Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2015/05/12

Proiektu aitzindari baten bidez, Antsoainen hornidura sarearen energia termikoa aprobetxatuko dute

Antsoainek hornidura sarearen energia baliatuko du udal kiroldegiko instalazioetan

Iruñerriko Mankomunitateak eta Antsoaingo Udalak, CENER Centro Nacional de Energías Renovables zentroarekin lankidetzan arituta, proiektu pilotu bat abiarazi dute, Antsoaingo Idaki kirol instalazioetan energia aurrezteko eta eraginkortasunez baliatzeko. Hain zuzen, urez hornitzeko sarearen energia baliatuko dute airea girotzean, ur bero sanitarioa sortzean eta igerilekuetako ura berotzean. 

Ekimen aitzindaria da Espainian, eta aukera emango du hornidurako uretan dagoen energia termikoa baliatzeko, uraren sare nagusiko beroa berreskuratuta eta, horrenbestez, erregai fosilak erabili gabe. Horrez gain, Antsoaingo Udalak energia eraginkortasunerako prozesu zabal bati ekingo dio bere kirol instalazioetan.

Ekimena abian da, joan den apirilaren 29an, asteazkena, Udalbatzak aho batez onetsi baitzuen Mankomunitatearekin egin beharreko hitzarmen hau eta Iruñerriko erakundeak (uraren hornidura eta saneamendua kudeatzen du) Batzorde Iraunkorraren bidez berretsi baitzuen. Proiektua pilotua izango da, eta “Aprovechamiento térmico de Ansoain, S.L.” enpresak garatuko du. Enpresa horretan ENERES sozietatea partaide da, proiektuaren sustatzailea, eta, era berean, SODENAren babesa du, bazkide minoritarioa baita.

Gaur goizean aurkeztu da ekimena hedabideen aurrean. Aurkezpen ekitaldian, hain zuzen, José Muñoz Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Antonio Gila Antsoaingo alkateak eta José Fernández Álvarez “Aprovechamiento Energético de Ansoáin, S.L.” enpresako lehendakariak parte hartu dute. Azken horrek proiektuaren deskribapen teknikoa egin du.

Truke termikoa urez hornitzeko sarearekin

Proiektu pilotu honen xedea da, alde batetik, hornidura sareko uretan dagoen beroa lortzea kiroldegiko instalazioetako berokuntza edo hozte sisteman baliatzeko, eta, beste alde batetik, kiroldegiko airea girotzeko sistemak hobetzea, energia hori modu eraginkorragoan erabili ahal izateko. Egun aprobetxatzen ez den baliabide energetiko bat berreskuratuko da sistema honen bidez. Gainera, etorkizunean, Iruñerriko eraikinetako berokuntza eta hozte sistemetan aplikatu ahal izango litzateke, eta aurrezte ekonomikoa oso nabarmena izango litzateke. 

Hornidura sareko uraren tenperaturaren zati bat erabili nahi da prozesuan, bero horren transferentziaren bidez, “bero-trukagailu” esaten zaion sistema baten bidez. Hartara, tenperatura horrek Antsoaingo kirol instalazioetako berokuntza eta hozte sistema energia termiko berriztagarriz hornitzeko balioko du.

Hornidurako ura ez da aldatu edo bestelakotuko, ez baitu kontakturik izango une bakar batean ere sistemarekin, eta, aurreikusita dagoenez, tenperatura berreskuratuko du, lur azpian dauden hornidurako hodietatik ibiltzen jarraituko baitu.

Modu osagarrian, Antsoaingo Idaki kirol instalazioetan kontsumoa murrizteko, ura kontsumitzeko gune guztietan ur emaria erregulatzeko eta gutxitzeko gailuak kokatuko dira. Era berean, uraren sareko beroa aprobetxatuko da kanpoko airea berotzeko, aireztatze eta girotze sistemetan sartu aurretik. Azkenik, igerilekuetako uraren beroa berreskuratuko da (araudiak exijitzen duenez, aldian behin berritu egiten da ur hori) eta ur beroa metatzeko ahalmena handitu egingo da. 

Sustatzaileek adierazi dutenez, deskribatu den teknika hori duela urte batzuk erabiltzen dute Europako herrialde batzuetan, hala nola Suitzan edo Austrian, baina oraindik ez da ezarri Espainian. ENERESek mota honetako proiektuak gauzatu ditu, baina Espainian gauzatuko duen lehena izango da hau. Izan ere, uste dute baliabide energetiko honen aprobetxamenduak ahalmen itzela izan dezakeela Espainian. Hain justu, Mankomunitateak eta CENER zentroak interes berezia dute orain arte ustiatu ez den baliabide energetiko berriztagarri honen bideragarritasuna eta bolumena ezagutzen.

“Aprovechamiento Energético de Ansoáin, S.L.” enpresaren kudeaketa

Ekimen honetarako Antsoain herria aukeratu da, ingurumenaren arloko proiektuetan duen inplikazioarengatik, Udalbatzak eta herritarrek iraunkortasunerako duten konpromiso handiarengatik eta ekimen hau praktikan jarriko den Idaki kirol instalazioetatik gertu Mankomunitatearen titulartasuneko ur hornidurako hoditeria bat dagoelako. Hoditeria hori D800 Iparraldeko Arteria da, eta diametro eta ur emari garrantzitsua du. Izan ere, a priori, proiektuak arrakasta izateko baldintzetako bat da hori. 

Proiektu pilotu hau finantzatu eta abiarazteko ardura hartu duen enpresa “Aprovechamiento Energético de Ansoáin, S.L.” izenekoa da. ENERES, S.L. eta SODENA enpresa horretako partaide dira. Bere aldetik, CENER zentroak emaitzak gainbegiratuko ditu, Mankomunitatearekin batera. 

Akordio hau Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateak –Mankomunitatearen zerbitzuak kudeatzen dituen enpresa publikoa– izenpetutako hitzarmen baten barnean dago. Hitzarmen hori uren hornidura eta saneamendu sareetako energia trukatzeko eta erabiltzeko proiektu pilotuak sustatzeko da. Udalak, bere aldetik, kiroldegiko airea girotzeko sistema berritzeari ekingo dio. Inbertsio guztien kostua eta eragiketa “Aprovechamiento Energético de Ansoáin, S.L.” enpresa berriak ordainduko du, energia fakturan izango den aurreztearen kontura.

Proiektu hau martxan jartzeko, ez Udalak ez Mankomunitateak ez dute inbertsiorik egin beharko, akordioan idatziz jaso denaren arabera, eta Antsoaingo Udalari urtean 15.000 euro inguru aurreztea ekarriko dio, hitzarmenaren lehen fase hau hartuko duten lehen hamar urteetan. Hamargarren urtetik aurrera, udal kutxetan urtean 100.000 euro aurreztea ere lor dezakete. Proiektu pilotuaren epea hamar urtekoa da, baina Antsoainek Mankomunitatearen hornidura hoditeriaren aprobetxamendu termikoa egitearen iraupen osoa 25 urtean ezarri da.

Iruñerriko Mankomunitatearen, SODENAren, CENERen eta ENERESen arteko akordioak bidea emango du ekimen hau Iruñeko eta Iruñerriko beste proiektu batzuetara zabaltzeko. Izan ere, egin litezkeen beste jarduketa batzuetan lanean ari dira jada. 

 

Beste albiste batzuk

  • Sadar kalean dagoen taxi-geraleku berria ere erabili ahal izango da, Nafarroa Arena pabiloiaren parean
  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59