Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2015/09/11

Irailaren 15ean, asteartea, Eugiko urtegiko urak hustuko dira

Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa kentzea, horrek uraren kalitatea hobetzen baitu

Heldu den irailaren 15ean, asteartea, 08:00etatik aurrera, Iruñerriko Mankomunitatea Eugiko urtegiko hondoko urak husten hasiko da. 1991z geroztik egiten da operazio hau, eta helburua da gero hornidurarako erabiltzen den uraren kalitateari eustea. Izan ere, urtegiaren hondoan dauden gai organikoak eta metalak (burdina eta, nagusiki, manganesoa) kentzeak aukera ematen du Urtasungo plantara iristen den uraren kalitatea hobetzeko eta murrizteko Iruñerrira hornitu aurretik edateko ur bihurtzeko fasean zuzentzaileen erabilera. Ur laginak aldian behin hartzeak eta ondoren aztertzeak bidea emango du kendutako burdina eta manganeso kantitatea zein izan den jakiteko. 

Urak husteko operazioa udaren amaieran egiten da, termoklina osatu denean, hau da, Eugiko urtegiko ura geruzetan estratifikatu denean, tenperatura beroenetik hotzenera. Bero gradiente edo gradiente termiko hori baliatzen da –geruza hotzenetan (8º C inguruan) eta sakonenetan (15 m-tik aurrera) biltzen dira hondoan disolbatuta dauden manganesoa eta burdina– modu naturalean kentzeko, urtegiaren hondoa urez hustea irekita.

Hektometro kubo erdi ur

Operazio hau egiten denetik (1995ean ez zen egin lehortearen ondorioz) aldatu
egin da husten den ur kantitatea. Dena den, 2000. urteaz geroztik egonkortu egin da eta hektometro kubo erdia da (500.000 m3).

Urak hustearen eragina ekaitz batenaren antzekoa da eta mota horretako
fenomeno meteorologiko batek ibaiko landareetan eta animaliengan dituen
arriskuen antzekoak ditu. Nolanahi ere, adierazi behar da uraren maila igotzen dela –eta hori ibai tarte bakoitzaren arabera aldatzen da– eta tenperatura hozten dela. Batez beste, 9º C-koa izango da. Hori dela eta, urak husteko egunaren bezperan turbinatutako uraren emaria handituko da, ibaiko uraren tenperatura hoztea graduala izan dadin.

Urak husteko operazioa egun bereko, 15eko, 20:00ak bitartean egingo da. Iruñerriko Mankomunitateak eskatuta egiten da, eta Ebroko Ur Konfederazioak egiten ditu maniobrak eta gainbegiratzen du urez husteko balbulak irekitzea eta ixtea.

Beste albiste batzuk

  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23
  • Eguneko gutxieneko zerbitzuak %60koak izango dira puntako orduetan eta %40koak ordu lasaietan