
Arazuriko hondakin-uren ponpaketa-estazio berria aurkeztu da
Gaur goizean, Arazuriko hondakin-uren ponpaketa-estazio berria aurkeztu da, Bernardo Ciriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta David Campión Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria buru izan dituen ekitaldi batean.
Obrak osorik egin dira Arazuriren udal-barrutian (Oltza Zendea), eta ahalbidetu dute ponpaketa berriraino bideratzea Ororbia-Zuastitik heldu diren kolektoreak, Txulapain ibaiaren ondoan dauden herrietakoak (Orkoien, Oltza eta Lotza) eta bai Arazuri herrikoak ere. Ponpaketa berri hori, zehazki, Txulapain ibaiaren eta Arazuri eta Ororbia batzen dituen NA-700 errepidearen artean dago. Nabarmendu behar da ponpaketaren konexioa Arazuriko Hondakin Uren Araztegiarekin (HUA) ere egin dela.
Hitza hartu duenean, David Campiónek instalazio honen garrantzia nabarmendu du ingurumenaren ikuspuntutik; izan ere, azpiegitura berriak, ponpatzeko ahalmena biderkatzean, erreketara kontrolatu gabeko isurketak egitea ekidingo baitu, uholdeak edo matxurak gertatzen badira edo mantentze-lanak egiten direnean. Era berean, Campiónek eskertu egin die Nafarroako Gobernuari eta NILSAri azpiegiturari egin dioten ekarpena, eta, bereziki, Arazuriko kontzejuari, Iruñerrirako hain garrantzitsua den azpiegitura berri hau hartzeko erakutsi duen elkartasunarengatik.
Bere aldetik, Bernardo Cirizak adierazi du azpiegitura hau aurrerapauso positiboa dela, eraginkorragoa eta gure baliabide hidrikoekiko errespetuzkoagoa den sistema bat baita. “Nafarroan, joan den urtean hondakin-uren 86 milioi metro kubo baino gehiago araztu genituen. Eskasa eta, aldi berean, ezinbestekoa den baliabide honen kudeaketak, horrenbestez, gure lehentasunetako bat izan behar du, bai egungo gizarterako eta bai geroko belaunaldientzat ere”, gaineratu du kontseilariak.
Mantentze hobea errazten duen instalazioa
Ponpaketa-sistema berriak aurreko estazioak baino ahalmen handiagoa du, zeina Arazuriko HUAtik gertu zegoen eta baliogabetuta gelditu den. Ponpaketa-estazio berriak, gainera, instalatuta dauden ekipoen mantentze hobea errazten du. Hartara, kolektorea eta/edo ponpak buxatuta egoteagatik geldi dagoelako sistema eteten den kasuetan, Txulapain eta Arga ibaietara araztu eta bahetu gabe egiten diren hondakin-uren isurketak minimizatuko dira.
Saneamendu-sareko kolektoreen isurketak edo gainezka-egiteak ezabatzeko jarduketa hau IMren Plan Estrategikoan eta 2017-2020 aldirako Iruñerriko II. Saneamendu Planean jasota dauden jarduketa-ildoetako bat da.
Zehaztu behar da obraren lehen fasea 2016aren amaieran gauzatu zela eta Arazuriko HUAren esparruan 828 metroko luzerako eta 500 milimetroko diametroko burdinurtuzko hodi bat kokatzea izan zela.
Bigarren fasea 2018. eta 2019. urteen artean gauzatu zen, eta hauek ekarri zituen: ponpaketa-estazioa eraikitzea, Arga ibaia gurutzatzen duen eta 181 metroko luzera duen hoditeria kokatzea –zulaketa horizontal bideratu baten bidez egina–, 450 metroko luzera eta 500 milimetroko diametroa duen hoditeria-zati bat egitea eta, azkenik, Arazuri herrian kolektore hustubidea eraikitzea.
Proiektuaren aurrekontua 3.019.124 eurokoa izan da (gehi BEZa), eta Nafarroako Gobernuak finantzatu du, NILSA sozietatearen bidez, bere inbertsioak gauzatzeko sozietate publikoak duen Birjartze Funtsaren kontura. Iruñerriko Mankomunitatea proiektua idazteaz eta obra zuzentzeaz arduratu da.
Adierazi behar da aurreikusita dagoela proiektuaren hirugarren fase bat egitea. Zehazki, Orkoien herritik ponpaketa-estazio berrira iristen diren kolektoreak aldatzea izango da helburua.
Hondakin-uren tratamendua
Mankomunitatearen saneamendu-sareak zazpi ponpaketa-estazio ditu, eta kolektoreen 1.678 kilometro. Arazuriko HUA –bertara bideratzen dira hondakin-urak– Arazuriren udal-barrutian dago, eta 40 hektareako hedadura du, Arga ibaiaren meandro baten gainean. 1990ean inauguratu zen, lehen tratamendua zuela (aurretratamendua eta dekantazioa). 1999an, tratamendu biologikoa eta nitrifikazio- eta desnitrifikazio-prozesua gehitu ziren.
Urari isurketen karga kutsatzailea kentzeko bidea ematen duen prozesua da arazketa, erabiltzearen ondorioz urak eramaten dituen substantziak kenduta. Hartara, prozesu horri esker, ibaien ingurumen-kalitateari eutsi ahal zaio. 2019an, Arazuriko HUAn hondakin-uren 37.487.923 m3 tratatu ziren, eta, beraz, batez besteko emaria 1.192 l/s-koa izan zen.
Beste albiste batzuk
- Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute
- Lehenbiziko zazpi egunetan 2.672 online birkarga egin ziren guztira ‘Recarga TUC’ app-aren eta webgunearen bidez
- Nolanahi ere, pandemiaren aurreko 2019ko kopuruekin alderatuta, datuak % 11 baxuagoak dira