Kudeaketa txostena

Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

1.- Negozioen bilakaera eta Sozietatearen egoera

Administrazio Kontseiluak, eta, ondorioz, Urteko Kudeaketa Planak 2013-2016 aldirako ebatzi zuten Plan Estrategikoak xedatutakoa gauzatzera bideratuta egon da Mendeko Sozietatearen kudeaketa 2012ko ekitaldian.

2013an eskatutako zerbitzuak emateari dagokionez, esaten ahal da aurreikusi ziren helburuak behar bezala bete direla. Ondokoak dira gure jarduera nagusien garapenak izan dituen ezaugarriak:

Uraren ziklo integrala

2013an ur ekoizpena 955,49 l/s-koa izan zen, azken 20 urteotako baxuena. Aurreko urtearekin alderatuta, uraren ekoizpena %5,35 murriztu zen, eta, hortaz, 2005az geroztik kontsumoa gutxitzeko dugun joera berretsi zen.

Erregistratu gabeko uraren koefizientea %12,19koa izan zen (behin-behineko datua da, fakturatutako kontsumoaren behin betiko kalkuluen zain baikaude). Azken urteetako joerarekin alderatuta goititu egin bazen ere, adierazi behar da emaitza sektoreko onenen artean dagoela Espainian, ia-ia muga teknikoan.

2013a nabarmendu da urte historikoa izan delako Iruñerrian erregistratu diren prezipitazioei dagokienez. Izan ere, Iruñean 1.255 l/m2-ko erregistro berezia izan zen, 746 l/m2-ko batez besteko historikoaren aurrean.

Hain zuzen, urtarrileko eta otsaileko euriaren ondorioz, luiziak izan ziren eta ondorio larriak izan zituzten hoditerietan (Eugin bost gorabehera gertatu ziren, eta, beraz, bertan izan ziren kalte handienak -200 l/-s-rainoko hausturak izan ziren; baina beste hauetan ere izan ziren kalteak: Arlegi-Subitza, Sarasibar, Altzuza eta Larraiotz, eta Olkotz-Legarda eta Otsakar-Beorburu lineak). Mantentze lanetako ekipoetako kideek azkar eta eraginkor erantzun zutenez, kalteak konpondu ziren erabiltzaileak ohartu ere egin gabe halakorik izan zenik.

Emandako uraren kalitateari dagokionez, adierazle guztiek (kloro kontzentrazioa, uhertasuna eta bakteriologia kalitatea) berresten dute emandako urak kalitate maila handia duela.

Saneamenduari eta arazteari dagokionez, berriz, adierazleen bilakaerak (uretan esekita dauden solidoak kanporatzea eta oxigeno eskari biokimikoa kentzea) erakusten digu arazte mailak handia izaten jarraitzen duela eta arro hidrografikoko erakundeak ezarritako mugak betetzen direla.

Hiri hondakinak

Beste urte batez agerian gelditu da krisiak eragina izan duela sortutako hondakin kopurua murriztean, eta 2007an hasi zen joerak jarraipena izan du. Hain zuzen ere, ikusi ahal izan da bai Gongorako HHTZn bota den tona kopuruan, bai eta bildutako kantitateetan ere, aurreko urtearekin alderatuta, %3,9 eta %1,75 murriztu baitira, hurrenez hurren.

Nabarmendu behar da bildutako tonak murriztea, neurri handi batean, paperari eta kartoiari egokitu zitzaiela, edukiontzietatik lapurtzen jarraitu baitzuten eta, hain zuzen, material horien bilketan tonen %9 baino gehiago gutxitu baitzen. Lapurreta horiek direla-eta, 100 salaketa baino gehiago aurkeztu dira udaltzaingoetan eta SEPRONAn.

Horrez gain, hondakinak murrizteko ezarrita dauden ekintzek (besteak beste, tamaina handikoak berrerabiltzea, etxeko konpostajea, "yonolotiro" webgunea eta Elikagaien Bankurako bilketak) hondakinen 2.776 tona gutxiago biltzea eragin zuten, Iruñean eta Iruñerrian sortutako hondakinen %2, zehazki. Hartara, adibidez, etxeko eta auzoko konpostajerako programetan 2.262 familiak parte hartu dute eta 1.715 tona materia organiko birziklatu dira, helburu horrekin egindako lagin hautaketa eta kuantifikatze baten arabera.

Ekitaldiko alderdirik esanguratsuenetako bat Barañainen azken hiruhilekoan 5. edukiontzia ezartzea izan zen. Zerbitzu berri hori abian jartzea ahalegin handia izan zen, plangintza, logistika eta informazio aldetik. Nolanahi ere, horri esker emaitza onak lortu ziren, izan ere, 3.150 familiak baino gehiagok eman baitzuten izena, eta, hortaz, parte-hartzea %40koa izan baitzen.

Era berean, gertakari esanguratsua izan da Arazuriko konpostatze planta martxan jartzea. Planta itxia da, tuneletan konpostatzeko eta inguruari egin dakizkiokeen ingurumen eraginak zorrotz kontrolatzen dituena. Araztegiko 10.000 tona lohi tratatuko dira eta bai gaikako bilketetatik datozen hondakin berdeen 10.000 tona ere.

Eskualdeko Hiri Garraioa

2013a asalduzko urtea izan da Eskualdeko Hiri Garraiorako. Zerbitzuaren finantzaketa bermatzeko arazoek –oraindik konpondu gabe daude, eta, gainera, Garraio Plan berria onartzea eragotzi dute– eta TCC langileek egin zuten greba mugagabeak Erakundearen arreta guztia eta ahaleginetako asko monopolizatu dituzte. Hori guztia gorabehera, ez da ahaztu behar ongi baloratzen den zerbitzua dela, eta erabiltzaileen gogobetetze globala 7,6koa dela.

EHGaren eskaintzan, murrizketa txiki bat izan da: gutxi gorabehera %0,8 kilometro gutxiago eta %1,3 ordu gutxiago, urte hasieran gutxi erabiltzen ziren zerbitzuetan egindako murrizketen ondorioz. Gainera, nabarmendu behar da Mutiloen artean dagoen urbanizaziorako zerbitzu berria sortu zela urte hasieran, eta irailean zerbitzua aldatu zela Uharten, Ugarrandia etorbidearen inguruari arreta emateko (dena den, berrikusten ari dira oraindik).

Bidaiari kopuruari dagokionez, 2012ko gutxitze handiaren ondoren (-%4,7), oraindik ere gehiago murriztu da, baina erritmo motelagoan (-%4,3). Urtearen azken zatian, bazirudien egonkortu egingo zela, baina TCCren grebak eragin handia izan zuen (1.254.00 bidaiari gutxiago: 916.000 gutxiago 2013an eta 338.000 gutxiago 2014ko urtarrilean). Diru sarrerei dagokienez ere, galerak handiak izan ziren: gutxi gorabehera 665.000 euro. Eta etorkizun hurbileneko eraginak oraindik zehaztu gabe.

Nabarmendu beharreko gertakari moduan, Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak onartu zuen zerbitzuaren kontzesio kontratua aldatzea, TCCk eskatutako kontzesioaren oreka hausturaren espedientearen esparruan, hartara, bidea emateko zerbitzuaren bideragarritasuna eta kalitatea mantentzeari. Horrez gain, aipatu behar da Batzorde Iraunkorrak ekainean Eskualdeko Hiri Garraioaren tarifa egitura berria onartu zuela -beste berrikuntza batzuen artean, aldi baterako abonuak hartzen ditu- eta 2014an ezarriko dela.

Azkenik, EHGa finantzatzeko hainbat alternatiba aztertu eta proposatu badira ere, ezin izan da Garraio Plan berria onartu, eta, horrenbestez, egungoa bigarren urtez jarraian luzatu da.

Iruñerriko taxi zerbitzua

Taxiari dagokionez, Mankomunitateak urtero egiten duen eskaera azterketaren arabera –ekainean egin zuzen eta Iruñerriko biztanleei (ez ditu barne hartzen bertan bizi ez direnak)–, ibilaldi kopuruak behera egiten jarraitu du 2013an, 2012ko erritmoan baino azkarrago, eta, 2007an erregistratu zen maximoa aintzat hartuta, %23 gutxitu da. Zerbitzuarekiko gogobetetze globala 7,5ekoa da, 2012an bezalakoxea, eta balorazio handiena da Mankomunitateak neurtutako segida historikoan.

Beste alde batetik, Taxiaren Foru Legea aldatzeko izapideak bideratzean lagundu zen, aho batez onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak eta ondorioz, taxia arautzeko ordenantza aldatzeko izapideak bideratu ziren, hartara, aurreko legezko aldaketara egokitzeko. Gainera, esan behar da Nafarroako Gobernuak ezezkoa eman ziola Etxauriko Udalari udalerri hori Iruñerriko taxi zerbitzuan sartzeko eskatu zuenean. Aurrekoaren ondorioz, Mankomunitateak onartu zuen koordinazio hitzarmen bat egitea Etxauriko Udalarekin zerbitzu horrekin lotuta.

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, Taldearen galera eta irabazien kontuak 3.213 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2013an.

Emaitza horrek islatzen du Iruñerriko Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek eskaintzen dituzten emaitzen saldo gehitua, 352 m€, negatiboa; eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietatearena, 3.566 m€, positiboa. Bi erakundeen jarduerak, eta, zehatzago, bakoitzak emandako zerbitzuen finantzabide sistemen berezitasunak kontuan harturik, hona hemen bi entitateei dagozkien emaitzen azterketak.

Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, sozietatearen galeren eta irabazien kontuak 3.566 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2013an. Sozietatearen izaera eta helburuak kontuan harturik, emaitza ekonomikoak azaltzen ahal dira aurrekontu desbideratzeetan oinarriturik. Bestalde, hasierako aurrekontu aurreikuspenek bideratzen dute bere ekonomia jarduera. Aurreikuspen horiek —zuhurtasun irizpideei jarraiki eginak— ekonomia kontabilitate orekaren helburua dute abiapuntu (galera eta irabazien kontuaren "zero" emaitza). Hartaz, honako hauek izaten ahal dira ekitaldiaren garapen ekonomikoaren alderdirik esanguratsuenak eta emaitzaren arrazoi nagusiak:
-    Diru sarreren eta diru-laguntzen aldizkakotzeen efektua kenduta –atal espezifikoa dute horiek txosten honetan–, ustiatzetik etorritako diru sarrerek izan dute, oro har, 1.587 m€-tik beherako errealizazio bat, hasieran aurreikusi zena baino %2,3 gutxiago. “Salmentengatiko” eta “zerbitzuak emateagatiko” diru sarrerak aurreikusitakoa baino 1.024 m€ gutxiago izan dira, funtsean, hornidurako kuota aldakorraren fakturatzean izan den murrizketarengatik. Gainera, desbideratze negatibo horretan eragina izan du NILSAren transferentziak, aurreikusitakoa baino 419 m€ txikiagoa izan baita.
-    Ustiapen gastuetan, amortizazioen efektua alde batera utzita, 4.009 m€-ko aurrezkia izan dute globalki hartuta, %6,5, hasierako aurreikuspenen gainetik. Positiboak izan diren desbideratzeen artean, nabarmentzekoak dira honako atal hauenak: “Beste enpresa batzuek egindako lanak” (1.371 m€) eta “Kanpoko zerbitzuak” (1.122 m€).
-   Ibilgetuaren amortizazio teknikoengatik sortutako gastuak hasieran aurreikusiak baino zertxobait handiagoak izan dira, 184 m€ gehiago izan dira azken emaitzan, behin kenduta diru laguntzen aldizkakotze kontuetan izandako alderantzizko ondorioa.
-    Finantza emaitzak aurreikusitakoak baino handiagoak izan dira; zehazki, 1.136 m€-ko zenbatekoa izan da, eta nabarmendu behar dira diru sarreren zatiak erregistratutako desbideratze positiboa, 723 m€-koa.

Ondorioz, esaten ahal da zerbitzuen ekonomia egitura eta kudeaketa irizpideak mantendu direla, besteak beste, zuhurtasun printzipioa aurrekontuak egiterakoan, betiere zerbitzuen nahikotasun ekonomikoa bermatze aldera. Hartara, ekitaldiko emaitzen kontuetan agertzen diren jarduerek behar bezala estaltzen dituzte zerbitzuen eta sozietatearen funtzionamendurako gastuak. Horri gehitzen badiogu finantza kargarik ez duela erakundeak egun, jokatzeko marjina nabarmena da etorkizuneko proiektuen eta inbertsioen finantzaketan.

Iruñerriko Mankomunitatea

Esan den bezala, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuak 352 m€-ko saldo negatiboa izan du.

Lehenik eta behin, esan behar da Mankomunitatearen administrazio izaerak, baita egiten dituen jarduerenak ere, aurrekontu irizpideen nagusitasuna -zentzu administratiboan- ekartzen duela ondorioz irizpide ekonomikoen gainean, bere oreka zehazteari eta aztertzeari dagokienez, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela fluxuei egozten zaien denboran. Izan ere, esan behar da ekitaldian Mankomunitateak gauzatu dituen eragiketak –diru sarrerak zein gastuak– hasieran onartutako aurrekontuetako aurreikuspenekin bat etorrita ere, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuetan 801 m€-ko saldo positiboa izango zuela. Hau ezin da interpretatu beren jardueren irabazi gordin gisa, ez eta bere zerbitzuen finantza-egituraren desoreka gisa ere (zeinua edozein izanda). Aitzitik, ekonomia irizpideak ezartzerakoan diru sarrerak eta gastuak aitortzeko irizpideetan izandako denbora-desfaseei egotz litzaieke. Horregatik, adierazitako 352 m€-ko saldo negatiboa, egiatan, 1.153 m€-ko desbideratze negatiboa da hasieran aurreikusitakoarekin alderatuta.

Desbideratze honen arrazoi nagusia gastuen gauzatze txikiago batean dago. Hain zuzen ere, “Kudeaketa arrunteko beste gastu batzuk” epigrafearen gauzatzea ere nabarmen txikiagoa da,1.125 m€-koa baita. Zati handienean Eskualdeko Hiri Garraioko zerbitzuaren enpresa kontzesiodunari egindako transferentziek osatzen dute, nahiz eta hemen agerian jarri behar den desberdin tratatu dela gastu honen sortzapenari emaitzen kontuan, aurrekontuaren likidazioan ematen zaionarekin alderatuta, eta, beraz, desbideratzearen egiazko arrazoia denbora desfase hori da.

Gainerako epigrafeetan izan diren desbideratzeak ez dira hain esanguratsuak izan, eta, gainera, beren artean berdintzen dira Mankomunitatearen finantzaketa mekanismoen arabera. Hartara, Mankomunitatearen beraren egitura gastuek (gobernu organoak, administrazio nagusia eta zerbitzu ekonomikoak) 128 m€-ko aurreztea izan dute, eta zuzenean joan dira SCPSAk egiturari eusteko egiten duen ekarpeneko diru sarrerak murriztera. Eskualdeko Hiri Garraioarekin lotutako diru sarrerak ere aurrekontuan kontsignatutakoak baino txikiagoak izan dira (139 m€), ekarpenak eguneratzeko erabilitako KPIa aurreikusitakoa baino txikiagoa izan zelako. Nolanahi ere, diru sarrera txikiagoak berdindu egin dituzte are handiagoak izan diren aurrezteek, Eskualdeko Hiri Garraioaren jarduerari dagokion ondasunen eta zerbitzuen erosketen kapituluan.

Hala ere, nabarmendu behar da Eskualdeko Hiri Garraioaren kudeaketa finantzatzeko jarri diren mekanismoengatik —jarduera honetan sartzen diren Foru Komunitatearen eta udalen ekarpenak, Garraio Planean finkatuak, gehienbat— Mankomunitatearen jarduera dela helburu zehatza duten funts batzuen administratzaile huts batek egin lezakeena baino zertxobait gehiago. Hori dela-eta, Mankomunitateak lortu duen emaitza ez da berez erakundearen jardueren soberakin gordin bat. Halaber, ezin da interpretatu bere zerbitzuen finantza egituraren desoreka gisa -edozein zeinutakoa-. Aitzitik, izan ditzakeen emaitzak konpentsatuko dituzte nahitaez aipatutako erakundeek etorkizunean egingo dituzten ekarpenek, handiagoak edo txikiagoak izanda ere.

Labur esanda, berriz esan behar da Iruñerriko Mankomunitateak egiten dituen jarduerek eta hauek finantzatzeko formulek zailtzen dutela diru sarreren aitorpenaren eta gastuenaren arteko denbora desoreka hutsei ez dagozkien emaitza esanguratsuak agertzea.

2.- Ekitaldia itxi ondoren gertatutako gertakari garrantzitsuak

2014ko urtarrilaren 16ko datarekin Iruñerriko Mankomunitateko Erregistroan eskaera bat sartu da Iruñerriko hiri garraioko informazio markesinen eta zutoinen kontratuaren oreka ekonomikoa berriz ezartzeko, Impursa, S.A. zerbitzuaren enpresa kontzesiodunak aurkeztua. Erreklamazio horretan eskatutako aldaketek eragiten diote etorkizuneko ekitaldiei eta, hain zuzen, honetan dautza: markesinen publizitatea ustiatzeagatik ezarritako kanonaren %90 murriztea eta bi urte luzatzea kontratuaren indarraldia. Erabakia hartu zain daude. Gainera, 2014ko martxoaren 11ko datarekin, enpresa horrek eskaera bat aurkeztu zuen 2013ko laugarren hiruhilekoari zegokion kanonaren %70 zatikatzeko edo geroratzeko.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa alde batera utzita, 2013ko ekitaldia itxi zen datatik ez da bestelako gertaerarik izan 2013ko ekitaldiko urteko kontu kontsolidatuetan eragin garrantzitsua izan duenik, ezta honako hauetan ere: bere zerbitzuak ematean edo bere helburu soziala betetzean, edota 2013ko abenduaren 31n zituen ondasun eta eskubide, zor eta obligazioetan.

3.- Aurreikusteko moduko bilakaera

Ekitaldi honetako alderdirik nabarmenenek –txosten honen hasieran azaltzen dira– oso argi adierazten dituzte Talde honen jarduera bideratzen duten ildo nagusiak: teknologia aurreratua duten azpiegitura eraginkorrak, agindutako zerbitzuen kudeaketa eta ustiapena etengabe hobetzea, eta zerbitzu publiko berrien kudeaketa hartzeko gaitasuna.  Hori dela-eta, esaten ahal da aurrez ikusten ahal den Talde honen bilakaerak honako ezaugarri hauek izango dituela:
­   - Erabilitako kudeaketa formulen egokitasuna, baita zerbitzuen oinarrizko helburuak betetzeko duten gaitasuna ere.
­   - Egungo beharrak estaltzen ahal dituzten azpiegitura materialak izatea. Azpiegitura hauek kalitatekoak, ongi zainduak, eta nahiko berriak izateaz gainera, instalazio berriak etengabe garatzen ari direnez, egungo estaldura mailak behar den aldian bermatzen ahal dira, baldin eta erakartze berrien gaineko aurreikuspenak betetzen badira.
­   - Zerbitzu berriak kudeatzeko eta emateko gaitasuna, ondokoetarako maila altua eskainiz: gaur egun dagoen egitura aprobetxatzeko eta integratzeko, eta zehazki behar den egitura garatzeko.
­   - Geografia esparru handiagoa hartzea, datozen ekitaldietan gertatzen ahal den joera baita. Zabaltze honen gaineko ikerketak egiten dira etengabe beharrak zehazteko, eta eskumena duten erakundeekin kontaktuak eta elkarrizketak izaten dira horretarako.

Labur esanda, Taldearen bilakaera, aurreikusten ahal dena, gaur egungo kudeaketa formulak eta emandako zerbitzuak mantentzera eta garatzera bideratuta dago.

4.- Ikerketaren eta garapenaren arloko jarduerak

Gure oinarrizko zerbitzuak ematean hobetzen jarraitzeko helburuarekin, 2013an, besteak beste, jarduera hauek egin dira berrikuntzaren arloan:

Berrikuntzako eta Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza
2012ko azaroaz geroztik, SCPSAk Berrikuntzako eta Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza du, eta haren egitekoa da Erakundearen berrikuntza lanak sistematizatzea, bultzatzea eta koordinatzea epe luzera, zerbitzuak ematea eta Erakundearen beraren eraginkortasuna hobetzeko bektorea izan dadin berrikuntza sistematikoa. 2013an aurretiazko lanak egiten hasi da MCP/SCPSAren I. Berrikuntza Plana egiteko eta ondoren onesteko.

Hoditerietako energia termikoa aprobetxatzeko proiektua
SCPSAko Administrazio Kontseiluak esparru hitzarmena onartu zuen –Sodena eta Eneres enpresen artean sortutakoarekin izenpetzeko– bi proiektu pilotu gauzatzeko, hornidurako eta saneamenduko hoditerien aprobetxamendu termikoa lortzeko. Sustatzaileak azken kontsumitzaileekin akordioak lortzeko fasean daude.

MCP/SCPSAren Estrategia Energetikoa. %100eko iraunkortasuna
MCP/SCPSArako alternatiba energetikoak aztertzen hasi eta nabarmen aurreratu da; hartara, planteatu ahal izateko, garrantzi handiko ekimenak, bereziki, autobusen, bilketarako kamioien eta Erakundeko ibilgailuen flotetako erregaien arloan, MCP/SCPSAren %100eko iraunkortasunera heltzeko aukera izateko, ingurumenaren arloan aurreratuen dauden hiri arloen ildotik.

Autobus elektrikoaren proiektua. Garapen teknologikorako proiektua. Proba pilotua
Proiektu honen garapena (PILAVESA 2012) Nafarroako Gobernuak lagundu du diruz, Nafarroan ibilgailu elektrikoak garatzeko jarduketa gisa, eta SATEL-ITS 2011 proiektuan lortutako emaitzak izan ditu abiapuntu. Iruñerriko Mankomunitateaz gain, hauek parte hartu dute: FOTON enpresa, Nafarroako Automobilismoko Berrikuntza Teknologikorako Zentroa, TCC zerbitzuaren enpresa esleipenduna eta Grupo Pentagon Internacional Europa, S.L. enpresa.
2012ko apirila eta 2013ko apirila artean, guztira, 165 egunetan ibili da autobusa, 13.850 km egin ditu EHGko 10. linean eta, guztira, 18.754 kWh kontsumitu ditu. Proiektuak iraun duen bitartean funtzionamenduko parametroei eta kontsumo elektrikotik eratorritako beste alderdi batzuei jarraipena egin zaie, eta etorkizuneko ikerketa ildoetarako ondorioak atera dira
.

Saioa araztegiko lohiekin Arazuriko araztegiko lursail esperimentalean. MCP-INTIA hitzarmena 

Helburuak:
- Erakustea lohiak nekazaritzarako erabiltzea segurua dela, ikuspuntu agronomikotik eta ingurumenekotik, epe ertainean eta luzean.
- Lohiak emandako nitrogenoaren eraginkortasuna balioestea, emankortzaile gisa.
Zabaltzea 2013an:
-Agricultura aldizkaria (Iraileko artikulua, 965. zk.)
-Navarra Agraria aldizkaria (Maiatz-ekaineko artikulua, 198. zk.)
-Navarra Agraria aldizkaria (Uztail-abuztuko artikulua, 199. zk.)
-Navarra Agraria aldizkaria (Iraileko artikulua, 965. zk.)
-RAMIRAN kongresua, Lisboa (NUP-INTIA-SCPSA artikulua)

Saioa araztegiko lohiekin Nafarroako Ubideko sail ureztatu berrietan (Erriberri). MCP-INTIA hitzarmena, 2011-2014
Helburua:
- Lohiak emandako nitrogenoaren eraginkortasuna balioestea, ongarri gisa, ohiko mea ongarriaren aldean, artoa lantzean.
Zabaltzea 2013an:
-Navarra Agraria aldizkaria (Azaro-abenduko artikulua, 201. zk.
)

Saioa Arazuriko konpostarekin Nafarroaren Erdialdeko mahastietan (Beire). MCP-NUP-Bodegas OCHOA hitzarmena
Helburua:
- Arazuriko konposta mahastietan aplikatzearen ebaluazioa. Mahastietan errendimenduan eta kalitatean duen eragina aztertzea, kalitate enologiko handiko mahatsa ekoiztera bideratuta.
Zabaltzea
- SECH kongresua, Donostian

Institut Catala de Recerca de l’Aigua (ICRA) institutuarekin lankidetza teknikoa
Kalitatearen Kontrolerako Sailak (Saneamenduaren Kalitateko Laborategia-Arazuri) prozesatu egiten ditu prozesua eta errendimendua, arazketaren errendimendua ebaluatzeko lehentasunezko eta azaleratzen diren substantzietan.

Gai organikoak biltzeko sistema ezartzea
Hiri hondakinak biltzeko sisteman aurrerapenak egiteko prozeduren barnean, 2013an jarduketa hauek egin dira (bakoitzak bere alderdia eduki du berrikuntzaren gaian):
•    Gai organikoak bereiz biltzeko proba pilotua, Barañainen, 5. edukiontzi bereiziaren bidez"
•    Kodigestioko probak, FORSekoak, HTNn" 
•    Film plastikoa bereizteko sistema, bahe birakarian

Hondakinak tratatzeari dagozkion jarduketak
•    Gasometroan atzera ezineko balbula jartzea, energia eteten denean eror ez dadin.
•    Zabortegiko xurgatze sistema aldatzea. Sistemaren programatzea aldatzea, ahalik eta erauzte handiena bilatzeko.
•    Lixibiatuen kopurua neurtzeko gailuan, neurtzeko sistema aldatzea. Ultrasoinuen sistemak erabiltzea, zundak zikintzea saihesteko, eta egungo sistemarekin alderatzea.

5.- Arriskuak eta ziurtasun ezak

Taldeak bere negozioen garapenari eragiten ahal dioten arriskuak eta ziurgabetasunak zein diren badakienez, detektatzeko eta kontrolatzeko behar diren mekanismoak jarri ditu.

6.- Finantza tresnak

Taldeak ez du kontratatuta finantza tresnarik.