Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2021/04/08

Amaitu dira Urdánoz multzoko sareak berritzeko lanak Etxabakoitz auzoan

IMk 2018an proiektatu zuen Sareak Berritzeko Planeko aurreneko jarduketetako bat da

Iruñerriko Mankomunitateak berriki amaitu du Urdánoz multzoko uraren hornidura- eta saneamendu-sareak berritzen, Etxabakoitz auzoan.

Sare zaharrak 1960koak ziren, eta, hornidura-sarearen kasuan, ur-ihesen kopurua handia zen, gehiegizko presioen pean zeuden 50 mm-ko diametrokoak eta fibrozementuzkoak baitziren hodiak. Hartara, fibrozementuzko hodi horien ordez burdinurtuzkoak jarri dira, diametro handiagokoak (80 eta 100 mm artekoak).

Beste alde batetik, saneamendu-sare unitario zaharra, 300 mm-ko diametroko hormigoizko hodiek eratua, PVCzko bi hodirekin ordeztu da (ur beltzetarako eta euri-uretarako, hurrenez hurren), eta hodi horiek 315 mm-ko diametroa dute.

Gainera, hargune berria egin da duela gutxi sortu dituzten hiri-baratzeetara eta euri-uren sareko hustubideak berritu dira. Halaber, emari-neurgailu berria kokatu da sektorizaziorako –sarea zati txikiagotan zatitzeak hobetu egiten du ibiltzen den uraren bolumena kontrolatzea eta ur-ihesak detektatzen laguntzen du–.

Sareak Berritzeko Plana

Sareak hobetzea IMk 2018an proiektatu zuen Sareak Berritzeko Planean jasota dauden jarduketetako bat da. Jarduketa horien plangintza egiteko aztertutako aldagaien artean hauek nabarmentzen dira: hodien antzinatasuna (50 urtetik gora dituzten kanalizazioak berritzea lehenetsi da), hodien materialaren kalitatea (lehentasunezkoa da fibrozementuzko hodiak ordeztea), eta, saneamenduko hodien kasuan, kanalizazio unitarioak kentzea (ur beltzetarakoak gehi euri-uretarakoak), hodi bereiziak jartzeko.

Plan honen barnean, eta Etxabakoitzen egin diren lan hauen aurretik, sareak berritu ziren Txantrea auzoko zenbait kaletan eta Burlatako parte zaharrean. Gainera, jada hasi dira obrak Arrotxapea auzoan eta sareen proiektua definitu da zenbait kaletarako Milagrosa auzoan, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, eta Elkano herrian, Eguesibar udalerrian.

Beste albiste batzuk

  • Ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetako gauetako gaueko zerbitzuaren ordutegia luzatu da
  • Udazken honetan, sistema berria Mendillorrin, Sarrigurenen, Zabalguneetan, Beloson, Lezkairun, Erripagañan, Arrosadian eta Mutiloan...
  • Helburua da urtegiaren hondoan dauden manganesoa eta burdina kentzea, horrek uraren kalitatea hobetzeko bidea ematen baitu