Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2017/06/22

Arazuriko araztegiko lohiekin saiakuntzak egiteko lursailek 25 urte bete dituzte

Egindako azterlanek SCPSAko teknikariei, unibertsitateei eta ikerketa zentroei ematen diete informazioa

1992an, Arazuriko Hondakin Uren Araztegia (HUA) abiarazi eta handik bi urtera, Mankomunitateak saiakuntzak egiteko lursailak jarri zituen martxan instalazioaren beraren lur eremuetan. Hartara, lursail horietan saiakuntza esperimentalak egin izan dira, lohiak zuzenean aplikatzeak lurzoruan eta landare-materialean duen eragina ezagutzeko.  

Gogora ekarri behar da Arazuriko HUAn sortutako araztegiko lohiak, behin digeritu eta deshidratatuta, nekazaritzan baliatzen direla. Lohiekin egiten diren saiakuntza esperimentalak Arazuriko HUAn kokatuta dauden lursailetan egiten dira, eta 2 hektareako eremua hartzen dute. Lan horiek egiten hasi zirenetik INTIA institutuaren (Nafarroako Nekazaritzako Industrien Teknologien eta Azpiegituren Institutua) aholkularitza teknikoa eduki da. Eskuratu izan den informazioa baliagarria izan da SCPSAko teknikarientzat, nekazariei aholkularitza emateko, eta  unibertsitateen eta ikerketa zentroen azterlanetarako datuak emateko (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, INTIA eta NEIKER –Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutua–, besteak beste).

Ingurumeneko saiakuntzak, agronomikoak eta ekologikoak 

Saiakuntzak egiteko, sail desberdinetan tratamenduak egiten dira lohiarekin eta “sail lekuko” batekin alderatzen dira (sail horretan ez da ez hondakinik ez ongarri kimikorik aplikatzen). Lohiak lurzoruan erabiltzearen eragina ebaluatzeko, hiru saiakuntza mota egiten dira, zehazki: ingurumenekoak, agronomikoak eta ekologikoak. 

Ingurumeneko saiakuntzak 1991z geroztik egiten dira, hainbat sailetan hiru lohi dosi desberdin eta hiru maiztasunetan (urtean behin, bi urtean behin eta lau urtean behin) aplikatuta. Hartara, lurzoruan dauden metal astunen kontzentrazioa eta emankortasun parametroak neurtzen dira urtero. 

Saiakuntza agronomikoak 1994az geroztik egiten dira, eta lehorreko eta ureztaketako laborantza estentsibora bideratuta daude. Batez beste bizpahiru urteko iraupena izaten dute eta ongarriek lur landuetan duten eragina aztertzeko bidea ematen dute.  

Azkenik, 2016az geroztik, saiakuntza ekologikoak egiten dira. Mikrobioen biomasa aztertzea ahalbidetzen dute, hau da, lurzoruan dauden mikroorganismoak, materia organikoa deskonposatzearen eta mantenugaiak birziklatzearen arduradunak. Horretarako, lurzoruaren kalitatearen eta osasunaren bioadierazleak aztertzen dira: bakterioak eta onddoak. Halaber, lurzoruaren mikrobio-jarduera aztertzen da: lurzoruan materia organikoa deskonposatzean inplikatuta dagoen jarduera entzimatikoa eta nitrogenoaren eta fosforoaren mineralizazioa, mantenugai horien erabilgarritasuna zehaztuta.

Ongarritzeko baliabide segurua

25 urtean saiakuntzak egiten aritu eta gero, lurzoruan lohiak erabiltzearen ebaluazioak aukera ematen du produktu hori ongarritzeko baliabide segurua dela esateko; izan ere, behin eta berriz aplikatzeak ez baitakar metal astunen edukiak handitzea izaki bizidunentzako erabilgarri dauden formetan. Beste alde batetik, lohiak materia organiko, nitrogeno eta fosforo dosi handiak ematen ditu, eta, hartara, ongarri kimikoen kantitate nabarmenak ordeztu daitezke eta, horrenbestez, haiek egitearen ondoriozko CO2 igorpenak eta baliabideak aurreztu daitezke. Azkenik, Mankomunitateak egindako saiakuntzek ahalbidetzen dute esatea lohien erabilerak lurzoruaren osasunari ez diola eragiten, hori ikusten baita mikrobioen biomasa handiago batean, eta mantenugaien birziklatzean jardun handian du. 

Arazuriko HUAn sortutako araztegiko lohiak, behin digeritu eta deshidratatuta, nekazaritzan erabiltzen dira: gutxi gorabehera haien %80 zuzenean aplikatzen dira, eta gainerako %20a, araztegian jasotako lorezaintzako hondakin berdeekin batera konpost bihurtuta. 

2016an, Mankomunitateak araztegiko lohiekin egiten duen lanak ahalbidetu zuen 33.729 tona biosolido birziklatzea nekazaritzan, modu eraginkorrean eta trazatzeko moduan. 

Hartara, sortu ziren lohi digerituen 33.729 tonetatik 27.154 nekazaritzan aplikatu ziren (laboreak, artoa eta ekilorea, nagusiki), Miranda-Argan, Tafallan, Artaxoan, Erriberrin, Izarbeibarren eta Orbaibarren kokatuta dauden 358 sailetakoak diren 1.717 hektareatan. Beste alde batetik, 6.575 tona konposta egiteko erabili ziren, hondakin berdeen 8.568 tonarekin batera. Gainera, adierazi behar da 2016an 4.340 tona konpost merkaturatu zirela, nagusiki, Iruñerriko paisajismo eta lorezaintza arlorako eta aisiako baratzezaintzarako.  

Beste albiste batzuk

  • Kanpaina, ikasturte berriaren hasiera eta Mugikortasunaren Europako Astearen ospakizuna batera gertatuko dira
  • Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa eta burdina kentzea, uraren kalitatea hobetzen baitu.
  • Era berean, igandetik aurrera 23. lineak zerbitzua emango du Cordovillara