
Urriaren 17an boluntariotza-jardunaldia egingo da, Ezkaba mendia garbitzeko
Urriaren 17an, igandea, auzolana – boluntariotza-jardunaldia egingo da Ezkaba mendia garbitzeko, inguru horretan dauden zaborrak biltze aldera. Jarduera 09:30ean hasiko da, boluntarioak mendiaren inguruko herri desberdinetatik abiatzen direnean. Antolatzaileek mendira abiatzeko toki desberdinak finkatu dituzte, tokiko koordinazio-kideek zaborretarako poltsak, eskularruak eta txalekoak banatzeko. Gainera, toki bakoitzari dagokion igoera-ibilbidea adieraziko dute, eta bai bildutako zaborrak uzteko guneak ere.
Irteteko tokiak eta orduak hauek izango dira:
Berriogoiti | 09:30 | Eliza |
Aitzoain | 10:30 | Pilotalekua |
Artika | 10:30 | Kultura-etxea |
Berriozar | 10:30 | Natura-gela |
Antsoain | 10:30 | Alde Zaharreko aparkalekua |
Iruñea | 10:00 | Psikiatrikoko pasabidea |
Atarrabia | 09:30 | Villava hotela |
Arre | 09:30 | Muebles Rey |
Azotz | 11:00 | Autobus-geralekua |
Orrio | 11:00 | Igerilekua |
Jardunaldia Ezkaba mendiaren gailurrean amaituko da, eta han banakako hamaiketako edo bazkarira gonbidatuko dira parte-hartzaile guztiak, une oro COVID-19aren kontrako babes-neurriak beteaz.
Auzolanerako deia egin duten erakundeak hauek dira: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Ezkabarte, Uharte, Txulapain, Iruñea eta Atarrabia udalerriak; Arre, Azotz, Berriogoiti, Aitzoain, Artika, Zildotz, Orrio eta Untzu kontzejuak; SOS Ezkaba; Anaitasuna; eta Iruñerriko Mankomunitatea.
Parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da Mankomunitatearen webguneko esteka honetan. Epea urriaren 15a arte, ostirala, egongo da zabalik, eguerdiko ordu biak arte.
Paisaia-erreferentea Iruñerrirako
Ezkabak, Oihanak eta Urbizkainek eratzen duten goragunea –San Kristobalen du puntu gorena, 875 metrotara– paisaia-erreferentea da Iruñerrirako. Mendi hauetan paseoan ibiltzeak egungo paisaia-dibertsitateaz gozatzeko (pinudiak, hariztien eta artadien bertako basoak, larreak) eta historia uzten joan den arrastoez gozatzeko (harrobiak, laboreen eta mahastien garai bateko terrazak, artzaintza…) aukera ematen du. Ezkaba mendiaren gailurrean Alfontso XII.aren gotorlekua nabarmendu behar da, Kultura Intereseko Ondasun gisa katalogatua. Defentsarako bastioi gisa eraiki zuten, 1919an amaitu zuten eta 1934 eta 1945 artean presondegi moduan erabili zuten.
2016an, Ezkaba mendiaren titulartasuna partekatzen duten udalek eta kontzejuek Mankomunitateari agindu zioten mendi hori antolatzeko plan bat egitea koordinatzeko zeregina. Helburua zen espazio hori babestea eta bertan egingo diren jarduerak koordinatzea, bere etorkizuna bermatzeko. Hartara, beste erakunde batzuekin batera, adibidez, SOS Ezkaba eta Anaitasuna, Defentsa Ministerioarekin eta inplikatutako beste agente batzuekin batera, etorkizuneko Ezkabako Eskualde Parkeko Jarraipen Batzordea eratzea erabaki zen. 2017an, azterlan teknikoa idatzi zen, eta 2020an, Nafarroako Gobernuari aurkeztu zitzaion.
Egun, horrenbestez, Ezkabako Eskualde Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren (UPS) izapidetzea amaierako fasean dago. Helburua da urte honen epearen barnean onartzea, eta, beraz, behin Nafarroako Gobernuak oniritzia ematen duenean, bertan egin ahal izango diren jarduerak antolatzen eta koordinatzen hasi ahal izango da, babesa bermatzeko, zaintzeko eta, hartara, natura-ingurune hau gordetzeko.
Premiazko neurriak, mendia mantentzeko eta garbitzeko
Gogoan izan behar da urte hauetan, Udalez gaindiko Plan Sektoriala izapidetzea bultzatzen zen bitartean, Jarraipen Batzordeak premiazkotzat jotako zenbait proiekturi heldu zaiola. Hain zuzen, proiektu horiek Ezkaba mendian hainbat berrikuntza hartzeko bidea eman dute, besteak beste, mendiko eta mendiko bizikletako bidexken sarea, seinaleak, pistetara sartzea mugatzea, guneen mantentze-lanak eta ekintzak boluntarioekin. Aurreikusitako azken ekintzetako bat boluntariotza-jardunaldi hau antolatzea izan da, mendia garbitzeko, 2016ko ekainean egin zen beste jardunaldi bat duena aurrekari moduan.
Etorkizuneko parkeak 10 kilometro koadroko hedadura izango du, eta hauek eratuko dute: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Ezkabarte, Uharte, Iruñea eta Atarrabia udalerriek, eta Aitzoain, Artika, Arre, Azotz, Berriogoiti, Zildotz, Orikain, Orrio eta Untzu kontzejuek.
Beste albiste batzuk
- Lehiaketa ekainaren 5ean egingo da, igandea, San Andres Errotaren inguruetan
- Joan den urteko urrian aurkeztu zen Iruñerriko Ibai Parkearen barnean dagoen ibilbide hau egokitu izana
- Lehiaketak 23. edizioa izango du aurten, eta San Andres Errotan egingo da, Atarrabian