Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2014/07/15

Sanferminetan handitu egin da bildutako hondakinen kantitatea eta murriztu, berriz, hiri garraioko bidaiarien kopurua

Aurreko urtearekin alderatuta, hiri garraioak %1,33 egin du behera, eta hondakinen bilketak %8,98 gora

Eskualdeko Hiri Garraioko zerbitzuan, guztira, 1.634.769 bidaia erregistratu dira San Fermin jaiek iraun duten bederatzi egunetan; beraz, 2013ko jaietan baino %1,33 gutxiago, orduan 1.656.800 bidaia egin baitziren. Bidaiari gehien ibili zen eguna uztailaren 6a izan zen, igandea, 200.362 bidaiari ibili baitziren. Horren ondotik, uztailaren 7a, astelehena (196.802 bidaiari), eta 8a, asteartea (186.602 bidaiari), joan ziren. Bidaiari gutxien ibili zen eguna, berriz, hilaren 14a izan zen, astelehena, 161.222 bidaiari ibili baitziren.

Beste behin ere, uztailaren 6a eta 14a artean 24 orduko zerbitzua egon da Eskualdeko Hiri Garraioan, urtero sanferminetarako ezartzen den zerbitzu bereziaren barnean. Horretarako, aurreko urteetan bezala, Mankomunitateak zerbitzu jarraitua ezarri du eta, horrenbestez, ohiko ibilgailu kopurua baino handiagoa ibili da martxan: 112 autobus aritu dira zerbitzua ematen (hilaren 6an 139 izan ziren), eta horietatik 52 eguneko ordu guztietan aritu dira lanean. TCC enpresak 430 gidari jarri ditu lanean, eta, plantillako gainerako kideekin batera, 490 lagun aritu dira lanean. Uztaileko bederatzi egun horietan linea guztiek egindako kilometroak, guztira, 260.000 izan dira.

Amaitzeko, nabarmendu behar da jaietako egunetan Eskualdeko Hiri Garraioko txartelen 69.359 karga egin direla (579.676 euro).

%8,98 handitu da hondakinen bilketa

2014ko sanferminetan Iruñerriko Mankomunitateak jaien ingurunean 601,5 tona hondakin bildu ditu, 2013ko jaiekin alderatuta, %8,98 gehiago. Zifra horiek barne hartzen dituzte uztailaren 6a eta 14a artean bildutako kantitateak, 15ean bildutakoa zenbatu gabe baitago. Datu horiek aldaketa dakarte hondakin ekoizpenaren joeran, aurreko hiru urteetako jaietan ekoizpen horrek behera egin baitu.

Bildutako beiraren kasuan ere gora egin du, 352 tona berreskuratu baitira, aurreko urtean baino %12,26 gehiago. 352 tona horietatik 132 jaien inguruneko taberna eta jatetxeetako bilketari dagozkio, eta beste 210ak, Alde Zaharreko kaleetan jarritako iglu formako edukiontzietan bildutako beirari. Horrez gain, aurten, Iruñerriko Mankomunitateak eta Ecovidrio enpresak beira biltzeko kanpaina bat bultzatu dute, eta horren ondorioz, besteak beste eta Erruki Etxearen laguntza aktiboari esker, beira gaika bildu da zezen-plazan zezenketen ondoren. Hartara, uztailaren 6a eta 14a artean, 10.267 kg beira berreskuratu dira, egun bakoitzeko 1.140 kg baino zertxobait gehiago. Beste alde batetik, nabarmendu behar da zezen-plazan 54.540 kg hondakin bildu direla eta horietatik 9.869 kg ontzi bereizi eta berreskuratu ahal izan direla Gongorako Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentroan. Guztira, zezen-plazan bildutako hondakinen %36,92 berreskuratu ahal izan dira.

Gainera, laugarren aldiz sanferminetan, edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea bultzatu du Iruñerriko Mankomunitateak. Nafarroako Ikastolen Federazioarekin elkarlanean, Vista Bella eremuan, Taconeran, federazio horrek antolatu dituen jardueren esparruan egin da, 2014ko Nafarroa Oinez jaiaren aitzakian antolatutakoetan. Hartara, Nafarroako Ikastolen Federazioak edalontzi berrerabilgarriak erabili ditu eta Mankomunitateak karpa bat instalatu du handik kudeatzeko edalontziak itzultzea, biltzea eta garbitzea. 

Eremu horretan hondakinak gaika bildu dira, eta, hortaz, 1.800 kg beira, 372 kg ontzi eta 533 kg paper berreskuratu ahal izan dira. Era berean, aurten bereiz bildu dira gai organikoak eta, ondorioz, aukera egon da 281 kg berreskuratzeko. Guztira, 3.856 kg hondakin bildu dira eta horietatik 2.986 kg berreskuratu dira, hau da, %77.

Bestalde, jakinarazi behar da jaien ondotik Mankomunitatea bihar, asteazkena, hasiko dela Iruñeko Alde Zaharrean bilketa pneumatikoa egiteko buzoiak instalatzen. Hurrengo larunbatean, uztailak 19, amaituko du buzoi horiek guztiak jartzen.

Ur kontsumoak behera egin du

Amaitzeko, ur kontsumoari dagokionez, uztailaren 6a eta 14a artean erregistratutako batez besteko ur emaria 963 litro segundokoa izan da, 2013arekin alderatuta, %27,64 txikiagoa. Litekeena da jaiek iraun duten bitartean izan dugun eguraldiak baldintzatu izana neurri handi batean, baina adierazle horrek beheranzko joera izan du azken urteetan.

Beste albiste batzuk

  • N1, N2 eta N7 lineek emango dute zerbitzua, gaueko zerbitzuko egungo eskaeraren %70 hartzen baitute hiruren artean
  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...