Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2020/02/10

2019an, 30.335.107 m3 ur ekoitzi ziren, 2018an baino %2,60 gehiago

Azken bosturtekoan erregistratutakoa baino %1,34 gehiago izan zen ekoitzitako ura

Ur-ekoizpena, aldi horretan, 30.335.107 metro kubokoa (962 l/s) izan da, 2018an baino %2,60 gehiago eta azken bost urteetako batezbestekoa baino %1,34 gehiago. Ekain amaiera eta uztail hasiera bitarteko ekoizpen handia nabarmendu behar da, uztailaren 25ean izan zen 1.520 l/s-ko maximoarekin. Apirilaren 22an erregistratu zen, berriz, urteko minimoa (642 l/s). 

Uraren jatorria Egillorko Edateko Uren Tratamendu Estazioa (EUTE) izan da (Artetako iturburua), %51,3rekin, Urtasungo EUTE (Eugiko urtegia), %37,5ekin, eta azkenik Tiebasko EUTE (Nafarroako Ubidea), %11,2rekin. Tiebasko estazioa 115 egunetan baino ez da egon martxan, ekainetik urrira, baina eskualdeko beharren %25i baino gehiagori erantzun die.

Osasun-gorabehera minimoak

Beste urte batez, erregistratu gabeko uraren koefizientea baxua izan da (%9,57), aurreko urtekoaren oso antzekoa, minimo teknikoetan. Ur-ihesak etengabe bilatu eta konpontzeko politika eta ur-ihesak detektatzeko teknologia berriak erabiltzea datu on hori ahalbidetzen duten faktore nagusiak dira. 

Kalitateko gorabeherak ez dira nabarmentzeko modukoak izan. Uraren Osasun Planaren esparruan egindako ekintzak aipatu behar dira, hornidura-sarean osasun-arriskuak minimizatzera bideratuak. Egillorko hornidura-kalitateko laborategiaren jarduna nabarmendu behar da, aztertutako laginen bolumenarengatik (5.313) eta zehaztutako parametroengatik (71.309). 

Eugi, Olabe, Olaitz, Enderitz eta Eusa herriak eskualde-horniduran sartzea

Nafarroako Gobernuko Toki Azpiegituren Planaren esparruan, jada Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako herri hauek sartu dira eskualdeko horniduran: Eugi (Esteribar), Olabe-Olaitz-Enderitz (Olaibar) eta Eusa (Ezkabarte).

Beste alde batetik, Lanzko iturburuetatik Anueko abonatu desberdinei egiten zaien hornidura eta Ostitzera egiten dena Ultzanueta Mankomunitatera eskualdatzeko izapideak egiten ari dira.  

Arazuriko HUA energia berriztagarrien esportatzaile bihurtu da 

Arazuriko HUAko hondakin-urei dagokienez, 37.593.129 metro kubo (1.191 l/s) araztu ziren, 656.250 biztanle baliokideren batez besteko kargarekin. Erreferentziazko magnitudea da, urte osoan karga handieneko astean tratatuko den eta biztanleak, enpresak eta abar barne hartzen dituen arazketa-mailari buruzko orientazioa ematen duena. 
 
Erregistratutako eurien arabera ibiltzen dira tratatutako ur-emariak. Hartara, tratatutako maximoa otsailaren 2an erregistratu zen, 3.947 l/s-rekin, eta minimoa, abuztuaren 25ean, 728 l/s-rekin. 

Arazketako errendimenduak oso onak izan dira, 2019an zehar izapidetutako baimen berrian Ebroko Ur Konfederazioak ezarritako baldintzekin bat datozenak denak. Baimen hori 2024a bitartean izango da balioduna.

HUAn ezabatutako karga organikotik abiatuta, 5.810.915 m3 biogas lortu ziren, azken bost urteetako batezbestekoa baino %15,49 gehiago, eta horrek energia elektrikoa ekoizteko bidea eman zuen. Jatorri berriztagarriko energia hori araztegiaren kontsumoaren %103,9 izan da. 

Nabarmendu behar da, ekoitzitako energia prozesuan kontsumitutako energia baino gehiago izan den lehen urtea izan dela 2019a HUAren bizitzan.

Lan handia Arazuriko kalitatearen kontrolerako laborategian 

2019an zehar, saneamendu-laborategiak 11.039 lagin aztertu ditu, 104.852 parametrorekin, eta haietatik %46,3 NILSA sozietaterako egin dira, Nafarroako gainerako tokietako arazketa-sistemen esparruan.

Arazuriko laborategiaren jardunean, tokiko araztegi txikien sistemak kontrolatzea (119) eta Iruñerriko industrien isurketak kontrolatzea nabarmentzen dira.  

Arazketa-prozesuan sortutako lohiak nekazaritzan birziklatzea

Arazketa-prozesuan 41.294 tona lohi sortu ziren (2018an baino %2 gehiago), eta haietatik 32.235 tona nekazaritzaren bidez birziklatu ziren. Gainerakoak, 9.059 tona, araztegian jasotako hondakin berdeekin batera, konposta egiteko baliatu ziren. 

Nekazaritzako sailetara bideratutako lohiak, batez ere Nafarroako Erdialdera, gai organikoetan dituzten eduki altuengatik nabarmentzen dira (%65 baino gehiago) eta ongarriengatik (nitrogenoa eta fosforoa). Duela 25 urte baino gehiago Arazuriko lursail esperimentalean Nafarroako Gobernuko INTIA enpresa publikoak egiten dituen probasaioetatik abiatuta lortutako gomendio agronomikoen arabera egin dira aplikazioak. 

Ibai Parkeko natura-eremua handitzea, Areatzeko meandroa barne hartuta (Uharte/Olatz) 

Iruñerriko Ibai Parkeari dagokionez, nabarmendu behar da 2019an Uharte eta Eguesibar udalerrietan (Olatz), Arga ibaiaren ezkerreko ertzean, Areatzea meandroa lehengoratzeko lanak amaitu direla. Berriz landarez estali den eta erripako gune gisa berreskuratu den eremu honek Ibai Parkeari naturguneen 50.000 metro koadro gehitzea ekarri du.

Era berean, argiak instalatu izana nabarmendu behar da, 23 luminaria berri jarri baitira eta 575 metroko kanalizazio elektrikoa, Eultzako Jaurerrian, Barañain udalerrian, eta Burlatan (Intxaurdiko parkean), Ollokin, Arren eta Arazurin egin diren landaketa-lanak. 

Azkenik, abenduaren 13an Ultzama eta Arga ibaietan izan zen uraldia ekarri behar da gogora, eragin esanguratsua izan baitzuen parkeko elementu desberdinetan: hesietan, altzarietan eta abarretan. 

Beste albiste batzuk