Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2018/03/21

21.500 ikaslek ezagutuko dute ikasturte honetan IMren Uraren Ziklo Integrala

Bihar, osteguna, Uraren Mundu Eguna izango da, “Erantzuna naturan dago” lelopean

Aurtengo ikasturtean, Iruñerriko 21.497 ikaslek parte hartuko dute Mankomunitatearen Ingurumen Heziketarako Programak antolatutako jardueretakoren batean, Uraren Ziklo Integralari eskainitako atalaren barnean.  

Duela hiru hamarkadatik hona, Mankomunitatearen Heziketa Programak eskaintza bat garatu du, egun IMren zerbitzuekin lotutako lau gaietan (Ura, Garraioa, Hondakinak eta Ibai Parkea) arreta jartzen duena. Programa horietako lehena, Uraren Ziklo Integralari eskainitakoa, zaharrena da eta bai bilakaera handiena izan duena ere abian jarri zenetik. 

Ikasturte honetarako programatutako 31 jardueren bidez, Mankomunitatearen laguntzarekin, ikasleek uraren ziklo naturala eta hiriko zikloa ezagutu eta ikasiko dute, gizakion eta, oro har, izaki bizidun guztion bizitzarako duen garrantzia ulertuko dute eta gure eguneroko ohituretan ura zaintzeko premia beren gain hartuko dute. Parte hartzen duten neska-mutikoak ohartuko dira ura funtsezko elementua dela garapen iraunkorrerako. 

Balio horiek berberak izanda, bihar, osteguna, martxoak 22, Uraren Mundu Eguna izango da, UN-Water erakundeak koordinatuta. Nazio Batuen Erakundearen lankidetza mekanismo bat da, edateko ona den urarekin lotutako gaietarako, eta bertan gobernuek eta beste erakunde batzuek parte hartzen dute. “Erantzuna naturan dago” lelopean, aurtengo ospakizunak arreta jartzen du urak XXI. mendean planteatzen dituen erronkak gainditzean naturak nola lagundu diezagukeen esploratzean. Mankomunitateak, horrenbestez, bat egin nahi du ospakizun honekin, ura modu iraunkorrean kudeatzeko, gure ekosistemak zaintzeko eta, duela 30 urtetik hona egiten duen bezala, Iruñerriko ikasleei balio horiek helarazten jarraitzeko konpromisoarekin.

Uraren ziklo naturala, hezkuntzako hiru mailatarako 

Haur Hezkuntzako neska-mutikoek, 3 eta 5 urte artekoek, Mendillorriko ur-biltegietan dute lehen harremana uraren gaiarekin. Magiazko ingurune liluragarri batean, ispilu garbi eta urdin batean zutabeak murgiltzen dituzten arku itzelen multzo baten aurrean, txikiek ikasten dute ura gure laguna dela, ezagutzen dugun eta estimu handitan dugun laguna. Barrillo txakur atsegina arduratzen da azalpenak emateaz, eta ura alde guztietan dagoela eta bere bidea duela esaten du, ziklo naturala. Txikientzat, horrenbestez, bidaia hori 1895ean eraikitako ur-biltegi misteriotsu batzuetan hasten da, musikaren eta zentzumenen bidez.

Hori da, hain zuzen, uraren etapa desberdinak hartzen dituen bidaia baten lehen pausoa: ura naturan, hornitzeko iturriak, edateko on bihurtzea, kontsumoa, araztea eta, azkenean, ura ibaira itzultzea. Programatutako 31 jardueren bidez eta hezkuntzako hiru mailen arabera bereizita (Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza), ikasleek ulertzen dute zergatik den hain garrantzitsua ura eta ekosistemen egoera zaintzea.

Carmen Villanueva Mankomunitatearen Ingurumen Sentsibilizazioko Arloaren arduradunak IMren Heziketa Programaren balioa nabarmentzen du, Iruñerriko herritarrak ingurumenaren iraunkortasun balioetan hezteko tresna den heinean. “Gerora begirako lan bat da; horregatik jotzen dugu haurrengana, etorkizunean herritar konprometituak eta arduratsuak izango baitira eta guri haiekin era aktiboan lankidetzan aritzea egokituko baitzaigu”, adierazi du Villanuevak. “Edonola ere, ez dugu bakarrik lan egiten. Hezitzaileen taldearekin elkarlanean aritzen garen agenteak gara, haien eskura jarrita baliabide osagarriak”, ohartarazi du IMren Ingurumen Sentsibilizazioko Arloaren arduradunak.

Uraren programako heziketa eskaintza, eta bai gainerako arloena ere (Hondakinak, Garraioa eta Ibai Parkea) xehetasunez ezagutzeko, Mankomunitatearen Heziketa Programaren webgunera jo daiteke: www.mancoeduca.com. Horrez gain, zalantzak argitzeko, kontsultak egin daitezke 948 203444 telefono zenbakira deituta edo mezu elektronikoa bidalita helbide honetara: atencion@mancoeduca.com.

Beste albiste batzuk

  • Kanpaina, ikasturte berriaren hasiera eta Mugikortasunaren Europako Astearen ospakizuna batera gertatuko dira
  • Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa eta burdina kentzea, uraren kalitatea hobetzen baitu.
  • Era berean, igandetik aurrera 23. lineak zerbitzua emango du Cordovillara