Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2023/03/31

Amaitu dira Elkarte, Ballariain, Berriogoiti eta Berriobeitiko saneamendu-kolektorearen obrak

Proiektua Txulapain ibaiaren saneamenduaren aldeko apustu handia da

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateak Elkarte, Ballariain, Berriogoiti eta Berriobeiti herrietako saneamendu-kolektore edo hodi biltzaile berria aurkeztu du, Berriobeiti udalerrian. Aurkezpen-ekitaldia Berriobeitin egin da, eta bertan esku hartu dute NILSAko zuzendari kudeatzaile Fernando Mendozak, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campiónek eta Berriobeitiko alkate Raúl Batorrek.

Duela gutxi amaitu den kolektore hori Txulapain ibaiaren saneamenduaren aldeko apustu handia da, Elkarte, Ballariain, Berriogoiti eta Berriobeiti kontzejuen hondakin-urak bilduko baititu, eta bai Gipuzkoako errepidearen ondoan (NA-240) dauden industrietakoak ere. Hartara, proiektuak ahalbidetu du kolektore nagusi bat kokatzea, ibai horren bideari paralelo dagoena eta lau herri horien isurketak biltzen dituena. Gainera, adar baten bidez, Berriobeitiko industrialdeko hondakin-uren isurketa jasotzen da, orain arte arazketa partikularraren bitartez baino ezin baitzituen tratatu isurketak, ez baitzegoen inolako kolektorerik gertu.

Nabarmendu behar da azpiegitura berri honek Elkarte-Ballariain, Berriogoiti eta Berriobeitiko hobi septikoak kentzeko aukera eman duela. Kokatu den hodia erregistro-putzu batean amaitzen da, zeina saneamenduko eskualde-sarearekin konektatzen den eta, hala, hondakin-ur horiek Arazuriko eskualde-araztegira bideratzen dituen.

Orotara, kolektore berriak 5.071 metro hodi ditu, eta 100 erregistro-putzu prestatu dira. Kolektorea egiteko, material desberdineko hodiak erabili dira (PVC grisa, hormigoi armatua eta burdinurtu nodularra), eta lursail bakoitzaren ezaugarri teknikoen arabera aukeratu dira.

Ezkerretik eskuinera, Patxi Esquiroz (Berriobeitiko zinegotzia), Félix Ramírez (Berriobeitiko zinegotzia), Fernando Mendoza (NILSAko kudeatzailea), David Campión (Mankomunitateko lehendakaria), Raúl Bator (alkatea), Javier Vallez (Berriobeitiko zinegotzia), Javier Huarte (Elkarteko kontzejuko lehendakaria) eta Luis González (Berriobeitiko zinegotzia).

Egin diren lan hauek Txulapain ibaiko ura nabarmen hobetzea ekarriko dute, eraiki den kolektoreak eragozten baitu ibairen ibilgura araztu gabeko urak edo arazketa desegokia egin zaien urak iristea. Hala, laster hauteman ahal izango da ibaiko uraren kalitatea hobetu dela eta bai ibaiko eta, oro har, erripa-ekosistemetako faunaren eta floraren egoera orokorra ere.

Aipatzekoa da Elkarte / Ballariaingo adarrak Txulapain ibaia gurutzatzen duela, Plazaola trena igarotzeko balio izan zuen harrizko zubi batetik. Horretarako, hodia zubi horren albo bati itsatsi zaio. Halaber, urari beheiti dagoen zatia, kolektore nagusia esaten zaiona, AP-15 ordainpeko autobideari paralelo dago, lur-erauzketako ezponda baten barnean.

Saneamendu-kolektorearen lanek 2.413.576 euroko aurrekontua izan dute, BEZa barne, saneamendu-kanonaren kontura finantzatu dira (NILSA) eta Construcciones Mariezcurrena enpresak gauzatu ditu.

Beste albiste batzuk