Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2015/06/07

Ricardo Armendáriz iruindarra, Aire Zabaleko Pintura Lehiaketako hemezortzigarren ekitaldiko irabazlea

Armendáriz da lehiaketa bi aldiz irabazi duen lehen artista, 2004an ere lehen saria eskuratu baitzuen

Ricardo Armendáriz Miranda 52 urteko iruindarra izan da Aire Zabaleko Pintura Lehiaketako XVIII. ekitaldiko irabazlea. Iruñerriko Mankomunitateak beste urte batez Atarrabiako San Andres Errotaren inguruan antolatu du lehiaketa, eta 235 lagunek parte hartu dute. Epaimahaikideek 2.000 euroko lehen saria eman diote margo akrilikoarekin egindako margolan batengatik. Gainera, epaimahaikideek erabaki dute accessit-ak ematea –bakoitzak 1.000 euro eskuratu ditu– Leticia Gaspar Garcíari eta Lucio Fernández De Migueli. Gaspar 32 urtekoa da eta Plentziakoa (Bizkaia), eta, Fernández De Miguel, berriz, 57 urtekoa da, eta Gasteizkoa. 

Lehiaketan parte hartu duten artistak 10:00etan hasi dira lanean eta 16:00etan bukatu behar izan dute, orduan hasi baitira epaimahaikideak erabakia hartzen. Aurtengo epaimahaikideak hauek izan dira: Juan Antonio Goicoechea, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariordea, Juan José Echeverría, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea, Javier Manzanos, aditua arte plastikoetan, José Ignacio Agorreta, artista gonbidatua, eta María Goñi, aurreko urteko ekitaldiko irabazlea.

Hiru margolan saridunak eta epaimahaikideek hautatu dituzten beste 27 Atarrabiako San Andres Errotan bertan egongo dira erakusgai ekainaren 8a eta uztailaren 5a bitartean.

Hauek izan dira orain arteko ekitaldietako irabazleak: José Miguel Corral (1998), Patxi Idoate (1999), José Zubiaurre (2000), Carlos Puig (2001), Eduardo Izcue (2002), Cristina Caballero, María Ángeles Arranz, María Antonia Auzmendi eta Maite Barragán (2003), Ricardo Armendáriz (2004), Jesús Rivero (2005), Manuel Bermejo (2006), David Bermúdez (2007), Juan José Lazcano (2008), Juan José Altuna (2009), José Miguel Arranz (2010), David Anocíbar (2011), Fermín Lizarraga (2012), Jesús Arguiñáriz (2013) eta María Goñi (2014).

Ricardo Armendáriz irakaslea da lanbidez, eta 2003. urteaz geroztik urtero parte hartu izan du lehiaketa honetan. 2004an, gainera, irabazi egin zuen, eta, horrenbestez, bi aldiz irabazi duen lehen artista da. Gaur arratsaldean saria eskuratu duen margolana autoerretratua da, lehen planoan egina, eta egilearen begitarteak guztiz hartzen du margolana. Lana egiteko, hain zuzen, margo akrilikoa erabili du eta sukaldeko papera, kolore askotako orbanak margotzeko. Hartara, azken emaitzari “ukitu espresionista” eman diote, lehiaketaren irabazleak adierazi duen moduan.

Beste albiste batzuk