Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2016/06/05

Uxua Vides, Aire Zabaleko Pintura Lehiaketako hemeretzigarren ekitaldiko irabazlea

Lehiaketako margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa ekainaren 7a eta uztailaren 5a artean egingo da, Atarrabiako San Andres Errotan

Uxua Vides Guindano, Iruñean bizi den 45 urteko tafallarra, izan da Aire Zabaleko Pintura Lehiaketako hemeretzigarren ekitaldiko irabazlea. Iruñerriko Mankomunitateak beste urte batez Atarrabiako San Andres Errotaren inguruan antolatu du lehiaketa, eta 178 lagunek parte hartu dute. Epaimahaikideek 2.000 euroko lehen saria eman diote olioz margotutako lan batengatik. Gainera, epaimahaikideek erabaki dute accessit-ak ematea –bakoitzak 1.000 euro eskuratu ditu– Mariano Pina Pérezi eta Karmina Uriz Zelairi. Pina 60 urtekoa da eta Tuterakoa, eta, Uriz, berriz, 54 urtekoa da, eta Olaitzekoa. 

Lehiaketan parte hartu duten artistak 10:00etan hasi dira lanean eta 16:00etan bukatu behar izan dute, orduan hasi baitira epaimahaikideak erabakia hartzen. Aurtengo epaimahaikideak hauek izan dira: Aritz Ayesa, Iruñeko Mankomunitateko lehendakaria, Maite Esporrín, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea, Javier Manzanos, aditua arte plastikoetan, Adriana Lorente, artista gonbidatua, eta Ricardo Armendáriz, aurreko urteko ekitaldiko irabazlea. Hiru margolan saridunak eta epaimahaikideek hautatu dituzten beste 33 Atarrabiako San Andres Errotan bertan egongo dira erakusgai ekainaren 7a eta uztailaren 5a bitartean.

Hauek izan dira orain arteko ekitaldietako irabazleak: José Miguel Corral (1998), Patxi Idoate (1999), José Zubiaurre (2000), Carlos Puig (2001), Eduardo Izcue (2002), Cristina Caballero, María Ángeles Arranz, Mª Antonia Auzmendi eta Maite Barragán (2003), Ricardo Armendáriz (2004), Jesús Rivero (2005), Manuel Bermejo (2006), David Bermúdez (2007), Juan José Lazcano (2008), Juan José Altuna (2009), José Miguel Arranz (2010), David Anocíbar (2011), Fermín Lizarraga (2012), Jesús Arguiñáriz (2013), María Goñi (2014) eta Ricardo Armendáriz (2015).

Uxua Vides margolari zalea da, eta hau izan da Mankomunitateak antolatutako Aire Zabaleko Pintura Lehiaketan parte hartu duen lehen aldia eta bai margolaritzako lehiaketa batean saria irabazi duen aurreneko aldia ere. Saria irabazi duen margolana egiteko, olioa erabili du eta Parisko Pompidou Zentroan egindako argazki batean hartu du ideia. Irudian, Videsen alabetako bat marrazten ari da arbel handi batean; hain zuzen, erakusketak ikusi eta gero Zentroko bisitariek beren mezuak idazteko duten arbelean. Margolanaren goiko aldean “We are one!” (Bat gara!) hitzak daude nabarmenduta. Margolariak berak arratsaldean adierazi duenez, lelo horren bidez gogora ekarri nahi izan du sorreratik bertatik denok arte adierazpenerako dugun gaitasuna.

Beste albiste batzuk