Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2014/09/19

Irailaren 23an, asteartea, Eugiko urtegiko urak hustuko dira

Ohikoa dena baino egun batzuk geroago egingo da, urtegiko uraren sakoneko eta azaleko geruzen artean diferentzial termiko handiena lortu nahi baita.

Heldu den irailaren 23an, asteartea, 08:00etatik aurrera, Iruñerriko Mankomunitatea Eugiko urtegiko hondoko urak husten hasiko da. 1991z geroztik egiten da operazio hau, eta helburua da gero hornidurarako erabiltzen den uraren kalitateari eustea. Izan ere, urtegiaren hondoan dauden gai organikoak eta metalak (burdina eta, nagusiki, manganesoa) kentzeak aukera ematen du Urtasungo plantara iristen den uraren kalitatea hobetzeko eta murrizteko Iruñerrira hornitu aurretik edateko ur bihurtzeko fasean zuzentzaileen erabilera. Ur laginak aldian behin hartzeak eta ondoren aztertzeak bidea emango du kendutako burdina eta manganeso kantitatea zein izan den jakiteko.

Aurtengo baldintzak desberdinak dira

Urak husteko operazioa udaren amaieran egiten da, termoklina osatu denean, hau da, Eugiko urtegiko ura geruzetan estratifikatu denean, tenperatura beroenetik hotzenera. Bero gradiente edo gradiente termiko hori baliatzen da –geruza hotzenetan (8º C inguruan) eta sakonenetan (15 m-tik aurrera) biltzen dira hondoan disolbatuta dauden manganesoa eta burdina– modu naturalean kentzeko, urtegiaren hondoa urez hustea irekita.

Aurten, udan izan ditugun tenperatura hotzen ondorioz, diferentzial termikoa ez da aurreko urteetako garai hauetan bezain nabarmena. Hori dela-eta, iraileko azken bero hauen bulkadaren zain egon gara urtegia gehiago berotzeko eta, hartara, aurrea hartzeko operazio honen eraginkortasuna hobetzeko. Aurten erregistratu den egoera meteorologiko berezi honek –lehenbiziko aldiz hustu zenetik, 23 urte hauetan ez da halakorik gertatu–, gainera, aukera emango du urtegia aztertzeko guztiz berria den egoera batean.

Hektometro kubo erdi ur

Operazio hau egiten denetik (1995ean ez zen egin lehortearen ondorioz) aldatu egin da husten den ur kantitatea. Dena den, 2000. urteaz geroztik egonkortu egin da eta hektometro kubo erdia da (500.000 m3).

Urak hustearen eragina ekaitz batenaren antzekoa da eta mota horretako fenomeno meteorologiko batek ibaiko landareetan eta animaliengan dituen arriskuen antzekoak ditu. Nolanahi ere, adierazi behar da uraren maila igotzen dela –eta hori ibai tarte bakoitzaren arabera aldatzen da– eta tenperatura hozten dela. Batez beste, 9º C-koa izango da. Hori dela eta, urak husteko egunaren bezperan turbinatutako uraren emaria handituko da, ibaiko uraren tenperatura hoztea graduala izan dadin.

Urak husteko operazioa egun bereko, 23ko, 20:00ak bitartean egingo da. Iruñerriko Mankomunitateak eskatuta egiten da, eta Ebroko Ur Konfederazioak egiten ditu maniobrak eta gainbegiratzen du urez husteko balbulak irekitzea eta ixtea.

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua