Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2022/03/02

Konposta saltzeko kanpaina hasi da Arazuriko HUAn

Arazuriko konposta erabiltzeak lursailen kalitatea hobetzen du, ingurumenean inpaktu txikia izanda eta modu iraunkorrean eginda

Iruñerriko Mankomunitateak gogorarazi nahi du, uzta berrietarako lurra prestatzeko denboraldia hastera doan honetan, Arazuriko konposta erabiltzeak lursailen kalitatea hobetzeko bidea ematen duela, ingurumenean inpaktu txikia izanda eta modu iraunkorrean eginda.

Arazuriko HUAn hondakin-urak araztearen bidez eta hondakin berdeak bildu eta hautatzearen bidez egiten den baliabideen aprobetxamenduari esker, kalitateko konposta lortzen da, medeagarri organiko gisa balia daitekeena gero.

Arazuriko HUAn, bi produktu nagusi merkaturatzen dira. Batetik, Arazuriko konposta, hondakin berdeak eta araztegiko lohien proportzio txiki bat dituena. Ongarritzeko balio handia du, eta baratze-laboreetarako oso estimatua da. Eta bestetik, Konpost begetala, hondakin berdeekin egiten den produktua, lurzoruaren ezaugarri fisikoak hobetzeko erabiltzea gomendatzen dena: porositate handiagoa, drainatze hobea…

Gainera, Arazuriko substratua eros daiteke (%50 Arazuriko konposta + %50 turba gorria) eta 2. mailako errezeboa (%50 Arazuriko konposta + %50 hondar silizeduna), biak ala biak soltean.

2021ean 3.365 tona merkaturatu ziren

2021ean, 3.365 tona konpost merkaturatu ziren, eta haietatik 3.000 tona ‘Arazuriko konpostarenak’ (B klasea) izan ziren, eta gainerakoak, ‘Konpost begetalarenak’ (A klasea). Beste alde batetik, 712 tona konpost eman ziren promozioan, eta, beraz, hornidura osoa 4.077 tonakoa izan zen. Bezero nagusiak lorezaintzako enpresak izan ziren, tona guztien %38,83 eskuratu baitzituzten, partikularrak (%35,27) eta toki-erakundeak (%11,12). Gainerako %14,78a ‘promozioko konpostari’ egokitu zitzaion.

Txikizkako salmentei dagokienez, 2021ean 28.334 zaku saldu ziren, aurreko urtean baino %21 gehiago, nagusiki pandemiaren ondoriozko mugak gainditu zirelako, 2020an ezin izan baitzen konposta soltean saldu partikularrentzat. Guztizko kantitate horretatik, 23.322 zaku ‘Arazuriko konpostarenak’ izan ziren eta 5.012 ‘Konpost begetalarenak’, partikularrentzat. Lorezaintzako enpresen eta udalen kasuan, nagusiki soltean kontsumitzen badute ere, 6.575 zaku eskuratu zituzten: 5.980 zaku ‘Arazuriko konpostarenak’ izan ziren eta 595 ‘Konpost begetalarenak’.

Nabarmendu behar da 2022an partikularrentzako ohiko salmenta-baldintzak berreskuratu direla eta, hortaz, soltean eros daitezkeela produktu desberdinak.

Salmentarako ordutegia

Arazuriko HUAn, herritarrentzako konpost-salmenta astelehenetik ostiralera egoten da irekita, 08:00etatik 14:00etara. Arazuriko konpostaren ekoizpenari eta salmentari buruzko argibide gehiago kontsultatzeko, IMren webgunera jo daiteke.

Beste albiste batzuk

  • Gasez hornitzeko estazio berria ere martxan hasi da, EHGaren garajeetan kokatuta
  • Uztailaren 6tik 14ra, aireporturako eskaerapeko taxi-zerbitzua bertan behera geldituko da eta haren ordez L23 linearen luzapen bat egongo...
  • Isurpen guztietatik, %4 Uraren Ziklo Integralari dagozkio, %28 EHGari eta %68 hondakinen kudeaketari