Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2017/09/08

Irailaren 12an, asteartea, Eugiko urak hustuko dira

Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa eta burdina kentzea, uraren kalitatea hobetzen baitu

Heldu den irailaren 12an, asteartea, 08:00etatik aurrera, Iruñerriko Mankomunitatea Eugiko urtegiko hondoko urak husten hasiko da. 1991z geroztik egiten da operazio hau, eta helburua da gero hornidurarako erabiltzen den uraren kalitateari eustea. Izan ere, urtegiaren hondoan dauden gai organikoak eta metalak (burdina eta, nagusiki, manganesoa) kentzeak aukera ematen du Urtasungo plantara iristen den uraren kalitatea hobetzeko eta murrizteko Iruñerrira hornitu aurretik edateko ur bihurtzeko fasean erreaktiboen erabilera.

Urak husteko operazioa udaren amaieran egiten da, termoklina osatu denean, hau da, Eugiko urtegiko ura geruzetan estratifikatu denean, tenperatura beroenetik hotzenera. Bero gradiente edo gradiente termiko hori baliatzen da –geruza hotzenetan (8º C inguruan) eta sakonenetan (15 m-tik aurrera) biltzen dira hondoan disolbatuta dauden manganesoa eta burdina– modu naturalean kentzeko, urtegiaren hondoa urez hustea irekita.

250.000 metro kubo ur

Operazio hau egiten denetik (1995ean ez zen egin lehortearen ondorioz) aldatu egin da husten den ur kantitatea. Nahiz eta 2000. urteaz geroztik egonkortu egin zen eta husten zen kantitatea hektometro kubo erdikoa zen, aurten bolumena erdia izango da (250.000 m3) eta husten aritzeko denbora sei ordu izatetik hiru ordu izatera igaroko da. Erabakia Mankomunitateko Kalitatearen Kontrola sailak egindako azterlanen ondorioz hartu da. Nabarmendu behar da bai urak husteko unea bai eta hustu beharreko kantitatea ere presan berriki kokatutako perfiladoreak emandako datuetan oinarri hartuta erabaki direla. Horrenbestez, operazioa 08:00etatik 11:00etara egingo da, nahiz eta urak husten amaitu eta handik sei ordu bitartean nabaritu ahal izango diren eraginak gutxi gorabehera.

Urak hustearen eragina ekaitz batenaren antzekoa da eta mota horretako fenomeno meteorologiko batek ibaiko landareetan eta animaliengan dituen arriskuen antzekoak ditu. Nolanahi ere, adierazi behar da uraren maila igotzen dela –eta hori ibai tarte bakoitzaren arabera aldatzen da– eta tenperatura hozten dela. Batez beste, 9º C-koa izango da. Hori dela eta, urak husteko egunaren bezperan turbinatutako uraren emaria handituko da, ibaiko uraren tenperatura hoztea graduala izan dadin.

Urak husteko operazioa Iruñerriko Mankomunitateak eskatuta egiten da, eta Ebroko Ur Konfederazioak egiten ditu maniobrak eta gainbegiratzen du husteko balbulak irekitzea eta ixtea.

Beste albiste batzuk