Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2023/02/07

Sareak berritzeko obrak amaitu dira Berriobeitiko Bideberri, Fuente Vieja eta Camino del Soto kaleetan

Hornidurako hodi berriek 1.002 metroko luzera dute, eta saneamendukoek, 1.860 metrokoa

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campión, Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Ciriza, Berriobeitiko alkate Raúl Bator eta IZSAko zuzendari kudeatzaile Alfonso Amorena Berriobeitiko hiru kaletan sareak eta zolaketa berritzeko egin diren obrak bisitatzen izan dira gaur goizean.

Obra horiek joan den urteko apirilean hasi ziren eta aurtengo urtarrilaren 15ean amaitu dira, eta, zehazki, sareak eta zolaketa berritu dira Bideberri, Fuente Vieja eta Camino del Soto kaleetan, Aitzoaingo El Soto industrialdearen eremuan. Industrialde hori aurreko mendeko hirurogeiko hamarkadan eraiki zuten. Hornidurako hodiek, guztira, 1.002 metroko luzera dute, eta saneamendukoek, berriz, ur fekaletarakoek eta euri-uretarakoek, 1.860 metrokoa. Horrez gain, 72 putzu eta 107 kutxatila kokatu dira.

Obra horiek elkarrekin egin dituzte Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateak eta Berriobeitiko Udalak, eta Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuaren dirulaguntza bat eduki dute. Sareen berrikuntza hau IMren Sareak Berritzeko Planaren barnean dago, eta helburu nagusiak izan ditu burdinurtu grisezko hodiak ordeztu eta burdinurtu nodularrezko hodiak jartzea, eta hoditeria unitarioak kentzea (fekalak gehi euri-uretarakoak) hodi bereiziak jartzeko.

Nabarmendu behar da industrialdeko enpresak zerbitzua ematen ari zirela egin direla obrak, martxan zeudela, eta, hortaz, horrek behartu du ahalegin gehigarri bat egitera behin-behineko hodiak egokitzeko eta, hartara, arriskuan ez jartzeko enpresa horien jarduna.

Sareak berritzeko obrak Construcciones Fermín Osés enpresak egin ditu, eta aurrekontua 1.419.204 euro izan da (BEZa barne). Nafarroako Gobernuak eman duen dirulaguntza 501.310 euro izan da.

Beste alde batetik, zolaketa-lanen aurrekontua –enpresa eraikitzaile berberak egin ditu– 1.259.437 euro izan da (BEZa barne), eta Nafarroako Gobernuak egin duen ekarpena 594.610 euro izan da.

 

Beste albiste batzuk