Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2017/04/07

Zubirik hondakin uren araztegia du

Instalazioa herrigunetik 350 metrotara dago, eta aurretratamenduko linea, eta uraren eta lohien tratamendua ditu

Zubiri herriak (Esteribar) hondakin uren araztegia du (HUA). Azpiegitura hau egiteko lanek sei hilabete iraun dute, egun hauetan ari dira jartzen martxan, eta Iruñerriko Mankomunitatearen Saneamendu eta Arazketa Planean aurreikusitako inbertsioen artean sartu behar da. 

Herriaren erdigunetik 350 metro ingurura dago araztegia, hegoalderantz, eta sarbidea Iruñetik Frantziara doan N-135 errepidetik du. 1.200 metro koadroko eremua hartzen du instalazioak, eta aurretratamenduko linea (arbastu mekanizatua), uraren linea (lehen dekantazio-tanga eta iragazki biologikoa) eta lohien linea ditu (bigarren dekantazioa). Zerbitzua hartuko duen biztanleria 700 “biztanle baliokidekoa” da, urte osoan karga handiena izango duen astean tratatuko den arazte mailari buruzko orientazioa ematen duen erreferentziazko magnitudea, eta barnean hartzen dituena herritarrak, enpresak eta abar.  

Lana osatzeko, ponpaketa-estazio berria egin da, putzu trinko batean, garai bateko hobi septikoa ordezteko eta herriaren ezkerreko aldeko hondakin urak jasotzeko. Instalazio osoaren aurrekontua 600.357 eurokoa izan da (gehi BEZa).

Hiru hobi septiko ordezten dituen araztegia

Orain arte, Zubiri herriak –azken erroldaren arabera, 422 lagun bizi dira bertan– hiru hobi septiko zituen bertako urak arazteko. Baina azpiegitura horiek txiki gelditzen ari ziren urtero Zubirin ostatatzen diren Done Jakue bideko erromes ugariek ekarritako ostalaritzako beharrei erantzuteko, behar horiek gero eta handiagoak baitira. Urtaroen araberako eskaera horri, gainera, herrian jarduera garatzen duten elikagaien artisau enpresetarako arazte arloan estaldura eman behar izatea gehitu behar zaio. 

Beste alde batetik, Arga ibaira iritsi aurretik isuritakoaren gainean exijitzen diren eskakizun gero eta handiagoak nabarmendu behar dira, isuritakoaren kalitateari dagokionez. Ibai ibilbide honek, izokinen populazioen ezaugarriengatik, kalitate handia eskatzen du araztegiko efluentean.

Lehenago aipatu den Iruñerriko Mankomunitatearen Saneamendu eta Arazketa Planaren bidez, aurreikusita dago tratamendu osoak (biologikoak) dituzten arazketa instalazioak kokatzea 500 biztanle inguru dituzten eta beren hiri hondakin urak Arazuriko HUAra bideratu ezin diren eskualdeko herrietan. Inbertsio horiek Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A. (NILSA) sozietate publikoak finantzatuko ditu, uraren zerbitzuarengatik gure fakturan ordaintzen dugun saneamendu kanonetik abiatuta.

Hurrengo araztegia, Elo eta Getze Ibargoitikoa 

Arazuriko HUAz gain –bertan arazten dira Iruñerriko hondakin ur gehienak–, une honetan beste hiru araztegi txiki daude: Iberokoa, Etxaurikoa eta Zubirikoa. Beste alde batetik, nabarmendu behar da une honetan Elo eta Getze Ibargoitiko araztegia eraikitzeko izapideak bideratzen amaitzen ari garela. Bukatzen denean, 500 biztanle ingurukoak diren eta beren isurketak Arazuriko HUAra bideratu ezin diren herri guztietarako tratamendu biologikoak izango ditugu Iruñerrian. Lan horri Tiebas eta Arrizabalagako kolektorea gehituko zaio. Ingurumen Ministerioak egin behar du lan hori, eta herri horietako hondakin urak Arazuriko araztegira bideratzeko izango da. 

Beste albiste batzuk