Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2021/09/03

Irailaren 7an, asteartea, Eugiko urtegiko urak hustuko dira

Helburua da urtegiaren hondoan dauden manganesoa eta burdina kentzea, horrek uraren kalitatea hobetzeko bidea ematen baitu

Hurrengo irailaren 7an, asteartea, 08:00etatik aurrera, Iruñerriko Mankomunitatea Eugiko urtegiko hondoko urak husten hasiko da. 1991z geroztik egiten da operazio hau, eta helburua da gero hornidurarako erabiltzen den uraren kalitateari eustea. Izan ere, urtegiaren hondoan dauden gai organikoak eta metalak (burdina eta, nagusiki, manganesoa) kentzeak aukera ematen du Urtasungo tratamendu-araztegira iristen den uraren kalitatea hobetzeko eta murrizteko Iruñerrira hornitu aurretik edateko ur bihurtzeko fasean erreaktiboen erabilera. 

Urtero bezala, urak husteko operazioa udaren amaieran egiten da, termoklina osatu denean, hau da, Eugiko urtegiko ura geruzetan estratifikatu denean, tenperatura beroenetik hotzenera. Bero-gradiente edo gradiente termiko hori baliatzen da –geruza hotzenetan (8º C inguruan) eta sakonenetan (15 m-tik aurrera) biltzen dira hondoan disolbatuta dauden manganesoa eta burdina– metal horiek modu naturalean kentzeko, urtegiaren hondoa urez hustea irekita.

Urak husteko operazioa, 08:00etatik 11:00etara

Aurten purgaketa-bolumena 130.000 m3-koa izango da, eta husten aritzeko denbora hiru ordu izango da, Mankomunitateko Kalitatearen Kontrola sailak egindako azterlanen ondorioz. Bai urak husteko unea bai eta hustu beharreko kantitatea ere presan kokatutako perfiladoreak etengabe emandako datuetan oinarri hartuta erabaki dira: uraren kalitatea automatikoki kontrolatzeko sistema bat da, zunda multiparametriko bat duena eta sakonera desberdinetan datuak automatikoki erregistratzeko aukera ematen duena.  

Hortaz, operazioa 08:00etatik 11:00etara egingo da, nahiz eta urak husten amaitu eta handik sei ordu bitartean nabaritu ahal izango diren eraginak gutxi gorabehera.

Urak hustearen eragina ekaitz batenaren antzekoa da eta mota horretako fenomeno meteorologiko batek ibaiko landareetan eta animaliengan dituen arriskuen antzekoak ditu. Nolanahi ere, adierazi behar da uraren maila igotzen dela –eta hori ibai-tarte bakoitzaren arabera aldatzen da– eta tenperatura hozten dela. Batez beste, 9º C-koa izango da. Hori dela-eta, urak husteko egunaren bezperan turbinatutako uraren emaria handituko da, ibaiko uraren tenperatura hoztea graduala izan dadin. Horrenbestez, operazio osoaren ondorioz urtegiko 250.000 m3 ur hustuko dira.

Urak husteko operazioa Iruñerriko Mankomunitateak eskatuta egiten da, eta Ebroko Ur Konfederazioak egiten ditu maniobrak eta gainbegiratzen du husteko balbulak irekitzea eta ixtea.

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da