Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2019/02/15

Elok hondakin-uren araztegia du

NILSAk finantzatu du eta Iruñerriko Mankomunitateak kudeatuko du

Gaur goizean Eloko hondakin-uren araztegia (HUA) aurkeztu dute, Xabier Lasa Nafarroako Gobernuko Tokiko Administrazioko zuzendari orokorrak, Juan Ignacio Labiano Eloko Udaleko alkateordeak eta Aritz Ayesa Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak esku hartu duten ekitaldi batean. 

Araztegia herrigunetik 800 metrotara kokatuta dago, Judubieta izeneko alderdian, Elortz ibaiaren eskuineko ertzean, eta 3.000 metro koadroko eremua hartzen du. Kokaleku hori Donejakue bidearen ibilbidea begiratzeko helburuarekin egin da, inguru horretan baitago. Nabarmendu behar da, nahiz eta Elo eta Getze Ibargoiti herriek bien artean 600dik gora biztanle dituzten (azken erroldaren datuen arabera), araztegiak 1.000 biztanleko herri bati zerbitzua emateko ahalmena duela.

Instalazioak aurretratamendua egiteko linea du (arbastatze mekanizatua), ur-linea (lehen dekantazio-tanga eta iragazki biologikoa) eta lohien linea (bigarren dekantazioa). 3 kilometroko kolektore edo hodi biltzaile batek Getze Ibargoitiko eta Eloko hondakin-urak biltzen ditu eta araztegira bideratzen. Grabitate bidezko hodia da, Elortz ibaiari paralelo doana. Huescarako errepide zaharraren ondoan aurreikusita dagoen Eloko etorkizuneko hirigintza-garapenaren saneamendua grabitatez biltzeko aukera emango duen kota edo garaiera batean kokatu da instalazioa.

Hitza hartu duenean, Juan Ignacio Labianok, Eloko Udaleko alkateordeak, nabarmendu du araztegi honek Elo eta Getze Ibargoiti batzen dituela eta hori ibaiari garbitasun handiagoa ekarriko dion mugarria dela. Bere aldetik, Xabier Lasak adierazi du instalazio hau tokiko erakundeen arteko elkarlanaren adibidea dela eta aspaldidanik lortu nahi zen helburu bat bete dela berarekin, Nafarroan 250 biztanletik gorako herri guztiek arazketa biologiko bidezko laguntza baitute. Azkenik, Aritz Ayesak gogora ekarri du legegintzaldi honetan Mankomunitateak bultzada handia eman diola saneamenduari eta araztegi hau abian jarri izana horren adibide ona dela. Instalazio hauen bidez, nabarmendu du Ayesak, Iruñerriko herriek bizia izatea bultzatzen da. Horrez gain, proiektuan esku hartu duten pertsonei egindako lana eskertu die Mankomunitateko lehendakariak. 

Lan hau egin izana –2018ko maiatzean hasi zen eta joan den urtarrilean amaitu– Iruñerriko II. Saneamendu Plana (2017-2020) izenekoan aurreikusita dauden jarduketen barnean dago. Lanak egiteko aurrekontua 2.100.476 eurokoa izan da eta NILSAk finantzatu du, saneamendu-kanonarengatik emandako baliabideetatik abiatuta. 

Eloko HUA eraikitzeak, gainera, Iruñerriko 500 biztanletik gorako herrietarako saneamendu-jarduketak amaitzea ekarri du. Mankomunitateak kudeatzen dituen araztegien sarea Arazuriko eskualde HUAk eta Iberoko, Etxauriko, Zubiriko eta Eloko tokiko araztegiek eratzen dute. 

Beren hondakin-urak Arazuriko HUAraino bideratzen dituen eskualde-kolektore batek zerbitzua ematen ez dien herriek arazketarako tokiko sistema txikiak dituzte (iragazki biologikoak, Imhoff tangak eta hobi septikoak). Tokiko saneamendurako 117 azpiegitura inguru dira. Hartara, gaur aurkeztu den instalazio berri honek orain arte Elon eta Getze Ibargoitin zeuden hobi septikoak alde batera uzteko aukera eman du.

Beste albiste batzuk

  • Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa eta burdina kentzea, uraren kalitatea hobetzen baitu.
  • Era berean, igandetik aurrera 23. lineak zerbitzua emango du Cordovillara
  • Era berean, heldu den igandean neguko ordutegia hasiko da EHGan