
IMk gogora ekarri du Iruñerriko uraren kalitatea eta osasungarritasuna bermatuta dagoela
Mankomunitateak gogorarazi du ez dagoela koronabirusik tratatutako uretan, eta, horrenbestez, erabat baztertuta dagoela kutsatzea. Ura edateko on bihurtzeko kloroa baliatzen duten tratamenduek jardueragabe uzten dituzte birus erresistenteenak, Osasunaren Mundu Erakundeak eta erreferentziazko nazioarteko beste erakunde batzuek adierazten dutenaren arabera. Hortaz, esan daiteke Iruñerriari zerbitzua ematen dioten edateko uren araztegietan egun egiten diren desinfekzio-jardunbideek kontsumorako urak birus honen aurrean babesteko maila egokia ziurtatzen dutela. Hori dela-eta, iturriko urak osasungarria izaten jarraitzen du eta beti bezala kontsumitzen jarrai daiteke, kalitatea bermatuta baitago.
Kolifagoen analisia
Kutsadura adierazten duten bakterioen monitorizazioa, etengabe eta ohiko eran egiten dena, kontsumoko uraren kalitatea ebaluatzeko egokitzat jotzen da, erreferentziazko erakunde guztien arabera. Edonola ere, Egillorko Kalitatearen Kontrolerako Laborategiak kolifagoen kontrola egiten du 2017az geroztik, segurtasun-maila gehigarria ematen baitu.
Kolifagoak morfologikoki giza birusen antzekoak diren birusak dira, eta haien analisia eredu erabilgarria da birusek ur-inguruneetan duten jokaera eta tratamendu- eta desinfekzio-prozesuekiko duten sentikortasuna ebaluatzeko.
Analisi osagarri hau 2017an abian jarri zenetik, 1.556 lagin aztertu dira, haien %82 EUTEetako (Edateko Uren Tratamendu Estazioak) irteera-uretan. Analisi horien emaitzak beti negatiboak izan dira, hau da, inoiz ez dira kolifagoak detektatu EUTE batean tratatu ondorengo ur-laginetan.
Nabarmendu behar da Egillorko EUTEko laborategia Egiaztatze Erakunde Nazionalak (ENAC) parametro honen analisiak egiteko egiaztatuta dituen gutxietako bat dela. Egiaztatze hori, hain zuzen, 2018an eskuratu zuen.
Kontsumoa %5,5 gutxitzea
Alarma-egoera izendatu zenetik, uraren kontsumoa %5,5 murriztu da Iruñerrian, 2019ko bost aste berberetako kontsumoaren aldean. Emari-beherakada handiena martxoaren 30a eta apirilaren 12a artean erregistratu da –funtsezkoak ez diren jarduerak eten ziren egunekin bat etorrita–, jaitsiera hori %9,7koa izatera heldu baita.
Beste alde batetik, nahiz eta jeneralean Aste Santua urteko kontsumo txikiena duen aldia izaten den, 2020ko jaiegun horietan ur-kontsumoa azken urte hauetako handiena izan da; esate baterako, aurreko urteko kontsumoa baino %11,2 handiagoa.
Kontsumoak eremuen edo erabileren arabera izan duen bilakaerari dagokionez, nabarmendu behar da kontsumo-beherakada handienak, bost aste hauetan, industrialdeetan, Iruñeko Alde Zaharrean –bertan, ostalaritzako eta merkataritzako jarduera garrantzitsua da– edo unibertsitateko ikasle ugari izaten duten auzoetan gertatzen ari direla. Era berean, nabarmendu behar da beste auzo batzuetan ur-kontsumoa emendatu egin dela, adibidez, Erripagañan, Sarrigurenen, Lezkairun eta Artika Berrian, lo-auzoek berezko izaten duten kontsumo-eredua baitute.
Beste albiste batzuk
- Proiektua Txulapain ibaiaren saneamenduaren aldeko apustu handia da
- Erakusketetako bi, ‘Bigotes’ eta ‘Comedy Wildlife Photo’, apirilaren 6tik aurrera bisitatu ahal izango dira, osteguna
- Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute