreko ekarpenen arabera likidatutakoak dira, Eskualdeko Hiri Garraioa finantzatzeko, “Diru-sarrera osagarriak eta kudeaketa arrunteko beste batzuk” epigrafean. Aurreko paragrafoan azaldutako egoera –Eskualdeko Hiri Garraioko kontzesiodunari egin beharreko transferentziengatik gastua murrizteari dagokinez– ezaguna zen ekitaldia itxi aurretik; hori dela-eta, Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak, abenduaren 22an egin zuen saioan, 2015-2016rako Iruñerriko Hiri Garraioko Garraio Plan berria idaztea onartu zuen. Beste aldaketa batzuen artean, aurreikusten zuen 2015eko ekitaldiko ekarpenak gutxitzea 2015eko ekitaldian, Eskualdeko Garraio zerbitzua finantzatzeko, adierazitako zenbatekoan.

Gainerako epigrafeek desbideratze txikiagoak izan dituzte, eta aurrekoak osatzen dituzte desbideratze global garbiaren 1.893 m€-ko aipatuako kopurua lortu arte. Edonola ere, haien artean nabarmendu behar da, beste jabekideak eskatutako prozedura judizialaren bidez, besterentze batean lortutako etekina: Iturrama Berriko B lurzatiaren partaidetzan. Aurreikusitakoa 76 m€-an gainditu du.

Nolanahi ere, ezinbestekoa da nabarmentzea, Eskualdeko Hiri Garraioa kudeatzea finantzatzeko ezarrita dauden mekanismoen ondorioz –funtsean Foru Komunitatearen eta inplikatuta dauden udalen ekarpenak dira, Garraio Planean finkatuta daudenak–,  Mankomunitateak eginkizun huts hau duela: helburu jakin bati atxikita dauden funts batzuen administratzaile izatea. Hartara, Mankomunitateak eskuratutako emaitzak ez du irudikatzen berez bere jardueren soberakin garbia eta ez da interpretatu behar hertsiki bere zerbitzuen finantzaketa egituraren desoreka gisa, positiboa edo negatiboa. Baizik eta behin-behineko emaitzak nahitaez berdindu beharko lituzkete aipatutako erakundeen etorkizuneko ekarpen handiagoek edo txikiagoek.

Labur esanda, berriz esan behar da Iruñerriko Mankomunitateak egiten dituen jarduerek eta hauek finantzatzeko formulek zailtzen dutela diru sarreren aitorpenaren eta gastuenaren arteko denbora desoreka hutsei ez dagozkien emaitza esanguratsuak agertzea.


2.- EKITALDIA ITXI ONDOREN GERTATUTAKO GERTAKARI GARRANTZITSUAK 


2016ko urtarrilaren 14ko Epaia izan ezik (aintzat hartzen ditu Iruñerriko Mankomunitatearen asmoak, eta haren aurrekariak eta eraginak txosten honetako 21. Oharrean deskribatu dira), 2015eko ekitaldia itxi zen egunetik ez da gertatu 2015eko ekitaldiko Urteko Kontu Bateratuei nabarmen eragiten dien beste gertakaririk, zerbitzuak emateari edo gizarte helburua betetzeari, ez eta 2015eko abenduaren 31ko ondasunen eta eskubideen, zorren eta betebeharren egoerari edo balioari ere.


3.- AURREIKUSTEN DEN BILAKAERA

Ekitaldi honetako alderdirik nabarmenenek –txosten honen hasieran azaltzen dira– oso argi adierazten dituzte Talde honen jarduera bideratzen duten ildo nagusiak: teknologia aurreratua duten azpiegitura eraginkorrak, agindutako zerbitzuen kudeaketa eta ustiapena etengabe hobetzea, eta zerbitzu publiko berrien kudeaketa hartzeko gaitasuna.  Hori dela-eta, esaten ahal da aurrez ikusten ahal den Talde honen bilakaerak honako ezaugarri hauek izango dituela:

  • Hartutako kudeaketa formulak indarrean egotea eta bai zerbitzuen oinarrizko helburuak betetzeko duten gaitasuna ere.
  • Egungo beharrak estaltzen ahal dituzten azpiegitura materialak izatea. Azpiegitura hauek kalitatekoak, ongi zainduak, eta nahiko berriak izateaz gainera, instalazio berriak etengabe garatzen ari direnez, egungo estaldura mailak behar den aldian bermatzen ahal dira, baldin eta erakartze berrien gaineko aurreikuspenak betetzen badira.
  • Zerbitzu berriak kudeatzeko eta emateko gaitasuna, ondokoetarako maila altua eskainiz: gaur egun dagoen egitura aprobetxatzeko eta integratzeko, eta zehazki behar den egitura garatzeko.
  • Geografia esparru handiagoa hartzea, datozen ekitaldietan gertatzen ahal den joera baita. Zabaltze honen gaineko ikerketak egiten dira etengabe beharrak zehazteko, eta eskumena duten erakundeekin kontaktuak eta elkarrizketak izaten dira horretarako.

Labur esanda, Taldearen bilakaera, aurreikusten ahal dena, gaur egungo kudeaketa formulak eta emandako zerbitzuak mantentzera eta garatzera bideratuta dago.


4.- IKERKETA ETA GARAPENAREN ARLOKO JARDUERAK

Gure oinarrizko zerbitzuak ematean hobetzen joaten jarraitzeko helburuarekin, 2015ean jarduera hauek egin dira berrikuntzaren gaian. Zehazki, hauek nabarmendu ahal ditugu:

Berrikuntza

2015eko urtarrilean, SCPSAko Zuzendaritza Batzordeak SCPSAko I. Berrikuntza Plana onartu du. Une horretatik aurrera berrikuntza plan horretan aurreikusitako ekimen desberdinak jarri dira abian edo sendotu dira. Bereziki, 2015ean IDÉATE programa abiarazi da, Iruñerriko Mankomunitateko eta SCPSAko langile guztiei irekia, haien iradokizunak jasotzeko ibilgailu eta langileek parte hartzeko motor gisa. Guztira, IDÉATE martxan egon den lehen seihilekoan, 55 iradokizun bildu dira.  Era berean, Berrikuntza Batzordea eratu da, eta hark, besteak beste, SCPSAren jarduera esparru desberdinetan, berrikuntzako bost proiekturi eman die sorburua. Aldi berean, enpresen proposamenei lotutako berrikuntzako bi proiektu egiten jarraitu da. Intentsitate desberdinarekin, beste batzuek sustatutako lau proiektutan parte hartzen da, Europako finantzaketa dutenetan. Eta CENERekin eta Iruñeko Udalarekin batera, eta bai Europako bazkideen talde ugari batekin batera, H2020ren deialdi berrira aurkeztu dugu geure burua, baina ez dugu sailkapenik lort.

Azken urteetan izandako jardueraren ildotik, ikerketa aplikatuko proiektuak egin dira 2015ean, Unibertsitatearekin eta zentro teknologikoekin lankidetzan, lohiak eta konposta nekazaritzan aplikatzeko gaian.

Klima aldaketa eta Iruñerriko Mankomunitatearen eta SCPSAren estrategia energetikoa

2015ean, Iruñerriko Mankomunitatearen eta SCPSAren karbono aztarnaren eta negutegi efektuko gasen igorpenen lehen ebaluazioa egin da. Hain zuzen, ekainean 2013. urteari zegokiona egin da, eta abenduan 2014. urteari zegokiona amaitu da. Azken kasu horretan, ebaluazioa eta 1+2+3 irismenen zertifikazio osoa egin da. Bi kasuetan kanpoko auditore batek egiaztatu du prozesua eta MAGRAMAren Karbono Aztarnaren erregistro nazionalean inskribatu da.


5.- ARRISKUAK ETA ZIURTASUN EZAK

Taldeak bere negozioen garapenari eragiten ahal dioten arriskuak eta ziurgabetasunak zein diren badakienez, detektatzeko eta kontrolatzeko behar diren mekanismoak jarri ditu.


6.- FINANTZA-TRESNAK

Taldeak ez du kontratatuta finantza-tresnarik.