Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2013/04/11

Ura tratatzeko sistema larrialdi egoeretarako

Sistema merkeagoa eta eraginkorragoa da, eta erakunde humanitarioek egoera konplexuetan duten erantzuteko gaitasuna hobetzen du.

Duela gutxi Gosearen Aurkako Ekintza erakunde humanitarioak Iruñerriko Mankomunitatearen laguntza izan du azaleko ura tratatzeko kit bat probatzeko. Gobernuz kanpoko erakunde horrek garatu du kita, eta larrialdi egoeretan, lekualdatu askori arreta eman behar zaion kasuetan, erabilgarritasun handikoa izatea espero da. Probak egiteko, Atarrabiako Pilategiaren ondoan Mankomunitateak duen nabe batean jarri dute kita eta Ultzama ibaitik hartutako ura erabili dute. Kit honek aurrerapen handia ekarriko du, nabarmen hobetuko baitu erakunde humanitarioek egoera konplexu eta zailetan erantzuteko duten gaitasuna.

Ura tratatzeko kit honek alde on handiak ditu egun erabiltzen diren sistemekiko eta erakunde humanitarioek egoera konplexuetan erantzuteko duten gaitasuna hobetzen du. Merkeagoa eta egokikorragoa da, ur mota eta kokaleku desberdinetara egokitzen baita. Gainera, arina da, plastikozko olanez eta aluminiozko tutu egitura batez osatua baitago, eta horrek jartzea eta kentzea errazten du. Horrez gain, uraren uhertasuna 5 NTU-raino (unitate nefelometrikoak) murrizteko ahalmena du (Osasunerako Mundu Erakundeak gomendatutako kantitatea).

Teknikari dagokionez, azaleko ura tratatzeko prozesua erraza da, baina logistikari dagokionez, ez. Oinarrizko bi etapa hauek ditu: gardentzea eta desinfektatzea. Kloro bidez desinfektatu ahal izateko, ezinbestekoa da ur gardena tratatzea, ur uherrak biskositate handiagoa baitu eta mikroorganismoak, pestizidak eta metalak izan baititzake esekita eta horiek kloroaren eragina neutraliza baitezakete. Horrenbestez, ura desinfektatu aurretik, uhertasuna kendu behar zaio. Horretarako, bi sistema daude: iragazpen geldoa eta jalkitze behartua. Iragazpen geldoa egokia da familia edo industria erabilerarako, ez, ordea, larrialdi egoeretan ur garden kantitate handiak lortzeko. Hori dela-eta, erabili behar den sistema, probatu den kit honek erabiltzen duena, jalkitze behartukoa da. Prozesu hirukoitz baten bidez gauzatzen da: koagulazioa, malutapena eta dekantazioa. Bi tangak osatzen dute sistema, eta sortuta dago uretan esekita dauden partikulen jalkitze prozesua azkartzeko. 

Beste albiste batzuk

  • Sadar kalean dagoen taxi-geraleku berria ere erabili ahal izango da, Nafarroa Arena pabiloiaren parean
  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59