Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2021/10/15

Mankomunitateko lehendakariak legegintzaldiaren aurreneko bi urteen nondik norakoak aztertu ditu

Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campiónek legegintzaldiaren lehen bi urteak aztertu diru, “neurri handi batean, gure sistema probatu zuen pandemia batek baldintzatuta egon direnak. Nolanahi ere, azkar jardun zen, erakundeko langileak babesteko, eta bizkortasunez erreakzionatu zen, funtsezko zerbitzuak berme guztiekin ematen jarraitzeko aukera egon zedin”, azaldu du. Gainera, pandemiaren inpaktu ekonomikoa minimizatzeko, Mankomunitateak tasak bere horretan utzi zituen eta pandemiarengatik itxitako negozioei deskontuak aplikatu dizkie, 2,6 milioi euroren balioarekin (1,6 milioi 2020an eta milioi 1 2021ean). 

Mankomunitateak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, aginduta dituen zerbitzuak ematerakoan erakundearen jarduketa guztiak markatzen dituen ahalegina eta nahia, eta 2019ko irailean lehendakaritza hartu zuenetik ekin zaien apustuak eta erronkak errepasatu ditu.  

Gogoan izan behar da Iruñerriko Mankomunitatea eta bera kudeatzeko Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietatea (SCPSA) 2014az geroztik ari direla beren karbono-aztarna kalkulatu eta egiaztatzen. Geroztik, hainbat neurri inplementatu dituzte aztarna hori murrizteko. Hartara, Campiónek adierazi du horri esker 2020an isurpenak %28 gutxitzea lortu dela oinarri-urtearekiko (2014). IM eta SCPSAren karbono-aztarna hori erakunde independenteek egiaztatu eta zertifikatu dute, eta Karbono Aztarnaren Erregistro Nazionalean erregistratzeko bidea ematen du. Horri gehitu behar zaio joan den otsailean IMk ‘2020-2030 aldirako Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia’ onartu zuela, karbonoari dagokionez, 2030ean neutroa izatea lortzeko helburuarekin eta, hortaz, Europako helburuari 20 urtean aurrea hartuz.

Mankomunitateko lehendakariak zehaztu du “era berean uko egin ezinezkoa eta konplexua den konpromiso honek erakundeari zerbitzuak ematea ulertzeko modu berri bat” ekarri diola, “jarduteko arlo guztien ikuspegi global batekin eta ukitzen dituena bai SCPSA bere sozietatea bai eta enpresa kolaboratzaileak eta hornitzaileak ere”.  

Erronka garrantzitsuenen artean, Campiónek hauek aipatu ditu: hondakinetako gai organikoak 5. edukiontziaren bidez bereiztea eta edukiontziak zabaltzeko sistema berria, eta hondakinak tratatzeko Iruñerriko ingurumen-zentro berriaren proiektua, Noain-Elortzibarren.  

Halaber, mugikortasun iraunkorra aipatu du, hiri-garraioko flotetan, hondakinak biltzeko kamioietan eta Mankomunitatearen beraren ibilgailuetan gasolioa erabiltzeari progresiboki uztearen bidez. Horrez gain, gai honetan, garraio-modu iraunkorrak sustatzea aipatu du, Iruñerriko Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren bidez (IHMIP).

URA ETA IBAI PARKEA

David Campiónek bi urte hauetan Mankomunitatean garatutako jarduketak zerrendatu ditu. Hasteko, Uraren Ziklo Integrala aipatu du. Zerbitzu horretan, hain zuzen, 2016az geroztik, kontsumitzen den energia elektriko guztia jatorri berriztagarrikoa da. Hala, Egillorko eta Urtasungo Edateko Uren Tratamendu Estazioetako (EUTE) zentraletan eta Eugiko urtegian energia hidroelektrikoa sortzeaz gain, nabarmendu behar dira Urtasungo EUTEn kokatutako biomasa-galdara, Egillorko EUTEko bero-ponpa, Artetako iturburuko uretik abiatuta, eta, tratamendu-estazio horretan bertan, estalkia, aprobetxamendu fotovoltaikoa egiteko jarria. 
Hondakin-urak arazteari dagokionez, Arazuriko Hondakin Uren Araztegian lohiak eguzki bidez lehortzeko planta pilotu bat abian jarri izana aipatu du Campiónek. Prozesu berritzaile honek –probaren emaitzak aztertu egingo dira, lohi guztietan modu intentsiboan aplikatzeko– ahalbidetzen du lohiak modu erraz eta merkean lehortzea, haietan dagoen ura eguzkiaren energiari esker lurruntzearen bidez. Zehazki, prozesuak laguntzen du lortutako materialaren bolumena eta pisua nabarmen gutxitzen, eta horrek, era berean, CO2 gutxiago isurtzea ekartzen du, garraioa askoz ere eraginkorragoa izatean.

Uraren Ziklo Integraleko ibilgailu astunei dagokienez, aurtengo otsailean, erakundeko Sareen eta Instalazioen Mantentze Zentroko ibilgailuak gas naturalez hornitzeko estazio berria jarri zen martxan. ‘Gas-hornitegi’ edo ‘gasinera’ horrek Uraren Ziklo Integralaren zerbitzukoak diren eta gasa baliatzen duten 10 ibilgailuak hornitzen ditu (6 kamioi eta 4 furgoneta), eta kopuru hori handitzen joango da, flota berritzen doan heinean.
Gainera, hiri-autobusetan, hondakinak biltzeko kamioietan eta UZIren ibilgailu astunetan gasolioa gas naturalarekin ordezteko politikaren helburua da jatorri berriztagarriko gasa kontsumitzera igarotzea, hondakin organikoetatik abiatuta lortutako biometanoa aprobetxatuko baita.

Azkenik, bi urte hauetan, azpiegitura ugari egin dira herri txikietan, haien hornidura eta saneamendua hobetzeko. “Erabat ezinbestekoa da herri txikietan inbertitzen jarraitzea, haien bizi-baldintzak hobetzeko eta, nolabait, gizarte hiritarrari ematen dizkioten zerbitzu ekosistemikoak itzultzeko”, zehaztu du Campiónek.
Iruñerriko Ibai Parkearekin lotuta, Mankomunitateko lehendakariak gogora ekarri du aurtengo martxoaz geroztik Areatzeko meandroa, Uharten, Nafarroako lehen CO2 hustulekua dela, eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioan erregistratu dela, Estatu osoko beste 64 naturgunerekin batera. Hain zuzen, Arga ibaiaren ezkerreko ertzean dagoen inguru bat da, Uharte udalerrian, kalte handiak izan zituena 2004an eta 2005ean, ondoan dagoen Aretako industrialdea handitzeko obretatik zetozen materialak botatzeko hondakindegi moduan erabili zelako. Meandroa lehengoratzeko prozesuak barne hartu du plantazio bat, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ezarritako irizpideen arabera egina (azalera, oinak plantazioaren hektareako…). Baso berri hori sortuta aurreikusten da 503 tona CO2 xurgatuko direla 30 urtean. Alde horretatik, gehitu behar da Iruñerrian gauzatzeko beste proiektu batzuk esploratzen jarraitzen duela IMk, esate baterako, larre iraunkorrak sortzea eta hezeguneen inguruak babestea. Horrenbestez, helburu horiek lortze aldera, harremanetan dago ministerio horrekin.

Halaber, mugikortasun iraunkorreko ardatz gisa handitu da pasealekua Arga ibaian (5,5 km, Arazuritik Iberora), ‘Bicimugi’ proiektuko zatia egokitzen hasi da (11,6 km, Uharte eta Uztarrotz artean) eta pasealekua Elortz ibaian handitzeko proiektua abian da, 6 km-ko zati batekin (Zizur Txikia, Ezkirotz eta Getze Galarko udal-barrutiak).  

EHG ETA MUGIKORTASUN IRAUNKORRA

Mugikortasun iraunkorraren alorrean, Mankomunitateak eta bera kudeatzeko sozietateak daukaten erronka handi bat da beren flota guztietan gasolioa erabiltzeari uzten joatea progresiboki eta kutsatzen ez duten erregaiak erabiltzea, bai jatorri berriztagarriko gas naturala eta bai elektrizitatea ere. 

David Campiónek gogorarazi du 2015az geroztik, Eskualdeko Hiri Garraioko flotak, hondakinen bilketarakoak, Uraren Ziklo Integraleko ibilgailuek eta IM eta SCPSAko plantillako jardueretakoek transformazio progresibo bati heldu diotela, gutxiago kutsatzen duten energietara iristeko, eta espero dela 2030ean amaitzea osorik eraldaketa hori. 

Eskualdeko Hiri Garraioaren kasuan, esan du Espainia osoan %100 elektrikoa den lehen linea jarri zela martxan Iruñean 2019an (9. linea, ‘Renfe – Nafarroako Unibertsitate Publikoa’). Sei autobus elektrikok ematen dute zerbitzua linea horretan, eta Europako H2020 STARDUST proiektuaren zati da.

Gainera, 2015az geroztik 56 autobus hibrido sartu dira zerbitzuan, eta horrek ekarri du 2020an ia 482.000 litro gasolio gutxiago kontsumitzea. Horrek, aldi berean, eragin du 1.180 tona CO2 murriztea isurpenak. Zehaztu behar da joan den uztailean Eskualdeko Hiri Garraioan sartu ziren ibilgailu berriekin flotak 149 ibilgailu dituela, eta haietatik 66 hibridoak direla eta 6 elektrikoak. Horrek esan nahi du flotaren %45, ingurumenari dagokionez, eraginkorra dela. NEXTG funtsek eskaintzen duten aukera ere baliatu da, duela hilabete bat eskas aurkeztutako proiektu batean 20 autobus elektriko eta haiek kargatzeko beren egiturak erostea barne sartuta.

Ibilgailu ertain eta astunetan gasolioa gas naturalarekin ordeztean, IMk erabat ezabatzen du gizakion osasunaren gaineko kaltea, gas naturalak errekuntza garbia baitakar berekin, osagai toxikorik gabea. SCPSAren gainerako ibilgailu arinak %100 elektrikoak diren ibilgailuekin ordezten ari dira 2017az geroztik. 2020an, 12.000 litro gasolina baino gehiago aurreztea eta horren ondoriozko CO2 isurpenak murriztea ekarri zuen horrek. 

Mugikortasun iraunkorrarekin jarraituta, Iruñerriko Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planari (IHMIP) aipamena egin zaio. Mankomunitateak sustatu du plan hori eta 2019an amaitu zuen idazten. Plan horretan –zerbitzu horretan sartuta dauden udalerri guztietan asmo handiko parte-hartze prozesu bat egin ondotik–, mugikortasun iraunkorra bultzatzera bideratuta dauden hainbat neurri proposatzen dira, Iruñerrian oinezkoen mugikortasuna eta bizikleta eta garraio publikoa erabiltzea sustatzearen bitartez. Azken hilabetean, falta ziren lau administrazioetatik hiruk izenpetu dute plana, eta Zizur Zendea baino ez da gelditzen egiteko. IHMIP honek bidea eman du Iruñerrian 2021 honetan Europako funtsen 16 milioi euro inguru biltzeko aukera izateko.

HONDAKINAK

David Campiónek nabarmendu du hondakin gutxiago sortzea, haiek berrerabiltzea, gaika biltzea eta ondoren aprobetxatu ahal izatea Iruñerriko Mankomunitateak azken urteetan aurrez aurre dituen erronka handiak direla. 

Hartara, aurreikusitako helburuak lortzeko, erakunde guztien inplikazioa ez ezik, herritarren elkarlana ere ezinbestekoa da, “etxebizitzak baitira ekonomia zirkularrerantz eta hondakinak tratatu ondoren baliabideak lortzerantz eramango gaituen kate konplexuaren lehen katebegia. Hori dela-eta, ugari dira etengabe egiten diren sentsibilizazio-kanpainak eta -jarduerak”, azaldu du Campiónek.

Hasieran gai organikoetarako edukiontzia jarri zenean –2016an amaitu zen jartzen–, ikusi ahal izan zen baliabide hori gaika bereiztearen indizeak ez zuela gainditzen sortutako gai organiko guztien %15a. Beraz, hori ez zen nahikoa Nafarroako Hondakinen Planak ezartzen dizkigun helburuak lortzeko: gai organikoen %50 bereiz bildu beharko dira 2022an eta %70 2027an. Gogoan izan behar da gai organikoak etxebizitzetan sortzen diren hondakinen %40 inguru direla eta gehien kutsatzen duten hiri-hondakinak direla. Hori dela-eta, frakzio hori bereiz biltzea funtsezkoa da ingurumenari dagokionez iraunkorra den Iruñerri baterantz aurrera egiteko. 

Hala, 2018an, edukiontziak (gai organikoetarakoak eta gainerakoen frakziorakoak) irekitzeko sistema berri bat ezartzeko proba egiten hasi zen Iruñerriko Mankomunitatea, esperientzia pilotu bat eginez Azpilagañan eta Artika Berrian. Zeuden alternatiba guztiak aztertu eta Europako beste hiri batzuetako esperientziak ikertu ondoren, ondorioztatu zen etxebizitzei lotutako txartel adimendun batekin irekitzeko sistema dela, daukagun epearen barnean, gai organikoak gaika biltzeko helburuak lortu ahal izateko modurik eraginkorrena.
Aurreikusitakoak izan dira emaitzak, gai organikoen gaikako bilketa %52koa izatera iritsi baita jada eta gainerakoen frakzioan botatako hondakinak erdiak izatera iritsi baitira. Beste alde batetik, Iruñerriko landa-eremu osoan etxeko eta auzoko konpostajea gauzatzen jarraitzen da. 2020an, 3.421 etxebizitza ziren etxeko konpostajearen arloan parte hartzen zutenak, eta 700, auzoko konpostajerako guneetan parte hartzen zutenak.

Bi jardunbide horiei esker, bildutako gai organiko horiek ez ziren zabortegira iritsi, baizik eta konpostajerako plantetan tratatu ziren edo etxeko eta auzoko konpostajearen bidez birziklatu ziren, eta horrek ekarri zuen 2020an ez isurtzea ia 5.343 tona C02. 

Emaitza horien ondoren, edukiontziak irekitzeko sistema berria Iruñerriko hiri-eremu osoan ezartzea hasi da eta prozesua 2023an amaituko da. Baina gaikako bilketa hondakinak era egokian kudeatzeko neurrietako bat baizik ez da. Tratamendu-planta bat edukita osatu behar da kudeaketa, behar bezala bereizitako eta botatako hondakinetatik beren potentzial energetiko eta birziklapeneko osoa lortzeko bidea emango duena.

Hortaz, Iruñerriko Mankomunitateak Iruñerriko Ingurumen Zentro berria eraiki behar du. Hiri-hondakinen tratamendu integrala egiteko zentro modernoa izango da, eta espero da 2024an egotea amaituta eta martxan. Une horretatik aurrera, Iruñerriko hiri-hondakinen %100 tratatzea lortuko da (egun, %44 baino ez dira tratatzen) eta zabortegira bideratzen diren materialak %35era murriztea lortuko dira, egun bideratzen diren %60en aldean. Gainera, modu honetan, 2035ean isurketarik ez izateko helburua (gehienez %10) bete ahal izateko prestatzen ariko dira IM eta SCPSA.

Beste albiste batzuk

  • Horiek egiten ari diren pertsonek etxera joateko hitzordua eskatzen dute objektu bat entregatzeko, bi euro ordaindu ondoren
  • Eskaintzak 1.500 erreserba baino gehiago ditu dagoeneko, 32.000 parte-hartzailerentzat
  • European Week for Waste Reduction ekimenaren webgune ofizialean eman du izena Mankomunitateak, ekintzen garatzaile moduan