Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2022/03/25

Udaberri honetarako sentsibilizazio-jardueren programazio berria aurkeztu du Mankomunitateak

Fauna eta biodibertsitatea protagonista izanik, tailerrak, erakusketak eta bisitak eskainiko ditu

Udaberri honetarako sentsibilizazio-jardueren programazio berria aurkeztu du Mankomunitateak, fauna eta biodibertsitatea protagonista izanda. Gainera, pandemian zehar egin ezin izan ziren zenbait jarduerari berriro heldu die programak.
 
Animaliak ezagutzera bideratuta dauden jardueren artean, Iruñerriko Ibai Parkean gauez ikusteko kokatuta dauden kamerekin lotutakoa dago, beren habitat naturalean ikusten zailak diren espezieak behatzeko bidea ematen baitu.  Ugaztunen arrastoak identifikatzeko eta hegaztiak behatzeko paseo bat ere egingo da, kantuak, oinatzak, janari- eta gorotz-hondarrak aztertzearen bidez. Gorosti Natur Zientzi Elkarteari esker egingo da, hain zuzen. Halaber, hegaztien eraztunketa saioa ere aipatu behar da, Ornitolan enpresaren parte-hartzearekin. Hegaztiek urtean zehar egiten dituzten mugimenduak eta beren osasun- eta morfologia-egoera ezagutzeko aukera ematen duen jarduera da. 
 
Udaberrirako programatutako beste jarduera batzuek Gongorako HHTZ bisitatzea ahalbidetuko dute, eta han, instalazioaren funtzionamendua ezagutzeaz gain, zabortegira gerturatzen diren beste hegazti batzuk uxatzeko belatzek egiten duten lana ikusi ahal izango da. Beste alde batetik, Areatzeko meandroan paseoa egingo da. Inguru hori zabortegi moduan erabili zen, eta, lehengoratzeko lanak egin ondotik, Nafarroan erregistratutako lehen CO2 hustulekua da. Jarduera horretan, gainera, han jarri den ‘intsektuentzako hotel’ berria ezagutzeko modua izango da. Egitura hori babesleku artifiziala da, ingurunea naturalizatzea sustatzen duten espezie polinizatzaileentzat.

Florarekin lotutako jarduerak

Flora hobeki ezagutzera bideratutako zenbait jarduera ere eskaini nahi izan ditu Mankomunitateak, Iruñerriko Ibai Parkea egituratzen duen korridore biologikoan funtsezko eginkizuna baitu.
 
Floraren biomaratoia aipatu behar da, joan den urteko lehen esperientziaren ondoren, berriro egingo baita. Zehazki, jarduera izango da landareak behatzeko paseo bat egitea Atarrabiako Pilategiaren eta San Andres Errotaren artean, ingurune horretako landare-dibertsitate esploratzeko helburua izanda. Horretarako, Natalia Baztán botanikan adituak azalduko du nola identifikatu ibilbideko flora-espezie guztiak, iNaturalist aplikazioaren bidez. 
 
San Andres Errotaren eta Donapeko eremuaren artean (Atarrabia) Askatu metro koadro bat naturaren alde auzolana errepikatuko da (LIBERA 2022 proiektua). Ecoembes eta SEO Birdlife GKEaren ekimena da, naturako zaborrak biltzeko eta gure natura-inguruneei merezi duten itxura itzultzeko.
 
Azkenik, Mendillorriko ur-biltegien esparruan, hazien eta ezagutzen trukea egingo da. Dauden barietateetako batzuk eraman, beren esperientzia partekatu, eta landatzeari eta nekazaritzari buruz edozein kontsulta egin nahi dutenentzat zabalik egongo da.

Hondakinen kudeaketari buruzko sentsibilizazioa

Hondakinak murriztearen eta berrerabiltzearen gaia ere presente egongo da Mankomunitateak udaberrirako antolatutako jardueretan. Hartara, Emausko Trapuketarien ikasgela-tailerrak tailer eta mintzaldi ugari hartuko ditu, joan den udazkenean inauguratu zen 2030 Helburua ihes-jokoaz gain. 
 
Maiatzaren amaieran Mendillorrin egingo diren urrezko hiru arauen jaiak eta bigarren eskuko azokak hondakinak nola murriztu eta berrerabili modu ekologiko eta iraunkorrean erakutsiko digute. Jaiak barne hartuko ditu ingurumen-sentsibilizaziorako jokoak, Mendillorriko ur-biltegietarako bisita gidatua eta 3D zinema. 
 
Beste ekimen bat Plastikería izenekoa da, “itsasoan arrantzatu berria den plastiko freskoa” saltzeko postua. Iruñerriko zenbait azokatan jarriko da salmenta-postu hori. Eta “Alejo karramarroaren etxea” showroom-a ere egingo da, gure kaleetan botata utzitako tamaina handikoekin, trasteekin eta poltsekin sortutako instalazioa.
 
Jarduera horiei guztiei batuko zaizkie pandemiaren bi urteen ondoren berriro egingo diren beste batzuk, hala nola uraren jaia eta aire zabaleko pintura-lehiaketa. Hain zuzen, Mankomunitatearen webguneko “Jarduerak” atal honetan kontsultatu ahal da programazio osoaren gaineko informazioa: www.mcp.es/eu/jarduerak

Beste albiste batzuk

  • Gasez hornitzeko estazio berria ere martxan hasi da, EHGaren garajeetan kokatuta
  • Uztailaren 6tik 14ra, aireporturako eskaerapeko taxi-zerbitzua bertan behera geldituko da eta haren ordez L23 linearen luzapen bat egongo...
  • Isurpen guztietatik, %4 Uraren Ziklo Integralari dagozkio, %28 EHGari eta %68 hondakinen kudeaketari