Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2013/03/20

Urari buruzko hitzaldien zikloa antolatu du Mankomunitateak

Lehen hitzaldia martxoaren 21ean izango da (osteguna), eta Maite M. Aldayak egingo du. Aldaya Nazio Batuen Ingurumen Programako kontsumo eta ekoizpen iraunkorreko aholkularia da.

Bihar, martxoak 21, osteguna, hasiko da “Uraren inguruko elkarlanerako nazioarteko urtea. 2013” deiturikoaren harira antolatu den hitzaldien zikloa. Hori da, hain zuzen, aurtengo Uraren Nazioarteko Egunaren, martxoaren 22aren, lelo ofiziala. Lehenbiziko hitzaldiaren izenburua “Ziurtatuta al dugu etorkizunean ura izatea? Ura, erantzukizuna eta elkartasuna” izango da, eta Maite M. Aldayak egingo du. Aldaya doktorea da ekologian, aditua uraren kontabilitatean, aztarna hidrikoan eta eraginkortasunean uraren erabileran, eta, horrez gain, Nazio Batuen Ingurumen Programako kontsumo eta ekoizpen iraunkorreko aholkularia. Hitzaldi hori bihar bertan izango da, martxoak 21, osteguna, 19:30ean, Iruñeko Planetarioan. Aldayaz gain, beste hauek ere egongo dira saio horretan: Nafar Ateneoko zuzendari Jesús Arlabán, Arlo Teknikoko eta Uraren Ziklo Integraleko zuzendari Juan Ramón Ilarregui eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko komunikazio arduradun Juan Jesús Echaide.

Gainerako hitzaldiak ordu eta toki berean egingo dira, egun hauetan:

Apirilaren 10ean, asteazkena. “Ura: molekula harrigarria” izeneko hitzaldia egingo du Antonio González Crespo NUPeko eta Nafar Ateneoko irakasle elkartuak.

Apirilaren 17an, asteazkena. “Nola dibertitu ura errespetatuta?” izenburuko hitzaldia egingo du Fernando Echarri Iribarren Nafarroako Unibertsitateko irakasle elkartuak.

Apirilaren 24an, asteazkena. “Nitrogeno bidezko kutsadura Nafarroan: mehatxua uraren kalitaterako” izeneko hitzaldia egingo du Jesús Miguel Santamaría Ulecia Nafarroako Unibertsitateko Kimika Analitikoko irakasle tituludunak.

Nafar Ateneoak, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak eta Iruñerriko Mankomunitateak antolatu dute hitzaldien ziklo hau.

“Ura, eskubidez” argazki erakusketa

Beste alde batetik, eta apirilaren 1a bitartean, “Ura, eskubidez” erakusketa ikusgai dago Atarrabiako Pilategian (Kale Nagusia, 64, Arreko Hirutasun Santuaren ondoan). 2010eko uztailaren 20an Nazio Batuen Batzar Nagusiak esplizituki aitortu zuen gizakiok ura eta saneamendua izateko eskubidea dugula. Hala eta guztiz ere, eta erakusketan ikus daitekeen moduan, errealitatean, uraren eta saneamendu sistemen eskasiak eta kalitate txarrak eragiten du herrialde pobretuek aukerarik ez izatea garapen urriko kiribiletik ateratzeko eta bizi-baldintza kaskarrak alde batera uzteko, eta horrek guztiak hazkunde ekonomikoa oztopatzen du. Uraren Nazioarteko Egunean, hain zuzen, egoera hori salatu nahi da, lehenago aipatu den leloaren bidez: “Uraren inguruko elkarlanerako nazioarteko urtea”. 

Erakusketara joan daiteke larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

 

Beste albiste batzuk