Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2019/11/18

Paper-zapi bustiak komunetik behera botatzeak mantentze-lanak %15 garestitzen dituzten buxadurak eragiten ditu sareetan

Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak, Bernardo Cirizak, eta Iruñerriko Mankomunitateko Komunikazio Arloko zuzendariak, Arturo Ruiz de Azagrak, Komunaren Mundu Egunaren kariaz programatutako kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Arazuriko Hondakin Uren Araztegiko ingurumen-heziketako gelan. Zehazki, bihar, azaroak 19, asteartea, izango da Komunaren Mundu Eguna eta kanpaina horretako ekintzak aste osoan zehar gauzatuko dira. 

Komunaren Mundu Eguna Nazio Batuen Erakundeak bultzatzen du, eta helburua da deia egitea hondakin-uren saneamendu-sistema egokirik ez duten pertsonen alde neurriak hartzeko eta Garapen Iraunkorreko Helburuetako seigarrenean sustatzen den erronka lortzeko: saneamendua pertsona guztientzat 2030ean. 

Kanpaina AEAS elkarteak (Ur Horniduren eta Saneamenduaren Espainiako Elkartea) sustatu du, eta NILSAk (Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.) eta Iruñerriko Mankomunitateak bat egin dute kanpaina horrekin. Hain zuzen, asmoa da herritarrak sentsibilizatzea komuna ongi erabiltzearen gainean, ez bihurtzeko zakarrontzi eta kostuak saihesteko buxadurei dagokienez, batik bat, paper-zapi bustiengatik. 

Gogora ekarri behar da komunera botatzen diren higiene intimoko elementuak, kotoi-zotzak eta paper-zapi bustiak arazo larria direla hornidura- eta saneamendu-sarearen mantentze-lanetan. Paper-zapi bustiek azpiegitura publikoak buxatzen dituzte, hala nola estolda-sareak, ponpatze-ekipoak eta araztegiak, eta horrek %10 eta %15 artean garestitzen du hondakin-uren mantentzea, tratamendua eta arazketa. Horrek eragiten du, Espainian bakarrik, urtean 230 milioi euroko gainkostua izatea, urtean 4 eta 6 euro artean pertsonako.

Alde horretatik, Bernardo Cirizak adierazi du Nafarroan, egunean, saneamenduko kolektoreetan buxadura bat erregistratzen dela batez beste. “Azken hamar urteetan, NILSAk, Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikita dagoen enpresa publikoak, mota horretako 3.100 matxurari baino gehiagori egin die arreta, eta horiek dira sarrienetako batzuk”, zehaztu du kontseilariak.

Cirizak nabarmendu du ur-hoditeriak hiri-egiturako azpiegitura sentsibleenetako batzuk direla, eta, horrenbestez, komuna ongi erabiltzeak eragina duela “ingurumenarekiko errespetu handiago batean, aurrezte ekonomiko handiago batean eta hornidura publikoekiko gizalegezko jokaera handiago batean”. 

Bere aldetik, Arturo Ruiz de Azagrak nabarmendu du komun-ontzia ez dela zakarrontzia ez eta hondakinen edukiontzia ere. Bertara bota daitekeen hondakin ez fisiologiko bakarra komuneko papera da. Gainerako guztiek, besteak beste, paper-zapi bustiek, kotoi-zotzek eta higiene intimoko produktuek, buxadura-arrisku larria eragiten dute, eta bai arazo handia ere arazketan. Gero, arazketa-arazo handi horren konponbidea zaila eta oso garestia da, ingurumenari eta ekonomiari dagokionez. 

Ekitaldian, era berean, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez; NILSAko kudeatzailea, Iñaki Urrizalki; IMko Uraren Ziklo Integraleko zuzendaria, Javier Horcada; eta HUAko planta-burua, Pedro Hernández, izan dira, beste batzuen artean.

Bisitak, aholkuak eta txotxongilo-komuna

Aste honetarako programatutako kanpainaren ekintzak “Ez elikatu estoldetako munstroa” leloaren ingurukoak izango dira eta garapen berezia izango dute eskola-arloan. 

Mankomunitatearen informazio-zentroetara egingo diren bisita guztiek eta IMren instalazioetara joateko programatuta dauden eskola-bisita guztiek aipamena egingo diote Komunaren Mundu Egunari, eta paper-zapi bustiak ongi erabiltzearen garrantzia nabarmenduko dute. Komunaren erabilera arduratsua egiteko aholkuak dituzten eskupaperak banatuko dira bisita guztietan, komunetik behera botatzen diren paper-zapi bustiek eragiten dituzten arazoak nabarmentzeko. 

Beste alde batetik, azaroaren 23rako, larunbata, bi bisita gidatu programatu dira. Araztegietara egingo dira bisitak, eta, hartara, paper-zapi bustiek mota honetako instalazioetan eragiten duten arazoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da:

  • Barasoain – Garinoaingo HUA (10:00etan)
  • Arazuriko HUA (11:00etan)

Mankomunitatearen webguneko (www.mcp.es) “Jarduerak” atalean eta NILSAren webgunean (www.nilsa.com) eman ahal izango da bisita horietarako izena. 

txotxongilo-komun 2019

Aipamen berezia merezi dute txotxongilo-komun batek egingo dituen hiru emanaldiak. Berarekin eragin-trukean aritzera eta argazkiak egitera gonbidatuko ditu ikusleak, gero sare sozialetan partekatzeko #autoretrete2019 traolarekin. Zehazki, emanaldi horiek 12:00etatik 13:00etara izango dira, toki hauetan: 

  • Emausko Trapuketarien zentroa (Berriozar) – hilaren 16an, larunbata
  • Arazuriko Hondakin Uren Araztegia – hilaren 23an, larunbata
  • Bigarren eskuko azoka (Mutiloa) – hilaren 24an, igandea

Jarduera horien segimendua IMk Facebooken duen aisia-jardueren kontuan (@actividadesmancomunidad) eta IMko Ingurumen Heziketako Programak Twitterren duen kontuan (@mancoeduca) egin ahal izango da.

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea