Iruñerriko Mankomunitatea
2009ko ekitaldiko txostena

Entitatea

Kudeatutako zerbitzuak

uraren ziklo integrala

Edateko urez hornitzea eta hondakin urak sanotzea dira Mankomunitatea sortu zenetik, hau da, 1982tik ematen dituen bi zerbitzuak.

Egun, urez hornitzeko hiru iturri nagusi ditugu: Artetako iturburua, Eugiko urtegia eta Itoizko urtegia, Nafarroako ubidearen bidez. Iturri horietako bakoitzetik heltzen den ura, edateko uren araztegi batean tratatzen dute, gizakiok edan ahal izateko:

  • Artetako iturburua – Egillorko Edateko Uren Araztegia
  • Eugiko urtegia – Urtasungo Edateko Uren Araztegia
  • Itoitz-Nafarroako ubidea – Tiebasko Edateko Uren Araztegia

Herritarrak urez hornitzeko sistema honek oinarri du hornitzeko sare bilbe konplexua: 1.508 kilometro hodi eta 136 biltegi ditu. Hartara, ziurtatuta dute ura izatea, bai kopuruari eta bai kalitateari dagokionez, Iruñerriko herriek.

> sanotzea eta araztea

Iruñerriko biztanleen %95ek sortzen dituzten hondakin urak Arazuriko Hondakin-urak Arazteko Plantara bideratzen dira (Iruñetik 3 kilometrora), 1.622 km-ko kolektore sarea.

Planta hori 1990ean jarri zuten martxan, eta 1999an handitu egin zuten. Han, hondakin urak araztu egiten dituzte, tratatze fisikoa eta biologikoa eginda. Era berean, arazte prozesuan sortzen diren lohiak tratatu egiten dira, gero nekazaritzan eta lorezaintzan erabili ahal izateko; eta lohi horien digestio prozesuan sortzen den biogasa energia termiko eta elektriko bihurtzen da.

Uraren Ziklo Integralari dagozkion jarduerak zuzenean egiten dituzte Mankomunitateko langileek berek.

> biltzea

Birzikla daitekeen materia bizigabea ahalik eta gehiena balioztatzea eta berreskuratzea etxean modu eraginkorrean sailkatzearen mende dago. Horretarako, gertutasun, erosotasun eta eskuragarritasun errazaren printzipioei jarraituz jarri dira edukiontziak.

Kaleetan hondakinak biltzeko dauden puntu guztiek hiru edukiontzi mota hauek dituzte: ontziak biltzekoa, papera-kartoia biltzekoa, eta materia organikoa eta gainerakoak biltzekoa. Gainera, biltzeko bi puntutatik batek beira botatzeko iglu erako edukiontzi espezifiko bat du.

Etxean sortzen diren hondakin bereziak gaika biltzeko helburua duten instalazioak dira garbiguneak. Bi motatakoak dira: finkoak (2 dira), hipermerkatuetako aparkalekuetan daude, eta mugikorrak, aurretik ezarrita dagoen maiztasunarekin eta etengabe hainbat herri eta auzotara joaten diren 2 ibilgailu dira.

Zerbitzu hau osatzeko, tamaina handikoen bilketa, pilena, inausteena, eta Iruñeko Alde Zaharreko saltegietan kartoia eta beira biltzeko egiten duten “atez atekoa” daude.

Bilketen plangintza, zerbitzuaren kontrola, ikuskatzea, ibilgailuak eta edukiontziak erostea, eta biltze berezien diseinua SCPSAko langileek berek egiten dute, eta gauzatzen duen enpresa Fomento de Construcciones y Contratas da, SCPSArekin sinatua duen kontratuaren bertutez.

> tratatzea

Dagokion edukiontzian sartu eta gero, hondakinak Gongorako Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentrora eramaten dira. 1992ko ekainean jarri zuten martxan zentro hori, eta hondakinak tratatzeko bi eremu ezberdin ditu: gaikako planta eta zabortegi kontrolatua.

Gaikako plantak birzikla daitezkeen produktuak hartzen ditu, eta gero multzoka sailkatzen dira. Hartara, gaika bereizita daudenean, enpresetara bideratzen dira, Ecoembesek eta Ecovidriok izendatutakoetara, eta han produktu berriak sortzeko lehengai moduan aprobetxatzen dituzte.

Birziklatu ezin diren hondakinak eramaten dira zabortegira, edukiontzi berdeetan bota direnak. Han, aldian behin lurperatu egiten dira, materia organikoaren hartzidura anaerobioa errazteko. Ateratze eta bideratze sistema baten bidez, sortzen diren gasak, energiari dagokionez, erabilgarriak izan daitezen egiten dute.

eskualdeko hiri garraioa

Iruñeko hiri kontinuumeko 17 udalerrien artean zeuden mugikortasun arazoak konpontzeko asmoarekin, Mankomunitateak eskualdeko hiri garraioa kudeatzeko ardura hartu zuen.

Zerbitzu berriaren oinarrizko xedea zeuden hiri eta hiriarteko lineak gainjartzea bateratzea izan da. Horren ondorioz, Iruñerriko auzoen eta udalerrien arteko lotura hobetu ahal izan da, eguneko 21 lineen eta gaueko zerbitzuko 9 lineen bidez, eta tarifen sistema homogeneoa finkatu ahal izan da.

2009an, eskualdeko hiri garraioko sareak 349 kilometro ditu. Eta 491 geltoki.  Autobus flota 141 ibilgailuk osatzen dute (horien %96 erraz sartzeko modukoak dira, “zoru baxukoak”). Autobus horiek batez beste 5,7 urte eta 117 bidaiariko edukiera dituzte.

Zerbitzu hau emateko zeharkako kudeaketaren formula erabiltzen da. Mankomunitateak zerbitzuaren plangintza eta kontrola egiten ditu, eta La Montañesa SLU enpresak zerbitzua ematen du, dagokion kontzesio kontratuan ezarrita dauden baldintzen arabera.

taxi zerbitzua

Iruñean eta Iruñerrian taxi zerbitzua hobetzeko eta legedia testuinguru berrira egokitzeko asmoz, 2005ean, Nafarroako Parlamentuak taxiaren gaineko foru legea onartu zuen (9/2005 Foru Legea, uztailaren 6koa). Lege horren bidez, zerbitzua batera emateko eremu bat sortzea bultzatu zen (eremu horrek Iruñerriko 19 udalerri hartzen ditu), eta zerbitzua kudeatzeko ardura Iruñerriko Mankomunitateak hartu zuen. Legeak finkatzen zituen beste neurrietako bat taxi baimen gehiago sortzea zen: 2006an Mankomunitateak deialdia egin zuen, eta horren bidez beste 90 baimen gehiago eman ziren eta lehendik zeuden 223ei gehitu zitzaizkien.

iruñerriko ibai parkea

2000. urteko urtarrilean, Iruñerriko zenbait udalek, Nafarroako Gobernuarekin eta NILSA sozietate publikoarekin batera, Iruñerriko Ibai Parkearen Partzuergoa sortu zuten. Beren ibaien uberkak lehengoratzea eta, hartara, gure ibai inguruen natura balioa berreskuratzean aurrera egitea izan zen helburua. 2003ko udaberrian parkea inauguratu zuten eta Partzuergoak kudeatzea onartu zuen. Kudeatze horrek lan osagarriak egitea eta azpiegiturak konpontzea ere hartu zuen.

2006an, Uraren Ziklo Integralarekin bat zetorren ikuspegia emateko asmoz, Partzuergoak ibai parkearen kudeaketa 2007tik aurrera Iruñerriko Mankomunitatera eskualdatzea erabaki zuen. Erabaki hori Partzuergoa desegitearekin batera etorri zen. Korridore berde bat da, naturari babes ematen diona, hiriak ibai inguruari egiten dion presiotik babesten duena, Iruñerriaren paisaia pertzepzioa hobetzen duena, eta komunikatzeko bide garrantzitsua ematen duena, oinez edo bizikletaz erabiltzeko.