Kudeaketa txostena

1.- Negozioen bilakaera eta Sozietatearen egoera

Administrazio Kontseiluak, eta, ondorioz, Urteko Kudeaketa Planak 2009-2012 aldirako ebatzi zuten Plan Estrategikoak xedatutakoa gauzatzera bideratuta egon da Mendeko Sozietatearen kudeaketa 2012ko ekitaldian.

2012an eskatutako zerbitzuak emateari dagokionez, esaten ahal da aurreikusi ziren helburuak behar bezala bete direla. Ondokoak dira gure jarduera nagusien garapenak izan dituen ezaugarriak:

Uraren ziklo integrala

Iazkoaren aldean, uraren ekoizpena %5,26 gutxitu da, baita dagokion fakturazioa ere. Gutxitze hori –aurreko urteetako joera berbera izan da, besteak beste, ohiturak aldatu direlako eta industria prozesuetan erabilera optimizatzea lortu dugulako– indartu egin du, gainera, udaberrian izan dugun euriak, ura ureztatzeko erabiltzea murriztu baitu.

Emandako uraren kalitateari dagokionez, adierazle guztiek (kloro kontzentrazioa, uhertasuna eta bakteriologia kalitatea) berresten dute emandako urak kalitate maila handia duela eta, indarrean dagoen legedia dela-eta, urte honetarako aurreikusita dauden helburuak bete direla.

Saneamenduari eta arazteari dagokionez, berriz, adierazleen bilakaerak (uretan esekita dauden solidoak kanporatzea eta oxigeno eskari biokimikoa kentzea) erakusten digu arazte mailak handia izaten jarraitzen duela eta urte honetarako aurreikusita zeuden helburuak bete direla.

Hiri hondakinak

Beheranzko joerari jarraituta, hondakin gutxiago sortu zen 2012ko ekitaldian. Hain zuzen ere, aurreko urtearekin alderatuta, %3,52 gutxitu zen bildutako hondakin kantitatea.

Bilketa espezifikoak edo material bakar batekoak %5,34 murriztu ziren: zehazki, 34.452 tona bildu ziren, eta aurreko urtean, 36.396 tona. Nagusiki, paperaren eta kartoiaren bilketa %11,80 gutxitu zelako (edukiontzi horietan egiten dituzten lapurreten ondorioz) gertatu zen hori, eta bai tamaina handikoen bilketa %11,07 gutxitu zelako ere. Beira bilketa, berriz, %2,56 handitu zen.

Aurrekoaren ondorioz, berreskuratutako materialen kantitatea ere murriztu zen, %4,57, hain zuzen. Datu horien barnean daude plantan berreskuratzeari dagozkionak eta bai material bakarreko bilketetan berreskuratutako materialak ere.

Beste alde batetik, hondakinen kudeaketak Ontzien Legeak markatutako berreskuratze tartean jarraitzen du (%25 eta %45 artean), %49,73ko portzentajea lortu baitzen.

Zaborren osaera analisiek erakusten dute 2012an gehien murriztu zen osagaia papera izan zela. Nolanahi ere, material horren berreskuratze portzentajea %62,48koa da, aurreko urteetako emaitzen ildoan dago eta Europar Batasunak ezarritako helburuaren gainetik (%60).

Eskualdeko hiri garraioa

2012an garraiatutako bidaiarien behin-behineko kopurua 34.736.537 izan zen, hau da, aurreko urtearekin alderatuta, %4,71 gutxiago. Nabarmendu behar da bidaiari kopuruak asko egin zuela beherantz martxotik aurrera eta badirudi horren arrazoiak lotuta daudela atzeraldi ekonomikoko egoerarekin.

Adierazi behar da zerbitzuaren berrikuntza adierazgarriena izan dela urtarrilaren 2tik aurrera 17. linea luzatzea Artiberri II eta Etxabakarrera, Berriozar eta Berriobeiti udalerrietan, hurrenez hurren. Gainera, egun horretatik aurrera ia eguneko linea guztien   zerbitzua aldatu zen: egunaren hasiera eta amaieran, erabilera gutxieneko ordutegi tarteetan maiztasuna gutxitu egin zen.

Inbertsioei dagokienez, uztailaren hasieran 12 autobus estandarrak, 12 metro luzekoak, hasi ziren martxan 2011-2012 Planean aurreikusi bezala.

Iruñerriko taxi zerbitzua

Mahai tekniko batean lan egin da taxiaren sektoreko profesionalekin intereseko hainbat gai lantzeko. Tarifen esparrua sinplifikatzeko proposamen bat izan da garrantzitsuena. Proposamen hori ezin izan zen gauzatu urrian egindako Batzar Nagusian, tarifak onartzeko saio arruntean, taxiaren arloko elkarteen barnean desadostasunak daudelako. Dena den, 2013. urterako tarifak%5,7 garestitzea onartu zen. Ondoren, abenduan egin zen Batzar Nagusian arautzeko ordenantza aldatzea onartu zen eta horrek aukera emango du 2013an tarifen esparru berria ezartzeko.

Beste alde batetik, taxi gidari profesionala izateko baimena eskuratzeko zazpigarren deialdiko probak egin ziren . 74 eskaera onartu ziren, eta horietatik 56 eskatzailek lortu zuten baimena.

Azkenik, Nafarroako Gobernuko Garraioko Zuzendaritza Nagusiarekin, Foruzaingoarekin, Guardia Zibilarekin eta Iruñeko Udaltzaingoarekin koordinatuta, urteko lehen seihilekoan taxiaren arloko lehen ikuskatze kanpaina egin zen. Kanpaina horren ondorioz, taxi baimenen zenbait tituludun zigortzeko hainbat txosten abiarazi zen.

Energia sortzea

Energia elektrikoaren ekoizpenak harreman zuzena du aldian izandako prezipitazioekin. 2012an nabarmen handitu da jatorri hidraulikoa duen energia sortzea, aurreko urtearekin alderatuta, eta beste ekitaldi batzuetako ekoizpen normalak berreskuratu dira.

Zehatz-mehatz, 2012an, jatorri hidraulikoa duen energia elektrikoaren ekoizpena %34,49 handitu da aurreko urtekoaren aldean. Eugin %37,55 handitu da, Egillorren, %40,30, eta Urtasunen bere horretan mantendu da.

Biogaseko zentralei dagokienez, %17,71 handitu da ekoizpena. Gongorak %6,59 murriztu du, matxura baten ondorioz motorra geldituta egon baitzen otsailean, eta Arazurik %40 handitu du.

 

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, Taldearen galera eta irabazien kontuak 5.206 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2012an.

Emaitza horrek islatzen du Iruñerriko Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek eskaintzen dituzten emaitzen saldo gehitua, 78 m€, positiboa; eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietatearena, 5.128 m€, positiboa. Bi erakundeen jarduerak, eta, zehatzago, bakoitzak emandako zerbitzuen finantzabide sistemen berezitasunak kontuan harturik, hona hemen bi entitateei dagozkien emaitzen azterketak.

Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, sozietatearen galeren eta irabazien kontuak 5.127 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2012an. Sozietatearen izaera eta helburuak kontuan harturik, emaitza ekonomikoak azaltzen ahal dira aurrekontu desbideratzeetan oinarriturik. Bestalde, hasierako aurrekontu aurreikuspenek bideratzen dute bere ekonomia jarduera. Aurreikuspen horiek —zuhurtasun irizpideei jarraiki eginak— ekonomia kontabilitate orekaren helburua dute abiapuntu (galera eta irabazien kontuaren "zero" emaitza). Hartaz, honako hauek izaten ahal dira ekitaldiaren garapen ekonomikoaren alderdirik esanguratsuenak eta emaitzaren arrazoi nagusiak:

  • Diru sarreren eta diru-laguntzen aldizkakotzeen efektua kenduta –atal espezifikoa dute horiek txosten honetan–, ustiatzetik etorritako diru sarrerek izan dute, oro har, 1.307 m€-tik beherako errealizazio bat, hasieran aurreikusi zena baino %1,9 gehiago. Diru sarrera bereziek, apartekoek, (3.277 m€) aukera eman dute gainerako ataletako desbideratze negatiboak orekatzeko (nabarmendu behar dira 997 m€ “ustiapeneko diru laguntzak, emaitzan sartuak” eta 553 m€ “salmentetan” eta “zerbitzuak emateetan”.
  • Ustiapen gastuetan, amortizazioen efektua alde batera utzita, 3.732 m€-ko aurrezkia izan dute globalki hartuta, %6,2, hasierako aurreikuspenen gainetik. Positiboak izan diren desbideratzeen artean, nabarmentzekoak dira honako atal hauenak: “Hornidurak” (1.347 m€), “Kanpoko zerbitzuak” (1.308 m€) eta “Soldatak, ordainsariak eta antzekoak” (505 m€). Desbideratze negatibo gisa, honako atal hauek nabarmendu daitezke: “Beste enpresa batzuek egindako lanak” (237 m€).
  • Ibilgetuaren amortizazio teknikoengatik sortutako gastuak hasieran aurreikusiak baino zertxobait handiagoak izan dira, 35 m€ gehiago izan dira azken emaitzan, behin kenduta diru laguntzen aldizkakotze kontuetan izandako alderantzizko ondorioa.
  • Finantza emaitzak aurreikusitakoak baino handiagoak izan dira; zehazki, 309 m€-ko zenbatekoa izan da.

Ondorioz, esaten ahal da zerbitzuen ekonomia egitura eta kudeaketa irizpideak mantendu direla, besteak beste, zuhurtasun printzipioa aurrekontuak egiterakoan, betiere zerbitzuen nahikotasun ekonomikoa bermatze aldera. Hartara, ekitaldiko emaitzen kontuetan agertzen diren jarduerek behar bezala estaltzen dituzte zerbitzuen eta sozietatearen funtzionamendurako gastuak. Horri gehitzen badiogu finantza kargarik ez duela erakundeak egun, jokatzeko marjina nabarmena da etorkizuneko proiektuen eta inbertsioen finantzaketan.

Iruñerriko Mankomunitatea

Esan den bezala, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuak 79 m€-ko saldo positiboa izan du.

Lehenik eta behin, esan behar da Mankomunitatearen administrazio izaerak, baita egiten dituen jarduerenak ere, aurrekontu irizpideen nagusitasuna -zentzu administratiboan- ekartzen duela ondorioz irizpide ekonomikoen gainean, bere oreka zehazteari eta aztertzeari dagokienez, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela fluxuei egozten zaien denboran. Izan ere, esan behar da ekitaldian Mankomunitateak gauzatu dituen eragiketak –diru sarrerak zein gastuak– hasieran onartutako aurrekontuetako aurreikuspenekin bat etorrita ere, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuetan 891 m€-ko saldo negatiboa izango zuela. Hau ezin da interpretatu beren jardueren galera gordin gisa, ez eta bere zerbitzuen finantza-egituraren desoreka gisa ere (zeinua edozein izanda). Aitzitik, ekonomia irizpideak ezartzerakoan diru sarrerak eta gastuak aitortzeko irizpideetan izandako denbora-desfaseei egotz litzaieke. Horregatik, adierazitako 79 m€-ko saldo positiboa, egiatan, soilik 970 m€-ko desbideratze positiboa da hasieran aurreikusitakoarekin alderatuta.

Desbideratze honen arrazoi nagusia gastuen gauzatze txikiago batean dago. Hain zuzen ere, “Kanpoko zerbitzuak” epigrafeak hasieran aurreikusitakoa baino 661 m€-ko gauzatze txikiagoa du, nahiz eta desbideratze horren zati handi baten arrazoia zenbait proiektu geroratzea den (kudeaketa eta mugikortasun azterketak, tarifen esparru berria ezartzea…). Era berean, “Kudeaketa arrunteko beste gastu batzuk” epigrafearen gauzatzea ere nabarmen txikiagoa da, 459 m€-koa baita. Zati handienean Eskualdeko Hiri Garraioko zerbitzuaren enpresa kontzesiodunari egindako transferentziek osatzen dute, nahiz eta hemen agerian jarri behar den desberdin tratatu dela gastu honen sortzapenari emaitzen kontuan, aurrekontuaren likidazioan ematen zaionarekin alderatuta, eta, beraz, desbideratzearen egiazko arrazoia denbora desfase hori da.

Hain adierazgarriak ez diren desbideratzeak, baina emaitza positibo hori gutxitu dutenak, gertatu dira orokorrean erregistratzean maila txikiago bat diru sarreren gauzatzean, bai “Zerbitzuak ematea” epigrafean (128 m€), bai eta “Diru sarrera osagarriak eta kudeaketa arrunteko beste batzuk” epigrafean ere (117 m€). Kontrako zentzuan aipatu behar da “Hornidurak galtzea, narriatzea eta aldatzea eragiketa komertzialengatik” epigrafeak izan duen 113 m€-ko, 2010etik zetozen kreditu zordunen mugaegunean osorik kobratu baitira. Hain zuzen, haien geroratzea formalki emana zegoen, baino aurreko ekitaldietan hornidura moduan sartu ziren zalantzazko kobrantzako saldo gisa.

Hala ere, azpimarratu behar da Eskualdeko Hiri Garraioaren kudeaketa finantzatzeko jarri diren mekanismoengatik —jarduera honetan sartzen diren Foru Komunitatearen eta udalen ekarpenak, Garraio Planean finkatuak, gehienbat— Mankomunitatearen jarduera dela helburu zehatza duten funts batzuen administratzaile huts batek egin lezakeena baino zertxobait gehiago. Hori dela-eta, Mankomunitateak lortu duen emaitza ez da berez erakundearen jardueren soberakin gordin bat. Halaber, ezin da interpretatu bere zerbitzuen finantza egituraren desoreka gisa -edozein zeinutakoa-. Aitzitik, izan ditzakeen emaitzak konpentsatuko dituzte nahitaez aipatutako erakundeek etorkizunean egingo dituzten ekarpenek, handiagoak edo txikiagoak izanda ere.

Labur esanda, berriz esan behar da Iruñerriko Mankomunitateak egiten dituen jarduerek eta hauek finantzatzeko formulek zailtzen dutela diru sarreren aitorpenaren eta gastuenaren arteko denbora desoreka hutsei ez dagozkien emaitza esanguratsuak agertzea.

2.- Ekitaldia itxi ondoren gertatutako gertakari garrantzitsuak 

2013ko urtarrilaren 23ko datarekin Iruñerriko Mankomunitateko Erregistroan eskaera bat sartu da Iruñerriko hiri garraioko zerbitzuaren kontzesioaren oreka ekonomikoa berriz ezartzeko, Transports Ciutat Comtal, S.A. zerbitzuaren enpresa kontzesiodunak aurkeztua. Erreklamazio horretan eskatutako aldaketek eragiten diote bai etorkizuneko zerbitzuen konpentsazio ekonomikoari, bai eta 2012ko ekitaldiaren likidazioari ere. 2013ko aurrekontuaren kontura likidatzeko eskatzen da, eta horren gainean konpentsazio gehigarria eskatzen du, Iruñerriko Mankomunitateak kalkulatua 2,1 milioi euroren inguruan. Hemen ageri diren finantza egoerek ez dute kontzeptu honen inguruko aurreikuspenik jasotzen, eta txosten hau egin dugunean oraindik ere ez dakigu erreklamazio honi zein erantzun emango zaion eta, horrenbestez, Iruñerriko Mankomunitaterako zein betebehar eratorriko diren.

Aurreko paragrafoan aipatutakoa alde batera utzita, baita txostenaren 22. oharrean azaltzen diren errekurtso eta erreklamazioak ere –gaur egun, ez dago jakiterik horien ondorioz Iruñerriko Mankomunitateak izango dituen pasibo gehigarrien zenbateko zehatza–, 2012ko ekitaldiaren itxiera datatik ez da ondokoei nabarmen eragiten ahal zaien inolako gertaerarik izan: 2012ko ekitaldiko Urteko Kontu Kontsolidatuak, zerbitzuak ematea edo gizarte xedea betetzea, eta 2012ko abenduaren 31n bere ondasun eta eskubide, zor eta betebeharrek zituzten egoera edo balioa.

3.- Aurreikusteko moduko bilakaera

Ekitaldi honetako alderdirik nabarmenenek –txosten honen hasieran azaltzen dira– oso argi adierazten dituzte Talde honen jarduera bideratzen duten ildo nagusiak: teknologia aurreratua duten azpiegitura eraginkorrak, agindutako zerbitzuen kudeaketa eta ustiapena etengabe hobetzea, eta zerbitzu publiko berrien kudeaketa hartzeko gaitasuna.  Hori dela-eta, esaten ahal da aurrez ikusten ahal den Talde honen bilakaerak honako ezaugarri hauek izango dituela:

  • Erabilitako kudeaketa formulen egokitasuna, baita zerbitzuen oinarrizko helburuak betetzeko duten gaitasuna ere.
  • Egungo beharrak estaltzen ahal dituzten azpiegitura materialak izatea. Azpiegitura hauek kalitatekoak, ongi zainduak, eta nahiko berriak izateaz gainera, instalazio berriak etengabe garatzen ari direnez, egungo estaldura mailak behar den aldian bermatzen ahal dira, baldin eta erakartze berrien gaineko aurreikuspenak betetzen badira.
  • ­Zerbitzu berriak kudeatzeko eta emateko gaitasuna, ondokoetarako maila altua eskainiz: gaur egun dagoen egitura aprobetxatzeko eta integratzeko, eta zehazki behar den egitura garatzeko.
  • Geografia esparru handiagoa hartzea, datozen ekitaldietan gertatzen ahal den joera baita. Zabaltze honen gaineko ikerketak egiten dira etengabe beharrak zehazteko, eta eskumena duten erakundeekin kontaktuak eta elkarrizketak izaten dira horretarako.

Labur esanda, Taldearen bilakaera, aurreikusten ahal dena, gaur egungo kudeaketa formulak eta emandako zerbitzuak mantentzera eta garatzera bideratuta dago.

4.- Ikerketaren eta garapenaren arloko jarduerak 

Gure oinarrizko zerbitzuak kudeatzeaz gain, zenbait proiektu berritzaile garatu dugu, hartara, gure zerbitzuak ematearen emaitzak hobetzeko.

Hauek nabarmendu behar ditugu:

Hondakin uren energia termikoa baliatzeko proiektua. Ezagutzen hastea eta aurretiazko azterketak egitea.

ENERES enpresekin batera. Aurretiazko azterketak egitea eta azterketen datuak hartzea, hondakin uren aprobetxamendu termiko potentziala egiteko eskualdean bezero izan litezkeenentzat

Autobus elektrikoaren proiektua. Garapen teknologikorako proiektua. Proba pilotua.

FOTON enpresarekin, Nafarroako Gobernuarekin (CITEAM) eta TCC zerbitzuaren enpresa esleipendunarekin batera.

Sei hilabetean jarraipena egitea, eskualdeko garraioko lineetako zerbitzuan, autobus elektrikoaren funtzionamendu parametroei eta kontsumo elektrikoari dagozkion beste alderdi batzuei.

Arazuriko araztegiko lursail esperimentalean, idorreko lurlanetan, lohiak aplikatzeak ingurumenean dituen eraginen gaineko saioak, Instituto Técnico de Gestión Agrícola institutuarekin batera. Hainbat urtetarako saioa.

Instituto Técnico de Gestión Agrícola enpresa publikoarekin lankidetzan arituta, araztegiko lursail honetan 20 urtean ikertzen aritu eta gero emaitzak jaso dira. Errendimendu agronomikoen eta ingurumenekoen azterketak (metal astunak pilatzea lurzoruetan eta fruituetan) egiten jarraitzen dugu.

Sail ureztatuetan lohien aplikazio estentsiboetan ongarritzearen eraginkortasunari buruzko saioak (Nafarroaren Erdialdea).

Saioak egiteko lursailean, Erriberrin, Instituto Técnico de Gestión Agrícolarekin batera. Hainbat urtetarako saioa.

Araztegiko lohiak nekazaritzan aplikatzea sail ureztatu estentsiboetan eta artasoroetan. Azterketa konparatiboa beste hondakin organiko batzuekin.

Konpostaren bidez ongarritzearen eraginkortasunari buruzko saioak, mahastietan (Nafarroaren Erdialdea).

Saioak egiteko lursailean, Beiren, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Bodegas Ochoa enpresarekin batera. Hainbat urtetarako saioa.

Konposta erabilita ongarrituta, ardoa egiteko mahatsaren kalitatean duen eragin agronomikoa aztertzeko.

5.- Arriskuak eta ziurtasun ezak

Taldeak bere negozioen garapenari eragiten ahal dioten arriskuak eta ziurgabetasunak zein diren badakienez, detektatzeko eta kontrolatzeko behar diren mekanismoak jarri ditu.

6.- Finantza tresnak

Taldeak ez du kontratatuta finantza tresnarik.