Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2022/02/11

2021ean, 29.815.753 m3 ur ekoitzi ziren, aurreko urteko kantitatearen antzekoa

Azken bosturtekoan erregistratutakoa baino %0,64 gutxiago izan zen

2021ean, ur-ekoizpena 29.812.753 metro kubokoa (945 l/s) izan zen, eta, beraz, 2020an baino %0,05 gehiago ekoitzi zen eta azken bost urteetako batezbestekoa baino %0,64 gutxiago. 

Alderdi esanguratsuenak izan ziren, batetik, ekoizpena emendatzea udaberrian, nagusiki ureztatzeekin lotutako kontsumoaren ondorioz, prezipitazioak baxuak izan zirelako, eta, bestetik, ekoizpena gutxitzea uztailean, ekaineko prezipitazioen eta garai horretarako tenperatura baxuen ondorioz. 

Aipatu behar da Iruñean urteko batez besteko prezipitazioa 803 mm-koa izan zela, batezbesteko historikoa baino %3 handiagoa. Abenduko (199 mm), azaroko (155 mm) eta ekaineko (107 mm) prezipitazio altuak nabarmendu ziren, eta martxoko (13 mm), uztaileko (5 mm), abuztuko (4 mm) eta urriko (24 mm) prezipitazio baxuak.

Uraren jatorria Egillorko Edateko Uren Tratamendu Estazioa (EUTE) izan zen (Artetako iturburua), %55,22rekin, Urtasungo EUTE (Eugiko urtegia), %38,13rekin, eta azkenik Tiebasko EUTE (Nafarroako Ubidea), %11,65ekin. Tiebasko estazioa 114 egunetan baino ez zen egon martxan, ekainetik urrira, baina eskualdeko beharren %31,5i baino gehiagori erantzun zien aldi horretan. Nabarmendu behar da Tiebasko EUTEn ekoitzitako urteko bolumena 2006an martxan hasi zenetik zuen batezbesteko historikoa baino %72 handiagoa izan zela, eta, era berean, bigarren altuena, 2017aren ondoren, orduan 4.189.638 m3 ekoitzi baitziren.

Erregistratu gabeko uraren koefizientea %10,08 izan zen, eta, hortaz, nabarmen hobetu zen 2020ko datua (%11,68) eta aurreko urteetako balioen antzekoetara itzuli zen. Ur-ihesak etengabe bilatu eta konpontzeko politika eta ur-ihesak detektatzeko teknologia berriak erabiltzea datu on hori ahalbidetzen duten faktore nagusiak dira.

Hornidurako laborategia birmoldatzea

Kalitatearekin lotutako gorabehera aipagarririk gabe, lehenbiziko seihilekoan laborategia martxan jartzea izan zen nabarmentzeko modukoa, Egillorko EUTEn egindako obren ondoren. Zehazki, laginak hartzeko gune guztiak eta fisiko-kimikako laborategia erabat birmoldatu ziren. 2021ean, laborategiak 7.147 lagin aztertu zituen, zehaztutako 80.297 parametrorekin. 

Halaber, Uraren Osasun Planaren esparruan egindako ekintzak aipatu behar dira, hornidura-sarean osasun-arriskuak minimizatzera bideratuak, eta 2020aren amaieran onartutako Uraren Zuzentarau berrian jasotzen diren parametro berriak aztertzeko moduan egotea.  

Tokiko arazketa Izun, Asiainen, Ollakarizketan eta Gartziriainen

Saneamenduari dagokionez, otsailean Izu eta Asiaingo tokiko arazketarako obra inauguratu zen. Hain zuzen, ponpaketa jarri zen Asiainen eta araztegia Izun, eta, hartara, 231 biztanleren hondakin-uren tratamenduari irtenbidea eman zitzaion. Horrez gain, irailean, martxan jarri zen Ollakarizketako araztegi berria, herri horri eta Gartziriaini zerbitzua emate aldera.

HUAn araztutakoa, %0,65 gutxiago

Arazuriko HUAko hondakin-urei dagokienez, 35.572.770 metro kubo (1.128 l/s) araztu ziren, azken bost urteetako batezbestekoa baino %2,7 gutxiago. Batez besteko karga 590.127 biztanle baliokidekoa izan zen. Zehazki, hori erreferentziazko magnitudea da, eta Iruñerriko biztanleriaren eta HUAn tratatzen diren isurketa guztien batura irudikatzen du. Adierazle hori azken bost urteetako batezbestekoa baino %2,7 txikiagoa izan zen.
 
Arazketako errendimenduek oso onak izaten jarraitu zuten, eta 2019an zehar izapidetutako baimen berrian Ebroko Ur Konfederazioak ezarritako baldintzekin bat etorri ziren denak. Baimen hori 2024a bitartean izango da balioduna. Gainera, HUAn ezabatutako karga organikotik abiatuta, 5.581.566 Nm3 biogas lortu ziren, 2020an baino %4,4 gutxiago, baina azken bost urteetako batezbestekoa baino %1,5 gehiago, eta horrek energia elektrikoa ekoizteko bidea eman zuen. Jatorri berriztagarriko energia hori araztegiaren kontsumoaren %99,35 izan zen. Bereziki nabarmentzeko modukoa da Arazuriko HUA gai izatea bere funtzionamendurako behar duen ia energia osoa ekoizteko, biogasaren energia berriztagarri berdearen bidez. 

Arazuriko kalitatearen kontrola

2021ean zehar, saneamendu-laborategiak 11.381 lagin aztertu zituen (102.720 parametro), eta haietatik %50 gutxi gorabehera Iruñerriko laginei zegozkienak izan ziren eta beste %50a Nafarroako gainerako tokietakoak. Arazuriko laborategiaren jardunean, tokiko araztegien jarraipena, tokiko arazketako gainerako sistemena (115 hobi inguru) eta Iruñerriko industrien isurketak kontrolatzea nabarmendu ziren. 2021eko kopuruetan, aurreko urtearen aldean –2020an eragin handia izan zuen konfinamenduak–, lan-bolumena emendatu izana egiaztatzen da, 2019ko lan-bolumena berreskuratzera iritsi baitzen.

Arazketa-prozesuan sortutako lohiak nekazaritzan birziklatzea

Arazketa-prozesuan 40.757 tona lohi sortu ziren, 2020an baino %2 gutxiago baina azken bost urteetako batezbestekoa baino %6 gehiago, eta haietatik 31.444 tona nekazaritzaren bidez birziklatu ziren. Gainerakoak, 9.313 tona, araztegian jasotako hondakin berdeekin batera, konposta egiteko baliatu ziren.
 
Uztailaren amaieratik aurrera, sortutako lohien %2,7 eguzkiaren bidez lehortu dira, Arazuriko HUAn helburu horretarako kokatutako planta pilotuan. Haien %100 konpost bihurtu dira, zehazki. Hartara, prozesu horren bidez, lohien bolumena %40 baino gehiago murriztea lortu da, CO2 gasen isurpenean inpaktu nulua izanda, gainera.  
 
Era berean, konposta tratatzeko linea berri bat jarri zen martxan 2021ean, trommel elektriko bat instalatuta. Horrek, hain zuzen, ahalbidetzen du produktu horren bahetze-prozesua hobetzea eta optimizatzea, hartara, kalitate handiagoa lortzeko eta bai konpostean egokiak ez diren elementuen kantitate txikiagoa izateko ere.
 
Nekazaritzako sailetara bideratutako lohiak, batez ere Nafarroako Erdialdera (gutxi gorabehera %78), gai organikoetan dituzten eduki altuengatik nabarmentzen dira (%65 baino gehiago) eta ongarriengatik (nitrogenoa eta fosforoa). Duela 25 urte baino gehiago Arazuriko lursail esperimentalean Nafarroako Gobernuko INTIA enpresa publikoak egiten dituen probasaioetatik abiatuta lortutako gomendio agronomikoen arabera egin ziren aplikazioak.
  
Gainera, 2021ean, Arazuriko HUAko instalazioetan 8.000 metro kubo konpost baino gehiago ekoitzi ziren. Haietatik 5.500 metro kubo Arazuriko Konpost moduan merkaturatu ziren, eta 875 metro kubo, Konpost Begetal moduan.

Ibai Parkearen zati berria, Arazuri eta Ibero artean 

Iruñerriko Ibai Parkeari dagokionez, nabarmendu behar da 2021eko martxoan Arazuri eta Ibero arteko zatia inauguratu zela. 5.200 metro gehitu zaizkio pasealekuari, eta, beraz, luzera osoa 34 kilometrokoa da egun. Zati berri horrek bi oinzubi handi ditu, bata Ororbian (67 metroko luzerakoa) eta bestea Iberon (39 metrokoa). 

2021eko abenduan eta aurtengo urtarrilean, prezipitazio handiak izan ziren Iruñerrian eta ondorioz uholdeak gertatu ziren zenbait herritan. Ibai Parkeari ere eragin zioten uholde horiek. Gorabehera handienak, zehazki, lehenago aipatu den Arazuri eta Ibero arteko zatian gertatu dira, egin berria zen zoladuran kalteak izan baitziren. Horrez gain, Burlata, Atarrabia, Uharte eta Barañainen inguruetan kalte handiak izan ziren, besteak beste, haurrentzako parkeak hondatzea, seinaleak eta altzariak haustea, eta luminariak erortzea. Luminaria horiek berriro jarri behar dira, osagai elektronikoek kalte hartu baitute. Horri guztiari gehitu behar zaio urak herrestan eramandako hondakinen kantitate handia, parkean zehar eta ukitutako guneetan gelditu ziren hondakinak.

Azkenik, aipatu behar da azaroan Berroako bidea egokitzea inauguratu zela, Uharteko Udalarekin ekainean izenpetutako hitzarmen baten emaitza moduan. Proiektua urteko bigarren seihilekoan gauzatu zen. 2022 honetako lehen hiruhilekoan zati hori egokitzen amaituko da, argiteria kokatuta. Argiteria hori, zehazki, bertako fauna babestearekin lerrokatuta egongo da. 

Urteko lehen seihilekoan Europako Bicimugi proiekturako obrak esleitu eta proiektua idatzi zen. Gauzatzea 2021eko bigarren seihilekoan egin zen, eta aurreikusita dago 2022ko lehen hiruhilekoan amaitzea.  

Faunaren jarraipena Ibai Parkean

2021ean, Ibai Parkean dagoen faunari jarraipena egiteko lanak egiten jarraitu da, inbaditzaileak ez diren tekniken bidez, adibidez, argazki-tranpa baliatuta. Beste animalia batzuen artean, kastore europarren eta igaraben presentzia detektatu da. Jarraipena egiteko azterlanak gauzatzeak ahalbidetzen du espezie horien existentzia babestea eta herritarrak ingurumenaren arloan heztea.

Beste albiste batzuk