
Arazuriko HUAk %96 murriztu ditu bertako metano ‘isurpen iheskorrak’
Arazuriko Hondakin Uren Araztegian (HUA) egiten den tratamenduan, arazketan lortzen diren lohiei digestio anaerobioko prozesu bat egiten zaie eta sortzen den biogasa energia termiko edo elektriko bihurtzen da ondoren.
Instalazioa 1990ean martxan jarri zenetik, biogas-bolumen handiak sortu dira. Esate baterako, 2021ean, 5.581.566 Nm3 ekoitzi ziren eta jatorri berriztagarriko energia elektrikoa ekoizteko modua eman zuten, HUAren kontsumoaren %99,35 ekarri zuena.
Edonola ere, araztegia instalazio konplexua da, azpiegitura desberdinak, digestoreak, motorrak, ehunka kanalizazio-metro eta abar dituena, eta, horrenbestez, pitzaduretan eta junturetan biogas-ihesak eduki ditzake. ‘Isurpen iheskor’ horiek oso arazotsuak dira ingurumenaren ikuspuntutik, biogasa %60an gas metanoak eratzen baitu eta bere berotze globalerako ahalmena CO2 gasarena baino 28 bider handiagoa baita.
Arazuriko HUA kudeatzen duen taldeak, egoera horren jakitun izanik, biogas-instalazio osoa sakon berrikusi zuen 2020ko otsailean. Horretarako, gas metanoaren ihesak detektatzeko teknika aurreratuenak erabili ziren, infragorriak baliatuta, eta Labaqua laborategi espezializatuarekin elkarlanean aritu zen. Berrikuspen-azterketak ahalbidetu zuen biogasak ihes egiten zuen zortzi puntu identifikatzea, eta zenbatetsi zen atmosferara igortzen ziren CO2 baliokideko isurpenak 453 tonakoak zirela urteko.
‘Isurpen iheskorrak’ eragiten zituzten elementuak konpontzeko edo ordezteko lanen ondoren, 2021ean berriro berrikusi zen instalazioa eta egiaztatu ahal izan zen ihes egiten duen biogasa nabarmen gutxitu dela, orain 18 tona CO2 baliokide baitira urteko, hau da, %96 gutxiago (435 tona CO2 baliokide urteko gutxiago).
IMren eta SCPSAren klima-aldaketaren aurkako
Emaitza hori bat dator IMren eta SCPSAren Klima Aldaketarako Estrategia 2030 dokumentuan jasota dauden helburuekin. Gogora ekarri behar da duela urte bat, 2021eko otsailean, IMk estrategia hori onartu zuela. Estrategia horrek 2030ean, karbonoari dagokionez, neutraltasuna lortzearen alde egiten du, Europako helburua lortzean 20 urtez aurreratuta. Mankomunitateak eta bera kudeatzeko SCPSA sozietateak hainbat ekimen jarri dituzte martxan, karbono-aztarna murrizteko. Haien artean, garrantzitsuenak dira hondakinen arloko ekintzak, hondakinetako gai organikoak 5. edukiontziaren eta etxeko eta auzoko konpostajearen bidez bereiz biltzea, eta bai hondakinak tratatzeko Iruñerriko ingurumen-zentro berriaren proiektua ere.
Irudian, Labaqua laborategiko langileak lohien digestore baten kupulako segurtasun-elementuak berrikusten, Arazuriko HUAn (2020).
Beste albiste batzuk
- Margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Azpiegitura berriak biogas-ekoizpena handitzen eta nekazaritzarako lohien egonkortzea hobetzen lagunduko du
- Jai bat egingo da ekainaren 3an, larunbata, Urkien basoan (Mariano Arigita pasealekua)