
Azpiegitura berriak Arazuriko araztegian, baliabideen aprobetxamendu handiena lortzeko
Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateak Arazuriko Hondakin Uren Araztegiko (HUA) bi azpiegitura berriak aurkeztu ditu, instalazioan baliabideen aprobetxamendu handiena lortzera bideratuak. Aurkezpen-ekitaldi horretan izan dira Lurralde Kohesioko kontseilaria, Bernardo Ciriza, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, David Campión, eta Navarra de Infraestructuras Locales, S.A. (NILSA) sozietateko ordezkariak.
Lehenik eta behin, bisita egin dute lohiak eguzki bidez lehortzeko planta pilotura. Planta hori joan den uztailean jarri zuten martxan, beirazko negutegi bat da eta bertan lohiak deshidratatu egiten dira eguzkiaren eraginez; hartara, haien bolumena murrizten da eta horrek kostuak optimizatzeko bidea ematen du; aurreztu egiten da lohiak alorretara garraiatzean, nekazaritzan aplikatzeko; eta konpostajerako ahalmen handiagoa lortzen da.
Hondakin-urak arazteko prozesuan lortutako lohi-zati edo -sorta bakoitza (gutxi gorabehera 140 tona) lehorketa-plantaren azaleraren 1.024 metro koadroen gainean jartzen da, gehienez ere 25 zentimetroko altuera gainditu gabe. Eguzki-erradiazioak eta aireztapen eraginkor batek lohiak deshidratatzea emendatzea ahalbidetzen du. Ura lurruntzen laguntzeko, lohiak iraultzeko sistema autonomo bat dago: robot bat da, “pala” batzuen eraginez materiala iraultzen duena, hartara, goiko geruza, airearekin kontaktuan dagoena (lehorragoa), beheko aldearekin nahasteko (hezeagoa), eta lehortzea homogeneoagoa izatea lortzeko. Lurrundutako ura erauzgailu eta haizagailu batzuen eraginez aterarazten da instalaziotik, eta gailu horiek, gainera, aire beroko korronteak sortzen dituzte, lohietara bideratuak, lehortzea maximizatzeko.
Prozesua automatikoa da, eta bai lohiak iraultzeko robota eta bai haizagailuak ere ordenagailu batek kontrolatzen ditu. Ordenagailu horrek, hain zuzen, tenperatura-, hezetasun- eta eguzki-erradiazioko baldintzak ebaluatzen ditu negutegiaren barnean eta kanpoan, eta, hartara, ekintza-denbora optimizatzen du. Nabarmendu behar da instalazioa %100 elektrikoa dela eta, lohien aurretiko digestioan lortutako biogasetik abiatuta, HUAn lortutako energia berdeak elikatzen duela. Hori dela-eta, instalazioaren karbono-aztarna nulua da.
Planta pilotuaren xedea da kudeatu beharreko lohiaren kantitatea nabarmen minimizatzeko aukera ematen duen eguzki-lehorketako sistema honekin Arazuriko lohiak duen jokaera ezagutzea. Esperientziaren lehen sei hilabeteen ondoren, emaitzak positiboak izan dira. Hartara, uztail eta abendu artean, lohi hezearen 7 sorta tratatu dira, eta denen artean 961 tona batzen zituzten. Lehortzeko prozesuaren ondoren, lohi “lehorraren” 485 tona lortu dira eta 475 tona ur lurrundu dira.
Nolanahi ere, prozesuaren probak urte osoan egin arte itxaron beharko da, errendimenduak baldintza klimatologiko desberdinekin ezagutzeko (eguzki-orduak, tenperatura, hezetasun-maila…).
Hitza hartu duenean, Mankomunitateko lehendakari David Campiónek adierazi du Arazuriko araztegia ekonomia zirkularraren adibide argia dela, bertan hondakin-urak biogas, energia elektriko eta medeapen organiko bihurtzen baitira. Eguzki bidez lehortzeko planta pilotuaren kasuan, nabarmendu du sei hilabete horietan 500 tona ur lurrundu direla eta horrek ekarri duela lohiak garraiatzen dituzten kamioien 50 bidaia aurreztea. “Proba hau hedatzen badugu, oso aurrezpen handia ekarriko du”, zehaztu du Campiónek.
Bere aldetik, Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Cirizak nabarmendu du planta hau Nafarroako Gobernuaren –bere enpresa publikoen bidez– eta tokiko erakundeen arteko lankidetzaren adibidea dela, eta bai ahaleginak batzearena ere, ororen helburu bat lortzeko: ikaragarrizko balioa duen baliabide bat, ura, ongi kudeatzea. “Ziur nago elkarlana mantendu eta sendotu egingo dela, eta espero dut 2022an behar bezalako emaitza teknikoak lortuko direla eta jada abiarazita dauden ikerketa- eta garapen-ildoetan aurrera egingo dela”, amaitu du Cirizak.
Beste digestore primario bat 2022an
Beste alde batetik, 2022 honetan beste digestore primario bat eraikiko dela jakinarazi dute, lohien 4.000 metro kubo tratatzeko ahalmena izango duena. Hartara, aurretik dauden lau digestore primarioei gehituko zaie 2022ko hau. Beraz, plantaren digestio-ahalmena eta ondoriozko biogas-ekoizpena aintzat hartzeko moduan emendatuko da.
Eguzki bidez lehortzeko planta berriaren inbertsioa 762.592,29 eurokoa izan da, gehi BEZa. Digestore berriaren inbertsioak –lohiak arbastatzeko instalazioa lekuz aldatzea ere hartzen du barne– 2.178.685,05 euroko aurrekontua du, gehi BEZa, eta hurrengo urtearen hasieran hasiko da martxan. Bi proiektuak NILSAk finantzatuko ditu, saneamendu-kanonaren bidez.
Biogasa eta biosolidoak, gai organikoetatik abiatuta
Arazuriko araztegia 1990ean inauguratu zen, eta Iruñerrian sortzen diren hondakin-urak tratatzen ditu –hiri-urak eta hiri-urekin parekagarriak diren industria-urak– eta bai Nafarroaren iparraldeko eta erdialdeko zati bateko toki-arazketako sistema ugaritan sortutako lohiak ere. Hala, 2020an, hondakin-uren 35,82 hektometro kubo tratatu ziren, kolektoreen sarearen bidez iritsi zirenak, eta Komunitateko leku desberdinetatik iritsi ziren 3.191 zisterna-kamioitako lohiak.
Arazuriko HUAk hondakin-urak arazten ditu, Arga ibaira isuri ahal izateko ur horiek, eta, gainera, instalazio horretan prozesatzen dituen gai organikoetatik abiatuta, baliabideak lortzen ditu: energia berriztagarriak (biogasa) eta ongarriak (biosolidoak).
Lohien digestio anaerobioak biogasa sortzen du, gero elektrizitatea eta ur beroa ekoizteko erabiltzen dena. 2020an, araztegiaren autosufizientzia energetikoa %104koa izan zen, hau da, soberazkoa izan zen. Ekoizpen osoa 20 MWh izan zen (%67,5 elektrizitatean eta %32,5 beroan), eta hori Espainiako 2.000 etxebizitzaren energia kontsumo osoaren (elektrizitatea eta berokuntza) baliokidea da.
Arazketa-prozesuan lortutako lohiak, behin digerituta, deshidratatu egiten dira eta biosolidoak lortzen dira (araztegiko lohiak), nekazaritzan balorizatu ahal izateko. 2020an, 41.742 tona sortu ziren, eta zuzenean aplikatu ziren nekazaritzako lursailetan (%80) edo konpost bihurtu ziren (%20), lorezaintzan eta baratzezaintzan erabili ahal izateko. 2020an nekazaritzan erabili ziren biosolidoek, 15-20 t/ha dosietan, Nafarroako Erdialdeko 2.000 hektarea ongarritu zituzten eta, era berean, sintesi-ongarrien kantitate handi bat (urea eta superfosfatoak) erabiltzea aurreztu zieten hondakin-uraren baliabideak balorizatzeko programa hauetan parte hartzen duten nekazariei.
Hondakin-uren baliabide guztiak aprobetxatzea maximizatzeko helburuarekin bultzatu dira gaur goizean aurkeztu diren proiektuak. Hain zuzen, proiektu horiek Arazuriko HUA sustatzen dute hondakin-urak aprobetxatzeko azpiegitura moduan eta, bereziki, energia berriztagarria sortzen duen iturri handi moduan.
Beste albiste batzuk
- Margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Azpiegitura berriak biogas-ekoizpena handitzen eta nekazaritzarako lohien egonkortzea hobetzen lagunduko du
- Jai bat egingo da ekainaren 3an, larunbata, Urkien basoan (Mariano Arigita pasealekua)