
Egillorko Edateko Uren Tratamendu Estazioa eraberritu da
Gaur goizean, Mankomunitateko lehendakaria eta zuzendaritzako kideak Egillorko Edateko Uren Tratamendu Estazioan (EUTE) izan dira, bertan, laborategia eta bulegoak eraberritzeaz gain, eraikinaren inguratzaile termikoa hobetu baita. Lan horiek IM eta SCPSAren Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategiaren barnean sartu dira, joan den asteleheneko Batzar Nagusian onetsi zenean, hain zuzen.
Klimatizazioa, Artetako iturburuko urarekin
Egillorko EUTEn, instalazio guztien berotze- eta hozte-sistema berritzailea jarri da, Artetako iturburutik datorren uraren tenperatura baliatuta dabilena. Instalazioko tenperatura erregulatzea energia elektrikoak abiarazitako bero-ponpa bati esker egiten da, eta energia elektriko hori, era berean, eraikinaren estalkian kokatuta dauden plaka fotovoltaikoekin sortzen da neurri handi batean. Instalazio hori 2019an egin zen, eta 100 kW-eko inbertsore-potentzia dauka. 228 modulu fotovoltaiko dauzka, 380 Wp-koak (watt-pikoak), eta 2020an 108.509 kWh sortu zituzten, plantaren kontsumo osoaren %20 baino zertxobait gehiago.
Energia banatzea beheko solairuan dagoen bero-ponparen gelatik egiten da, eta eraikineko instalazio orokorrak elikatzen ditu ur beroarekin, berokuntzarako, eta ur hotzarekin, airea hozteko. Artetako uren aprobetxamendu termikoa berariaz aztertu eta kalkulatu zuen CENER erakundeak.
Konforta ahalik eta gehiena optimizatzeko, gela bakoitzak giro-tenperaturarako zunda bat du, eta, hartara, banan-banan erregulatu ahal da erabileraren, orientazioaren eta abarren arabera. Zunden eta sentsoreen sistema guztia erregulazio-sistema zentralizatu baten bidez kontrolatzen da. Horrenbestez, berotzeko eta airea girotzeko erabiltzen den energiaren kontsumoa kontrolatu egiten da eta, hartara, eraikinaren ustiapenean gehiegizko kostuak egotea saihesten da.
Eraikinaren klimatizazio berria Europako Stardust proiektuaren barnean dago. Proiektu hori, hain zuzen, eraginkortasun globala handitzera eta bizi-kalitatea hobetzera bideratuta dago, eta bai tokiko ekonomia eta negozio-eredu berriak agertzea suspertzera ere. Europar Batasuneko 2020 Zerumuga ikerketa- eta garapen-programaren finantzaketa jaso du proiektuak.
Inguratzaile termiko berria
Eraberritze-lanak 2020 eta 2021 artean egin dira, eta eraikinaren isolamendua hobetzeko zenbait jarduketa hartu dituzte barne. Jarduketak barne hartu du lehenbiziko solairuaren kanpoko isolamendu osoa, SATE (Kanpoko Isolamendu Termikoko Sistemak) motako sistema baten bidez, eta bai barneko estradosatua ere (horma estaltzea), dauden fatxada-itxituren gainean. Horrez gain, estalkiaren eta beheko solairuaren isolamendua egin da. Ondorioz, lehen solairuko espazio guztia isolatuta gelditu da, bai estalkipeko espazioari dagokionez, bai beheko solairuari dagokionez ere.
Hornidurako laborategia eraberritzea
Proiektuaren barnean laborategia eraberritzea ere egon da. Laborategi horretan, zehazki, zentralizatuta dago Iruñerri osoko edateko uraren kalitatearen kontrola. Han egiten diren analisiak kualitatiboki eta kuantitatiboki emendatu direnez, eta ura aztertzeko araudi berriek ekipo berriak erabiltzea eskatzen dutenez, laborategi kimikoak eta mikrobiologiakoak handitu egin behar izan dira tokiari dagokionez.
Bulegoak eta gelak eraberritzea
Tratamendu-estazioa eraberritzeak tokiak berrantolatzea ere ekarri du berekin. Hartara, beheko solairuan makina-gela dago (bero-ponpa) eta instalazio teknikoak; lehen solairuan, bulegoak daude, laborategiak, erabilera anitzeko gela eta ingurumen-sentsibilizaziorako gela, besteak beste; “estalkipeko” solairuan, zenbait ekipo daude, hala nola bero-berreskuragailuak eta ateragailuak. Azkenik, estalkian, plaka fotovoltaikoak daude kokatuta.
Eraikina, laborategiak eta bulegoak eraberritzeko, inguratzaile termikoa jartzeko eta klimatizazio-sistema kokatzeko lizitazio-aurrekontua 1.092.395,22 euro izan da (kontratua gauzatzeko aurrekontua, BEZa kanpo), 120.000 euro inguruko aurrekontua kontuan hartu gabe, laborategiko eta bulegoetako altzariak berritzekoa.
Beste albiste batzuk
- Heldu den asteartean, ekainak 28, hasiko dira bilketa pneumatikoko buzoiak kentzen
- Irailaren 1etik aurrera egongo da martxan, Hiri Garraioan neguko ordutegia aplikatzearekin batera
- Aurreikusten da etenaldiak izango direla zirkulazioan larunbateko 18:30ak eta 22:30ak artean