Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2017/11/02

Arreko ur-biltegi berriaren aurkezpena

2015eko ekaina arte kokaleku berean egon zen ur-biltegia ordeztuko du

Gaur, osteguna, Arreko ur-biltegi berria aurkeztu da (Ezkabarte), Miravalles alderdian, 2015eko ekaina arte kokaleku berean egon zena ordeztuko duena. 

Gogoan izango denez, lehengo ur-biltegia kolapsatu egin zen, egiturazko akats batengatik, 2015eko ekainaren 13an, nahiz eta ez zuen eraginik izan horniduran, berehala egokitu baitzen Miravallesko ur-biltegitik zihoan sare alternatibo bat, handik metro eskasera, hura ere Arreren udal barrutian. 

Lehengo ur-biltegiaren kolapsoaren arrazoiei buruzko azterlan oso bat egin ondoren, hondar-egitura eraitsi zen eta hondakinak kendu ziren. Ondoren, plangintza egiteko azterlanak abiapuntu hartuta, egiaztatu zen eskualdeko hornidura sarerako komenigarria zela toki berean ur-biltegi berria eraikitzea, buru gisa jardungo zuena. Leku horretatik, eta hornitzeko ahalmen handiagoa izanda, hornidura handitzeko bidea emango zuen iparralderantz (Olaibar) eta mendebalderantz (Ezkabarteko gainerako lekuak). 

Aurkezpen ekitaldian, Nafarroako Gobernuko Tokiko Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa, Ezkabarteko Udaleko alkatea, Pedro Lezáun, eta Mankomunitateko lehendakaria, Aritz Ayesa, izan dira.

Hitza hartu duenean, Aritz Ayesak Mankomunitatea eratzen duten pertsonen erantzun-ahalmena nabarmendu du, bai ur-biltegi zaharra kolapsatu zen unean, bai eta berria eraikitzeari heldu zitzaionean ere. Era berean, adierazi du gertakari hura aukera bihurtu zela; Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, aurreko ur-biltegiarekin egiten zen hornidura bermatu eta, are gehiago, handitzeko bidea eman duen aukera, hain zuzen. 

Jarraian, Xabi Lasak, batetik, Mankomunitatea zoriondu du, egoerari irtenbidea emateko gai izan delako, oso denbora laburrean eta gaitasun tekniko oso egokia izanda, eta, bestetik, kalte hartu zuten udalak, aukera baliatzen jakin dutelako goi hornidura hobetzeko. Alde horretatik, Lasak adierazi du ur-biltegi berri hau “pieza giltzarrietako bat” izango dela Goi Hornidurako Plan Zuzentzailean Iruñerriaren esparruan. 

10.000 m3-ko edukierako ur-biltegi berria

Ur-biltegi berriak hormigoi armatuzko egitura du, oinplano laukizuzenekoa da eta bi ontzi simetrikok eratzen dute, guztira 10.000 m3-ko edukiera dutenak (aurrekoak baino 2.000 m3 gehiago). Uraren garaiera 7m-koa da eta betetze-kota 497 m-koa. Mailen eta emari-neurgailuen teleaginte eta telekontrol sistema du instalazioak. Eraikitzeko lanak hamabi hilabetean egin dira, eta aurrekontu osoa 2.765.409 eurokoa izan da, BEZa barne. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuko Hirurteko Planean (2017-2019) sartuta dago azpiegitura hau, eta, hartara, 1.648.000 euroko diru-laguntza eman du departamentu horrek.

Nabarmendu behar da ur-biltegi berrira iristen den ura, aurreko ur-biltegian bezala, Eugiko urtegitik iristen dela, Urtasungo Edateko Uren Tratamendu Estazioan araztu eta gero. Ur-biltegi berriak urez hornitzen ditu jada Atarrabia, Burlata eta Ezkabarte udalerriak (Arre, Orikain, Sorauren eta Azotz). 

Beste albiste batzuk

  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela