Iruñerriko Ibai Parkea

Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

2007an Ibai Parkeko Partzuergoak Iruñerriko Mankomunitateari laga zionetik parkea mantentzea eta kudeatzea, 2013a zazpigarren urtea izan zen zeregin horretan. Hain zuzen, bi bilera egin ziren parkeak hartzen duen eremuko udalerrietako alkateekin koordinazioa lantzeko (otsailaren 28an eta irailaren 23an). Lehenbizikoan, 2012ari zegokion ekitaldi ekonomikoa azaldu zen; bigarrenean, berriz, 2014rako aurreikusitako gastuen aurrekontua onetsi zen.

Ekintza esanguratsuenak

Urte hidrologiko historikoa

Nabarmendu beharreko gertakari gisa adierazi behar da 2013a urterik euritsuena izan zela Nafarroan 1880az geroztik (AEMET Estatuko Meteorologia Agentziak urte erabat euritsutzat jo zuen), Iruñeko behatokian 1.255 litro metro koadroko erregistratu baitziren. Logikoki, horrek ekarri zuen eskualdeko ibaien ur emaria erabat handia izatea eta bi uholde izatea (urtarrilaren 15ean eta 16an, eta ekainaren 9an). Azken uholde hori nabarmendu behar da, batez ere, Atarrabian eta Burlatan eragin zituen kalteengatik.

Iruñerriko Ibai Parkeko Ordenantza onartzea

Urtearen lehen seihilekoan, Iruñerriko ibai parkearen esparruko toki erakundeekin lankidetzan, ordenantza bat idatzi zen parkeko erabilerak eta jarduerak arautzeko. Gero, Batzar Nagusiak urriaren 29an egin zuen saioan, onartu egin zen. Jendaurrean egoteko eta alegazioak aurkezteko aldiaren ondotik, behin betiko onartu zen abenduaren 19ko saioan. 
2014an ezarri egingo da: txirrindularien lastertasuna mugatzeko seinaleak, ibilgailuen kontrola...  

Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren testu eraberrituko araudia argitaratzea 

2010eko martxoaren 29ko Nafarroako Gobernuaren akordioaren bidez, Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko udalez gaindiko plan sektoriala onartu zen. Alegazioak egiteko aldian jasotako zuzenketak, eta bai Ingurumen Eragineko Aitorpenetik eratorritakoak ere, kontuan hartu eta gero, testu eraberritua onetsi zen, bai eta Lurralde Antolamenduko, Mugikortasuneko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren otsailaren 26ko 489/2013 Erabakiaren bidezko araudia ere.
Onartzea dela eta, ondorio hau atera daiteke: alde batera utzirik handitzeko lanak denbora epe luze batean egitea, une honetan onartutako hirigintza planeamenduak eskualdeko ibaien ertzak babesten ditu, eta, horrenbestez, ez du uzten udalez gaindiko plan sektorialaren barnean dauden ibaien zatietan eraikitzea eta horiek okupatzea. 

Ibai parkea handitzeko lanak hastea

Udalez gaindiko plan sektorialaren babesaren pean, urrian handitzeko lanak hasi ziren Arga Beherea zatian, Barañain-Arazuri tartean, baldintza hauetan:
-   I. fasea (0,00-0,740 km)
Aurrekontua: 286.286,47 euro, gehi BEZa. Ministerioak finantzatua
-   II. fasea (0,740-2,760 km)
Aurrekontua: 126.654,92 euro, gehi BEZa. Iruñerriko Mankomunitateak finantzatua
Aurreikusita dagoenaren arabera, 2014an parkearen zati hau amaituta geldituko da, eta, hortaz, parkea Oltza Zendeako udalerri horretaraino iritsiko da.

Nazio Batuen lehiaketa, praktika onei buruz

‘Ibai Parkea, ardatz iraunkor bat bizikidetzarako Iruñerrian’ praktika, praktika onen Dubaiko Nazioarteko Sariketan aurkeztu zen, bizi-baldintzak hobetzeko praktika onen arloan (NBE-Habitat). Hain zuzen, GOOD PRACTICE sari ohoregarria eskuratu zuen.

Alderdi tekniko nabarmenak

Basartea enpresak egindako ikuskatze txostenaren arabera, segurtasunerako, inausketak egin ziren Zizur Nagusian.

Urte osoan, eta Nafarroako Gobernuaren Lurralde Aberastasuneko Departamentuarekin koordinatuta, Esteribarren eta Uharten ibai parkeko lursailak katastroan sartzeko lanak egin ziren. Une honetan, Esteribarko katastro publikoa dago, egindako aldaketekin.

Gauzatu ahal izateko, Iruñeko eta Zizur Nagusiko udalen aurrean izapideak bideratu ziren Elortz ibaiaren gaineko oinzubiaren proiekturako. Abiadura Handiko Trenaren udalez gaindiko plan sektoriala dagoenez (eta bertan ez da aurreikusten Iruñeko eta Iruñerriko parkeak batzeko oinzubi hau), lan honen baimena geldiarazita dago, nahiz eta Lurralde Antolamenduko Departamentuak aldeko irizpena emana duen gauzatzeko eskasia baldintzarekin.

Alderdi sozial nabarmenak

Parkeko jolas eremuetan ekitaldiak egin ziren. Garrantzitsuenak hauek izan ziren: Rocíoren jaia Barañainen (ekainaren 9an), Ezkabarte Ibarreko festa (ekainaren 22an eta 23an), Auzolan Eguna Atarrabian (ekainaren 1ean) eta Auzolan Eguna Burlatan (ekainaren 29an). 

Urte osoan, hainbat jarduera egin ziren dinamizatzeko parkean eta parte-hartzea hau izan zen:

Atarrabiako Pilategia
  • Bisitariak, oro har: 4.978
  • 8 erakusketa ( 3.329 parte-hartzaile)
  • Jarduera 1
  • Bisitari gidatuak: 2.422
San Andres Errota
  • Bisitariak, oro har: 5.551
  • Bisitari gidatuak: 1.492
  • 2 erakusketa  (gutxi gorabehera 2.100)
  • 12 jarduera (3.003 parte-hartzaile)
  • 4 ekitaldi
Heziketa programa (8.785 parte-hartzaile)
Taldeen bisitak (9.245 lagun)

2013an egindako lanak

  • Rebutozarren argiteriak jartzea – II. fasea (Uharte)
  • Intxaurdian argiteria jartzea (Burlata)
  • Argiak ordezkatzea Biltegiaren eta Pilategiaren artean (Atarrabia)
  • Artadiburuko Erdi Aroko zubia berritzea (Uharte-Arga ibaia)
  • Erdi Aroko zubia berritzea-I nazionala Arre (Ezkabarte-Ultzama ibaia)
  • Bidea desbideratzea Burlatako ur biltegian
  • Jolas eremua sortzea Orikaingo hondartzan (Ezkabarte)