
2022an, 31.484.905 m3 ur ekoitzi ziren, aurreko urtean baino % 5,6 gehiago
2022an, ur-ekoizpena 31.484.905 metro kubokoa (998 l/s) izan zen, eta, beraz, 2021ean baino % 5,60 gehiago ekoitzi zen eta azken bost urteetako batezbestekoa baino % 5,23 gehiago.
Alderdi nabarmenena izan zen ekoizpenaren emendatze handia, 2013az geroztik izan den datu handiena izan baitzen. Emendatzea bereziki garrantzitsua izan zen maiatz eta abuztu artean, erregistratu ziren prezipitazio eskasen eta tenperatura beroen ondorioz. Agorraldia maiatzera aurreratu zen, eta, harekin, udakoak izan ohi diren kontsumoak.
Urteko ur-kontsumo gutxieneko eguna apirilaren 17a izan zen, igandea, Aste Santuan, 56.590 metro kuborekin. Ur-kontsumo handieneko eguna, aldiz, ekainaren 22a izan zen, asteazkena, udako lehen bero-boladan, 143.397 metro kuborekin.
Aipatu behar da Eugin prezipitazio metatua 974 mm-koa izan zela, aurreko 15 urteetako batezbestekoa baino % 36 txikiagoa eta azken 25 urteetako erregistro baxuena. Halaber, prezipitazio baxuak nabarmendu ziren otsailean, maiatzean, ekainean, urrian eta abenduan.
Uraren jatorria Egillorko Edateko Uren Tratamendu Estazioa (EUTE) izan zen (Artetako iturburua), % 46,7rekin, Urtasungo EUTE (Eugiko urtegia), % 37,6rekin, eta azkenik Tiebasko EUTE (Nafarroako Ubidea), % 15,7rekin. Tiebasko estazioa 115 egunetan baino ez zen egon martxan, ekainetik urrira, baina eskualdeko beharren % 40,6ri baino gehiagori erantzun zien aldi horretan. Nabarmendu behar da Tiebasko EUTEn ekoitzitako urteko bolumena (4.946.333 m3) azken bost urteetako batezbestekoa baino % 50,2 handiagoa izan zela.
Erregistratu gabeko uraren koefizientea % 9,78 izan zen, eta, hortaz, nabarmen hobetu zen 2021eko datua (% 10,08) eta 2016tik lortutako estandarrei eusten die. Ur-ihesak etengabe bilatu eta konpontzeko politika eta ur-ihesak detektatzeko teknologia berriak erabiltzea datu on hori ahalbidetzen duten faktore nagusiak dira.
Kalitatearekin lotutako gorabehera aipagarririk gabe, 2022an Horniduraren Kalitateko Kontrol Laborategian egindako kontrolen kopurua 82.057 parametrokoa izan zen, 6.964 lagini zegozkienak. Hornidura-sarea kontrolatzeko informazioa Kontsumoko Uren Informazio Sistema Nazionalean (SINAC) inplementatu zen. Halaber, Uraren Osasun Plana hedatzen jarraitu zen, hornidura-sarean osasun-arriskuak minimizatzeko helburuarekin. Aipagarriak dira kontsumoko uraren kalitatearen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituen Errege Dekretu berria betetzeko garatzen ari diren lanak, besteak beste, errege-dekretu horrek eskatzen baitu parametro fisiko-kimiko eta mikrobiologiko berriak zehazteko.
HUAn araztutako bolumena, % 13,2 gutxiago
Arazuriko HUAko hondakin-urei dagokienez, araztutako bolumena 30.878.475 m3 (979 l/s) izan zen, 2021ean baino % 13,2 gutxiago eta azken bost urteetako batezbestekoa baino % 16,3 gutxiago. Izan ere, 2000n tratamendu biologikoa martxan hasi zenetik izan den erregistro baxuena izan zen. Arrazoi nagusia erregistratutako prezipitazio baxuak izan ziren, saneamendu-sarearen zati bat unitarioa baita (hodi bakar batek garraiatzen ditu hondakin-urak eta euri-urak). Aipatu behar da lehenbiziko aldiz ur edangarriaren emari ekoitzia ur-emari influientearena baino handiagoa izan dela Arazuriko HUAn.
Batez besteko karga 536.874 biztanle baliokidekoa izan zen. Zehazki, hori erreferentziazko magnitudea da, eta Iruñerriko biztanleriaren eta HUAn tratatzen diren isurketa guztien batura irudikatzen du. Adierazle hori 2021ekoa baino % 9 txikiagoa izan zen.
Arazketako errendimenduek oso onak izaten jarraitu zuten, eta 2019an zehar izapidetutako baimen berrian Ebroko Ur Konfederazioak ezarritako baldintzekin bat etorri ziren denak. Baimen hori 2024a bitartean izango da balioduna. Gainera, HUAn ezabatutako karga organikotik abiatuta, 5.898.288 Nm3 biogas lortu ziren, 2021ean baino % 5,7 gehiago eta azken bost urteetako batezbestekoa baino % 15,3 gehiago, eta horrek energia elektrikoa ekoizteko bidea eman zuen. Errendimendu elektrikoa % 102,5ekoa izan da, 2021eko datua baino pitin bat handiagoa (% 99,35), eta, horrenbestez, nabarmendu behar da Arazuriko HUA gai izan zela bere funtzionamendurako behar duen energia osoa ekoizteko, biogasaren energia berriztagarri berdearen bidez.
Arazuriko kalitatearen kontrola
2022an zehar, saneamendu-laborategiak 10.937 lagin aztertu zituen (101.760 parametro), eta haietatik % 50 gutxi gorabehera Iruñerriko laginei zegozkienak izan ziren eta beste % 50a Nafarroako gainerako arazketa-instalazioetakoak. Arazuriko laborategiaren jardunean, tokiko araztegien jarraipena (egun 7), tokiko arazketako gainerako sistemena (115 hobi inguru) eta Iruñerriko industrien isurketak kontrolatzea nabarmendu ziren.
Arazketa-prozesuan sortutako lohiak nekazaritzan birziklatzea
2022an, 42.041 tona lohi sortu ziren, 2021ean baino % 3 gehiago, eta hori izan zen, gainera, azken 10 urteetako produkzio handiena. 31.693 tona nekazaritzaren bidez birziklatu ziren, eta gainerakoak, 10.348 tona, araztegian jasotako hondakin berdeen 6.992 tonarekin batera, konposta egiteko baliatu ziren.
Urtean zehar, sortutako lohien % 6 eguzkiaren bidez lehortu ziren, Arazuriko HUAn helburu horretarako kokatutako planta pilotuan. Haien % 100 konpost bihurtu ziren, zehazki. Hartara, prozesu horren bidez, lohien bolumena % 40 baino gehiago murriztea lortu zen eta, gainera, CO2 gasen isurpenean inpaktua nulua izan zen.
Gogora ekarri behar da 2021ean konposta tratatzeko linea berri bat jarri zela martxan, trommel elektriko bat instalatuta. Horrek, hain zuzen, ahalbidetu du produktu horren bahetze-prozesua hobetzen eta optimizatzen jarraitzea, hartara, kalitate handiagoa lortuta eta bai konpostean egokiak ez diren elementuen kantitate txikiagoa izanda ere, eta prozesuan errendimendu handiagoa izatea ekarri du.
Nekazaritzako sailetara bideratutako lohiak, batez ere Nafarroako Erdialdera (gutxi gorabehera lohi guztien % 75), gai organikoetan dituzten eduki altuengatik nabarmentzen dira (% 65 baino gehiago) eta ongarriengatik, nitrogenoa eta fosforoa. Duela 30 urte baino gehiago Arazuriko lursail esperimentalean Nafarroako Gobernuko INTIA enpresa publikoak egiten dituen probasaioetatik abiatuta lortutako gomendio agronomikoen arabera egin ziren lohien aplikazioak.
Gainera, 2022an, Arazuriko HUAko instalazioetan 7.400 metro kubo konpost baino gehiago ekoitzi ziren. Haietatik 4.514 metro kubo Arazuriko Konpost moduan merkaturatu ziren, eta 1.028 metro kubo, Konpost Begetal moduan.
Ibai Parkea leheneratzea, uholdeen ondotik
2021eko abenduan eta 2022ko urtarrilean erregistratu ziren euri zakarrek berekin ekarri zituzten uholde handiak, eta Iruñerriko Ibai Parkean ere izan zituzten ondorioak. Izandako kalteak konpontzezko ohiz kanpoko zenbait esku-hartzeren plangintza egin behar izatera behartu zuen horrek. Hartara, apirilerako, Aste Santua hastearekin batera, parkea erabat leheneratuta edukitzea lortu zen.
Urteko jarduketen artean, Ibai Parkeko zati guztietan egin ziren auzolanak aipatu behar dira; izan ere, 400 boluntariok parte hartu zuten haietan eta 9 tona hondakin baino gehiago bildu zituzten. Herritarren inplikazioak agerian utzi zuen ingurumenarekiko duten konpromisoa, batetik, eta bizitza naturalerako babeslekua den korridore berde honekiko sentitzen duten estimua, bestetik.
2022an, Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko lanek jarraipena izan zuten, zehazki Elortz ibaiaren zatian, Zizurko Zendean eta Galarko Zendean, 6,7 kilometroko luzerako ibilbide berri baterako lanak hasi baitziren haietan. Aurreikuspena da 2023 honetako martxoan amaitzea lan horiek. Horrez gain, Ibai Parkea Ibero-Etxauri zatian handitzeko proiektua azkentzen ari da, eta, ziur asko, 2023 honetan helduko zaio.
Beste alde batetik, Berroako bidean, Uharten, egindako hobekuntza aipatu behar da. Bide hori 2021aren amaieran inauguratu zen, eta 2022an LED PC Ámbar argiztapen-sistema berria kokatu zen. Ingurumenaren aldetik iraunkorra izateaz gain, inpaktu baxua du bertako animaliengan. Zehazki, teknologia honekin, argi urdinaren uhin-luzera minimoa da, eta horrek ahalbidetzen du argiztapenak ez nahastea intsektuak eta beste animalia batzuk eta, hortaz, ez die eragiten beren zikloei, eta luminariek intsektu hegalariak erakartzea ekiditen du.
Faunaren jarraipena Ibai Parkean
2022an zehar, Ibai Parkean dagoen faunari jarraipena egiteko lanak egiten jarraitu da, inbaditzaileak ez diren tekniken bidez, adibidez, argazki-tranpa baliatuta, eta horrek ahalbidetu du, besteak beste, kastore europarren eta igaraben presentzia detektatzea. Halaber, saguzarren presentziaren gaineko azterlana egin da, bertan bizi diren espezieak eta ibiltzen diren kokaleku nagusiak zehazteko. Azterlan horiek laguntzen dute espezie horien existentzia babesten, eta erabilgarritasun handikoak dira ingurumen-heziketako baliabideak eta jarduerak garatzeko.
Ezkabako Eskualde Parkearen UPSa
2022ko abenduaren 21ean Nafarroako Gobernuak Ezkabako Eskualde Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UPS) onartu zuen. UPS horrek ahalbidetzen du naturgune horren kudeaketa-oinarriak ezartzea eta bai hango ekosistemak antolatu eta arautzea ere, herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna eta paisaia ulertzea bermatuta.
Parkeak gutxi gorabehera 1.000 hektareako hedadura du, eta bere garapen-eremuak zortzi udalerritako lurrak hartzen ditu: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Txulapain, Ezkabarte, Atarrabia, Iruña eta Uharte. Udal horiez gain, Eskualde Parkea sustatzean kontzeju hauek ere parte hartu dute: Artika, Berriogoiti, Aitzoain, Untzu, Arre, Azotz, Orrio, Zildotz eta Orikain.
Urte honetako lehen hilabeteetan bilera egingo da inplikatuta dauden toki-erakundeekin, parkea kudeatzeko prozeduraren berri emateko eta kontsultarako jartzeko.
Beste albiste batzuk
- Lurzatiak Agustindarren industrialdean daude, eta bien artean 44.340 metro koadro hartzen dituzte
- Margolan hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Margolan hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean