Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2015/07/15

Zertxobait gutxitu da 2015eko sanferminetan jasotako hondakinen kantitatea

Eskualdeko Hiri Garraioan, gutxi gorabehera, 1.680.000 bidaia erregistratu dira, eta, beraz, aurreko urtean baino %2,7 gehiago

Behin betiko datu guztiak izan gabe, esan daiteke Eskualdeko Hiri Garraioko zerbitzuan, guztira, 1.680.000 bidaia erregistratu direla gutxi gorabehera San Fermin jaiek iraun duten bederatzi egunetan; beraz, 2014ko jaietan baino %2,76 gehiago, orduan 1.634.769 bidaia egin baitziren. Bidaiari gehien ibili zen eguna uztailaren 6a izan zen, astelehena, 216.709 bidaiari ibili baitziren. Horren ondotik, uztailaren 11, larunbata (205.450 bidaiari), eta 7a, asteartea (195.916 bidaiari), joan ziren.

Beste behin ere, uztailaren 6a eta 14a artean 24 orduko zerbitzua egon da Eskualdeko Hiri Garraioan, urtero sanferminetarako ezartzen den zerbitzu bereziaren barnean. Horretarako, aurreko urteetan bezala, Mankomunitateak zerbitzu jarraitua ezarri du eta, horrenbestez, ohiko ibilgailu kopurua baino handiagoa ibili da martxan: 113 autobus aritu dira zerbitzua ematen (hilaren 6an, goizean, 146 izan ziren), eta horietatik 52 eguneko ordu guztietan aritu dira lanean. TCC enpresak 435 gidari jarri ditu lanean, eta, plantillako gainerako kideekin batera, 490 lagun aritu dira lanean. Uztaileko bederatzi egun horietan linea guztiek egindako kilometroak, guztira, 260.000 izan dira.

0,24% gutxitu da bildutako hondakinen kantitatea 

2015eko sanferminetan Iruñerriko Mankomunitateak jaien ingurunean 986.100 kg hondakin bildu ditu, 2014ko jaiekin alderatuta, %0,24 gutxiago (988.480 kg). Kantitate oso horretatik, 233.440 kg zaborren bilketari dagozkio (2014an baino %6,39 gutxiago), 362.160 kg, garbiketa lanei (%8,34 gutxiago), eta 390.500 kg, beira bilketari (aurreko urtean baino %13,52 gehiago).

Zifra horiek barne hartzen dituzte uztailaren 6a eta 14a artean bildutako kantitateak, 15ean bildutakoa zenbatu gabe baitago. Datu horiek berretsi egiten dute jaietan jasotako hondakin kantitatea murrizteko azken urte hauetako joera, nahiz eta joan den urtean ez zen hala izan, 2013ko jaiekin alderatuta %1,65 handitu baitzen kantitatea.

Bildutako beira kantitateak, ordea, gora egin du, %13,52, 390.500 kg berreskuratu baitira. Horietatik 137.100 kg jaien inguruneko taberna eta jatetxeetako bilketari dagozkio, beste 243.800 kg, Alde Zaharreko kaleetan jarritako iglu formako edukiontzietan bildutako beirari, eta 9.600 kg, zezen-plazan egindako beira bilketari. 

Alde horretatik, nabarmendu behar da bigarren urtez Iruñerriko Mankomunitateak eta Ecovidrio enpresak beira biltzeko kanpaina bat bultzatu dutela, Erruki Etxearekin elkarlanean, beira gaika biltzeko zezen-plazan zezenketen ondoren. Hartara, uztailaren 6a eta 14a artean, 9.600 kg beira berreskuratu dira, egun bakoitzeko 1.000 kg baino zertxobait gehiago.

2015eko jai hauetan sortutako hondakin kantitateen %40 inguru birziklatu egin direla aipatu behar da. Horretan erabakigarria da bereiz biltzen den beira guztiz berreskuratzen dela.

Beste alde batetik, bosgarren aldiz sanferminetan, edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea bultzatu du Iruñerriko Mankomunitateak. Nafarroako Ikastolen Federazioarekin elkarlanean, Vista Bella eremuan, Taconeran, federazio horrek antolatu dituen jardueren esparruan egin da, 2015eko Nafarroa Oinez jaiaren aitzakian antolatutakoetan. Hartara, Nafarroako Ikastolen Federazioak edalontzi berrerabilgarriak erabili ditu eta Mankomunitateak karpa bat instalatu du handik kudeatzeko edalontziak itzultzea, biltzea eta garbitzea. 

Eremu horretan hondakinak gaika bildu dira, eta, hortaz, 900 kg beira, 500 kg ontzi eta 600 kg paper berreskuratu ahal izan dira. Era berean, aurten bereiz bildu dira gai organikoak eta, ondorioz, aukera egon da 346,5 kg berreskuratzeko. Gainerakoen frakzioari dagokionez, 840 kg bildu dira. Horrenbestez, guztira, 3.186,5 kg hondakin bildu dira eta horietatik 2.346 kg berreskuratu dira, hau da, hondakinen %73,6.

Amaitzeko, jakinarazi behar da jaien ondotik Mankomunitatea bihar, osteguna, hasiko dela Iruñeko Alde Zaharrean bilketa pneumatikoa egiteko buzoiak instalatzen. Hurrengo igandean, uztailak 19, amaituko du buzoi horiek guztiak jartzen.

Ur kontsumoak gora egin du 

Ur kontsumoari dagokionez, uztailaren 6a eta 14a artean Iruñean erregistratutako batez besteko ur emaria 624,7 litro segundokoa izan da, 2014arekin alderatuta, %21,13 handiagoa. Litekeena da jaiek iraun duten bitartean izan dugun eguraldiak baldintzatu izana neurri handi batean. Alde Zaharrean, batez besteko emaria 59,5 litro segundokoa izan da, aurreko urtean baino %11,21 handiagoa. Kasu horretan, litekeena da ostalaritzako jarduerak eragin berezia izana datu horretan.

Beste albiste batzuk

  • N1, N2 eta N7 lineek emango dute zerbitzua, gaueko zerbitzuko egungo eskaeraren %70 hartzen baitute hiruren artean
  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...