Mancomunidad de la Comarca de Pamplona
Memoria 2008

Urteko kontuak

Kudeaketa txostena

1. negozioen bilakaera eta sozietatearen egoera

2008ko ekitaldian Mendeko Sozietatearen kudeaketa bideratu da Administrazio Kontseiluak 2005-2008 aldirako ezarri zuen Urteko Kudeaketa Planak xedatutakoa eta ondorioz izan den Plan Estrategikoa gauzatzera.
2008an eskatutako zerbitzuak emateari dagokionez, esaten ahal da aurreikusi ziren helburuak behar bezala bete direla. Ondokoak dira gure jarduera nagusiak garatzeak izan dituen ezaugarriak:

  • Uraren Ziklo Integrala Iazkoaren aldean, uraren ekoizpena %4,89 murriztu da, baita horri dagokion fakturazioa ere. Murrizketa hori, aurreko urteetan ere izan zena, gertatu da ura erabiltzeko ohiturak aldatu eta industria prozesuak optimizatu direlako.
    Emandako uraren kalitateari dagokionez, adierazle guztiek (kloro kontzentrazioa, uhertasuna eta kalitatea bakteriologikoa) berresten dute emandako urak kalitate maila handia duela, eta, indarrean dagoen legedia dela eta, urte honetarako aurreikusita dauden helburuak bete direla.
    Saneamenduari eta arazteari dagokionez, berriz, adierazleen bilakaerak (uretan esekita dauden solidoak eta oxigeno-eskari biokimikoa kentzea) erakusten digu arazte maila handia izaten jarraitzen dela eta urte honetarako aurreikusita zeuden helburuak bete direla.
    Hiri-hondakinak: Esaten ahal da sortutako zabor kopurua iraunkorki mantendu dela aldi honetan, iazkoaren aldean %0,45 soilik handitu delako. Azken urteotako goranzko joera hautsi da.
    Bestalde, azken urteotako joerarekin bat, bilketa espezifikoak edo material bakar batenak igo dira, baina modu apalagoan. Ekitaldia ixtean izan ziren zifrak alderatuta, %6,51 igo da (42.186 t izan dira aurten, iazko 39.607 tonen aldean), eta beirak izan du gehitze nabarmenena.
    Berreskuratu diren materialen kopurua %7,80 igo da, datu hauetan sartu dira, alde batetik, plantan egindako berreskurapena eta, bestalde, material bakar baten bilketan berreskuratutako materialak.
    Eskualdeko Hiri Garraioa 38.518.647 bidaiari garraiatu ziren 2008an. Zertxobait igo da kopurua iazko aldi berberaren aldean, %0,13, zehazki esanda.
    Zerbitzuan izan den berritasunik nabarmenari dagokionez, hiru linea berri sortu eta egun dauden batzuk aldatu dira.
    Inbertsioei dagokienez, uztaila eta abuztua artean 11 autobus berri jarri ziren, hots, aurten berritu behar zen flotaren zatia. Halaber, urrian kendu ziren 4 autobus zaharrenak.
    Zerbitzuaren hobetze teknologikoari dagokionez, ekainaren hasieran onartu zen INDRA enpresari esleitzea Ustiatzerako Laguntza eta Informazio Sistema, eta sistema ezartzen hasi da.
    Kontakturik gabeko ordainketa sistemari dagokionez, Mankomunitateak etorkizunean zerbitzu askotariko txartel bat sortzeko eta ordainketa sistemaren fidagarritasuna hobeki kontrolatzeko aukera baloratu ondoren, erabaki da administrazioak kontratatzea txartel anonimoak birkargatzeko eta emateko sare berria. 2008an egin dira kontratazio horiek.
    Eskualdeko Taxi Zerbitzua: Taxiaren tarifa berriak onartu dira, 2008rako, abuztuan indarrean sartu direnak, baita 2009rako tarifa berriak igotzea ere.
    Azkenik, taxi zerbitzua  hobetzeko xedez, zerbitzuaren jarraipena egiteko batzorde bat eratu da, Mankomunitateak, taxiaren sektoreko asoziazioek eta kontsumitzaileen asoziazioek sortua.
    Iruñerriko Ibai Parkea. Apirilean Ibai Parkea Zabaltzeko Lan Batzordea sortu zen, bertan interesa duten entitateek eratua. Bigarren seihilekoan entitate horiekin idazteko hainbat bilera eginik, abenduan bukatu da.
    Energia sortzea: Energia elektrikoa sortzeari dagokionez, aurten izan den prezipitazioen kantitatea dela eta, askoz energia elektriko gehiago sortu da —jatorri hidraulikoa duena— iazkoaren aldean, eta aurreko ekitaldietako ekoizpen normalak gainditu ditu.
    2008an, jatorri hidraulikoa duen energia elektrikoaren ekoizpena %31,30 igo da aurreko urtekoaren aldean. Zentral hidroelektrikoak azterturik, gehiago ekoitzi da Eugin (%28,14), Egillorren (%33,78) eta Urtasunen (%10,12).
    Biogas zentralak azterturik, gehiago ekoitzi dute bai Gongorakoak (%20,52), bai Arazurikoak (%15,40).
    Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, Taldearen galera eta irabazien kontuak 628 m€-ko (mila euro) saldo positiboa izan du 2008an.
    Emaitza honek islatzen du Iruñerriko Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek eskaintzen dituzten emaitzen saldo gehitua, 1.749 m€, negatiboa; eta sozietatearena, 2.377 m€, positiboa. Bi entitateen jarduerak, eta, zehatzago esanda, bakoitzak emandako zerbitzuen finantzabide sistemen berezitasunak kontuan harturik, hona hemen bi entitateei dagozkien emaitzen azterketak.

> iruñerriko zerbitzuak, s.a.

2008ko ekitaldirako, Sozietatearen galera eta irabazien kontuak 2.377 m€-ko (mila euro) saldo positiboa du guztira. Sozietatearen izaera eta helburuak kontuan harturik, emaitza ekonomikoak azaltzen ahal dira aurrekontu desbideraketetan oinarriturik. Bestalde, hasierako aurrekontu-aurreikuspenek bideratzen dute bere ekonomia jarduera. Aurreikuspen horiek — zuhurtasun irizpideei jarraiki eginak— ekonomia-kontabilitate orekaren helburua dute abiapuntu (galera eta irabazien kontuaren "zero" emaitza). Hartaz, honako hauek izaten ahal dira ekitaldiaren garapen ekonomikoaren alderdirik esanguratsuenak eta emaitzaren arrazoi nagusiak:

  • Txosten honetan atal berezia duten amortizazioen ondorioa izan ezik,  ustiapen gastuek, oro har, 2.886 m€-ko aurrezkia izan dute, %5 hasierako aurreikuspenen gainetik. Zenbateko hori da zeinu positiboa duten desbideraketen emaitza garbia. Horien artean nabarmentzen dira "Kanpoko zerbitzuak" (2.083 m€), "Lansariak, soldatak, eta antzekoak" (918 m€) eta "Beste enpresa batzuek egindako lanak" (484 m€) atalak. Halaber, nabarmentzekoak dira zeinu negatiboa duten desbideraketak, "Pentsio fondorako hornidura"  atalean erregistratutakoak gehienbat.
  • Diru sarreren eta diru laguntzen aldizkakotzeen ondorioa kenduta, ustiatzetik etorritako diru sarrerek izan dute, oro har, 140 m€-tik beherako errealizazio bat, hasieran aurreikusi zena baino %0,2 gutxiago. Nabarmentzekoa da 301 m€-ko saldo negatiboa "Enpresak bere aktiborako egindako lanak" atalean, eta 290m€-ko desbideratze positiboa "Negozio-kopuruaren zenbateko garbia" epigrafean. Han, hornidura kuota aldakorrean aurrekontuetan jarritakoaren aldean, 866 m€ gutxiago fakturatu dira, eta ederki konpentsatu dira energia elektrikoa eta Gongorako Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentroak berreskuratutako materialak saldu direlako (743 eta 666 m€ desbideratu dira, hurrenez hurren).
  • Ibilgetuaren amortizazio teknikoengatik sortutako gastuak hasieran aurreikusiak baino 415 m€ gehiago izan dira azken emaitzan, behin kenduta diru laguntzen aldizkakotze-kontuetan izandako alderantzizko ondorioa.
  • Emaitza finantzarioek ere lagundu dute azken emaitza positiboa sortzen, 117 m€-ko desbideratze positiboa ekarri dutelako.

Ondorioz, zerbitzuen ikuspegitik esaten ahal da ekonomia egitura eta kudeaketa irizpideak mantendu direla, besteak beste, zuhurtasun printzipioa aurrekontuak egiteko, betiere horien nahikotasun ekonomikoa bermatze aldera. Hartara, ekitaldiko emaitzen kontuetan agertzen diren jarduerek behar bezala estaltzen dituzte zerbitzuek eta sozietateak funtzionatzeko behar dituzten gastuak (ustiatze gastuak ken amortizazio teknikoak). Bestalde, aipatutako kontuek aurrezki gordina sortzeaz gainera (8 milioi euro ingurukoa 2008an), gaur egun finantza kargarik jasaten ez duenez, etorkizuneko proiektuak eta inbertsioak finantzatzeko ahalmen handia dago.

> iruñerriko mankomunitatea

Esan den bezala, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuak 1.749 m€-ko saldo negatiboa izan du.

Lehenik eta behin, esan behar da Mankomunitatearen administrazio izaerak, baita egiten dituen jarduerenak ere, aurrekontu irizpideen nagusitasuna -zentzu administratiboan- ekartzen duela irizpide ekonomikoen gainean, bere oreka zehazteari eta aztertzeari dagokienez. Halaber, behar diren desberdintasunak izaten dira fluxuak denboran egozteari dagokionez. Izan ere, esan behar da, ekitaldian Mankomunitateak gauzatu dituen eragiketak hasieran onartutako aurrekontuetako diru sarreretan zein gastuetan aurreikusitakoekin bat etorrita ere, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek 2.629 m€-ko saldo negatiboa izanen zuketela. Hori ezin izan zatekeen interpretatu beren jardueren galera gordin gisa, ez eta bere zerbitzuen finantza egituraren desoreka gisa ere (zeinua edozein izanda). Aitzitik, ekonomia irizpideak ezartzerakoan diru sarrerak eta gastuak aitortzeko irizpideetan izandako denbora-desfaseei egotz litzaieke.  Horregatik, errealitatean 1.749 m€-ko emaitza negatibo hori hasierako aurreikuspenen gaineko 880 m€-ko desbideratze positiboa da benetan (aurrekontuetan erregistratutako emaitza positibotik hurbil dagoen zenbatekoa).

Desbideratze positibo horren arrazoia da Eskualdeko Garraioaren kudeaketa jarduera, eta, zehatzago esanda, emakidadunari egindako transferentziak jasotzen dituen gastuen partidaren errealizazio txikiagoa, aurreikuspenetakoa baino 849m€ txikiagoa, nahiz eta 2008ko ekitaldiko behin betiko likidazioa dela eta aurreikuspena sartu ondoren egina izan (oraindik ez da egin).

Hala ere, azpimarratu behar da Eskualdeko Hiri Garraioaren kudeaketa finantzatzeko jarri diren mekanismoengatik —Foru Komunitatearen ekarpenak eta jarduera horretan sartzen diren udalen ekarpenak, Garraio Planean finkatuak, gehienbat— Mankomunitatearen jarduera bazterrean gelditzen dela, eta helburu zehatza duten fondo batzuen administratzaile huts batek egin lezakeena baino zertxobait gehiago dela. Beraz, Mankomunitateak lortu duen emaitza ez da berez entitatearen jardueren soberakin garbi bat. Halaber, ezin da interpretatu bere zerbitzuen finantza egituraren desoreka gisa —edozein zeinutakoa—. Aitzitik, izan ditzakeen emaitzak konpentsatuko dituzte nahitaez aipatutako erakundeek etorkizunean eginen dituzten ekarpenek (handiagoak edo txikiagoak izanda ere).

Labur esanda, berriz azpimarratu behar da Iruñerriko Mankomunitateak egiten dituen jarduerek eta hauek finantzatzeko formulek zailtzen dutela diru sarreren aitorpenaren eta gastuenaren arteko denbora desoreka hutsei ez dagozkien emaitza esanguratsuak agertzea.

2. ekitaldia itxi ondoren izan diren gertaera garrantzitsuak

Txostenaren 20. oharrean errekurtso eta erreklamazio batzuk azaltzen dira. Gaur egun, ez dago jakiterik horien ondorioz Mankomunitateak zenbatekoren bat ordaindu beharko duen. Aipatutako errekurtso eta erreklamazio horiek izan ezik, 2008ko ekitaldiko itxiera datatik aurrera ez da ondokoei nabarmen eragiten ahal zaien inolako gertaerarik izan: 2008ko ekitaldiko Urteko Kontu Bateratuak; zerbitzuak ematea edo gizarte xedea betetzea; eta 2008ko abenduaren 31n bere ondasunek eta eskubideek, zorrek eta betebeharrek zuten egoera edo balioa.

3. aurreikusten ahal den bilakaera

Ekitaldi honetako alderdirik nabarmenenek, txosten honen hasieran azalduek, oso argi adierazten dituzte Talde honen jarduera bideratzen duten ildo nagusiak: teknologia aurreratua duten azpiegitura eraginkorrak, agindutako zerbitzuen kudeaketa eta ustiatzea etengabe hobetzea, eta zerbitzu publiko berrien kudeaketa hartzeko gaitasuna.  Hori dela eta, esaten ahal da aurrez ikusten ahal den Talde honen bilakaerak honako ezaugarri hauek izanen dituela:

  • Erabilitako kudeaketa formulen egokitasuna, baita zerbitzuen oinarrizko helburuak betetzeko duten gaitasuna ere.
  • Egungo beharrak estaltzen ahal dituzten azpiegitura materialak izatea. Azpiegitura hauek kalitatekoak, ongi zainduak, eta nahiko berriak izateaz gainera, instalazio berriak etengabe garatzen ari direnez, egungo estaldura mailak behar den aldian bermatzen ahal dira, baldin eta erakartze berrien gaineko aurreikuspenak betetzen badira.
  • Zerbitzu berriak kudeatzeko eta emateko gaitasuna, gaur egun dagoen egitura aprobetxatzeko eta integratzeko eta zehazki behar den egitura garatzeko maila altua eskainiz.
  • Geografia esparru handiagoa hartzea, datozen ekitaldietan gertatzen ahal den joera baita. Zabaltze honen gaineko ikerketak egiten dira etengabe beharrak zehazteko, eta eskumena duten erakundeekin kontaktuak eta elkarrizketak izaten dira horretarako.

Labur esanda, Taldearen bilakaera, aurreikusten ahal dena, gaur egungo kudeaketa formulak eta emandako zerbitzuak mantentzera eta garatzera bideratuta dago.

4. ikerketa eta garapen alorreko jarduerak

Taldearen jarduera guztien ildoa da alderdi guztietan zerbitzuak etengabe garatzea.

Nabarmendu behar da gure entitatean Kartografia Informazioko Sistema ezartzeko lanen lehen fasea bukatu dela (korporazio GISa) Baliabide bat artikulatu da (SARE), gaur egun Uraren Ziklo Integralaren kudeaketari loturik ditugun zerbitzuetan ezarria dagoena, eta sistema geografiko hori gainerako zerbitzuetan garatzeko planifikazioa bukatu da.

Urbanizazio berrietan hiri-hondakinak modu pneumatikoan biltzen dituen sarearen obrak ikuskatu dira (Lezkairu, Ripagaina eta Entremutivas), eta Iruñeko alde zaharrean sistema hori jartzeko obrak esleitu dira. Gongorako Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentroan hautatze lanetarako ekipamendu berriak jarri direnez, jarduera horren automatizazioa nabarmen handitu da (bereizgailu optikoak...). Hori dela eta, zentroaren errendimenduak aski hobetu dira, baita bertako langileen lan-baldintzak ere.

Urte osoan Ustiatzerako Laguntza eta Informazio Sistema (SAEI) garatu da eskualdeko garraioan, eta geraleku batzuetan proba moduan jarri da sistema. Gaur egun aztertzen ari da sistema egokia den zerbitzuak dituen eskakizunak betetzeko, eta behar diren doitzeak egiten ari dira.  Lan egin da kontakturik gabeko ordainketa sistemarako irtenbide teknikorik egokiena zein den aztertzeko. Hiri garraioan erabiltzeaz gainera, beste zerbitzu batzuetan ere erabilgarria izan beharko du, hau da, zerbitzu askotarikoa izanen da. Heldu den urterako aurreikusi da egungo txartelak ordezkatzea eta kontakturik behar ez dutenak jartzea. Urtebetez egin da biodieselaren (B100) erabilpenaren jarraipena hiri garraioaren autobus multzoaren erdian. Oso emaitza onak izan direnez, probarekin beste urte batez jarraituko dugu enpresa esleipendunarekin eta bioerregaiaren hornitzailearekin (Acciona), egundaino lortu diren emaitzak berresteko xedez.

Uraren Ziklo Integralari dagokionez, sarea urrutitik kontrolatzeko scada sistema berria ezarria dago jadanik. Horretan hasi gara saneamendu sarearen zati bat sartzen, uholdeak gertatzen direnean horren kontrola bermatzeko, eta eraiki diren eta oraindik proiektu fasean dauden ekaitz ura biltzeko andelak (DRTA) optimizatzeko. Araztegian lehentasuna zehazteko sistema aldatu da aurretratamenduan, eta, burdin sareak ordezkatu, eta bahe sistema berria jarri da. Sistemak ahalbidetzen du, alde batetik, oso hondakin lehorra lortzea, zabortegira bideratzekoa (horren kantitatea minimizatu eta kalitatea hobetu), eta, bestetik, araztegiko lohien atalaren errendimendua hobetzea. Araztegi horretako lohiak bereizi dira, Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioak bultzatu duen proiektu baten barnean, eta, bestalde, NAMAINSA sozietate publikoarekin lan bat egin da, araztegian egindako konposta erabiliz lurzoruak biokonponketari buruzkoa. Nekazaritzako lohiak birziklatzeari dagokionez, probak egiten jarraitzen dugu Nekazaritza Institutu Teknikoaren nekazaritza probetarako lursail eta partzeletan.

Kontagailuak urrutitik irakurtzeko probak eta saioak egiten ari dira, eta aurreikusi da heldu den urtean emaitzak lortuko direla horretarako teknologiarik egokiena zein den erabakitzeko. Era berean, hornidura jasotzen duen eremuetan instalatuko dela aurreikusi da.

Azkenik, aipatzekoak dira Iruñeko eta zentroetako bulegoen arteko komunikazioen alorrean egiten ari diren probak, horien artean datuak trukatzea errazteko xede dutenak.

5. arriskuak eta ziurtasun ezak

Taldeak bere negozioak garatzeari eragiten ahal dioten arriskuak eta ziurtasun ezak zein diren badakienez, horiek detektatzeko eta kontrolatzeko behar diren mekanismoak jarri ditu.

6. finantza tresnak

Taldeak ez du finantza tresnarik kontratatu.