Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2017/03/21

Bihar, martxoak 22, Uraren Mundu Eguna izango da, “Hondakin urak” lelopean

Ospatzeko, Mankomunitateak Arazuriko HUAn ate irekien jardunaldia antolatu du heldu den larunbaterako

Bihar, martxoak 22, Uraren Mundu Eguna izango da, ur gezaren garrantziari eta ur gezako baliabideen kudeaketa iraunkorraren defentsari buruz arreta erakartzeko Nazio Batuen Erakundeak hautatutako eguna. 1992az geroztik, urtero, NBE-Urak –Erakundearen barnean, urari eta saneamenduari buruzko lana koordinatzen duen saila– gai bat ezartzen du Egunaren kariaz, egungo edo etorkizuneko erronka baten gainean. Aurten, aukeratu duen leloa “Hondakin urak” da. 

Iruñerriko Mankomunitatea bere kudeaketa esparruan Uraren Ziklo Integrala izenekoa kudeatzeaz arduratzen den erakundea da. Kudeaketa horrek barnean hartzen du arazketa. Hodi biltzaileen sare baten bidez, hondakin urak Arazuriko Hondakin Uren Araztegira (HUA) bideratzen dira, han arazketa prozesu bat egin eta, hartara, Arga ibaira itzuli ahal izateko baldintzarik onenetan.

Arazketa prozesua denon mende dago

Dena dela, hondakin uren saneamendu eta arazketa prozesuaren funtzionamendu egokia herritar guztion mende dago. Izan ere, zenbait ohitura txarrek ondorio desegokiak izan ditzakete. Hainbat hondakinekin uraren saneamendu sareak ezin du ongi lan egin, buxadurak eragiten baitituzte hodi biltzaile eta ponpatze estazioetan, eta arazo operatiboak araztean. 

Izan ere, komunera bota behar ez diren hondakin horiek hara botatzeak ekartzen du urtero garbitu behar izatea Iruñerriko hodi biltzaileen 200 kilometro, hau da, sare osoaren %12 (1.671 kilometro ditu). Halaber, hodi biltzaileetan eta ponpatze estazioetan buxadurak kentzeko lan eta jarduketa ugari egin behar izaten da. Eta horrez gain, Arazuriko HUAn, egunero, desegokiak diren hondakin solidoen 5.000 kilogramo kentzen dira, gero Gongorako HHTZra eraman behar izaten direnak.

Arazo honen gainean herritarrak sentsibilizatu eta ohartarazteko, Iruñerriko Mankomunitateak kanpaina bat hasi zuen joan den azaroan, paper-zapi bustiak komunera botatzea ekiditeko, ohitura txar horrek ondorio larriak baititu ekonomiarako eta ingurumenerako.

Bainugelan paperontzi bat jartzea ideia ona da

Horrenbestez, Uraren Mundu Eguna aukera ezin hobea izan daiteke hondakin urak saneatzea eta araztea erraztuko duten ohitura on batzuk hartzeko. Mankomunitateak gomendatzen du paperontzi bat jartzea bainugelan eta zenbait hondakin hara botatzea; oker jokatuta, komunera botatzen baititugu eta gure saneamendu sareetara iristen baitira.  

Hondakin horien azken helburuak hauek izan behar dute:

  • Gainerakoen edo errefusaren edukiontzia: paper-zapi bustiak, txotx kotoidunak, konpresak, tanpoiak, kotoia, pixoihalak, preserbatiboak, hortzetako haria, zigarroen irazkiak, txikleak…
  • Gai organikoen edukiontzia: janari hondarrak, ilea…
  • Garbigunea: olioak, kosmetikoak, disolbatzaileak, azazkaletarako margoak eta lakak.
  • Botikak: haietara eraman behar dira sendagai iraungiak eta sendagaien ontziak.
Martxoaren 25ean, larunbata, ate irekien jardunaldia

Hain zuzen ere, saneamendu sistemen funtzionamenduari eta gizarterako eta ingurumenerako duten garrantziari buruzko informazioa era praktikoan emateko herritarrei, Iruñerriko Mankomunitateak ate irekien jardunaldia antolatu du larunbat honetarako, martxoak 25, Arazuriko HUAn. Deialdi hori Ur Horniduren eta Saneamenduen Espainiako Elkarteak (AEAS) egindako ekimenaren barnean dago, Uraren Mundu Eguna izango dela-eta, hiriko uraren arloa animatu baitu mota honetako jardunaldiak egitera hondakin urak bildu eta arazteko instalazioetan. 

Deialdiak izan duen arrakasta ikusirik, programatuta zegoen bisitaz gain beste bat antolatu da, bigarrena. Arazuriko HUAn egingo den ate irekien jardunaldiaren egitaraua hau izango da:

Lehen txanda

  • 09:45ean. Iruñeko autobus geltokia. Arazuriko HUAra joango den autobusa abiatuko da.
  • 10:15ean. Bisita hasiko da, eta gutxi gorabehera bi orduko iraupena izango du. 
  • 12:45ean. Iruñera itzuliko den autobusa aterako da.

Bigarren txanda (ez dago lekurik)

  • 10:30ean. Iruñeko autobus geltokia. Arazuriko HUAra joango den autobusa abiatuko da.
  • 11:00etan. Bisita hasiko da, eta gutxi gorabehera bi orduko iraupena izango du. 
  • 13:00etan. Iruñera itzuliko den autobusa aterako da.

Bisitan parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretik izena ematea, Mankomunitateko webguneko ‘Jarduerak’ atal honetan: www.mcp.es/actividades

Orain arte 62 dira Ur Horniduren eta Saneamenduen Espainiako Elkarteak (AEAS) egindako proposamenarekin bat egin duten erakundeak.

34 milioi metro kubo ur tratatu baino gehiago

Guztira 1.671 kilometroko luzera duen hodi biltzaileen sare baten bidez, Iruñerriko hondakin urak Arazuriko Hondakin Uren Araztegira bideratzen dira, eta han arazketa prozesua egiten zaie, baldintzarik onenetan Arga ibaira itzuli ahal izateko.

Araztegi hori 1990ean inauguratu zuten eta Arazuriko udal barrutian dago, Arga ibaiko meandro batean, 40 hektareako eremu batean. Urari isurketen karga kutsatzailea kentzeko aukera ematen duen prozesua egiten da bertan, erabiltzearen ondorioz urak izaten dituen substantziak kenduta. Tratamendu horri esker, ibaien ingurumen kalitatea begiratu ahal da. 

Arazuriko araztegian lehen tratamendua (aurretratamendua eta dekantatzea) eta bigarren tratamendua (tratamendu biologikoa, nitrifikazioa eta desnitrifikazioa) egiten dira. Zehazki, 2016an, Arazuriko HUAn 34.443.310 m3 hondakin ur araztu ziren guztira.

Era berean, arazteko prozesuak aukera ematen du biogasa –araztegiaren beraren funtzionamendurako erabiltzen den energia berriztagarria– eta biosolidoak sortzeko. Biosolidoak medeagarri organiko moduan baliatzen dira nekazaritzan eta lorezaintzan.

Hain zuzen, lohien tratamenduan lortutako biogas horren zati bat egun prozesatu egiten da biometano bihurtzeko, gas naturalaren ia berdina. Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuan probak eginez ibiltzen ari diren biobusen erregai gisa erabiltzen da, eta bai hondakinak biltzeko bi kamiotan ere.

Beste albiste batzuk

  • Astelehenetik aurrera, hilak 20, Hiri Garraioak bere zerbitzua berrantolatuko du Mutiloan, 17., 22. eta 25. lineekin
  • Berriozarren ematen den zerbitzuan maiztasuna hobetzea ere ekarriko dute 17. lineako aldaketek
  • Joan den abenduaren 19an Batzar Nagusiak egin zuen saioan onartu ziren hasiera batean