Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2014/06/01

María Goñi iruindarra, aire zabaleko pintura lehiaketako hamazazpigarren ekitaldiko irabazlea

Margolan saridunak eta hautatuak Atarrabiako San Andres Errotan erakutsiko dira ekainaren 3a eta uztailaren 5a artean.

María Goñi Ochotorena 29 urteko iruindarra izan da Aire Zabaleko Pintura Lehiaketako XVII. ekitaldiko irabazlea. Iruñerriko Mankomunitateak beste urte batez Atarrabiako San Andres Errotaren inguruan antolatu du lehiaketa, eta 220 lagunek parte hartu dute. Epaimahaikideek 2.000 euroko lehen saria eman diote teknika mistoarekin egindako margolan batengatik: margo akrilikoa eta olioa erabili ditu oihal estanpatuko hondo batean. Gainera, epaimahaikideek erabaki dute accessit-ak ematea –bakoitzak 1.000 euro eskuratu ditu– Juan José Lazcano Mayorri eta Raquel Samitier Castillóni. Lazcano 45 urtekoa da, Berriozarren bizi da eta 2008ko ekitaldiko irabazlea izan zen. Bestalde, Samitier 29 urtekoa da, Iruñean bizi da eta, era berean, accessit-a eskuratu zuen 2009ko ekitaldian.

Lehiaketan parte hartu duten artistak 10:00etan hasi dira lanean eta 16:00etan bukatu behar izan dute, orduan hasi baitira epaimahaikideak erabakia hartzen. Aurtengo epaimahaikideak hauek izan dira: José Muñoz, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, Itziar Gómez, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea, Javier Manzanos, aditua arte plastikoetan, Marijose Recalde, artista gonbidatua, eta Jesús Arguiñáriz, aurreko urteko ekitaldiko irabazlea.

Hiru margolan saridunak eta epaimahaikideek hautatu dituzten beste hogeita zortzi Atarrabiako San Andres Errotan bertan egongo dira erakusgai ekainaren 3a eta uztailaren 5a bitartean.

Irudian, ezkerretik eskuinera, Raquel Samitier Castillón (accesit-a), María Goñi Ochotorena (lehen saria) eta Juan José Lazcano Mayor (accesit-a).

Horrenbestez, María Goñik lehiaketa honetako irabazleen zerrenda luzean sartuko du bere izena. Hain zuzen, hauek izan dira orain arteko irabazleak: José Miguel Corral (1998), Patxi Idoate (1999), José Zubiaurre (2000), Carlos Puig (2001), Eduardo Izcue (2002), Cristina Caballero, María Ángeles Arranz, María Antonia Auzmendi eta Maite Barragán (2003), Ricardo Armendáriz (2004), Jesús Rivero (2005), Manuel Bermejo (2006), David Bermúdez (2007), Juan José Lazcano (2008), Juan José Altuna (2009), José Miguel Arranz (2010), David Anocíbar (2011), Fermín Lizarraga (2012) eta Jesús Arguiñáriz (2013).

María Goñi Ochotorena margolari profesionala da eta lehiaketa honetako beste bi ekitalditan parte hartutakoa. Gainera, 2012an, Txantreako Aire Zabaleko Pintura Lehiaketan hirugarren saria irabazi zuen. Gaurko saria eskuratu duen margolanean andre bat ageri da, kokoriko, kolore paleta bati eusten. Artistak adierazi duenez, margolana egiteko, lehen aldiz teknika mistoa bat erabili du: oihal estanpatua, margo akrilikoa eta olioa. Estanpatua azkenean agerian utzi du eta, gainera, margolaneko protagonistaren estanpatu bera da. Saria lortu duen artistak eskolak ematen ditu Iruñeko gizarte etxeetan, estudio bat du Iruñeko Alde Zaharrean eta bertan erretratuak egiten ditu aginduz (www.mariagoni.com), eta horrez gain, hainbat euskarriren gaineko pintura digitaleko proiektu bat hasi berri du (www.paintyouridea.com), Itxaso Albarracín diseinatzailearekin batera.

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da