Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2016/06/03

Urpeko ibilgailu batek Eugiko urtegiaren hondoa aztertuko du

Coruñako Unibertsitateko espezialistak lanean ariko dira aste batean, urtegiaren azterlan batimetrikoa egiteko

Coruñako Unibertsitateko espezialisten lantalde bat azterlan batimetriko bat ari da egiten ekainaren 1az geroztik, Eugiko urtegian, Iruñerriko Mankomunitaterako. Azterlanak, hain zuzen, Iruñerria urez hornitzen duen iturrietako baten urpeko eremuaren erliebea zehaztasunez ezagutzeko aukera emango du.

EcoMapper AUV izeneko urpeko ibilgailuari esker egin daiteke azterlana. Zehazki, 153 zentimetroko luzera, 15 zentimetroko diametroa eta 20,5 kilogramoko pisua duen gailu bat da, aluminioz eta karbono zuntzez egindakoa, era autonomoan, urpean, 100 metroko sakoneraraino murgildu daitekeena. Gailuak lortutako datuak prozesatuta, ur-masak sakonera desberdinetan ikus eta ezaugarritu daitezke, eta oso ikuspegi desberdinetatik, gainera: kalitate kimikoa, batimetria, eta urpeko hondoari behatzea sonarraren seinaleen edo irudi optikoen bidez.

Joan den asteazkenaz geroztik urtegian egiten ari diren laneko planean aurreikusita dago ibilbide paraleloak egitea, 15 bat metroko tartearekin, eta horrek ekarriko du urpeko ibilgailuak 75 kilometro egitea, guztira 16 ordutan. Horrez gain, azterlan batimetrikoa osatzeko, ekozundak erabiliko dira urtegiaren ertzetik gertuen dagoen zerrenda estuan. 25 metro inguruko zerrenda bat da, eta, landareak eta beste oztopo batzuk daudenez, EcoMapper gailua harrapatuta gelditzeko arriskua legoke. 

Mankomunitateak txalupa desinfektatu bat utzi dio Coruñako Unibertsitateko lantaldeari, urtegian lan egiteko baldintza onenak bermatzeko, bai urpeko ibilgailua lekualdatzeko orduan, bai datuak ekozunden bidez lortzeko orduan ere.

Lantaldearen buru eta zuzendari Jordi Delgado Martín, doktorea Zientzia Geologikoetan, eta Ricardo Juncosa Rivera dira, Mehatzeetako doktore ingeniaria. Biak ala biak Coruñako Unibertsitateko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Goi Eskola Teknikokoak dira. Edonola ere, azterlana aste honetan egiten ari dira, Eugiko urtegian, José Luis Cereijo Arango, 30 urteko industria ingeniari teknikoa, eta David García Morrondo, 36 urteko nekazaritzako ingeniaria, biak ala biak Uraren Ingeniaritzako masterra egindakoak. Behin datuak hartu eta gero, lana osatzeko, eskuratutako informazioa aztertu eta irazi egingo da, kartografia batimetrikoa egiteko, kalkulu morfometrikoak… Lantalde horrek aurretik antzeko lanak egin izan ditu, besteak beste, Coruñako Cecebreko urtegian (Eugikoaren oso antzekoa da), eta As Pontes eta Meirama meatze aintziretan, azken horiek ere Coruña probintzian. Proiektuaren kostu osoa 13.371 eurokoa izango da. Nabarmendu behar da, lortzen diren emaitzen arabera, litekeena dela azterketa osagarri bat egitea udaren amaieran, Eugiko hondoko urak hustu aurretik.

Eugiko urtegia Esteribarren udal barrutian dago, Iruñetik 26 kilometrotara, eta Arga ibaiaren buruko urak hartzen ditu. Urtegiaren edukiera 21,4 hektometro kubokoa da, eta bolumen erabilgarria, 20,26 hektometro kubokoa. Gehieneko kota 628 metrokoa da. Hornidurarako bideratzen diren urak Urtasungo EUTEraino garraiatzen dira, urtegitik 1,5 kilometrora, eta han Iruñerriko herritarrek kontsumitu ahal izateko egokitzen dira.

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua