Kudeaketa txostena

1.- Negozioen bilakaera eta sozietatearen egoera

Administrazio Kontseiluak, eta, ondorioz, Urteko Kudeaketa Planak 2009-2012 aldirako ebatzi zuten Plan Estrategikoak xedatutakoa gauzatzera bideratuta egon da Mendeko Sozietatearen kudeaketa 2011ko ekitaldian.

2011an eskatutako zerbitzuak emateari dagokionez, esaten ahal da aurreikusi ziren helburuak behar bezala bete direla. Ondokoak dira gure jarduera nagusien garapenak izan dituen ezaugarriak:

Uraren ziklo integrala

Iazkoaren aldean, uraren ekoizpena %2,1 handitu da, baita dagokion fakturazioa ere. Handitze hori norabide-aldaketa bat da azken urteekin alderatuz gero, gainbeheran baitzeuden, bai uraren ekoizpena, bai horren kontsumoa eta fakturazioa.

Emandako uraren kalitateari dagokionez, adierazle guztiek (kloro kontzentrazioa, uhertasuna eta bakteriologia kalitatea) berresten dute emandako urak kalitate maila handia duela eta, indarrean dagoen legedia dela eta, urte honetarako aurreikusita dauden helburuak bete direla.

Saneamenduari eta arazteari dagokionez, berriz, adierazleen bilakaerak (uretan esekita dauden solidoak kanporatzea eta oxigeno-eskari biokimikoa kentzea) erakusten digu arazte maila handia izaten jarraitzen dela eta urte honetarako aurreikusita zeuden helburuak bete direla.

Hiri hondakinak

Hondakinen sorrera %4,32 murriztu da aldi honetan, aurreko urteetan hasitako beheranzko joerari jarraituta.

Bilketa espezifikoak edo material bakar batekoak %9,96 murriztu dira, (36.393 tona aurten, eta 40.420 tona iaz); bi izan dira horren arrazoiak: bata, papera eta kartoia %16,41 jaitsi izana, edukiontzietan egindako lapurretengatik; eta bestea, bolumen handikoak ere jaitsi izana (%17,65).

Aurtengo hondakinen osaketa aztertzeko analisiek erakusten dute papera izan dela gehien murriztu den osagarria. Halere, material horren berreskuratze-portzentajea %65,68an dago, gutxixeagoa aurreko urteekin alderatuz gero baina EBk finkatutako helburuaren gainetik (%60).

Sortutako hondakinen murrizketarekin bat, berreskuratutako materialen kopurua murriztu da iaz berreskuratutako tonekin alderatuta (%8,18); datu hori oso baldintzatuta dago, ordea, bolumen handiko gutxiago berreskuratu direlako (%16,93ko beherakada), baita paper eta kartoi gutxiago ere (%16,28ko beherakada). Datu horien barne daude lantegian berreskuratutakoa eta material bakarreko bilketetan berreskuratutako materialak. Beste elementu batzuk, tetrabrikak, plastikoa eta zura, esaterako, gehiago berreskuratu dira, hain zuzen ere, %5,39, %4,05 eta %4,43, hurrenez hurren.

Eskualdeko Hiri Garraioa

36.452.339 bidaiari garraiatu ziren 2011n. Zertxobait jaitsi zen kopurua iazko aldi berberaren aldean, %0,38, zehazki esanda.

Zerbitzuaren berritasun gisa, urtarrilaren 1ean kendu ziren, Iruñerriko Hiri Garraioaren 2011-2012 Planean aurreikusten zen bezala, 21. linea (Erdialdea, Bakearen plaza – Noaingo aireportua) eta Zizur Nagusiko 24. linea, oso erabilera eskasa zutelako. Halaber, data horretan ere gaueko zerbitzuaren erreserbako autobus kopurua murriztu zen.

2011. urtean Mutiloako zerbitzu-barrutira eta Berroa industrialdera doan zerbitzu pilotua jarri da abian, 11. linea (Ezkaba-Sario eraikina) alde horretara luzatzearen bitartez; 2010eko irailaren 6an hasi zen eta urte honen bukaeraraino izan da martxan, baina ez luzatzeko erabakia hartu da, ezarritako minimoen azpitik gertatu baita horren erabilera.

Berritasun nagusi gisa, Eskualdeko Hiri Garraioaren webgune berria inauguratu zen ekainean: www.Infotuc.es. Bertan zenbait gauza egin daitezke: Eskualdeko Hiri Garraioari buruzko informazio osoa eskuratu, modu errazean eta azkarrean planifikatzea Iruñean eta Iruñerrian egin beharreko joan-etorriak, eta sarearen egoera ezagutzea denbora errealean. Hori guztia SAErekin duen konexioari esker; horrek autobus bakoitzaren kokapenari eta denborei buruzko informazioaren berri ematen du berehalakoan.

Azkenik, zenbait alternatiba aztertu dira Eskualdeko Hiri Garraioaren geroko kotxetegiak jartzeari begira. Azterketa horri esker, kokapen zehatz bat lortu da, bai eta Iruñeko Udalarekin hitzarmen bat onetsi ere, dagokion lur-saila lortze aldera.

Eskualdeko Taxi Zerbitzua

2012. urterako tarifa berriak onetsi dira, eta, batez beste, %3,14ko igoera izan dute tarifek.

Energia sortzea

Energia elektrikoaren ekoizpenak harreman zuzena du aldian izandako prezipitazioekin. 2011n gutxitu da, 2010. urtearekin eta azken urteotako batez bestekoarekin alderatuz gero.

Zehatz-mehatz, 2011n, jatorri hidraulikoa duen energia elektrikoaren ekoizpena %20 murriztu da aurreko urtekoaren aldean. Eugin %23,60 murriztu da, Egillorren %27,01 eta Urtasunen, aldiz, %4,27 handitu da, Urtasungo Araztegiak ur gehiago bideratu baitu kontsumorako.

Biogaseko zentralei dagokienez, Arazurik %15,44 murriztu du bere ekoizpena, karga eragilea gutxitu baita, eta Gongorak %6,08 murriztu du berea.

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, Taldearen galera eta irabazien kontuak 2.059 m€-ko (mila euro) saldo negatiboa izan du 2011n.

Emaitza horrek islatzen du Iruñerriko Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek eskaintzen dituzten emaitzen saldo gehitua, 5.192 m€, negatiboa; eta Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietatearena, 3.133 m€, positiboa. Bi entitateen jarduerak, eta, zehatzago, bakoitzak emandako zerbitzuen finantzabide sistemen berezitasunak kontuan harturik, hona hemen bi entitateei dagozkien emaitzen azterketak.

Iruñerriko Zerbitzuak SA

Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, sozietatearen galeren eta irabazien kontuak 3.133 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2011n. Sozietatearen izaera eta helburuak kontuan harturik, emaitza ekonomikoak azaltzen ahal dira aurrekontu desbideraketetan oinarriturik. Bestalde, hasierako aurrekontu-aurreikuspenek bideratzen dute bere ekonomia jarduera. Aurreikuspen horiek —zuhurtasun irizpideei jarraiki eginak— ekonomia-kontabilitate orekaren helburua dute abiapuntu (galera eta irabazien kontuaren "zero" emaitza). Hartaz, honako hauek izaten ahal dira ekitaldiaren garapen ekonomikoaren alderdirik esanguratsuenak eta emaitzaren arrazoi nagusiak:

  • Diru-sarreren eta diru-laguntzen aldizkakotzeen efektua kenduta –atal espezifikoa dute horiek txosten honetan–, ustiatzetik etorritako diru-sarrerek izan dute, oro har, 180 m€-tik beherako errealizazio bat, hasieran aurreikusi zena baino %0,3 gutxiago. Nabarmentzekoa da “Salmentak” ataleko saldo positiboa –1.328 m€– eta “Ekitaldiaren emaitzan sartutako ustiatzeko diru-laguntzak” ataleko saldo negatiboa –336 m€–.
  • Ustiatze-gastuetan, amortizazioen efektua alde batera utzita, 3.451 m€-ko aurrezkia izan dute globalki hartuta, %5,5, hasierako aurreikuspenen gainetik. Positiboak izan diren desbideratzeen artean, nabarmentzekoak dira honako atal hauenak: “Kanpo zerbitzuak” (1.370 m€), “Soldatak, ordainsariak eta parekatuak” eta “Gizarte kargak” (1.1258 m€), eta “Mankomunitatearen kudeaketa gastuak” (580 m€). Desbideratze negatibo gisa, honako atal hauek nabarmendu daitezke: “Hornidurak” –122m€–, “Ur-kontsumoa" –100m€–, eta “Aparteko gastuak” –116 m€–.
  • Ibilgetuaren amortizazio teknikoengatik sortutako gastuak hasieran aurreikusiak baino 361 m€ gehiago izan dira azken emaitzan, behin kenduta diru laguntzen aldizkakotze-kontuetan izandako alderantzizko ondorioa.
  • Emaitza finantzarioak apenas izan dira aurreikusitakoak baino handiagoak: 388 m€.

Ondorioz, esaten ahal da zerbitzuen ekonomia-egitura eta kudeaketa-irizpideak mantendu direla, besteak beste, zuhurtasun printzipioa aurrekontuak egiterakoan, betiere zerbitzuen nahikotasun ekonomikoa bermatze aldera. Hartara, ekitaldiko emaitzen kontuetan agertzen diren jarduerek behar bezala estaltzen dituzte zerbitzuen eta sozietatearen funtzionamendurako gastuak. Bestalde, aipatutako kontuek aurrezki gordina sortzeaz gainera (10 milioi euro ingurukoa 2011n), gaur egun finantza kargarik jasaten ez duenez, etorkizuneko proiektuak eta inbertsioak finantzatzeko askatasun handia dago.

Iruñerriko Mankomunitatea

Esan den bezala, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuak 5.192 m€-ko saldo negatiboa izan du.

Lehenik eta behin, esan behar da Mankomunitatearen administrazio izaerak, baita egiten dituen jarduerenak ere, aurrekontu irizpideen nagusitasuna -zentzu administratiboan- ekartzen duela ondorioz irizpide ekonomikoen gainean, bere oreka zehazteari eta aztertzeari dagokienez, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela fluxuei egozten zaien denboran. Izan ere, esan behar da ekitaldian Mankomunitateak gauzatu dituen eragiketak –diru-sarrerak zein gastuak– hasieran onartutako aurrekontuetako aurreikuspenekin bat etorrita ere, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuetan 3.190 m€-ko saldo negatiboa izanen zuela. Hau ezin da interpretatu beren jardueren galera gordin gisa, ez eta bere zerbitzuen finantza-egituraren desoreka gisa ere (zeinua edozein izanda). Aitzitik, ekonomia irizpideak ezartzerakoan diru-sarrerak eta gastuak aitortzeko irizpideetan izandako denbora-desfaseei egotz litzaieke.  Horregatik, adierazitako 5.192 m€-ko saldo negatiboa, egiatan, soilik 2.002 m€-ko desbideratze negatiboa da hasieran aurreikusitakoarekin alderatuta.

Desbideratze negatibo horren zati handiena Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuko enpresa kontzesiodunei egindako ordainketen ondorioz sortu da. Alde batetik, gaur egun kontzesioa ustiatzen duen enpresari egindako ohiko transferentzien gastua hasiera batean aurrekontuan zegoena baino 764 m€ gehiago izan da, gehienbat erregaien prezioa nabarmen igo delako; beste alde batetik, 2011ko ekitaldiko Galera eta Irabazien kontuak 953 m€-ko gastua jasotzen du 114/2008 apelazio-errekurtsoaren epaiagatik ordaintzekoa aurreikusita (Administrazioarekiko 72/2006 auzi-errekurtsoa ebatzi zuen epaiaren aurka eman zen). "La Montañesa Veolia Transporte, S.L.U." enpresak jarri zuen errekurtso hura, 2006ko ekainaren 14an Iruñerriko Mankomunitateko Batzarrak hartutako erabakien aurka. Hain zuzen ere, erabaki horiek ez zituzten bi eskaera aintzat hartu, Garraioaren zerbitzuaren emakidaren oreka ekonomikoa berrezartzearenak (2012ko otsailaren 1eko Auto batek finkatu du zenbateko hori). 

Badira beste desbideratze batzuk, hain garrantzitsuak ez direnak, baina emaitza negatibo hori osatu dute; esaterako, diru-sarrera gutxiago bildu dira Eskualdeko Hiri Garaioa finantzatzeko ekarpen publikoetan: Nafarroako Gobernuaren ekarpenak hasieran aurreikusitakoak baino 90 m€ gutxiago izan dira familia ugarientzako tarifa bonifikatuaren erabilera errealagatik aplikatutako egokitzapenak direla-eta; Udalenak ere 131 m€ gutxiago izan dira industrialdeetan esperientzia pilotuak egiteko izenpetutako hitzarmenen aurreikusitako eraginaren zati handi bat 2012ko ekitaldirako atzeratu baita.

Hala ere, azpimarratu behar da Eskualdeko Hiri Garraioaren kudeaketa finantzatzeko jarri diren mekanismoengatik —jarduera honetan sartzen diren Foru Komunitatearen eta udalen ekarpenak, Garraio Planean finkatuak, gehienbat— Mankomunitatearen jarduera dela helburu zehatza duten fondo batzuen administratzaile huts batek egin lezakeena baino zertxobait gehiago. Hori dela-eta, Mankomunitateak lortu duen emaitza ez da berez entitatearen jardueren soberakin gordin bat. Halaber, ezin da interpretatu bere zerbitzuen finantza egituraren desoreka gisa -edozein zeinutakoa-. Aitzitik, izan ditzakeen emaitzak konpentsatuko dituzte nahitaez aipatutako erakundeek etorkizunean eginen dituzten ekarpenek, handiagoak edo txikiagoak izanda ere.

Labur esanda, berriz esan behar da Iruñerriko Mankomunitateak egiten dituen jarduerek eta hauek finantzatzeko formulek zailtzen dutela diru-sarreren aitorpenaren eta gastuenaren arteko denbora desoreka hutsei ez dagozkien emaitza esanguratsuak agertzea.

2.- Ekitaldia itxi ondoren gertatutako gertaera garrantzitsuak 

2012ko otsailaren 1eko datarekin, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak auto bat ebatzi du, eta, horren bidez, 953.463,09 euroko zenbatekoa finkatzen du Iruñerriko Mankomunitateak La Montañesa, S.L.U. enpresari ordaindu beharrekoa, konpentsazio gisa. Auto horrek 114/2008 apelazio-errekurtsoaren epai finkoaren gauzatze fasea egitea dakar –Administrazioarekiko 72/2006 auzi-errekurtsoa ebatzi zuen epaiaren aurka eman zen apelazio-errekurtso hori–. "La Montañesa Veolia Transporte, S.L.U." enpresak jarri zuen errekurtso hura, 2006ko ekainaren 14an Iruñerriko Mankomunitateko Batzarrak hartutako erabakien aurka. Hain zuzen ere, erabaki horiek ez zituzten bi eskaera aintzat hartu, alde batetik, Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren emakidaren oreka ekonomikoa berrezartzearena eta, bestetik, bidaiarien kopuruari buruzko konpromisoa berrikustearena. Autoan ezarritako zenbatekoa erregistratuta dago jada 2011ko ekitaldiko Urteko Kontu Kontsolidatuetan (ikusi Memoriaren 22. oharra).

Aurreko paragrafoan aipatutakoa alde batera utzita, baita txostenaren 22. oharrean azaltzen diren errekurtso eta erreklamazioak ere –gaur egun, ez dago jakiterik horien ondorioz Iruñerriko Mankomunitateak izanen dituen pasibo gehigarrien zenbateko zehatza–, 2011ko ekitaldiaren itxiera datatik ez da ondokoei nabarmen eragiten ahal zaien inolako gertaerarik izan: 2011ko ekitaldiko Urteko Kontu Bateratuak, zerbitzuak ematea edo gizarte xedea betetzea, eta 2011ko abenduaren 31n bere ondasun eta eskubide, zor eta betebeharrek zituzten egoera edo balioa. 

3.- Aurreikusteko moduko bilakaera

Ekitaldi honetako alderdirik nabarmenenek –txosten honen hasieran azaltzen dira– oso argi adierazten dituzte Talde honen jarduera bideratzen duten ildo nagusiak: teknologia aurreratua duten azpiegitura eraginkorrak, agindutako zerbitzuen kudeaketa eta ustiapena etengabe hobetzea, eta zerbitzu publiko berrien kudeaketa hartzeko gaitasuna.  Hori dela-eta, esaten ahal da aurrez ikusten ahal den Talde honen bilakaerak honako ezaugarri hauek izanen dituela:

  • Erabilitako kudeaketa formulen egokitasuna, baita zerbitzuen oinarrizko helburuak betetzeko duten gaitasuna ere.
  • Egungo beharrak estaltzen ahal dituzten azpiegitura materialak izatea. Azpiegitura hauek kalitatekoak, ongi zainduak, eta nahiko berriak izateaz gainera, instalazio berriak etengabe garatzen ari direnez, egungo estaldura mailak behar den aldian bermatzen ahal dira, baldin eta erakartze berrien gaineko aurreikuspenak betetzen badira.
  • Zerbitzu berriak kudeatzeko eta emateko gaitasuna, ondokoetarako maila altua eskainiz: gaur egun dagoen egitura aprobetxatzeko eta integratzeko, eta zehazki behar den egitura garatzeko.
  • Geografia-esparru handiagoa hartzea, datozen ekitaldietan gertatzen ahal den joera baita. Zabaltze honen gaineko ikerketak egiten dira etengabe beharrak zehazteko, eta eskumena duten erakundeekin kontaktuak eta elkarrizketak izaten dira horretarako.

Labur esanda, Taldearen bilakaera, aurreikusten ahal dena, gaur egungo kudeaketa formulak eta emandako zerbitzuak mantentzera eta garatzera bideratuta dago.

4.- Jarduerak ikerkuntza eta garapenaren arloetan

Gure oinarrizko zerbitzuak kudeatzeaz gain, izaera berritzaileko hainbat proiektu garatu dira, gure zerbitzuen ematearen emaitzak hobetuko dituztenak.

Ondorengo hauek nabarmendu ditzakegu:

“Water an Territories-WAT” Europako proiektua. Interreg IV-SUDOE; FEDER funtsak (Nafarroako Gobernuarekin batera, NILSA eta NAMAINSA enpresen bidez)

Zenbait urtetarako 2009-2011 proiektuaren ondorioa

  • Iruñerriko Mankomunitatearen hondakin-uren tratamenduaren alternatiben diagnosia eta azterketa:    EDAR-Arazuri (Kantabriako Unibertsitateko Ingurumen Ingeniaritzako taldearekin).
  • Lantegi pilotu baten diseinua eta optimizazioa, Arazuriko EDAR araztegian tratamendu aurreratua egiteko.
  • Arazuriko EDAR araztegiak Arga ibaian egindako isurketen eragina modelizatzeko azterketa.

Hondakin-uren energia termikoa aprobetxatzeko proiektua. Ezagutzen hastea eta aurretiko azterketak (ENERES eta IPS enpresekin batera)

Aurretiko azterketak egitea eta datuak hartzea hondakin-uren aprobetxamendu termikoaren potentziala ebaluatzeko, eskualdeko balizko bezeroei begira.

Lohiak lehorreko laborantza estentsiboetan aplikatzearen ingurumen-eraginari buruzko probak

Arazuriko EDAR araztegiko lur-sail esperimentala, Nekazaritza Kudeaketako Institutu Teknikoarekin batera. Zenbait urtetarako saioa.

Nekazaritza Kudeaketako Institutua enpresa publikoarekin elkarlanean, araztegiko lurretan probak egiteko dagoen lur-sail horretan 20 urtean egindako ikerketaren emaitzak lortu dira. Nekazaritza eta Ingurumen arloei buruzko ikerketak egiten ari dira oraindik (metal astunen metaketa lur-zoruetan eta fruituetan).

Lohi-ongarriak ureztatze-soro estentsiboetan aplikatzeak duen eraginkortasunari buruzko probak (Nafarroako Erdialdea)

Erriberriko saioetarako lur-saila, Nekazaritza Kudeaketako Institutu Teknikoarekin batera. Zenbait urtetarako saioa.

Araztegiko lohiak nekazaritzan aplikatzea. Laborantza estentsiboak, ureztatzekoak eta arto-laborantzak. Beste hondakin organikoekin alderatzeko azterketa.

Konpost-ongarriak mahastietan duen eraginkortasunari buruzko probak (Nafarroako Erdialdea)

Beireko saioetarako lur-saila, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Bodegas Ochoa enpresarekin batera. Zenbait urtetarako saioa.

Konpostarekin ongarritzeak ardoa egiteko mahastien kalitatean duen eragin agronomikoa aztertzea.

Hornidurako tutu berri baten garapena.

Proiektuaren helburua da hornidurako tutu bat egitea, honako xede hauekin:

  • Tutuen egiturazko ezaugarriak hobetzea; horrela, materialen diseinu optimizatu bat lortu nahi da, bai egiturazko esparrutik, bai funtzionaltasun eta fabrikazioko esparrutik.
  • Tutua erabiltzea informazioa transmititzeko elementu gisa, uraren kudeaketa hobea ziurtatzeko baliabide bat den aldetik; horrela, zerbitzuaren operadoreen esparruan garatzen diren gainerako prozesu guztiak optimizatuko dira. Transmititzekoa den informazioa sarearen parametro interesgarriei buruzkoa izango da (presioa, emaria, pH, eta abar), baita funtzionamendu-egoerari buruzkoa ere; horrela, sarea arazoak garaiz detektatzeko sistema bat izanen da, baita baimenik ez duten agenteen iruzurrezko manipulazioak detektatzeko ere.

Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioak laguntzen du diruz proiektu hori, Inpacto 2011 deialdiaren barnean; hiru urteko iraupena du.

Biogasaren erabileraren alternatiben azterketa

2011ko martxotik maiatzera azterlan bat egin zen Gongorako CTRUko zabortegian sortutako biogasaren soberakina aprobetxatzearen alternatibak aztertzeko. IDOM ingeniaritza-enpresak egin zuen lana, biogas hori energia gisa baliatzeko sistema onena lortze aldera. Azterketan sei erabilera-alternatiba aztertu ziren: Erregaia, sorgailu termikoetarako; erregaia, kogeneraziorako, barne-errekuntzako motorren bidez; erregaia, kogeneraziorako, gas-turbinen bidez; erregaia, ibilgailuetan erabiltzeko; gas naturalaren sarean sartzea; eta pila gisa erabiltzea. Azterlanaren arabera, alternatiba onena zen –teknika, ekonomia eta ingurumen ikuspegietatik– biogasa baliatzea energia elektrikoa sortzeko, Gongorako CTRU zentroan instalatutako barne-errekuntzako motoreen bitartez.

Administrazio digitala ezartzea

Administrazio digitala ezartzeko proiektuko lanekin jarraitzen ari gara; horren bidez, ematen ditugun zerbitzuei buruzko tramiteetara gure bezeroek duten sarbide elektronikoa errazten ari gara.

Autobus elektrikoaren proba pilotua

2011ko abuztua eta abendua bitartean proba pilotu bat egin zen %100 elektrikoa zen autobus batekin (“Pilavesa” du izena).

5.- Arriskuak eta ziurtasun ezak

Taldeak bere negozioen garapenari eragiten ahal dioten arriskuak eta ziurgabetasunak zein diren badakienez, detektatzeko eta kontrolatzeko behar diren mekanismoak jarri ditu.

6.- Finantza baliabideak

Taldeak ez du finantza-baliabiderik kontratatu.