Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2021/09/22

Ollakarizketako araztegi berria bertako 178 biztanleei zerbitzua ematen hasi zaie

Azpiegiturak milioi bat euroko aurrekontua izan du, eta NILSA sozietate publikoak finantzatu du

Ollakarizketako hondakin-uren araztegia (HUA) zerbitzua ematen hasi zaie herri horretako 178 biztanleei eta Gartziriaingoei, Txulapain udalerrian. Laster, zerbitzua zabalduko da Markalain barne hartzeko, kolektore bat eraikitzeko jada hasita dauden obrak amaitzen direnean. 

Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak, David Campión Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak eta Roberto Arlegi Txulapaingo Udaleko zinegotziak araztegi berria aurkeztu dute gaur goizean. Zehazki, 1.021.280 euroko aurrekontua (BEZa kanpo) izan du, Nafarroako Gobernuak finantzatuta, NILSA sozietate publikoaren bidez, saneamendu-kanonaren kontura. Eraikitzeko obrak Mankomunitatearen ardurapean egon dira, eta bera arduratuko da kudeatzeaz. Instalazio berri hori Mankomunitatearen tokiko araztegien sarean sartu da (Ibero, Etxauri, Izu, Elo eta Zubiri).

Instalazioa Ollakarizketako herrigunetik 200 metrotara kokatuta dago, hegoaldera, eta 1.900 metro koadroko eremua hartzen du. Egungo 178 biztanleen arazketa biologikoa ahalbidetuko du, nahiz eta etorkizunean 350etik gora izan daitezkeen, Beltzuntze barne hartzean, Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailean aurreikusita dagoen moduan. 

Hamahiru hobi septiko kentzea

Orain arte zeuden hamahiru hobi septikoak ordeztuko ditu araztegi berri honek. Hobi horietako hondakin-urak, lehen mailako arazketa bat egin ondoren, Txulapain ibaira isurtzen ziren.  

3.081 metroko luzera eta 315 mm-ko diametroa (PVC) duen kolektore bat kokatu da, Txulapain ibaiari paralelo doana eta inguru horietan biztanleak dituzten herrigune guztietako isurketak jasotzen dituena. Arazketa-sistemak lehen mailako dekantaziorako hobi septiko bat du, ponpaketa bat, perkolazio-ohantze bat, tratamendu biologikoa ahalbidetzen duena, eta Imhoff tanga bat, bigarren mailakoa. Araztutakoa Txulapain ibaira isurtzen da. 

Hitza hartu duenean, Bernardo Cirizak adierazi du azpiegitura berriak irtenbidea emango diola arazketari inguru horretan eta Txulapain ibaiaren ingurumen-ekosistema eta kalitatea hobetzeko bidea emango duela. Instalazio hau, gainera, “aurrerapausoa da 2024 baino lehen 100 biztanletik gorako herrigune guztietara arazketa biologikoko sistemak zabaltzeko helburuan, Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzaileak jasotzen duen moduan”, zehaztu du kontseilariak.

David Campiónek proiektuari lotuta dauden erakunde guztien elkarlana eskertu eta nabarmendu du “beste adibide bat” dela, “administrazioen arteko lankidetzak proiektuak aurrera ateratzea ekartzen duela” erakusten duena. 

Azkenik, Roberto Arlegi Txulapaingo Udaleko zinegotziak adierazi du oso eskertuta daudela “instalazio honek dakarren hobekuntzarengatik”, eta aukera baliatu du eskatzeko etorkizuneko esku-hartzeetan ere kontuan hartzeko inguru hori. 

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da