
San Migel koloniako sareak berritzeko lanak amaitu dira, Txantrea auzoan
Atzo, asteazkena, Mankomunitateko lehendakari David Campiónek Txantrea auzoko San Migel koloniako etxebizitzak birgaitzeko obretara egindako bisita instituzional batean parte hartu zuen.
Etxebizitzak birgaitzeko lanek aurrera egiten jarraitzen dute, eta San Migel kolonia eratzen duten 81 etxebizitzetatik 75 eta merkataritzako bost lokalak ukitzen dituzte. Kolonia hori 1947an eraiki zuten, eta bertan esku hartzea eraikinetako jabekideen erkidegoek sustatu dute. Zehazki, esku-hartzeak barne hartzen du fatxadetako inguratzaile termikoa, igogailuak kokatzea eta bakarkako galdarak ordeztea, gas bidezko kondentsazio-galdaren modelo eraginkorrago bat jarrita.
Birgaitze-lan horiekin batera, Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak koloniaren esparruko sareak berritzeari eta berrurbanizatzeari ekin diote. Obra horiek joan den martxoaren 1ean hasi eta abuztuaren 12an amaitu ziren, eta barne hartu dute hornikuntzarako, ur beltzetarako eta euri-uretarako sareak berritzea, eta bai telefoniakoak eta elektrizitatekoak ere.
Hornikuntzako instalazioaren trazadura berriak sareen diseinu saretua du, zaharrak ez bezala, hura adarkatua baitzen, eta horrek horniduraren eraginkortasun eta berme handiagoa ematen du. Gainera, oso hodi zaharrak ordeztu dira. Saneamenduari dagokionez, kolektore banatzaile berriak egin dira (euri-uretarakoak eta ur beltzetarakoak).
Iruñerriko Mankomunitateak gauzatu duen sare-berritzeak 187.461,67 euroko inbertsioa ekarri du, BEZa barne.
Beste albiste batzuk
- Trazadura Zizur Zendearen (2,5 km) eta Galar Zendearen (4,5 km) udalerrietan igarotzen da
- Margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Azpiegitura berriak biogas-ekoizpena handitzen eta nekazaritzarako lohien egonkortzea hobetzen lagunduko du